Xavier Peytibi. Politologoa eta aholkularia

«Populismoak beti du gertatzen zaizun guztiaren erantzule bat»

Ultraeskuinak zer komunikazio molde darabilen aztertu du Xavier Peytibik, eta, hainbat ezaugarriren artean, patriotismoa nabarmendu du: «Haiek dira 'herria', baita herriaren defendatzaileak ere».

MAIALEN ANDRES / FOKU.
inaut matauko rada
Donostia
2022ko uztailaren 3a
00:00
Entzun
EHUren udako ikastaroetara gonbidatu dute Xavier Peytibipolitologo eta aholkularia (Bartzelona, 1977). Ideograma enpresan egiten du lan, eta aholkulari jarduten du hamar herrialdetako alderdi politikoen hauteskunde kanpainetan.

Ultraeskuinaren komunikazio ereduaz hitz egin duzu. Erabiltzen dituzten tekniketakobat antagonista bat bilatzea dela diozu. Nola azaldu dezakezu?

«Beste bat» dagoela erabiltzen dute, eta beste hori da gertatzen zaizun guztiaren erruduna, izan estatua, etorkinak edo dena delakoa. Are gehiago, populismoaren indargune bat da etsaiz azkar aldatu ahal izatea. Italiara joanda, Salviniren Lega alderdiak hegoaldeko herritarren aurkako kanpaina egiten zuen, alferrak zirela esanaz. Zer gertatu zen, baina, udal hauteskundeetan? Etsaiz aldatu zutela, eta hegoaldekoei lana kentzera zetozen migratzaileak bihurtu zirela gaiztoak.

Populismoak beti du gertatzen zaizun guztiaren erantzule bat: establishment-a eta kasta politikoa. Hau, gainera, zeharkakoa zaie ezkerreko zein eskuineko alderdiei.

Ez zaizu iruditzen «etsai» horiek gehiegi karikaturizatu eta mamu faltsuak sortzen dituztela?

Estereotipoak indartzen dituzte. Gainera, badago jada etsaitasun ideia bat buruan duen jendea, ezaguna egiten zaiona, sinistu eta guzti egin dezakeena, eta jasotzen dituen mezuek iritzi hori elikatzen eta egonkortzen dute.

Finean, mezua jada entzun eta sinesten dutenez, errazagoa da azaltzea zergatik diren besteak txarrak, eta zergatik bozkatu behar nauzun ni. Haiek direlako txarrak, eta zu, ni bezala, onen taldekoa zara, «herria» gara.

Horrekin lotuta, ultraeskuindarrek patriotismoa nola erabiltzen duten ere landu duzu.

Populismoaren beste ezaugarri bat da patriotismoa: «Gu gara herria, eta,herria gu garenez, eta guk maite dugunez gehien herria, zure botoa eman behar diguzu, herria maite baduzu. Izan ere, gu gara herria defendatzen dutenak, eta ez migratzaileak, eliteak eta bestelakoak». Ideia hori indartzeko, banderak eta ikur historiko eta nazionalak erabiltzen dituzte. Ezkerreko alderdiek ere erabiltzen dute horrela patriotismoa.

Esaten da argumentu sinpleak erabiltzen dituztela, argudio ulerterrazak, egia zein gezurra izan. Zer diozu?

Gogoratuak izan daitezen erabiltzen dituzte argudio sinpleak. Baina zuk sinistea baino garrantzitsuagoa da besteei transmititzeko eta azaltzeko mezu errazak izatea. Gertukoei erraz azaldu diezazkiekezu, konbentzitzeko. Argumentu zailak izango balira, ezingo zenituzke azaldu, edo azaldu ditzakezu baina gaizki joango zaizu, ziur.

Egungo hauteskunde kanpainetan gutxiago hitz egiten da proposamenez, eta gehiago kontzeptu handiez: «faxismoa geratu behar da», edo «komunismoa geratu behar da». Zer dela eta?

Mezuak sinplifikatzen ari dira. Alderdi askok erabiltzen dute aipatu dudan antagonismoa, eta askok diote: «Beste hauei balio badie, zergatik ez niri?». Alderdi bat bozkatu behar duzula ulertzeko modurik errazena etsai bat aurkitzea da: naziak, komunistak edo bestelakoak. Etsai horiek esajeratu edo puztu egiten dituzte.

Madrilgo hauteskundeetara joanda, PPko Isabel Diaz Ayusok ez zion inoiz eraso egiten PSOEko hautagaiari, baizik eta Pablo Iglesiasi, nahiz eta jakin hark inoiz ez zuela gobernatuko, baina erasotzen jarraitzen zuen. Erabiltzen duten «askatasuna edo komunismoa» esaldia hortik dator. Horren bidez, gizartea polarizatu eta bere publikoa gehiago mobilizatu zuen, boto fidel bihurtzeko. Izan ere, Ayusoren arabera, bi aukera zituzten: eskuina edo komunismoa.

Andaluziako hauteskundeetan ikusi da alderdi berriek dutela eraginik handiena sare sozialetan, baina emaitzetan ez da islatu hori. Zer dela eta?

Batzuetan garrantzitsuagoa da zure jarraitzaileak zenbateraino mobilizatuta dauden, jarraitzaile kopurua bera baino. Jarraitzaile hipermobilizatuak zurekin daude, eta betiko egongo dira zurekin, eta botoa emango dizute. Gakoa da hain politizatuta ez dagoen jendea konbentzitzea, eta, era berean, haiek beren ingurukoak konbentzitzea; hori da benetan zailena.

Uste duzu handietsi egiten dela sare sozialetako eztabaiden eragina? Hainbeste jenderengana iristen dira?

Twitterren, adibidez, Espainiako estatuko biztanleen %14 daude bakarrik. Egiatan, Twitter politikaren ispilu magiko bat da. Egia da hedabideak kontsumitzeko eta aktibistak mobilizatzeko oso erabilgarria dela, baina ez du balio pertzepzioak sortzeko, nahiz eta beharrezko tresna bat den.

Azken finean, jakin behar dugu sare sozial bakoitza ezberdina dela eta bere funtzio berezia duela.

Toxikotasun handia dago Twitterren.

Politikari handiek jasotzen dituzten mezuen %80 edo %85 mezu gupidagabeak eta erasoak dira, baina aukera duzu beste %15ari mezu pribatu bat bidaltzeko edo telefonoz deitzeko, eta konbentzitzen saiatzeko.

Sare sozialek pisu handia dute hauteskunde kanpainetan. Zer deritzozu hauteskundeak baldintzatzen dituzten eztabaidak interes pribatuak dituzten enpresen plataformetan emateari?

Galdera ona da, baina erantzutea, berriz, zaila. Azken finean, sare sozialak enpresa pribatuak dira, eta etekinak atera nahi dituzte, eta, horretarako, erabiltzaileak gustura egon daitezen saiatzen dira. Sare sozialak zentsuratzeko eskatzen diete mugimendu batzuek gobernuei. Zein da gobernua inor zentsuratzeko? Ezin diegu hori eskatu sare sozialei.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.