Eztiak eta gozoak esanahi bera ez dutenean

Txinatik kalitate eskaseko eztia eta eztiaren ordezko produktuak inportatzen direla salatu dute erlezainek, eta eztia izango balitz bezala saltzen dutela. Eztiaren etiketetan informazioa zehatz emateko neurriak eskatu dituzte. Jakiaren kalitatea bermatzeko beste modu batzuk badira, halere, Euskal Herrian.

Usurbilgo Erle Eguneko ezti dastaketa. Artxiboko irudia. JON URBE / FOKU.
aitor biain
2019ko urtarrilaren 16a
00:00
Entzun
Jaki batek bere edukiontzian izaten duen etiketak bermea eta konfiantza eman diezaioke kontsumitzaileari. Erosi duen hori zer den, zer osagai dituen eta zer jatorri duen jakin dezake horri esker. Etiketaren informazioa ulertzea zaila izaten da sarritan, ordea; beste batzuetan, berriz, etiketak ez du behar adinako informaziorik ematen. Hori bera gertatzen da eztiaren kasuan. Erlezainek salatu dutenez, egungo etiketaren araudiak dituen «zirrikituak» baliatzen dituzte zenbait ekoizlek kontsumitzaileei «ziria sartu» eta kalitate gutxiko eztia eta eztiaren ordezko produktuak ezti moduan saltzeko.

Kexu dira erlezainak, eta eztiaren potoetan agertzen diren etiketak «argiak» izateko galdegin dute azkenaldian han eta hemen egiten ari diren protestetan. Iazko urtearen amaieran, esaterako, EHNE Euskal Herriko Nekazarien Elkarteko erlezainek Iruñean egin zuten protesta, egoera salatzeko eta agintariei kalitatearen gaineko «kontrol handiagoak» eskatzeko. ENBA Euskal Nekazarien Batasunak ere Eusko Legebiltzarrera eraman zuen auzia sektorean eragiten dituen kalteez ohartarazteko. Etiketek dituzten gabeziei konponbidea emango dieten neurriak eskatzen dituzte.

Txinari begira

Arazoa, halere, Europa osoarena dela azpimarratu dute erlezainek. Europako Batzordearen 2001eko zuzentaraua baitu oinarri etiketaren araudiak. Begirada guztiak, halere, Txinara begira jarriak dituzte, hura jotzen baitute errudun nagusitzat. Baita EBk ere. «Batez ere Txinatik dator ezti faltsu hori. Baina ez da bakarra: Argentinatik, Ukrainatik eta Europa ekialdetik ere iristen da». Hala iritzi dio Aner Mimentzak. Erlezaina da bera, eta eztia ekoizteaz gain, erlearekin lotura duten beste hainbat produktu ere saltzen ditu, argizaria haien artean. Mimentzak adierazi duenez, glukosaren eta azukrea duen produktu baten nahasketa bat inportatzen dute, gero ezti apur bat gehitu eta ezti moduan saltzen dute. «Oso kalitate eskaseko zerbait da; hori ez da eztia».

Europako Batasunak ere hala berretsi zuen kalitate ikerketa batean. EBren kanpoko mugetan inportatutako eztiaren laginak hartu zituzten, eta analisiak egin. Ondorioztatu zuten laginen %20k ez zituztela konposizio irizpideak betetzen, eta %14k azukre gehigarria zutela. Horiek hala, Europako Parlamentuak kontrol zorrotzagoak eskatu zizkion Batzordeari iaz argitaratutako txosten batean. Izan ere, EBk urtero kontsumitzen duen eztiaren %40 inguru inportatzen du, Txinatik batez ere: urtean 200.000 tona inguru, parlamentuaren txostenak jasotzen duenez.

