Albistea entzun

Zaintza sistema «eraldatzeko» mobilizatuko da mugimendu feminista

Lehen mugarria Martxoaren 8an ezarriko du Euskal Herriko mugimendu feministak. Zaintza «erantzukizun soziala» bilakatzea izango du helburu borroka dinamikak
Euskal Herriko mugimendu feministaren agerraldia, atzo, Gasteizen.
Euskal Herriko mugimendu feministaren agerraldia, atzo, Gasteizen. ENDIKA PORTILLO / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Edurne Begiristain -

2023ko otsailak 2 - Gasteiz

«Zaintza lanak ezinbestekoak dira bizitzeko. Ezin dute jarraitu ikusezin eta merkantilizaturik». Euskal Herriko mugimendu feministarena da hausnarketa; Gasteizen deituriko agerraldi batean plazaratu zuten, atzo. Denon bizitzak erdigunean goiburua hartuta egin zuen prentsaurrekoa, lelo horren baitan jasoa dagoelako mugimendu feministak zaintza ereduaren gainean abiatu duen prozesuaren muina:«Zaintzak irauli nahi ditugu, dena aldatzeko».

Euskal Herriko mugimendu feministak indarrak batu nahi ditu zaintzaren sektorean lan baldintzak hobetzeko borrokan ari direnekin eta zerbitzu publikoen kalitatea defendatzen duten kolektiboekin. «Aliantzak bultzatu nahi ditugu herri mugimenduekin eta dena aldatzeko zaintza sistema irauli nahi duten guztiekin», azaldu zuten. Horiek hala, egungo zaintza sistema «eraldatzeko» asmoz borroka dinamika bati ekingo diote. Mugimenduko kideek zehaztu dute «epe luzerako prozesu» bat izango dela, eta lehen mugarria Martxoaren 8an ezarri nahi dutela.

Gaur egungo zaintza sistema «krisian» dago, eta krisi horrek «aurpegi ugari» ditu, mugimendu feministako kideek ohartarazi zutenez. COVID-19aren pandemiak azaleratu egin zuen krisi hori, are modu gordinagoan, haien arabera: «Inolako lotsarik gabe, adinekoentzako egoitza batzuetako egoera jasangaitza argitara atera zuen: langile gutxi eta lanez gainezka, eta erabiltzaileek ondorioak pairatuta».

Egungo egoerari ere argazkia atera zioten. Krisia etxeko langileen «esplotazioaren» ondorio zuzena dela salatu zuten, erakundeek eta familiek betetzen ez dituzten beharrak asetzen dituztelako. Kritikatu zuten lan baldintza «negargarriak» direla-eta sektorea «desarautua» dagoela, eta langile migratu asko egoera irregularrean daudela. «Horri guztiari gehitu behar zaizkio lanaren prekarizazioa eta langabezia, pentsio apalak, etxebizitzaren, gasolinaren eta oinarrizko beharren garestitzea». Haien iritziz, horrek guztiak «sakondu» egiten du krisi soziala.

Eta gogoratu zuten ezen etxean, lantokian eta harremanetan langile klaseko emakumeek sostengatzen dutela oraindik ere zaintza. «Denboren eta baliabideen pobrezia pilatzen jarraitzen dugu. Lanaldi bakoitzarekin, zerbitzu publiko urri eta prekarioak ordeztuz, denera iritsi ezinik, eta bidean gure bizitzak immolatuz».

Berriro «aktibatua»

Horregatik denagatik, mugimendu feminista berriro «aktibatu» egin dela jakinarazi zuten. Besteak beste, mobilizazio prozesu bat abiatuko dute, «egungo zaintza erregimen kapitalista eta patriarkala eraldatzeko asmoz». Uste baitute egungo krisia ez dela konponduko «azaleko soluzioekin», baizik proposamen eta neurri zehatzekin.

Euskal Herriko mugimendu feministarentzat, zaintza «eskubide kolektibo» bat da, eta horren alde lan egingo du. Eskubide hori «mendekotasun egoeratik» harago doala azpimarratu dute gaur: «Zenbat, nola eta nor zaindu nahi dugun erabakitzeko gaitasunaz ari gara. Eta zaintzaren erantzukizunari pribilegiozko egoeren bidez ihes ez egitea bermatzeaz ari gara». Finean, zaintza «erantzukizun sozial» bilakatzea nahi dute, «ez negozio bat», eta, bide horretan, gizartea eraldatzeko neurriak bultzatu nahi dituzte.

Mugimendu feministak dei egin zien Euskal Herriko kide feminista guztiei herri eta auzoetan batzar feministak aktiba ditzaten, prozesu horrekin bat egiteko. Euskal Herriko txoko guztietara iritsi nahi dute, eta, hartarako, material sorta bat jarri dute online eskuragarri.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Tolosako Laskorain ikastola, artxiboko irudi batean. ©JON URBE / FOKU

Matrikulazioan gardentasun handiagoa eskatu diote eragileek Hezkuntza Sailari

Irati Urdalleta Lete

Ikastolen Elkarteak esan duenez, gardentasunik ezean ez dute ikaslerik bidaliko beste zentroetara. EHIGEk Eusko Jaurlaritzari eskatu dio legea betetzeko
Rebeca Huaytaren hilketa salatzeko kontzentrazioko artxibo irudia. ©E. PORTILLO

Emakume bat larri dago bikotekide ohiak jipoitu eta hari su eman ostean

Edu Lartzanguren Maite Asensio Lozano Javi West Larrañaga

Andrea oso larri dago, Gurutzetako erredura larrien unitatean. Bikotekide ohia 63 urteko gizonezko bat da, eta etxean egin dio eraso
Manifestazioa Donostiako EHUko campusetik irteten, atzo. ©GORKA RUBIO / FOKU

«Hezkuntza sistema sozialista» aldarrikatu dute Ikasle Abertzaleek

Jone Arruabarrena

Seinalatu dute hezkuntza sistema «enpresari handien menpe» dagoela, eta greba antolakuntzan «oztopoak» jarri dizkietela ere salatu dute
Navarra Suma taldea, osoko bilkuran xenofobiaren aurkako legea eztabaidatzen ari zirenean. ©NAFARROAKO PARLAMENTUA

Arrazakeriaren aurkako foru legea onartu dute, Navarra Suma gabe

Ion Orzaiz

Arau berriaren helburua izanen da «pertsona arrazializatuen eskubideak bermatzea» eta «administrazioaren bazterkeria» eragoztea. Navarra Sumak ez beste talde guztiek babestu dute

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...