Koronabirusa. Arantxa Tapia. Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapenerako sailburua

«Ez dut 2008koa espero; hilabete batzuetako kontua ematen du»

Tapiak esan du Jaurlaritzak baduela neurri bereziak hartzeko finantza giharra, koronabirusak eragindako egoera arintzeko bai enpresei eta bai langileei; uste du krisiaren iraupena dela gakoa

XABIER MARTIN.
xabier martin
Donostia
2020ko martxoaren 15a
00:00
Entzun
Oso atzean geratu da koronabirusak ekonomiari kalte egingo ote dion zalantza. COVID-19ak euskal enpresen jardueran eragingo du, ehunka langile dituzten horietan eta autonomo bakarrekoetan ere bai; eta 2020rako aurreikusita zegoen hazkundea higatuko du, barne kontsumoa uzkurtzea espero baitute agintariek, turismoaren gainbehera tarteko. Birusa krisi ekonomiko latz baten eragilea izango ote den jakiteko, osasun krisiaren iraupena jarri du giltzarri gisa Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapenerako sailburu Arantxa Tapiak (Astigarraga, Gipuzkoa, 1963). Baikor izan nahi du Tapiak, baina haren erantzunak zuhurtziaz beterik daude.

Ekoizpen kateak geldi daitezke Euskal Herrian gutxi barru?

Halako batean ekoizpen kateetan eragina izango dela aurreikusten dugu, baina, orain arte, ematen du gure enpresak aurreratu egin direla, eta bilatu dituztela alternatibak bere hornikuntzari eusteko, eta, gaur-gaurkoz, ziurtatuta dago osagaien hornidura hori; era masiboan, behintzat, ez da etengo emari hori, nahiz eta arazo batzuk egon daitezkeen han eta hemen.

Batik bat Txinatik datozen osagaiak behar dituen industria ez da geratuko?

Txinatik datoz bateriak egiteko zeldak; bada, Koreatik eta Asiako beste herrialde batzuetatik irits daitezke aurrerantzean. Alternatibak aurkitu behar ditugu geldi ez gaitezen. Hala ere, hornidura ez da izango gako nagusia gure enpresek koronabirusaren krisiari nola eutsiko dioten jakiteko.

Zein izango da?

Pertsonen joan-etorriaren moteltzeak ekoizpenaren jaitsiera behartu dezake, eta une zailak irits daitezke gure enpresetara, produktuak diseinatu eta egiteko prozesuan bezeroak etortzen direlako dena ongi dagoela gainbegiratzera. Ezin badira etorri, salmenta operazioak luzatu egingo dira, eta ordainketak atzeratu. Horrek finantza tentsioak eragin ditzake enpresa batzuetan.

Langileak ere kutsa daitezkeela ezin da ahaztu.

Jakina, langileak pertsonak dira, eta krisi honetan zaindu behar diren lehen-lehenak pertsonak dira. Tentuz eta zuhur jokatu behar dugu esparru guztietan, osasun agintaritzak ematen dizkigun gidak betez, eta, nola ez, baita enpresetan ere. Zorrotzak izan behar dugu, eta enpresa bakoitzak bere jarduera egokitu behar du osasun aholku eta eskaeretara. Kontua da langile bat, bi edo hiru kutsatuz gero, bere ingurukoak berrogeialdian jarri beharko direla, eta langileak faltako direla ekoizpena aurrera ateratzeko. Hori saihestu behar da. Pertsonak dira enpresaren esparruan ere gako nagusia.

Birusa zein abiaduratan zabaltzen den, horrek ere markatuko du enpresa baten gaitasuna datozen asteetan, ezta?

Jendea kutsatzen da, eta sendatu ere bai; frogatua dago; baina kutsatzea eremu batera iristen bada masiboki, gerta daiteke enpresa bat langile apur batzuekin geratzea. Hori guztia aurreikusi behar da, eta neurriak hartu lehenbailehen egoera horiek eragozteko, ahal den neurrian telelanarekin.

Kezkarako motiboak dira horiek guztiak. Esperantzarakoak ez daude?

Bai, badaude. Badirudi honek hasiera eta bukaera izango duela. Atzeratzen diren bidaiak eta enkarguak ez dira desagertzen normalean, atzeratzen baizik. Lehiakorra izateko, adibidez, makina bat erostea erabaki duen enpresak agian ez du orain erosiko, baina bai gero.

