Bizilekuen doitzea berreskuratzeko

Bizilekuen Tokiko Programak ondoko urteetarako finkatu duen etxebizitza berrien kopurua gehiegizkoa zaio hautetsi bati baino gehiagori. Erresalbuak agertu dituzte batzuek. Proposamen alternatibo bat egin du Hiriburuko herriak.

Alain Iriart Hiriburuko auzapeza, iazko uztailean, Baionan, Euskal Hirigune Elkargoko batzarrean. GUILLAUME FAUVEAU.
Ekhi Erremundegi Beloki.
Baiona
2021eko urtarrilaren 23a
00:00
Entzun
Nolako bilakaera izan behar duen Ipar Euskal Herriko bizilekuen eskaintzak: galdera horri erantzuten ari dira azken asteetan Lapurdi, Nafarroa Behere eta Zuberoako herriko etxeetako hautetsiak Euskal Hirigune Elkargoak landu duen BTP Bizilekuen Tokiko Programa oinarri hartuta. Tokian-tokian proposatu dituzten egokitzapenez harago, funtsezko erabaki bat dago jokoan: azken hamarkadetako joerarekin segitu ala bertako herritarren beharrak lehenetsi. Bihurgunea hartzea eskatu dute hautetsi batek baino gehiagok.

2020ko otsailaren 1ean onartu zuen bizilekuen programaren txostena Euskal Hirigune Elkargoko batzarrak. Hiru zatitan banatzen da: diagnostikoa, orientabideak eta programa. Zehazki finkatzen du zenbat bizileku eraiki beharko litzatekeen ondoko sei urteetan Ipar Euskal Herrian, eta zer motakoak izan beharko luketen. Orain, programari buruzko iritzia eman behar du herriko etxe bakoitzak, elkargoaren jakinarazpena jaso eta bi hilabeteko epean; erantzuten ez duten herriko etxeek ontzat ematen dutela kontsideratuko da. Orain arte, baiezko iritzia agertu dute erantzun duten gehienek, baina programak aurreikusitako eraikin kopuruari buruzko erresalbuak agertu ditu ditu batek baino gehiagok. Hiriburuko herriko kontseiluarena da horietako bat: proposamen alternatibo bat egin dute hautetsiek, «orekatuagoa» eta «tokiko beharrak lehentasunez asetzera bideratuagoa».

BTPk egiten duen diagnostikoak erakusten du zer bilakaera izan duen Ipar Euskal Herriak azken hamarkadetan: azken urteetan, biztanleria anitz emendatu da, «nagusiki lurraldearen erakargarritasunagatik»; 262.370 biztanle ziren 1999an, eta 302.980 2015ean: 40.000ko emendatzea hamasei urtean. Kostaldean eta Lapurdi barnealdean kontzentratu da, nagusiki. Diagnostikoak dio eremu horietan ekoizpen publiko gutxiegi dela, lurren prezioak emendatze handia izan duela azken urteetan, eta, ondorioz, jabegorako eta alokairurako etxebizitza merkatuak bazter uzten duela tokiko biztanleriaren parte handi bat. Gisa berean, alokairu sozialaren eskaintza aski apala da, eta ez da pertsona bakarra bizi ahal izateko neurri txikiko etxe aski. Barnealdean, tokiko garapenaren bila ari dira herri bat baino gehiago, elkargoaren txostenaren arabera, eta hutsik diren eraikin handiak arraberritzeko erronka dute. Oro har, Ipar Euskal Herriko biztanleriaren zahartzea aipatzen du diagnostikoak. Azkenik, garraio publikoaren eskaintza urriegia dela dio, eta, ekonomia dinamikoa izanik ere, nagusiki Euskal Kosta-Aturri lurralde eremuan egituratua dela. Horrek guziak esku hartze publikoaren indartzea eskatzen du, elkargoaren ustez.

Horren arabera, lau orientabide finkatu zituen elkargoak otsailean: kopuruan eta kalitatean hobeki menperatutako eskaintza bat garatzea, ekonomikoki eskuragarriagoa tokiko familientzat, eta lurraldean hobeki banatua; jadanik diren etxeen hobekuntza dinamika indartzea, bereziki energia mailan; denen beharrei erantzutea, bizitegi sozialen bidez; BTParen norabidea markatzeko eta helburuetara heltzeko baliabideak jartzea.

Diagnostikoak eta orientabideek oro har adostasuna sortu dutela erran daiteke, baina araberan finkatutako helburu zenbakituek arrangura hedatu dute. Beren herrirako aurreikusitako kopuruak egokitzeko eskatu dute herriko etxe batzuetan. Larresoron, adibidez, urtean mila biztanleko hamazazpi etxebizitza eraikitzeko helburua finkatzen du bizilekuen programak. Gehiegizkoa da, herriko kontseiluaren iritziz; hamarrera apaltzea eskatu dute, hirigintza planean zehaztu bezala.

