Ramiro Gonzalez. Arabako ahaldun nagusia

«Lau parke eoliko ez dira aski behar dugun energia berriztagarria sortzeko»

Arabako ahaldun nagusiak ziurtatu du egitasmo eoliko «handiak» beharrezkoak direla Klima Aldaketaren Legea betetzeko. Zahar etxeen kudeaketari dagokionez, azpimarratu du foru gobernuak erdigunean jarri dituela «pertsonen beharrak».

RAUL BOGAJO / FOKU.
Edurne Begiristain.
Gasteiz
2021eko maiatzaren 22a
00:00
Entzun
Duela bi aste COVID-19aren aurkako Moderna botika etxearen txertoaren lehen dosia jaso zuen Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusiak (Burgos, Espainia, 1962). Erabateko immunizazioa lortzeko denbora falta bada ere, aitortu du txertatuta egoteak nolabaiteko «lasaitasuna» eman diola. Karguarekin lotutako arduretan, ordea, ez du lasaitzeko betarik: «Kolpe honetatik altxatzeko garaia iritsi da».

Zer ondorio ekarri dizkio osasun krisiak Arabari?

Kolpe latza izan da. Ondoriorik gogorrenak birusak erasandako pertsonek pairatu dituzte: hil direnek, gaixotutakoek, haien senide eta hurkoek... Ondorio ekonomikoak sufritu dituztenak ere ezin dira ahaztu. Orain, kolpe gogor honetatik altxatzeko eta osatzeko garaia iritsi da.

Zer izan da krisi honetan kudeatzen zailena?

Diputazioen esku dago politika sozialak kudeatzea, eta benetan nekeza izan da egoera zail honetan pertsonek merezi duten arreta behar bezala kudeatzea. Birusarekin kutsatzeko arriskuak zaildu egin du, nabarmen, adineko egoitzen, eguneko zentroen eta desgaitasunen bat duten zentroen kudeaketa.

Kutsatzeen olatuak bata bestearen atzetik etorri dira pandemia hasi zenetik. Zer egin da gaizki erakundeen aldetik?

Egoera ezezaguna zen guztiontzat, eta seguru zenbait gauza beste era batera egin genitzakeela. Urtebete honetan denok ikasiz joan gara, gaixotasuna bera ezagutuz joan gara. Baina irakasgai bat atera dugu: gizartea badela gai erronkei aurre egiteko, baldin eta elkarlanean aritzen bada.

Zaintza eztabaidaren erdigunean jarri du osasun krisiak. Gizarte zerbitzuen sistema aldatu behar da?

Izurriak eztabaidaren erdigunean jarri du zerbitzu sozialen gaia, baina Arabako Diputazioarentzat aspalditik da lehentasunezkoa. Izurria baino lehen, instituzio honetan gizarte zerbitzuen etorkizunari buruzko gogoeta abiatuta zegoen, eta hartuak genituen hainbat erabaki. Krisi honek horiek berretsi egin ditu. Batetik, etxeko arreta indartu beharra dago, adinekoek etxean jarraitu nahi dutelako bizitzen, eta horregatik jarri dugu martxan Etxean Bai, etxean arreta emateko programa berezia. Bestetik, pandemiaren aurretik egin genuen bigarren gogoeta erresidentziei buruzkoa izan zen. Araba aitzindaria izan da adinekoen arretan, eta egoitza bikainak ditu. Baina ikuspegia aldatu behar zela erabaki genuen, pertsona bakoitzaren beharretan oinarritutako kudeaketa batera igaro behar zelako. Gogoeta horrek ez digu soilik eragiten gizarte politiken erantzukizuna dugunoi, gizarte osoari baizik.

Arabako egoitzetako erabiltzaileen senide asko kritiko agertu dira instituzioekin, pandemian egindako kudeaketagatik. Eredua aldatu behar da?

Pandemia honetan egoitzetako erabiltzaileen senide ugarik eskatu digute neurri murriztaileak hartzeko, erresidentziatan birusa sar ez zedin. Eta egia da kolektibo txiki bat egon dela kontrakoa eskatuz. Erakundeen betebeharra guztiei entzutea da, eta hori egin dugu. Osasun krisi honek egoitzetan hobekuntza batzuk sartzen lagundu digu. Hala ere, pandemiaren aurretik ere erabakita geneukan zentro horien kudeaketa pertsonaren beharretara bideratzea, eta moduluak ezartzea, pertsonak elkarrekin bizi ahal izateko, familia baten moduan.