Tunelaren irteeran ez ote da susperraldi bat egongo? Errebote efektu bat?

Uste du baietz. Asiatik datozkigun albisteak egia badira, alegia, kutsatzeak asko jaitsi direla,agian une jakin batean zulora joango gara, baina ateratzen garen heinean, errebote bat egon daiteke, eta hala espero dugu, gainera.

Eta zuloan gauden bitartean zer laguntza egongo dira administrazioaren aldetik?

Enpresak itxi ez daitezen, laguntzak eman beharko ditugu, besteak beste, enpleguari eusteko. Europako Batzordeak helarazi digu orain arte estatu laguntza gisa jo dituztenak baimenduko dituztela kasu batzuetan; letra txikia irakurri beharko da, baina, dirudienez, sektore batzuetan eta baldintza jakinetan, laguntza horiei bide emango die. Guretzat, garrantzitsua da enpresa estrategikoak babesturik edukitzeko.

Gastu araua ere malgutuko da. Jaurlaritzak badu giharra abagune hori aprobetxatzeko?

Bai, inbertsioak sustatzeko giharra badugu, eta laguntzak izango dira.

Enpresa batzuk enplegu erregulazioaz ari dira. Jaurlaritza zorrotz ariko da egoera hau beren alde jarri nahi duten enpresekin?

Bai, sindikatuek kezka azaldu digute gai horren inguruan, eta enpresariek adierazi dute ados daudela. Erregulazioak egiten badira, benetakoak direla zaindu beharko da, gaixotasun hau dela haien oinarria; alegia, ezinbestean egin behar direla enpresa aurrera ateratzeko. Sindikatuek eskatu digute ondo ikuskatzeko erregulazioak, eta enpresariak ados dira, eta, onargarriak badira, azkar onartzeko eskatu digute, kalteak handitu ez daitezen.

Neurri berezi gehiago daude agendan?

Bai, proposatu digute erregulazio horiek eragindako langileei dagokienez, langabezia ez dadila has kontatzen erregulazioak irauten duen tarte jakin batean, dosierra nazioarteko egoera batek eragin duelako. Modu horretan, langileak ez luke gastatuko bere laguntza epe batez.

Haurrak etxean dira. Lan egin behar duten familientzat, beste arazo bat da.

Horientzat, eta adineko pertsonak zaintzen dituztenentzat ere bai. Zaintza horretan enpresek eta administrazioak nola lagundu dezakegun aztertzen ari gara, neurriak har daitezen malgutasunaren alorrean.

Arau batzuk malgutzeko eskatzen dute beharginek, salbuespen egoera honi aurre egiteko.

Argi dago giltzarrietako bat dela hori. Izan ere, osasun krisia pasatzen denean, tresnak baditugu ekonomia berriro suspertzeko; errazena izan daiteke hori. Kontua da denbora askoan ez irautea osasun krisiak, hala balitz ikaragarria litzatekeelako ekonomiarentzat ere; 2008koa gerta daiteke horrelako kasu batean. Baina Txinakoa ikusita, hiru hilabeteko krisia espero dugu.

2008koa gerta daiteke?

Ea... ez dut halakorik espero. Txina bueltatzen hasia da normaltasunera, eta ematen du hilabete batzuetako kontua izango dela. Hala bada, suspertzeko modua izango dugu. Egoera luzatzen bada, ordea, nazioarteko merkatuen egoerak okerrera egin dezake, eta hor arazo handiagoa legoke.

2020ko hazkundea arriskuan ote dago?

Orain berrikusiko dugu aurreikuspena, baina Confebaskek dio hamarren bat-edo gal daitekeela.

Baikorra ematen du horrek.

Eduardo Zubiaurrek esan du. Atzeraldia ez dugu ikusten orain. Jaitsiko dela hazkundea? Bai, baina zenbat jaitsiko den jakitea ez da erraza orain. Eta susperraldi azkarra egongo den esperantza ere badugu.

Turismoan, asko dago galtzeko; adibidez, enpleguak.

Bidaiak atzeratu egiten dira normalean, eta argi dago sasoi batean motelaldia egongo dela, baina gero jaso ditzakegu bidaia horiek. Aste Santuari eragingo dio egoerak, hori badakigu, baina gu ere ez bagoaz kanpora, agian barrualdean ibiliko gara, betiere azken orduko neurri zorrotzak leuntzen badira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.