Erlezainek salatu dutenez, ekoizpena egonkortu edo gutxitu egin da 2002az geroztik eztia ekoizten duten herrialde guztietan; batez ere, erleen osasun egoerak eta kutsadurak eraginda. Egoera bestelakoa da Txinan, ordea, bikoiztu egin baitu bere ekoizpena azken urteetan. Parlamentuaren testuaren arabera, EBk, Argentinak, Mexikok, AEBk eta Kanadak elkarrekin ekoizten dutena baino gehiago egingo luke Txinak dagoeneko. Zenbaki horien atzean, baina, produktuarenfaltsutzea legoke, erlezainen iritziz. Hala erakusten dute datuek ere. «Munduan gehien faltsutzen den hirugarren produktua da eztia», dio txostenak.

Zer dio araudiak?

Ezti potoen etiketaren araudiaren arabera, ez dago jakiaren jatorria zehaztu beharrik; nahikoa da adieraztea soilik EBkoa den, EBtik kanpokoa den ala bien arteko nahasketa den. Halaber, ez dago zertan adierazi zein herrialdetako eztia den, ez EBkoa denean, ez eta EBtik kanpokoa denean ere; are gutxiago, jatorri ezberdinekoen arteko nahasketaren portzentajea. «Tranpa bat» da hori, Mimentzaren arabera, «ez baitu benetako informazioa ematen». Adibide bat jarri du «ziri» hori azaltzeko: «Gerta daiteke potoan dagoen ezti nahasketaren %1 izatea soilik bertakoa, eta gainerakoa Txinatik ekarritakoa izatea. Baina gerta daiteke, modu berean, kontrakoa ere: alegia, %99 bertakoa izatea, eta kanpokotik ekarritakoa soilik %1. Bi kasuetan etiketa berbera eramango lukete potoek: EBko jatorria duen eztiaren eta EBtik kanpoko jatorria duen eztiaren arteko nahasketa, alegia».

Iritzi bera du Alfredo Garciak ere. Erlezaina izateaz gain, GiezBerri Eusko Labeldun eztia ontziratzen duen enpresako presidentea ere bada Garcia. Haren irudikoz, kontsumitzaileei egiten die kalte aurrena. «Beste produktu batzuekin ez da halakorik gertatzen. Lodosan, Nafarroan, ontziratutako zainzuri edo piperrak erosiz gero, etiketari begiratuta kontsumitzaileak badaki bertakoak edo Perutik inportatutakoak diren. Eztiarekin ere gauza bera izan beharko litzateke».

Nolanahi ere, herrialde bakoitzaren esku dago araua gogortu edo malgutzea. Italian, Polonian eta Grezian esaterako, derrigorrezkoa da eztiaren jatorria zehaztea. «Gure kasuan, baina, inportatzaileak oso lobby handiak dira; indar handia dute, eta etiketetan informazioa ezkutatzearen alde bultza egiten dute».

Mimentzak ohartarazi du erlezainengan eta sektorean oro har eragiten dituen kalteez: «Dumping moduko bat gertatzen da. Oso merke erosten baitute ezti hori, eta, ondoren, merkatuko prezioaren azpitik saldu». Ekoizpenean ez ezik, prezioan ere eragin zuzena du, beraz. Izan ere, 2016az geroztik %40 merkatu da eztiaren prezioa, erlezainen arabera. «Hemen, hiru eta lau euro artean ordaintzen da ezti kiloa, eta, gero, hamar euroan saldu. Txinatik datorrena kiloko 1,30 euro ari dira ordaintzen, gutxi gorabehera. Ekoizpen kostua baino gutxiago da hori; ezinezkoa da horrekin aurrera egitea».

Zigiluen bermea

Bi eztigileak bat datoz, eta nabarmendu dute auzi horrek ez duela eragin handirik Euskal Herrian: «Zertxobait salbu gaude». Izan ere, erlezain profesional oso gutxi dira hemen, eta, beraz, ezti gutxi ekoizten da. Ekoizten dena, gainera, zuzeneko salmentan saltzen da gehienbat. Hala egiten du Mimentzak, adibidez. Ekoizle txikia da: urtean 600 eta 800 kilo inguru ezti ekoizten ditu. 2010eanhartu zion erlezain bati erreleboa; hasiberria da, beraz, baina urtean mila kilo ekoiztea du helburu. Ez du kalitate zigilurik erabiltzen, baina. «Ez dugu horretan sinesten, eta ez dugu behar ere. Guk eztia bertan ekoitzi eta bertan saltzen dugu. Ulertzen dut zigilu horiek bere garrantzia izan dezaketela supermerkatuetan edo antzeko dendetan saltzen den produktu batentzat; produktua babesteaz gain, kontsumitzaileari ere berme bat ematen diotelako».

Helburu horrekin sortu zuten, hain zuzen, eztiaren Eusko Label zigilua, orain 25 urte. Produktuaren kalitatea bermatzeaz gain, erlezainen lan eta ekoizpen baldintzei laguntzea izan du helburu hasieratik. Mende laurdena igarota, hasierako helburu horiek nabarmen bete direla dio Garciak. «25 urte hauek horren erakusgarri dira».

Giez-Berri arduratzen da, hain zuzen, Gipuzkoako eta Bizkaiko 24 erlezainek ekoitzitako eztia tratatu eta ontziratzeaz. Enpresak Getarian (Gipuzkoa) du egoitza, eta urtean 60.000 kilo ontziratzen du. «25 urte daramatzagu zigiluarekin, eta kontsumitzaileek badakite gure eztia freskoa, gordina eta bertan ekoitzitakoa dela. Berme hori ematen dio zigiluak, eta inportazioaren arazotik aldentzen gaitu horrek». Ezaugarri horiek izan behar baititu zigilua daraman eztiak, beste askoren artean. «Labela duen eztia oso freskoa da: zuzenean jaso eta ontziratzera ekartzen dena. Artisau eztia da, mimo handiz egindakoa. Ez da berotzen: beraz, horrek esan nahi du, produktuaren ezaugarri guztiak mantentzen dituela. Ekoizleek ere modu jakin batean zaindu behar izaten dituzte erlauntzak». Hainbat jarraibide izateak «lan eskerga» badakar ere «emaitza positiboak» izaten dituela aitortu du.

Izan ere, Garciak nabarmendu duenez, ekoizpen kanpainaren urte berean saltzen dute ezti guztia; Euskal Herrian bertan, normalean. Denda txikietan, bazkideen bitartez eta hainbat supermerkatutan ere saltzen dute. «Iazko ekoizpena eskasa izan da, eta hemendik bi hilabetera bukatuko zaigu. Hori da gure arazoa: saldu dezakeguna baino gutxiago ekoizten dugula oraindik: ia bikoitza beharko genuke eskariari erantzuteko». Kalitatea lehenesten dute kantitatearen aurretik. Aurrera begira, baina, «eskaintza dibertsifikatzea» dute helburu.

Erlezainen etorkizuna

Etorkizunean jarri dute bi erlezainek mira. Kezkaz ikusten baitute erlezaintzaren geroa. Garciak errelebo ziurtatu beharraz ohartarazi du: «Orain ari garenok erretiroa hartzen hasiak gara, eta gazteak beharko ditugu gure erleak zaintzen jarraitzeko». Adierazi du, halere, belaunaldi berriek errazago izango dutela, dagoeneko azpiegitura dena antolatua dagoelako. «Erleak jarri eta ekoizten hasi besterik ez dute egin behar. Halere, badakigu hori ere ez dela erraza».

Mimentzak, berriz, katearen hasierako puntuaz ohartarazi du. Erlezainak azpimarratu du garrantzitsuena ez dela ez produktua eta ez lanbidea, erlea baizik. «Erlea beharrezkoa da daukagun ekosistema mantentzeko; polinizatzaile handienetakoa da. Erlea desagertzen bada, gure ekosistema aldatuko da, eta egun jaten ditugun jaki asko desagertuko dira». Bada, eztia ekoizteko ez ezik, polinizazioa mantentzeko eta ekosistemari eusteko ere behar dira, batez ere, «ehunka erlezain txiki», Mimentzaren hitzetan. «Uste dugu gure helburuak izan behar duela erleek hamar milioi urtetan egin dutena egiten jarraitzea aurrerantzean ere: polinizazioa bermatzea, hain zuzen».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.