Sudur gorriak, mozal zaharrak

Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoak izan dira Navarra Sumaren zentsura pairatu duten azkenak, baina ez dira bakarrak: debekuak, isunak, betoak... Nafarroako eskuin espainolistak kontrolatutako erakundeetan, ohikoa izan da zenbait eragileren eta kultur adierazpideren kontrako zentsura.

Olentzeroren desfileen aldeko elkarretaratze bat, Iruñean. JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
Ion Orzaiz.
Iruñea
2019ko abenduaren 21a
00:00
Entzun
Bihar arratsaldean, kolorez piztuko da Iruñeko Anaitasuna kiroldegia, udalak ezarri nahi izan duen gris uniformizatzailearen kontrapuntu gisara. 2.500 pertsona bertaratuko dira Pirritx, Porrotx eta Marimototsen Bizi dantza ikuskizunaz gozatzera —bi egunetan agortu ziren sarrera guztiak—, eta bakoitzak linterna edo esku-argi bat eramateko galdegin dute pailazoek, «Iruñea iluna denon artean argitzeko».

Aurreko lau urteotan ez bezala, aurten, udalaren laguntzarik edo babesik gabe antolatu dute urteroko emanaldia. Are: Enrique Maia (Navarra Suma) alkatetzara iritsi zenetik, ahaleginak eta bi egin ditu, pailazoek Baluarte auditoriumean hitzartua zuten ikuskizuna bertan behera uzteko.

«Azken urteotan bezala, saioa Baluarten eskaintzeko sinatu genuen kontratua bertan behera utzi zuenetik, alkatea eta bere taldekideak gezurretan, entzungor eta zakar aritu dira, hitzari eta elkarbizitzari tarterik utzi gabe», adierazi du Katxiporreta pailazo konpainiak, ohar batean. Erakundeen eta legeen gainetik pasatzea ere egotzi diote udalari: «Arartekoak, lehenik, eta Nafarroako Kontseiluak, gero, kontratua bete zezan aholkatu zioten udalari eta horretara premiatu zuten, sinatutakoaren zilegitasunaz ohartaraziz, baina oraindik ere ezetza eta zuri-beltza dira nagusi Iruñeko agintarien buru eta bihotzetan».

Oposizioko udal taldeek eta euskalgintzak erabakia txarretsi zuten, eta alkateari leporatu zioten euskal kultura zentsuratzea. Gerora, alkateak berak aitortu zuen Pirritx, Porrotx eta Marimototsi jarritako betoak izaera ideologikoa duela: «Ni alkate naizen bitartean, udalak ez ditu pailazo horiek kontratatuko, ezker abertzalearekin lotura dutelako».

Gustuko ez dituen egitasmo, artista edota hedabideei mozala jartzeko joera, baina, ez da egungo udal taldeak ezarritako berritasun bat. UPNk hamarkadak eman ditu, aginte makila izan duen instituzio guztietan, zentsura politikoa aplikatzen. Batez ere, euskarazko egitasmo, produktu, artista eta kultur adierazpenen kontra.

Yolanda Barcina Iruñeko alkate ohiak, esate baterako, nahieran erabili zituen udal ordenantzak, ekitaldi batzuk baimendu eta beste batzuk debekatzeko. Zarata eta dezibelen aitzakia baliatuta, adibidez, Alde Zaharrean sartzea debekatu zien 2007ko Korrikaren furgonetei —ez, ordea, motozaleen elkarretaratzeei edota saltoki eta banku handiek sustatutako ekitaldi promozionalei—. AEKren lasterketari ezarritako betoak, baina, goia jo zuen 2009an. Urte hartan, diru laguntza oro kendu zizkioten Iruñeko Udalak eta Nafarroako Gobernuak —biak ala biak UPNren eskuetan—, Korrikan parte hartu zutenetako batzuek «ETAko presoen aldeko argazkiak» erakutsi zituztela argudiatuta. Iruñean, gainera, Korrika Festa egiteko karpa eta barra jartzea debekatu zuen Barcinak.