Arabako egoitza eta etxebizitza komunitario pribatuetako langile batek urtean 1.792 ordu lan egiten ditu, eta bere oinarrizko soldata 997,16 eurokoa da. Baldintza duinak direla uste duzu?

Egoitza batzuek ez dute hitzarmen duinik, baina guztiek ez dituzte lan baldintza horiek. Horrelako lan baldintzak dituztenen egoera nabarmen hobetu behar da, jakina. Arabako Foru Aldundiak aspaldi erabaki zuen baldintza duinak ez zituzten egoitzekin hitzarmenik ez egitea, eta lan baldintzak hobetzeko hitzarmen bat duten egoitzekin soilik adostuko zituela plazak. Egoitza pribatuetan akordio bat lortzen eta bultzatzen saiatzen ari gara.

Legealdi honetan Arabako egoitza pribatuen lehen probintzia hitzarmena lortuko al da?

Baietz espero dut. Urrats garrantzitsuak egiten ari gara, eta probintzia hitzarmen bat negoziatzeko eta adosteko gaitasuna duen patronal bat sortzetik hurbilago gaude. Egoitza pribatu guztiek, handiek eta txikiek, gure lurraldearen errealitaterako lan baldintza duinak eta egokiak izan behar dituzte. Eta baldintza duin horiek probintzia hitzarmen batekin lortuko dira.

Arabakoen egoitza berriak pandemiatik jasotako ezagutzak erdigunean izango ditu. Nolakoa izango da?

Hirugarren sektorearekin lankidetzan aritzeko eredu bat bilatuko du, interes sozialeko kooperatiba ekimen baten bidez. Modulu txikien bidez elkarbizitza eredu bat sustatuko dugu.

Langileen ratioei dagokienez, hobekuntzak ere ezarriko dituzue?

Langileen ratioak Eusko Jaurlaritzaren dekretu batek finkatzen ditu. Arabako egoitza publikoen kasuan, gainditu egiten dira dekretu horretan ezarritako batez besteko ratioak, eta bertan ematen den arreta ona da.

Araban lau parke eoliko eraikitzeko proiektuek polemika handia sortu dute, inpaktu handia izango baitute ingurumenean.

Une honetan ez dakigu zenbat parke eoliko eraikiko diren. Zenbait proiektuk ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazio bategin behar dute, eta azken erabakia Espainiako Gobernuari dagokio. Aldunditik energia berriztagarrien aldeko apustua egiten dugu, energia berriztagarriak sortzeko proiektu intentsiboak beharrezkoak direlako. Klima aldaketari buruzko legeak behartzen gaitu 2030erako energia elektrikoaren % 74 berriztagarria izatera, eta orain, Euskadin % 7 ekoizten ari gara. Jauzi handia egin behar dugu. Legea bete nahi badugu, ezinbestekoa da energia berriztagarriak sortzeko proiektu handiak eta intentsiboak egotea.Aztertu beharko da parke horiek gune horietan instalatzea uztar daitekeen biodibertsitatea errespetatzearekin.

Asteon jakin da Foru Aldundiaren txosten teknikoek ohartarazi dutela Iturrieta eta Arkamuko proiektu eolikoek kalte atzeraezina eragin dezaketela hegazti nekrofagoengan eta paisaiaren kalitatean.

Txosten horiek bide orri bat marrazten dute parke eolikoen ingurumen eragina gutxitu ahal izateko. Aurrean dugun prozesua luzea da, eta aztertu beharko da ea proiektuak bateragarriak diren eremu horietan biodibertsitatea babestearekin. Uste dut txostenak lagungarriak izan daitezkeela diseinatu diren proiektuak hobetzeko.

Zergatik ez dira eraikitako parke eolikoak zabaltzen edo modernizatzen, haize errota berriak jarri ordez?

Legea bete nahi badugu, beharrezkoa izango da dauden parke eolikoak eguneratzea, parke berriak egitea, eta energia sortzeko modu berriak sortzea. Legeak behartzen gaituen konpromisoetara iristeko, lau parke eoliko ez dira aski izango gure lurraldeak behar duen energia berriztagarri guztia sortzeko.

