21. Korrika

Gelatik irten gabe: lekukoa, bidea eta kanta

Aurten ere Ikastolen Elkarteak Korrikari buruzko unitate didaktikoa landu du 3-18 urte arteko ikasleentzat. Erakunde biek «elkarlan naturalaren fruitu» gisa ikusten dute.

2019ko apirilaren 3a
00:00
Entzun
Korrikak modu berezian elkartzen ditu AEK eta Ikastolen Elkartea. Eta Korrikaren inguruan bi urtez behin lantzen den unitate didaktikoa «elkarlan naturalaren fruitu» gisa ikusten dute Asier Amondo Korrikaren koordinatzaileak eta Koldo Tellitu Ikastolen Elkarteko lehendakariak. Ia hogei urte dira Ikastolen Elkarteak lehen aldiz Korrikaren inguruko unitate didaktikoak landu zituenetik, eta, ordutik, hutsik egin gabe atera dute antzeko materiala urte bakoitietan. Argi dute, ordea, material hori ez dela soilik ikastoletan lantzeko, edozein hezkuntza zentrotan jorratzeko modukoak dira bertan jasotzen diren edukiak.

Unitateak hezkuntza formalaren etapa guztiak hartzen ditu, Haur Hezkuntzatik 18 urtera bitartean, eta lehen aldiz aukera izango da osorik online lantzeko, horretarako sortu duten webgunean. Bestalde, orain arte bezala, paperean deskargatzeko aukera ere izango da webgune horretan bertan.

Iñaki Zapirain Orereta ikastolako irakasle eta unitatearen egileak bestelako berritasunen berri ere eman du, unitate didaktikoa prestatzen dutenak aurreko ekitaldikoa hobetzen eta osatzen ahalegintzen baitira bi urtez behin. Ipuinaren audio bertsioa ere aurten egin dute lehen aldiz. Graxi izeneko sorgina da Ikimiliklik ipuinaren protagonista, eta Garestik Gasteizera egindako bidaia kontatuko du. Goiatz Labandibarren ipuinaren audio bertsioan Garazi Urdanpilletak egin ditu kontalari lanak.

Korrikari eta euskarari buruzko mezu sekretuekin lekukoak bete eta jolaslekuan ezkutatzea da beste proposamen berrietako bat. LH1ekoak hasiko lirateke horretan, eta hurrengo mailakoek lekukoa topatu eta mezua osatu beharko dute, berriz ezkutatu baino lehen. Mezua LH6koena iristen denean, azken ukituak eman, eta denon artean irakurriz eta hausnartuz amaituko da ariketa.

Berritasunen zerrenda luzean daude, halaber, LH2koentzako Komiklika jarduera, Korrikako kantekin egiteko Klikaraokea, LH5 eta LH6koek koreografia berri bat prestatzea Korrikako abestiarentzat, Klikahoot galdera-erantzunen jolas digitala, omenduari buruzko material berriak...

Unitate didaktikoko materiala bost multzotan dago banatuta, adin tartearen arabera: Haur Hezkuntzako (Hego Euskal Herrian) edo Ama Eskolako (Ipar Euskal Herrian) umeak, Lehen Hezkuntzako lehengo zikloa (6-8 urte), bigarren zikloa (8-10 urte ) eta hirugarren zikloa (10-12 urte), eta DBH eta DBHO (12-18 urte). Dena den, adin ezberdineko umeak elkarrekin aritzea eta adinak nahastea ere badu helburu unitate didaktikoak, eta hainbat proposamen daude horri begira.

Baliabideak, klik batean

Unitate didaktikoaren webguneak bi atal nagusi ditu. Unitate didaktikoen atala adinka banatuta dago, eta ikasleek erabiltzeko dago prestatuta. Horretarako, beraiei dagokien adin tartean klikatu, eta han dute behar duten material guztia: ipuinak, abestiak, Korrikako petoak egiteko ereduak, bideoak, galdera-erantzunak... Irakasleentzat, berriz, Gida didaktikoa izeneko atala prestatu dute. Unitate didaktikoan prestatutako jarduera guztien azalpenak eta aholkuak jaso ditzakete bertan: jarduera nola garatu, zein material behar duten, jarduera bakoitzarentzat erabili beharreko denbora...

Horrez gain, multimedia atalean, jardueretan erabili beharreko baliabide digitalak aurki daitezke: kantak, karaokea, Txillardegiri buruzko materiala...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.