Polizia, Olentzerori segika

Terrorismo akusazioa are gehiago luzatu zuen talde erregionalistak hurrengo urteetan, argudio hori bera erabili baitzuen Iruñeko auzoetako jai batzordeei isunak jartzeko, kultur ekitaldiei baimena ukatzeko eta, are, Olentzeroren segizioak debekatzeko eta jazartzeko. Zehazki, 2008 eta 2010. urteen artean, Arrosadia, Arrotxapea, Donibane eta Txantrea auzoetako olentzeroak debekatu zituen Barcinak, «terrorismoa goratzen» zutelakoan. Udaltzaingoak 1.000 euroko isunak ezarri zizkien antolatzaileei eta Donibaneko segizioan parte hartzen ari zirenen kontra oldartu zen Espainiako Polizia.

«Ikusi behar izan genuen polizia Olentzeroren desfilean, jendearen kontra oldartzen eta kolpeka... Hori gertatu zenean argi izan nuen: hauek edozertarako gai dira gustatzen ez zaien guztia kosta ahala kosta erauzteko». Dani Saralegi Gora Iruñea plataformako bozeramailea zen urte horietan, eta, beste hainbat boluntariorekin batera, auzoetako jai batzordeen arteko koordinazioaz arduratzen zen.

«Ez dut esanen erabaki hark harritu gintuenik, ongi ezagutzen ditugulako UPNren fobiak eta obsesioak», jarraitu du Saralegik, «baina aintzat hartuta Olentzeroren segizioak direla haurrei zuzendutako ekitaldiak, bertoko ohituren eta ondarearen parte garrantzitsu bat, eta herritarren artean arrakasta handia dutela, ez nuen uste udala hain urrun iritsiko zenik».

Iritsi ziren, ordea. Eta olentzeroei ez ezik, auzoetako jaietako ekitaldi ugariri ere betoa ezarri zieten. Urte horietan, jai batzordeek milaka euro pilatu zituzten isun, berme eta kalte ordainetan.

Betoa liburutegietan

Folkloreaz eta jai herrikoiez gain, hedabideek ere pairatu dituzte UPNren zentsura saioak. 2009. urtean, adibidez, Iruñeko liburutegi publikoetan Gara eta BERRIA egunkariak ez erosteko agindua eman zuen Yolanda Barcinak. Handik gutxira, bide beretik jo zuen Barañaingo Udalak ere.

Asnabi Nafarroako Liburuzainen Elkarteak salatu zuen udal horien irizpidea «politikoa» zela, eta protesta egin zuten Iruñeko udaletxearen aurrean. Elkartearen arabera, liburutegietan erosi beharreko materialaren ardura «liburuzainei bakarrik dagokie». Hori dela eta, uko egin zioten, debekuak irauten zuen bitartean, gainerako kazetak eurek erosteari. Azkenik, 2015eko irailean altxatu zen bi egunkarien aurkako betoa. UPNk bi udal horietan agintea galdu zuenean. Debekuez gainera, erregionalisten ezinikusiak beste forma bat ere hartu zuen: zigor ekonomikoarena. «Oso esanguratsua izan zen, 1999. urtean, Maria Kutz zinegotzi kargura iritsi zen egunean bertan hartu zuen lehen erabakia: Euskaldunon Egunkaria-ri eta Euskalerria irratiari publizitate instituzional guztia kentzea», gogoratu du Euskalerria irratiko esatari den Reyes Ilintxetak. «Diru kopuru oso urria zen», aitortu du, «baina hedabide txikiontzako, ezinbestekoa».

Kolpe handiena, baina, Nafarroako Gobernuak eman zion euskarazko irratiari, emititzeko baimena behin eta berriro ukatuta: «Prozesu luzea eta nekagarria izan da lizentzia lortzearena. Epaitegietan hamaika bataila izan ditugu administrazioarekin, eta hori oso nekagarria da. Gurea irrati txiki bat besterik ez da, eta epaitegira jotzea oso garestia da. Guk geure poltsikotik ordaindu genuen dena. Haiek, berriz, diru publikoak erabili zituzten». Euskaldunei «existitzeko eskubidea» ere ukatzen dietela azpimarratu du kazetari iruindarrak.

Hori dena gainditua zutela uste zuten Ilintxetak eta Saralegik, baina pailazoei gertatutakoa ikusita, kezkaz begiratzen diote etorkizunari. «Navarra Suma alkatetzara itzuli denetik, jokabide zahar horiek ere indar osoz bueltatu dira», laburbildu du Saralegik: «Eskuinak kromosoman iltzatuta darama adierazpen askatasunarekiko mespretxua».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.