Amak ehortzi zuen lurrera

1936ko gerran hildako gazte tolosar baten gorpuzkiak Erorien Haranetik ateratzeko eta bueltan herriko hilerrira ekartzeko eskatu du sendiak. Udalak eskaera babestu du, aho batez.

Ibai Maruri Bilbao.
2019ko urtarrilaren 30a
00:00
Entzun
Levanteko frontean hil zen Lucas Ugarte Plaza tolosarra, 1938ko uztailaren 23an, 24 urte zituela. Soldaduska egitera behartuta joan zen, eta 1936ko gerrak harrapatu zuen. Haren ama Veremunda Plaza Aranak eginahalak egin zituen semearen gorpuzkiak Tolosara (Gipuzkoa) ekartzeko. Eta lortu zuen. Udal hilerriko agiri liburuaren arabera, 1939ko azaroaren 7an lurperatu zuten. «Familian bagenekien gerora zerbait gertatu zela hezurrekin. Gure ama [Miren Karmele Ugarte Andonegi] ikertzen ibili da, eta, Aranzadikoekin, topatu zuen Erorien Haranean dagoela. Garai hartako agintariren batek erabakita, baina familiak jakin eta baimendu gabe eraman zuten», azaldu du Ekhiñe Atorrasagasti Ugartek, Ugarte Plazaren anaia Nicasioren bilobak. Familiak gorpuzkiak Tolosako hilerrira itzultzeko eskaria idatzi dio Espainiako Gobernuari, eta Tolosako Udalak atzo babestu zuen familiaren eskaera, aho batez (EAJ, EH Bildu eta PSE-EE).

Ugarte Plazaren gainontzeko anaiek ere armak hartu zituzten, eta preso amaitu zuten frankisten esku. «Gure birramonak sekulako ahalegina egin zuen familia guztia etxera ekartzeko. Lucas falta zitzaion, eta, zerraldo bazen ere, Tolosara ekarri nahi izan zuen». Alarguna zen 1934tik. Garai zailak ziren, eta gehiago emakume batentzat. Baina Madrilera joan, eta etxera ekarri zuen semearen gorpua. «Guk nahi duguna da gure birramonak horrelako ahalegina eginez lortu zuena errespetatzea, eta lapurtuta eraman zutena etxera itzultzea, duintasunez gorde ahal izateko gainerako senideekin batera».

Zer gertatu zen ikertzea ere nahi dute. «Nork baimendu zuen hezur horiek hilerritik atera eta Erorien Haranera eramatea? Zertarako? Zergatik? Erorien Harana bukatu zutenean, Francoren mausoleoa betetzeko lanak egin zituzten. Lan horiek izan ziren, besteak beste, euskal herritar askoren hezurrak hara eramatea, nolabaiteko garaipen izpiritu horretan gehiago sendotzeko». Birraitona eramateko agindua nork eman zuen ikertzea nahi dute.

Hilerriko agirietan badago lurperatu zuteneko informazioa, baina ez handik atera zutenekoa. Erorien Haraneko lur emateen zerrendan topatu dute Ugarte Plazaren berri. Zehazki zer lekutan hilobiratuta dagoen ere badakite, kolunbario zenbaki eta guzti. Uste dute garai hartako Tolosako udal agintariak izango zirela. Gainontzeko euskal herritarrekin zer gertatu zen ere jakin behar dela nabarmendu du Atorrasagastik.

Memoriaren legea

Instituzioen babes falta salatu du. Nafarroak Memoria Historikoaren Legea duela gogoratu du, baina Eusko Legebiltzarrak ez du halako legerik onartu. Ezinbestekoa iruditzen zaio Atorrasagastiri: «Ezin gara ibili Madrilgo ministerioen aurrean borrokan, inolako babesik gabe. Bestela, unean uneko agintari edo alderdien erabakien menpe egongo gara». Gogora ekarri du 1970eko hamarkadan Nafarroako Erriberako alkateek protesta bidez lortu zutela euren herrietatik Erorien Haranera eroandako gorpuzkiak sorterrietako hilerrietara ekartzea.

Zumarragako Udalak iaz egin zuen antzeko eskaera bat. Urriaren 16an onartu zuen osoko bilkurak Antonio Arrizabalaga Ugarteren gorpuzkiak Erorien Haranetik atera eta herrira itzultzeko eskaera. «Gure ahaideak dira», azaldu du Atorrasagastik. «Oraindik ez dute ezer lortu». Salatu du Espainiako Gobernua trabak jartzen ari dela. Madrilgo beste sendi baten adibidea ipini du: «Aurretik jarritako baldintza guztiak bete dituztenean, DNA probak eskatu dizkiete orain».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.