Laosen, urak eraman du urtegi plana

Dozenaka pertsona desagertu eta hil dira Laosen izandako urtegi istripu batean. 6.600 bat pertsona etxerik gabe geratu dira
Hainbat pertsona teilatu gainean babes bila, atzo, Laosen.
Hainbat pertsona teilatu gainean babes bila, atzo, Laosen. ABC LAOS NEWS /EFE

Itxaso Orbegozo Borda -

2018ko uztailak 25
Laos hegoaldean eraikitzen ari ziren urtegi bat pitzatu da, eta bertako hedabideek jakinarazi dute dozenaka pertsona desagertu eta hil direla, eta 6.600 etxerik gabe geratu direla. Ezbeharra atzo goizean gertatu zen, Attapeu probintzian, Vientian hiriburutik 550 kilometrora.

5.000 milioi litro ur zituen gordeta Xe Pian Xe-Namnoy Houay eraikitze lanetan zegoen urtegi hidroelektrikoak eta pitzatu egin da. Laosko Gobernua 2013an hasi zen urtegia eraikitzen, Thailandiako RATCH Ratchaburi Electricity Generating Holding enpresak finantzatuta. Enpresak esan du urak aurrean eramandako sei herrietako biztanleak aldi baterako zentroetara eraman dituztela, eta gaineratu du azken egunetako eguraldi txarraren ondorioz lehertu dela urtegia. Laosko agintariek esan dute ur maila jaitsi arte ezin izango dutela eman kalte materialen eta hildakoen zenbateko zehatzik. Herrialdeko talde ekologistek uste dute gisa horretako urtegiek ingurumenari kalte baino ez diotela egingo datozen urteetan, eta hondamendi «konponezinak» eragingo dituztela. Laosko lehen ministro Thongloun Sisoulith kaltetutako lurraldean izan da erreskate lanak ikuskatzen.

Asiako herrialderik txiroenetakoa da Laos, eta gobernuak duela urte batzuk urtegi hidroelektrikoak egiteko erabakia hartu zuen ekonomia hobetzeko. 2019an bukatzekoa zen Xe Pian, eta lortutako energiaren %90 Thailandiara esportatzea zen asmoa. Datozen hogei urteetan 11 urtegi hidroelektriko eta 120 tributari eraikitzeko asmoa du gobernuak. Egun, 46 urtegi hidroelektriko daude Laosen, eta 54 eraikitzen ari dira.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna