Koronabirusa

Errutina? Zer errutina?

Telelanaren bertuteak nola bihurtzen dituen zaintzak aje; komunikazioak nola kazetaria preso. Seme-alaben egunerokoan errutina berriak ezartzeko ahalegin antzuaren kronika bat da hau.

BERRIA.
enekoitz telleria sarriegi
Andoain
2020ko martxoaren 14a
00:00
Entzun
Koronabirusak ez du iratzargailurik kutsatzen. Ohi bezala jo du, eta ohiko orduan. Zakar, eta puntuan. Berbera da kafearen usaina eta berberak esnatu berrien esnatu ezinak. Agurra ez da betikoa, ordea: «Ea zelan doan lehen eguna; ez utzi nahi duten arte lo egiten. Errutina batzuk sortu eta mantentzea komeni zaigu. Bestela, hau eramanezina izango da». Joan da ama (08:15). Ez da bazkalostera arte bueltatuko. Udaleko komunikazio arduradunaren jardunak ez du etenik. Egunotan inon lana erruz baldin badago, komunikazioan dago.

Ez dago, ordea, mugimendurik haurren logelan. 12 urtekoak esnatuta behar luke, eta 8koak apur bat geroago. Eskuzabal dago aita. «09:00ak arte jarrai dezatela lo». Bitartean, enpresak lanean etxetik aritzeko prestatutako teknologia jarri du martxan. Ez da lehen aldia. Arazorik gabe konektatu da, eta lantokiko ordenagailuan sartu. Anydesk. Alegia, edonondik zure idazmahaian. Kazetaria bere jardunean. Teletipoak, eguneko pauta, lankideen mezuak... Egunekoak eta aurrera begirakoak. Nola, noiz eta nork. Erredakzioa bitan banatuta ari da. Telefonica eta halako talde handiek «ispilu taldeak» deitzen omen diete. Gurean, «zuk etxetik eta zuk erredakziotik».

Mugimendua nabari da gelan. Ate bat ireki da, eta aitari begira dago txikiena: «Egun on! Jaiki berritan ere eskuak garbitu behar dira?». Gosariak sukaldeko mahaian dituzte prest: Cola Cao-a eta osabak Bilbotik ekarritako polboroiak —bai, ongi irakurri duzu: polboroiak—. Bi astez mundu mailako birus hilgarri batengatik etxean egon behar duten umeentzat jada ez da arraroa martxoan polboroiak jatea gosaltzeko.

Zaharrenari gehiago kostatzen zaio —askoz gehiago—, baina jaiki da. 09:30. «Gaur utzi dizuet, baina ez pentsa datorren astetik aurrera horrela jarraituko dugunik», aitak. «Zergatik ez? Ez daukagu ikastolara joan beharrik!», alabek. Eta barruan —azken boladan geroz eta ageriagoan— duen sarjentua atera du aitak: «Gauzak garbi utziko dizkizuet: hauek ez dira opor batzuk. Egoera berezi bat sortu da, baina guk sortu behar duguna egoera horri aurre egiteko egunerokoa da». Ez du tonuan asmatu aitak; kazetariegia, edo Jaurlaritzako bozeramailea. «Ea ondo esplikatzen dudan, neskak. Aitak lanean jarraituko du, eta amak ere bai. Eta inportantea: zuek ere bai. Alegia, arau batzuk jarri behar ditugu». Eta agertu da hitza: arau. Eta aldatu da haien bisaia: okerrera. «Bai, ongi entzun duzue. Nahi duzue esplikatzea?». Bisaiak ez dira aldatu. «Utzi behintzat gosaltzen».

Eta gosariaren osteko petralak eta muzinak. «Ez duzue besteetan denborarik izaten, baina orain bai. Egunero ohea egin eta gela ordenatu lehenengo. Jantzi, eta ikastolako lanak hurrena». Kontraproposamena dator: «Jantzi? Ezin gara pijamarekin egon? Total; etxean egoteko... Eta ikastolako lanak ere justukoak eman dizkigute; horiekin ez daukagu egunero aritzeko». Agindua dator: «Pijamarik gabe, normaltasun itxura bat emateko. Ikastolako lanak ez dira bakarrik irakasleek agindutakoak; beti dago errepasatzeko aukera, irakurtzekoa, marraztekoa...». Hausnarketa dator: «Uf!».

«Itxoin; ordenagailuko pantailan ikusten dut Skype-n norbait dudala lanetik. Joan hortzak garbitzen eta oheak egiten». Urkulluk hitz egin du, eta azken neurrien berri eman: alerta egoera. Haren efektuz edo, agindutakoa egiten hasi dira.

Euskal Herria saileko koordinatzaileak kontrolpean dauka egoera, eta lasaitu egin da aita. Ikastolako lanekin hasi dira umeak, pijama erantzita. Isilik ari dira. Zintzo. Baina badator lehen saiakera: «Gero tabletak hartu ditzakegu?». Eta badator lehen txakalaldia: «Dena ondo egiten baduzue, agian bai». Konbentzituta, oraingoz. Baina badator bigarren saiakera: «Eta ezin dugu amonarenera joan?». Eta badator bigarren arrazoia: «Amonak 67 urte ditu, eta 40 kilometrora dago. Eta entzun duzue nori eragiten dion birusak gehien, ezta?». «Bai, adinekoei». Konbentzituta, oraingoz.

Bazkaria prestatzera. Arroza gaur berduratxoekin eta arrautza frijitua tomatearekin. Eztabaidak saihesteko taktika (menu) onena.

Bat-batean, ordenagailuko pantaila dardarka. Anydesk. Skype. Lanetik mezua: «Sagardo garaia bertan behera? Konfirmatzerik?». Martxan ikerketa. Mezuak eta deiak etxeko komunikazio arduradunari. Erre usaina sukaldetik. Berduratxoak beltz. Sagardo denboraldia berdin. Urgentziazko agerraldia udalean. Mezua Whatsapp-en: «Berandu iritsiko naiz; agerraldia daukagu». Erantzuna Whatsapp-etik: «Berandu noa. Umeak telebistarekin eta tabletekin utzi ditut. Baina errutina batzuk sortu eta mantentzea komeni zaigu. Bestela, hau eramanezina izango da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.