Memoriaren deia, Mexikotik

Konkista garaiko krimenengatik «barkamena» eskatzea galdegin dio Mexikoko presidenteak Espainiako erregeari. Euskaldunek ere bete-betean parte hartu zuten prozesu hartan.

Lopez Obrador eta haren emazte Beatriz Gutierrez, konkistaren aurreko gune arkeologiko batean. EFE.
inaki petxarroman
2019ko martxoaren 30a
00:00
Entzun
Andres Manuel Lopez Obrador Mexikoko presidenteak Espainiako erregeari egindako eskariak hautsak harrotu ditu. Herrialdearen konkista hasi zeneko 500. urteurrenaren harira, Lopez Obradorrek Espainiari eskatu dio «bere gain har» dezala egindako «laidoen ardura historikoa», eta barkamena eska dezala prozesu horretan egindako «krimen lazgarriengatik». Espainiako instituzioek uko egin diote halakorik egiteari.

Euskal Herriraino ere iritsi da Mexikoko presidentearen hitzen oihartzuna, euskal herritar ugarik parte hartu baitzuten jatorrizko herriak menderatzeko prozesuan. Euskaldun batzuek goi mailako ardurak izan zituzten konkistan eta kolonizazioaren hainbat estamentutan.

Hernan Cortesen espedizioaren aurretik —maien eta azteken aurkako eraso militarra zuzendu zuen—, Antilletan kokatuta zeuden gaztelarrek beste hainbat saiakera egin zituzten Mexikon. Juan Grijalba izan zen saiatzen lehenengoa, Kubako gobernadore Diego Velazquezen iloba. 1518ko maiatzean, Grijalbaren armadakideak Mexikoko Champoton inguruan lehorreratu ziren, eta borroka gogorrak izan zituzten bertakoen aurka. Euskaldun batzuk zihoazen harekin, eta haietako bat, Juan Getaria, hil egin zen borroketan. Iturri batzuen arabera, harena da agiri historikoetan Mexikori lotuta ageri den lehen euskalduna. Marinel euskaldunak Kristobal Kolon Ameriketara abiatu zenetik joan ziren Atlantikoaren alde batetik besterako bidaia haietan. Haietako bat, esate baterako, Francisco Garai Jamaikako gobernadorea izan zen. Hark ere rol garrantzitsua jokatu zuen Mexikoren konkistan.

Grijalbak huts egindako lehen saiakera horren ostean, 1519an, Hernan Cortesi eman zioten maiak eta aztekak garaitzeko ardura. 600 lagun baino gehiago joan ziren espedizio buruarekin, tartean dozenaka euskaldun. Hain zuzen ere, Jose Manuel Azkona Madrilgo Rey Juan Carlos unibertsitateko historia irakasleak Jaurlaritzaren eskariz egindako liburu baten arabera, 36 euskaldun aritu ziren konkistatzailearen talde horretan. Urtebete geroago, Diego Velazquezek 1.400 gerlari gehiago bidali zituen, Panfilo Narvaezen aginduetara, Hernan Cortesi laguntzera. Talde horretan ere dozenaka euskaldun zihoazen. Guztira, 80 bat lagun zenbatu zituen Vicente Laskurain historialariak Los primeros pobladores de la Nueva España (Espainia Berriaren lehen biztanleak)erasotzaile horien artean.

Euskaldunak bete-betean aritu ziren Amerikaren kolonizazioan, arlo eta zeregin guztietan: gerran, administrazioan, elizan, ondasunen ustiaketan eta garraioan... «Konkista Gaztelak egin zuen, eta Hego Euskal Herriko euskaldunak erresuma horretan sartuta zeudenez —Araba, Bizkai eta Gipuzkoakoak hasieratik, eta Nafarroakoak pixka bat geroago—, bete-betean sartu ziren prozesu horretan, ez bakarrik Mexikon, baizik eta Erdialdeko Amerikan, Perun, Kolonbian eta, zer esanik ez, baita hegoaldeko lurraldeetan ere. Hango hiru hiriburu nagusiak, Buenos Aires, Montevideo eta Asuncion, euskaldunek sortu zituzten», adierazi du Oscar Alvarez Gila EHUko Amerikako Historiari buruzko irakasleak.

Hernan Cortesek inperio aztekaren hiriburu Tenochtitlanen errautsen gainean eraiki zuen Mexiko hiria, eta lehen harriak jarri zizkioten kolonia berriari. Fede katolikoa ezartzea zen Gaztelako koroaren lehen helburuetako bat, eta horretarako lanabes nagusia Erromako Eliza izan zen. Horri dagokionez, Mexikoko lehen artzapezpikua Juan Zumarraga durangarra izan zen. Inkisidorea izana zen, eta Euskal Herrian sorginkeriaren aurkako prozesuetan bete-betean aritutakoa; Elizaren posturik garrantzitsuena hartu zuen Mexikon, eta, besteak beste, gogor egin zuen idolatriaz akusatutako indigenenen aurka. «XIX. mende hasieran ere, koloniaren bukaeran, Kalifornian, hango gobernadorea eta hango misioen arduraduna ere euskaldunak ziren. Beraz, hasieratik bukaerara egon ziren euskaldunak goi mailako aginte postuetan», azaldu du Alvarez Gilak.

Durango eta Bizkai Berria

Hain zuzen ere, euskaldunak presente egon ziren aztekak eta maiak garaitu ondorengo lurralde berrien konkistan. Horrela sortu zuen Bizkai Berria eskualdea Juan Oñatek, Cristobal Oñate konkistatzaile ezagunaren semeak. Han eman zioten izena Durangori; gaur egun ere Mexikoko hiri nagusietako bat da.

Edonola ere, euskaldunen parte hartzea txikiagoa izan zen Mexikon Amerikako beste toki batzuetan baino. Zergatik? Azken finean, konkistatzaileak modu pribatuan aritzen zirelako, eta, Gaztelako koroaren baimena jaso ostean, eurek aukeratzen zituztelako espediziokideak: senideak, adiskideak eta herrikideak, funtsean. «Hernan Cortesen eta Pizarroren taldeetan, adibidez, Extremadurakoak ziren gehienak. Zergatik? Biak ere hangoak zirelako. Argentinan, berriz, Gipuzkoakoa zenez konkistatzailea, bada, bere taldeko gehienak ere gipuzkoarrak ziren». 1530eko hamarkadatik aurrera, Domingo Martinez Irala bergararrak konkistatu zituen Argentina, Uruguai eta Paraguai inguruko lurraldeak.

Euskaldunek presentzia garrantzitsua izan zuten meategien ustiaketan, bai Mexikon eta baita Perun ere. Esate baterako, Potosiko zilar meategia —munduko zilar ekoizle nagusia XVI. eta XVII. mendeetan— euskaldunek kontrolatzen zuten batik bat. Horrek etsaitu egin zituen Iberiar penintsulako beste talde batzuekin. Horri dagokionez, ezagunak dira Potosi inguruan garai hartan izan ziren euskaldunen eta bikuñen arteko gudak. «Batetik, aipatu behar da hango indigenentzat guztiak talde berekoak zirela», gogoratu du Alvarez Gilak. «Baina egia da handik ateratzen zituzten ondasunen banaketan ika-mikak sortu zirela talde ezberdinen artean. Askotan, interes ekonomiko hutsak ziren; esaterako, zilar eta urre meategietan. Baina, oro har, euskaldunak hasieratik sartu ziren konkistatzaileen taldean, eta gero baita kolonizatzaileen taldean ere. Arazoak sortu ziren tokian tokiko boterearen kontrola erabakitzeko. Euskaldunek bazituzten tresnak euren interesak babesteko, lankidetza eta elkartasuna lantzen baitzituzten, kofradien bidez, esate baterako».

Jose Manuel Azkonak nabarmendu du euskaldunek garrantzi handia eduki zutela bide komertzial berriak sortzeko. Honela azaldu du Alvarez Gilak: «Amerikaren konkistaren espedizio guztietan joan ziren marinel euskaldunak, Kolonen lehen bidaiatik hasita. Jakina da euskaldunak oso aurreratuta zeudela itsas kontuetan, eta Atlantikoko portu askotan zeudela marinel euskaldunek osatutako eskifaiak. Ontziak eta ezagutza zituzten, eta, beraz, toki guztietan erabiltzen zituzten. Horregatik, adibidez, bukatu zuen [Juan Sebastian] Elkanok munduko lehen bira hura ere (1519. eta 1522. urteen artean)».

Globalizazioaren hasiera

Peter Boyd-Bowman historialariak honela definitu du euskaldunen rola Amerikaren kolonizazioan: «gutxiengo hegemonikoa». Haren kalkuluen arabera, 1493tik 1600era Ameriketan kokatutako 53.000 kolonoetatik %4,4 euskal jatorrikoak izan ziren.

Bortitzaz gain, garrantzi itzeleko prozesua izan zen kolonizazioa. «Esan daiteke gaur egungo mundua hor sortu zela», nabarmendu du Alvarez Gilak. «Hau da, XVI. mendean hasi zen hori ez zen izan Amerikaren edo Mexikoren konkista bakarrik, baizik eta munduaren lehen globalizazioa. Europarrak hasi ziren jatorrizko herrietatik ateratzen, lurraldeak eta kanpoko herriak menperatzen eta euren ondasunak ustiatzen. Hor sortu zen sistema ekonomiko berri bat, non salgaiak eta pertsonak eramaten ziren munduko mutur batetik bestera».

Horretarako, europarrek martxan jarri zituzten Amerikako eta Afrikako herrien zapalkuntza eta menderakuntza gogorrak. Adibidez, Amerikaren konkistak sekulako arrastoa utzi zuen Afrikan. Historialariek kalkulatu dutenez, 11 eta 15 milioi afrikar inguru iritsi ziren esklabo gisa Amerikara. Kalkulatu dute beste hainbeste gatibu afrikar bidean hil zirela.

Historialariek aitortu dutenez, eragin demografiko handia izan zuen Amerikako jatorrizko herrietan ere. «XVI. mendean ez zegoen daturik ez erroldarik, eta, beraz, hurbilketak egin daitezke bakarrik. Alabaina, adostasunez onartzen da konkistak eta kolonizazioak beherakada handia eragin zutela indigenen populazioan». Henry Farmer Dobyns antropologo estatubatuarraren iritziz, 1492an 90 eta 112 milioi artean bizi ziren Amerikan. Handik mende batera, populazioa %95 jaitsi zen. Beste muturrean, berriz, Angel Rosenblat filologo eta historialari venezuelarraren iritziz, Kolon iritsi zenean 13,5 milioi indigena bizi ziren Amerikan, eta 10 milioi inguru zeuden 1650ean.

«Muturreko ikuspegi bi horiek zeuden: batzuek zioten beherakada bortitz hori konkistaren ondorio zuzena izan zela, eta besteek, berriz, ez zela konkistarik egin eta Europako izurrite berriek eragin zutela beherakada demografikoa. Denborarekin, bateratu egin dira jarrerak; onartu da konkista bat egon zela eta bertako herrien egoera errotik aldatu zela, ez bakarrik gerragatik: esklabotzaren antzeko sistemak zeuden Mexikon eta Perun, eta bazterketa gogorrak, berriz, toki guztietan. Indigenek ere jakin zuten horretara egokitzen, menpekotasunean eta bazterketan bazen ere», dio Alvarez Gilak.

Eta bazterketa horrek gaur arte iraun du. «Bertakoei ezarritako bazterketa hori ez da aldatu koloniak amaitu ostean; hau da, konkista egin zutenen oinordekoek osatu zituzten ondorengo eliteak ere, eta herri indigenek baztertuta jarraitu dute, baita egungo Mexikon ere. Esate baterako, zenbat presidente indiar egon dira Mexikoren historian? Sistema arrazista bat dago konkistaz geroztik, eta oligarkian daudenak zuriak dira oraindik ere».

Alabaina, aste honetan harrabotsa sortu duen eztabaidaren fokua ez da historiari buruzkoa, EHUko irakaslearen iritziz. «Historiak balio du ulertzeko nondik etorri garen eta zeintzuk diren zergatiak eta ondorioak. Historia ezin da aldatu, baina inportantea da jakitea zer egin den, ahal dela ikuspegi ez-sektario batetik». Lopez Obradorren hitzengatik sortutako eztabaidak, baina, beste interes batzuk ditu, haren iritziz. «Historia erabiltzen ari da asmo politikoarekin. Lopez Obradorrek Espainiari eskatzea barkamena, bada, tira... Egungo Espainiak ez du zerikusirik ordukoarekin; duela bost mende Espainiarik ere ez zegoen. Baina Espainiak eman duen erantzuna ere erabat nazionalista, itsua eta sektarioa izan da. Esaterako, ukatu egin dute Amerikan konkista bat egin zutela; hori astakeria hutsa da».

Bakoitzak bere ondorioak atera ditzake eztabaida horretatik, eta gertakizun historikoetatik ere bakoitzak atera ditzake iraganean egindakoen irakaspenak. Amerikaren kasuan, gertakari horiek euskaldunen azken mendeetako historia zipriztintzen dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.