Kataluniako prozesu subiranista. Marta Herrero. Abokatua

«Tentsio handia nabari da epaimahaian»

Abokatuen Elkarte Askeko kidea behatzaile aritu da epaiketan. Nabaritu du epaimahaiak defentsen lekukoei mugak jarri nahi izan dizkiela, akusazioei eta lekuko gisa deklaratu duten poliziei ez bezala.
IOSU ALBERDI

Iosu Alberdi -

2019ko ekainak 9
Espainiako Auzitegi Gorenak ukatu egin zuen Kataluniako politikarien aurkako epaiketan behatzaile independenteak egoteko aukera, baina nazioarteko hainbat legelari ikusle gisa bertaratu dira. Marta Herrero abokatua da, Red Juridica bulegoko eta ALA Abokatuen Elkarte Askeko kidea, eta International Trial Watch-Catalan Referendum Case plataformarekin kolaboratu du epaiketan. Herrero hiru egunez aritu zen behatzaile, eta uste du lan egin behar dela akusatuen defentsa eskubideen bermeak hobetzeko.

Zer lan egin behar izan duzu behatzaile gisa?

Behatzaile lana ez da lekukotzen inguruko oharrak hartzea bakarrik, beste hainbat kontu ere begiratzen dira: nola sartzen den eraikinera, zer segurtasun neurri dauden, zer giro nabari dugun... Hiru egunetan egon naiz ni epaiketa aztertzen. Gehiagotan joatea gustatuko litzaidake, baina ia ezinezkoa zen lehen egunetan han izatea, gaiak izan duen sona mediatikoagatik. Defentsen lekukoen adierazpenei erreparatu diet. Oso interesgarria eta argigarria izan da ikustea nola kontrajartzen dituzten beste testigantza erabat ezberdin batzuk; agian hedabideetan gehiago agertzen ziren horiek, polizienak nagusiki.

Zer arrazoi nagusi dago epaiketa honetan behatzaileak egoteko?

Jende askok ez du ulertzen. Esaten dute epaiketa bat bada legezkoa dela, eta beraz ez dela behatzailerik behar. Kanpoko ikuskaritza independente bat egotea garrantzitsua dela uste dut nik. Audientzia ia guztiak publikoak dira, eta hau ere telebistaz ikusteko aukera dago; baina epaiketa berezi bat da, eta ez du beste prozesu batzuen kategoria bera. Interes handia dago, eta epaiketa oso politizatua da. Beraz, zorrozki legezkotasunera begirako ikuskaritza bat izatea beharrezkoa da, aztertzeko ea lege bermeak errespetatzen diren edo eskubideen urraketarik izan den. Defentsek egin ohi dute lan hori, eta ministerio fiskalak ere egin beharko luke. Baina ez dut uste egiten ari garen ikuskaritza sobera dagoenik.

Zer jarrera izan du epaileak lekukotzekin?

Lekukotza horietan, auzitegiaren rola defentsari markatzearena izan da, gertaturikoen zati batera mugatu zedin. Jakina, gertakariak epaitzen dira, ez iritzi edo ideiak, edo ez luke beharko. Baina testiguek euren sentipenak adieraz ditzakete: nola bizi izan zuten edo nola sentitu ziren. Gertakarien parte da hori ere. Kasu honetan, epaimahaiak rol oso mugatzailea izan du. Esan behar duena entzun beharko lukete, eta esanikoak ez badu zerikusirik epaitzen denarekin, orduan galde diezaiokete ea zergatik egin dituen adierazpen horiek. Galderetara muga dadin. Akusazioei eta polizien testigantzei hautemate pertsonal asko egiten utzi zaie, gertakari objektiboetatik haratago: euren sentipenak, usteak... Tentsio handia nabari da epaimahaian. Epaiketak eragin mediatiko handia du.

Fiskaltzak eta herri akusazioak, berriz, nola jokatu dute epaiketan?

Defentsaren testiguetan zentratuz, kontuan izan behar da bakoitzak bere rola duela. Fiskaltzak matxinadaz akusatzen ditu; beraz, haren galderak jarrera biolentoak agerian uztearen aldekoak ziren. Bozkalekuetan esertzearen aldeko jarreraren inguruan ere galdetu zitzaien, ea jarrera horiek ez ziren oztopatzaileak. Defentsek behin baino gehiagotan adierazi zuten ez zirela testiguak epaitzen ari. Auzitegiko presidenteak berak ere adierazi zuen halako galderak berriz formulatzeko. Estatuko Abokatutza ez zen biolentzia justifikatzearen aldekoa izan, ez baitu matxinadagatik akusatzen. Beraz, galderak bestelakoak ziren, diru publikoaren erabilera bidegabea eta sedizioa justifikatzeko asmoz. Herri akusazioaren kasuan, berriz, helburua zen aztertzea ea estatuko segurtasun indarrei eraso zieten, batez ere Guardia Zibilaren eta Espainiako Poliziaren defentsan.

Zure ustez, nolako eragina izan du egungo testuinguru politikoak?

Lehen aldia da halako zerbait gertatzen dena gure demokrazian. Beraz, arrazoi asko dago pentsatzeko epaiketa honetan ez direla lege gaiak bakarrik lantzen ari: osagai politiko argi bat du. Pertsonalki, uste dut nabaria dela gai askoren judizializazioa beharrezkoa ez denean. Ezin gara 2017ko irailetik urriaren 1era bitartean gertatutakoetan bakarrik zentratu; ez da epaiketa arrunt bat, auzi berezia du izena.

Aldaketarik egin liteke halako murrizketak eteteko?

Defentsako abokatuekin hitz egiteko aukera izan dugu. eta harritu egin gaitu bideoen erreprodukzioa ez baimentzeak, batez ere hainbat testigantzaren ostean. Epaiketa penaletan egin ohi da hori, testigantzarekin zerikusia duten gaien inguruan galdetzeko: argazkiak erakutsiz, bideoak... Defentsaren eta akusazioen lana errazten du horrek. Testuinguruan kokatzen dira. Espainiako kasuan, gainera, legeak argi adierazten du lehenik akusatuen testigantzak entzungo direla. Halere, Europako Giza Eskubideen Auzitegiak adierazia du interesgarria litzatekeela akusatuak hitza azken unean hartzea, jada froga guztiak agerian geratzean. Horrek defentsa eskubidea egokiago bermatzen du.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna