Hirak: burugabetua, baina ez garaitua

Bi urte baino gehiago dira Marokoko Rif eskualdean Hirak al-Xaabi protesta mugimenduaren aurkako errepresioa hasi eta mugimenduko buruak «sedizioa» egotzita espetxeratu zituztela. Militarizazioaren amaitzea eta osasun zerbitzuak hobetzea dira haien aldarri nagusietako bi.

Ricard Gonzalez.
Al-Hoceima
2019ko azaroaren 22a
00:00
Entzun

Al-Hoceimako kaleetan, manifestazioen erdigune izan ziren kaleetan, tentsioa aizto batekin ebakitzeko modukoa da oraindik. Hirira doazen errepideak polizia kontrolekin hesituta daude, eta presentzia handia dute segurtasun indarren ibilgailuek. Hala ere, ekintzaileek beldur handiagoa diete kaleko jantzita dabiltzan poliziei, ikusten ez direnei: ehunka izan daitezke.

«Aurrekoan, kafetegi honetan bertan, erregea kritikatzen hasi zen mozkor bat. Bat-batean, dozenaka lagun oldartu zitzaizkion; kafetegiko bezeroak ziren ustez. Atxilotuta eraman zuten». Omar Lemallem mintzo da, Rifeko Memoriaren Elkarteko presidentea. Izan ere, Mohamed VI.a erregearen figura sakratua da, eta Marokoko hiri guztietan dago mosaiko handi bat muinoren batean, lelo honekin: Jainkoa, aberria, erregea. Al-Hoceiman ere badago. «2017an, 20.000 polizia inguru zeuden hemen. Batzuk joan dira, baina oraindik hemen daude asko. Ez ditugu ikusten, baina badakigu hemen daudela».

Kontuan hartuta hiriak 100.000 biztanle inguru dituela, segurtasun indarretako kideen portzentajea gertu dago okupazio militarreko eremu batzuetako egoeratik —adibidez, Kaxmirkotik—. «Oraintxe, ezinezkoa da hemen inolako protestarik egitea. Hainbeste polizia dago, ezen segundoetako kontua bailitzateke denok atxilotuta amaitzea», azaldu du Samirrek. 33 urte ditu, eta Hirakeko kidea da. Oso aktiboa da sare sozialetan, baina lortu du atxiloketei izkin egitea, tentuz ibilita eta izen faltsuak erabilita —artikulu honetako izena ere faltsua da—.

Sorrera

Kasualitatez bezala sortu zen Hirak, 2016 amaieran, Mohsen Fikriren hilketaren ondoren. 31 urteko arrain saltzaile xume bat zen; salgaiak konfiskatu zizkion Poliziak, eta, haiek berreskuratzen saiatu zenean, zabor kamioi baten barruan xehatu zuten. Gertakari dramatiko horrek esnarazi egin zuen inguruko gazteria. Marokoko Gobernuarekin gatazka ugari izandako lurraldea da, eta hamarkada luzez estatuko inbertsio planetatik baztertua. Hilketa izan eta hurrengo egunetan, milaka lagun manifestatu ziren hogra-ren horrela deitzen diote estatuaren errepresioari, botere gehiegikerien eta agintarien umiliazioen aurka.

Asteen joanarekin, bat-bateko protesta horiek mugimendu sozial bilakatu ziren; gizarteko sektore zabalen babesa zuten, eta gai ziren lurraldearen eskari sozialak artikulatzeko. Haien eskarien artean zeuden, adibidez, ospitale bat eraikitzea, 1958tik indarrean zegoen militarizazioa amaitzea, eta heziketa zentro eta unibertsitate gehiago sortzea. 2017ko maiatzean, mobilizazioak hasi eta hilabete batzuetara, erregimenak errepresio kanpaina bat hasi zuen, eta ehunka lagun atxilotu zituzten. Hiraken lider nagusiak, Nasser Zafzafi eta beste batzuk, «sedizioagatik» zigortu zituzten: hogei urte arteko kartzela ezarri zieten.


Abd el-Krim Rifeko buruzagi historikoaren heriotza oroitzen duen afixa. RICARD GONZALEZ

«Hirak mugimendua ez da desagertu. Ezin dugu ekitaldi publikorik egin, baina badaukagu antolakuntza klandestino bat», azaldu du Samirrek, inork ez entzuteko moduko leku batean. «Zelulaka antolatzen gara, hamar-hamabost lagun talde bakoitzean, eta konfiantza sareen bidez soilik sar daiteke zelula horietan. Aldian-aldian biltzen gara, eta irakurgaiak eta eztabaidak partekatzen ditugu; adibidez, Gene Sharpen irakurgaiak, borroka ez-biolentoari buruzkoak». Samir unibertsitatean ikasia da, eta komertzio informalean jarduten du. Merkatu beltza da eskuragarri dagoen ia lan bakarra, ia industriarik ez duen eta azpiegitura eskasak dituen hiri batean.

Helburu dute zelula horiek Rifeko gizartean hedatzea, ez soilik Al-Hoceiman, erakundea «prest» edukitzeko, egoera aldatzen denerako eta egokiera sortzen denerako —adibidez, Tunisian Udaberri Arabiarrarekin gertatu zen bezala—. Plana hau da: zelula horietan oinarrituta, alderdi politiko bat sortzea, herrialdean liberalizazio politikoa iritsi orduko. Mugimenduak badu oinarri indartsu bat aldarriak nazioartean hedatzeko: oso konprometitua dagoen diaspora bat, ia bi milioi lagunekoa. Errepresioaren berri ematen dute sare sozialetan Courrier du Rif, Arifnews eta halako webguneen bidez, eta gobernuz kanpoko erakunde batzuen laguntzaz. Europan Hiraken alde egiten dituzten ekintzen berri ere ematen dute.

Rifeko beste hiri batzuetan Poliziaren presioa txikiagoa da Al-Hoceiman baino, haietan apalagoa izan baitzen protesten intentsitatea. Nolanahi ere, hiri horietan ere ez dute onartzen Hirakekin lotutako protestarik batere. Azaro hasieran, elkartasun elkarretaratze bat egin zuten Nador hirian, mugimenduko 57 kide kartzelatzearen aurka, eta indarkeria erabiliz desegin zuen Poliziak protesta. Hirakeko buruen eta Marokoko agintarien arteko norgehiagokak jarraipena du espetxean, eta haien senideak ordezkatzen dituen elkarteak salatu du torturatu egin dituztela.

Espetxeetako borroka

Presoetako seik, tartean Zafzafik, iraultzako buruetatik karismatikoenak, mehatxu egin dute joan den astean bertan behera utzitako gose greba berriz hastearekin. Hala jakinarazi du Marokoko espetxe zuzendaritzak komunikatu batean. Mohamed Saleh Tamek presidenteak dio presoek «mesede tratua» eskatzen dutela, adibidez, senideenez gain bestelako bisitak ere jaso ahal izatea eta baimendutako telefono dei kopurua handitzea.

Giza Eskubideen Marokoko Elkarteko buru Aziz Ghalik babesa eman die Hirakeko buruzagien eskaerei, argudiatuz euren eskubidea dela ohiko presoek ez bezalako erregimena izatea. «Preso hauek biltzeko eskubidea dute, bisitak jasotzekoa eta euren ikasketekin jarraitzekoa. Legezko aldarriak dira preso politikoak direlako, eta ez direlako gizartearentzako mehatxu», defendatu du Ghalik, Courrier du Rif-ek zabaldu duenez.

Errepresioaren atzaparretatik ihes egiteko, Rifeko ehunka ekintzailek hartu zuten Europara ezkutuan iristeko bidea, han asilo politikoa eskatzeko. Uste dute 2017ko udaberriaz geroztik 10.000 lagun inguru abiatu izango direla Rifeko hondartzetatik; haietako asko, motibo politikoengatik. «Deigarria da: protestek iraun zuten hilabeteetan, ez zen ia paterarik abiatu. Aldaketarako itxaropena zegoen», azaldu du Samirrek. Arrantzale zailduak daude eskualdean, eta penintsulatik 200 kilometro baino gutxiagora egonda, ez da bidaia oso arriskutsua. Ekintzaile horren kalkuluen arabera, bi urte eta erdian hogei bat lagun desagertu dira Mediterraneoan. Iheslari gehienak zain daude, Europako herrialdeetako agintariek nola ebatziko dituzten haien asilo eskariak.

Hiraken aldarri gehienak kutsu sozialekoak dira, baina bistakoa da identitate auzia ere badagoela oinarrian. «Gai izan dira identitate partekatu bat sortzeko beren kideen artean: injustizia eta marjinazio sentimenduak, eta Rifen amazig identitatea. Identitate hori indartu egin zen amazig bandera eta Rifeko Errepublikarena jarri zituztenean, Marokoko banderaren partez», adierazi du Mohamed Masbah soziologoak. Analisten arabera, protesten arduradunek saihestu egin zuten kutsu politikoko aldarrikapenak egitea —adibidez, eskualde autonomo bat sortzeko eskaria—, erregimenari aitzakiarik ez emateko «independentistatzat» jotzeko. Gutxirako balio izan zuen, ordea.


Zafzafi ekintzaileen buruari hogei urteko kartzela zigorra ezarri zioten. M.S. / EFE

Rifeko herritar gehienak amazigak dira, eta gutxienez zati batek inoiz ez du erabat onartu Marokon sartzea Espainiaren kolonizazioaren ondoren. Subkontziente kolektiboan dago Rifeko Errepublikaren oroitzapena, Abdelkrim buru zuena, eta 1921 eta 1926 artean Espainiaren kontroletik libratzea lortu zuena. «Historia hori ez da kontatzen eskola liburuetan, hari buruz ez da hitz egiten hedabideetan, baina oroitzapen hori oso presente dago. Eta pisu handia hartu du batik bat gazteen artean, Hiraken eraginez», azaldu du Lemallenek, memoria historikoaren arloan diharduen ekintzaile batek. Espainiako eta Frantziako tropek berriro okupatu zuten lurraldea, erasoaldi basati baten ondoren. Lehen aldiz, arma kimikoak erabili zituzten herritar zibilen aurkako bonbardaketetan, eta, izatez, eskualde horretan nabarmen handiagoa da minbizia duten herritarren portzentajea.

«Rifeko herritar gehienek nahi dute amazig kultura trata dezatela arabiarraren pare, baina gutxiengoa da independentziaren aldekoa. Ez dut uste %20ra iritsiko direnik. Aldarri hori duten gehienak diasporan daude», azaldu du Marzuk Txahmik. Amazig Erakundeko lehendakariordea da, eta Melillarekin muga egiten duen herri batean bizi da. «Badakigu oraingo erregimenarekin inora ez direla iritsiko autonomia eskariak, eta gazte asko hasi dira independentziaren aldarriarekin bat egiten. Arreta handiz jarraitzen ari gara estaturik gabeko beste nazio batzuetan zer gertatzen den: Katalunian, Euskal Herrian, Kurdistanen...», ohartarazi du Samirrek.

Urrats txikiak

Udaberri Arabiarraren protestak apaltzeko helburuz, Mohamed VI.a erregeak konstituzioaren erreforma iragarri zuen: amazig eta berber hizkuntzek arabiarraren maila izango zutela. Urrats batzuk egin dira —adibidez, hizkuntza horietako hedabide publikoak sortzea, eta amazig kultura ikertzeko eta zabaltzeko zentro bat sortzea—, baina oraindik errealitatetik oso urrun dago hizkuntza horien arteko parekotasuna.

Ekintzaile gehienek uste dute neurri horiek itxurazkoak izan direla, esaterako, eraikin publikoetan arabierazko idatziaren azpian berberezko itzulpena jartzearena. Kexu da Txahmi: «Ez dago behar adina irakasle gure hizkuntzan irakasteko, eta horrek dakar eskola guztietan ez irakastea. Eta eskola ematen duten lekuetan ere, baliorik gabeko ikasgaia da. Eta justizia ez dugu aipatu ere egingo...». Mohamedek eman du erantzuna, inguruan dagoen adineko batek: «Epaiketa batean, ez badakizu arabiarrez, ahaztu eskubideak dituzula». Hain justu ere, epaitegietan amaziga erabiltzeko eskaria zuen Hirak mugimenduak.

Jazarpenaren ondorioz, ezinezkoa da jakitea Hirakek zenbateko babesa duen Al-Hoceiman, baina, itxura guztien arabera, oso handia du. «Gehienek babestu egiten dute; beharbada, salbuespena dira alderdi marokoarretan dabilen jendea. Baina begira: politikari horietatik gehienak ere ez dira ausartzen diskurtsoetan mugimenduari buruz gaizki hitz egiten», ohartarazi du Lemallenek. Ez dirudi errepresio hutsak lortuko duenik Rifeko erreboltak geldiaraztea. 1958ko altxamenduak baino intentsitate txikiagoa du oraingoak, baina Mohamed VI.aren buruko min nagusia da. Jarraitzeko dago Hirak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.