Euneiz unibertsitate pribatua egingo da Gasteizen. Laguntza publikoa jasoko du?

Arabako Foru Aldundiak ez du eskumenik hezkuntzan, eta bere esku hartzea proiektua ezagutzera mugatu da. Uste dugu lurraldearentzat proiektu interesgarria dela, EHUrekin bateragarria dela, eta aurrera atera behar dela.

Baina finantzaketa publikoa izango du?

Arabako Foru Aldundiak ez du eskumenik hezkuntza eta unibertsitate gaietan, eta ez du unibertsitaterik finantzatzen. Lurraldearentzat interesgarriak iruditzen zaizkigun proiektuak babesten ditugu.

Zer onura ekarriko dizkio lurraldeari?

Nazioarteko bokazioa duen unibertsitate bat da. Munduko beste herrialde batzuetako ikasleen presentzia ekarriko du lurraldera,eta ekonomiarentzat etorkizun handikoak diren esparruetan pertsonak trebatuko ditu.

Ez duzu uste proiektu honek unibertsitate publikoari kalte egin diezaiokeenik?

EHUren finantzaketari ez dio eragingo unibertsitate honek. Biak guztiz bateragarriak dira. Euneiz unibertsitatearen sorrerak Gasteizen unibertsitate giroa egon dadin lagunduko du, gainera.

Arlo ekonomikoari dagokionez, zorpetzea erabaki duzue. Zenbateraino baldintzatuko du erakundea?

Zorpetzera jo dugu krisialdi honi aurre egiteko moduetako bat inbertsio publikoa dela uste dugulako. Hala ere, uste dugu susperraldi ekonomikoak aukera emango digula diru bilketa handitzeko eta krisiaren aurretik genuen egoerara itzultzeko.

Ez da zerga erreformak egiteko unea?

Zerga alorrean erabakiak hartzeko, krisia gainditu arte itxaron behar da. Orain, fiskalitateak zailtasunik handienak dituztenen zerbitzura egon behar du.

Joan den ostegunetik Forondako aireportua 24 orduz irekita dago, asteko egun guztietan. Zer ekarriko du neurri horrek?

Forondako aireportua eguneko 24 ordutan irekita ez egotea arazo bat izan da aireportuaren lehiakortasunarentzat. Hori desagertzeak bultzada bat emango dio aireportuari. Kontuan hartu behar da estatuko laugarren aireportua dela,eta pandemian hazten jarraitu duela. Aireportuak aparteko baldintzak ditu zamarako, baina erreformak ere behar ditu. Hegazkinak aparkatzeko plataforma handitzeko lanean ari gara, txiki geratu delako. Bidaiariei dagokienez, aireportuak hazkunde izugarria izan du 2016tik, baina pandemiak gelditu egin du hazkunde hori. Udan hegaldi kopurua handituz joango da, eta normaltasuna ahalik eta gehien berreskuratuko da. Uste dut etorkizun aparta duela Forondako aireportuak.

Tubacexeko langileek greban jarraitzen dute. Enpresak jarduerara itzultzeko baldintza berriak jarri berri ditu mahai gainean. Nondik etorriko da konponbidea?

Tubacexen egoerak kezkatzen gaitu, lanpostuak galtzen diren edozein enpresaren egoerak kezkatzen gaitu eta. Auzitegiek erabaki behar dute enplegu erregulazioko espedientea zuzenbidearen araberakoa den ala ez. Nire ustez, langileen eta enpresaren arteko akordio bat bilatu behar da enpresak Aiaraldean jarrai dezan. Enpresak enplegua galtzea ez dakarten bide guztiak aztertu behar ditu, eta akordio batera iritsi. Hori da gure nahia eta gogoa.

Pandemiak gogor kolpatu du Arabako ekonomia. Txertoak ekonomia suspertuko du laster?

Neurri handi batean, txertoaren araberakoa izango da ekonomiaren suspertzea. Txertaketaren erritmoa areagotzearekin batera, normaltasuna berreskuratzen ari gara, eta horrek ekonomia suspertzen eta enplegua sortzen lagunduko du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.