Miren Basaras Ibarzabal.
Koronabirusa. ZIENTZIA PENTSALDIAN

Gora eta behera

2021eko apirilaren 20a
00:00
Entzun
Laugarren uhinean al gaude? Berdin da nola deitu, baina argi dagoena da azken asteetan COVID-19aren kasuak igotzen ari direla, positibotasuna, ospitaleratzeak eta larritasuna. 2021. urteko lehen hiruhilekoa igaro da, eta urtearen hasieratik hona ia mila hildako egon dira gaixotasun horrengatik, hau da, batez beste 9-10 pertsona egunean. Horiek COVID-19agatik, baina gaixotasun horrek ospitaleetan sortzen duen presioaren ondorioz, beste kirurgiak, minbiziak, transplanteak eta abar eta abar ere kaltetuak daude, eragina izanik hainbat gaixotan.

Datu horiek ikusita, ohitu al gara zifratara? Egunean hamar pertsona hiltzea gaixotasun bakar bategatik ez al da harritzekoa? Zorionez, 2021. urte honetan badugu gaixotasun hau prebenitzeko erreminta apropos bat: txertoak. Baina, zoritxarrez, astiro doa prozesua.

Azken asteetan ere hainbat gorabehera egon dira txerto batekin eta bestearekin, bereziki odolbilduekin erlazionatu omen direlako. Behin eta berriro entzun diogu Sendagaien Europako Agentziari baimendu duen edozein txerto segurua dela eta, beraz, edozein erabil daitekeela.Hainbat herrialdetako gobernuek, aldiz, zuhurtziaren printzipioa baliatuz, txerto batzuk kendu egin dituzte guztiz edo adin tarte batzuetan. Baina hori arrazoituta al dago? Odolbildu horiek oso kasu bitxiak dira, eta agertzen dira 0,0001 eta 0,0004 kasuen artean AstraZeneca txertoaren kasuan eta ehuneko 0,0008an Janssen txertoaren kasuan. Odolbildu horiek ematen duten gaixotasunari tronbozitopenia immune protronbotikoa deitu zaio, eta gaixotasun hori heparina hartzen duten pertsonetan ager daitekeen antzekoa dela ikusi da. Gogoratu behar da heparina mugikortasuna eskasa denean hartzea gomendatzen dutela, eta kasu horietan ehuneko batean ager daiteke gaixotasun hori.

Tronbozitopenia immune protronbotiko delakoan ere autoimmunitateari esker uler daiteke zer gertatzen den; hau da, odolbildu horiek garatzen dituzten pertsonetan sistema immunea beraien kontra ari da. Kasu honetan, beraien plaketa gainean dauden proteinetara lotzen dira bere gorputzak sortzen dituen antigorputz batzuk. Plaketak gure odolean dauden zelulak dira, eta bere funtzioa odolaren koagulazioaz arduratzen da. Gorputzak sortzen dituen antigorputz horiek proteina horretara lotzen direnean, plaketa horiek aktibatu egiten dira eta bat bestearekin lotzen dira, odolbildu horiek sortuz. Horrela, plaketen maila nabarmen gutxitu egiten da berehala.

Zorionez, jakinda nola gertatzen den mekanismo hori, eta berau heparinari loturiko gaixotasunaren antzekoa denez, tratamendua ere badago. Kasu honetan gammaglobulinak (antigorputz mota batzuk) hartu behar dira, gure gorputzak sortzen dituenak blokeatu ahal izateko ahalik eta arinen.

Pasa den astean, espainiar estatuan 80 elkarte zientifikok adierazpen bat kaleratu berri dute eskatuz ebidentzia zientifikoan oinarritutako txertaketa bat egiteko eta pandemia kontrolatzeko ekintza koordinatua eta zientziaren aldeko apustua ausarta egiteko. Txertaketa ez da eten behar irizpide zientifikoak ez badira aintzat hartzen; beldurra ezin da landu.

Zero arriskua ez da existitzen bizitzaren inongo ekintzatan, zergatik txertoei buruz hitz egitean zalantzan jartzen da dena?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.