Jose Antonio Urbiola

Oroz gain, abertzale

Ezker-eskuin, abertzaletasuna defendatzen aritu zen Nafarroan Urbiola, bere ibilbide politikoan. EAJtik HBra egin zuen jauzi, eta EAJra itzuli, ostera. Bi aldeek aitortu diote «abertzale sutsu» izatea.

IDOIA ZABALETA / FOKU.
Hodei Iruretagoiena.
2019ko apirilaren 5a
00:00
Entzun
Nafarroako politikan ibilbide luze bezain oparoa egin zuen Jose Antonio Urbiolak (1937, Agoitz, Nafarroa; 2019). Frankismo aurreko ETA goraipatzen zuen, eta 1978tik aurrerako ETA suharki kritikatu. Abertzaletasunaren bi joera nagusiak gertutik ezagutu zituen: Nafarroako Parlamentuko lehendakariorde eta EAJren NBBko buru izan zen. Atzo hil zen, 81 urterekin, Unai Hualde NBBko lehendakariak jakinarazi zuenez.

Zuzenbidean lizentziaduna zen Urbiola, 1962an, eta abokatu lanak eraman zuen atxilotua izan eta ihesera jo behar izatera. Aurrez, ibilbide politiko bat egina zuen: 1961ean sartu zen EAJn, eta hiru urtera, EBBko kide zen. Frankismo amaieran atxilotu zuten, eta Ipar Euskal Herrira egin zuen ihes. 1974an, kanporatu zuen Frantziako Estatuak, eta Venezuelara joan zen. Bi urteren buruan itzuli zen, eta HASIko kide gisa, HBn sartu.

Kargu garrantzitsuak izan zituen ezker abertzalean ere. 1980 eta 1981 artean, Nafarroako Parlamentuko lehendakariorde izan zen HBrekin, eta atxilotu ere egin zuten kargu horretan zela, batzorde batean egindako adierazpen batzuengatik. Ez zuen asko iraun HBn, ordea. Kritikoa zen ETAren jardunarekin, eta 1983an publikoki adierazi zuen aurkako iritzia. Ondorioz, berriz ere ihes egin zuen; berriro, Venezuelara.

Ez zen itzuli 1988ra arte. Ostera, EAJra egin zuen, eta 1992an hartu zuen NBBko lehendakaritza. Hamabi urtez aritu zen horretan. Aurretik, 1991ko maiatzean, hala deskribatu zuen urte haietako egoera Euskaldunon Egunkaria-n: «Egun, euskal faktoreak duela hamabi urte baino indartsuagoak dira Nafarroan. Ondorioa argi dago: huts egin dugu alderdiok, ez baitugu jakin nola bideratu Nafarroako sentimendu nazionalista». HBrekin lankidetzan aritzearen alde egiten zuen orduan, eta iritzi bera agertu zuen NBBko buru gisa egindako bidearen amaieran ere, «demokrata abertzaleen» batasuna aldarrikatuz.

BERRIAk 2016ko abuztuan argitaratu zuen haren azken elkarrizketa. «Harro» zegoen abertzaletasunaren bi joera nagusietan militatu zuelako, eta, azken urteetan kritiko agertu arren, ez zuen arazorik frankismo garaiko ETA goratzeko ere: «Herrialde baten ohorea da ETA antifrankista».

Horixe da EAJko kideek zein EH Bildukoek hil ostean aitortutakoa. «Abertzale eredugarria» izan zela nabarmendu du Andoni Ortuzar EBBko presidenteak. Joseba Asiron Iruñeko alkateak, berriz, «abertzale sutsu» gisa oroitarazi du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.