Itsasun ere gehiegizkoa zaie programak finkatutako kopurua: «Orokorki, ikusten da kanpotik etortzen den jendearentzat bizitegi anitz egin behar direla», esplikatu du Mikel Hiribarren auzapezak. «Herri bakoitzari ez zaio horri buruz iritzirik eskatzen; badu etxe kopuru bat egiteko urtero, gure kasuan 23 bizitegi. Guk gure hazkunde demografikoari buruz herri honetan ez dugu erabakirik hartu. Baina gure helburua ez da baitezpada hazkunde horrekin jarraitzea orain arte joan den martxan». Aitzineko agintaldian arazo teknikoengatik gibelera eman zen hirigintza plana lantzen ari dira aldi berean, eta araberan finkatuko dute egoki zaien kopurua. «Herri txiki gelditu nahi dugunok ez dugu martxa horretan segitzen ahal».

Kudeaketa publikoa

Bide beretik jo dute Hazparnenere. «Bizilekuen programak proposatzen duen diagnostikoarekin bat egiten dugu, eta kezkatzen gaitu», adierazi du Isabelle Pargade auzapezak. «Azkenekourteetan sortu diren bizitegi gehienak lurralde honetakoak ez diren jendeentzat izan dira. Hautetsi gisa, geure buruari galdera egin beharko genioke». Orientabide estrategikoak ontzat eman dituzte, baina finkatutako etxebizitza kopurua, ez. «Urtean 53 etxe eraiki beharko genituzke, sei urtez. Horren arabera, 2035erako 2.000 biztanle gehiago izanen genituzke. Ez doa bat Hazparnerentzat aurreikusten dugun garapenarekin».

Bi arrazoi nagusi aipatu ditu: orain arte izan duten herri nortasuna galtzea eta azpiegituretan egin beharko luketen inbestimendua. «Azken sei urteetan mila biztanle gehiago etorri dira Hazparnera. Ikusten dugu zer eragin duen: ingurunea erabat aldatzen du». Azpiegiturak «saturatuak» direla dio, eta herri erdigunean autoak «metatzen» direla. «Ez dugu ikusten non sar dezakegun biztanle gehiago».

Azken urteetan, eraikuntza berriak promotore pribatuen esku utzi dira, eta hori da funtsezko arazoa, haren ustez, zeren, operazioa errentagarria izateko, bizitegi sozialez gain bizitegi libreak eraiki behar baitituzte. «Eskualdea erakargarria da, eta eskaera emendatzen ari da; noiz arte segituko dugu horrela?». Pargaderen iritziz, eredua osoki aldatu behar da, eta kudeaketa publikoa lehenetsi. «Badugu tresna egokia: LTEP Lurraren Tokiko Erakunde Publikoa. Printzipioa erraza da: lur bat saltzeko bada, LTEPk erosi egiten du, eta jabetza publikoa da». Harriduraz dio Hazparnen ez dela nehoiz erabilia izan: «Ez dut ulertzen. Nola justifikatu daiteke dena promotore pribatuen esku uztea? Biziki ikuspegi liberala iruditzen zait. Tresnak baditugu; borondate politikoa behar da», adierazi du Hazparneko auzapezak.

Errobi lurralde eremuan ere gaia aipatzeko bilkura egin zuten. Hautetsiei bidalitako gutunean, kezka agertu zien Peio Etxeleku lurraldeko erreferenteak gainerako hautetsiei: «2015-2025 epean urtero 2.777 etxebizitza eraikitzea onartzeko galdegina zaigu. Horietarik 1.367 kanpotik etorritako populazioen beharrei erantzuteko izanen dira; eskaintza osoaren %43 dira, eta etxe berrien kasik erdiak». Etxelekuren hitzetan, eraikin berrietan 900 bigarren etxebizitzak lirateke, %32. Eta, beraz, kalkulua: eraikiko diren etxe berrien «%29 baizik ez dira izanen tokiko biztanleen beharrei erantzuteko».

Euskal Elkargoko bizilekuen programa bere horretan atxikiko balitz, lurraldeak azken 20 urteetan «pairatu» dituen joerak «indartu» besterik ez lituzke eginen, Etxelekuren ustez: biztanleriaren emendatzea eta etxebizitzaren prezioaren azkarki igotzea. «Etxebizitzen merkatuak behin eta berriz erraten du etxeen ekoizpen masiboak prezioen apaltzea dakarrela. Kontrakoa gertatu da, zehazki: 2015 eta 2018 artean, prezioak %20 emendatu dira». Alde horretatik, Hiriburuko herriko etxeak egindako proposamena «interesgarria eta orekatua» iruditzen zaiola dio.

Tokiko beharrak lehenetsi

Abenduaren 17an egin zuen bilkura Hiriburuko herriko kontseiluak BTPri buruzko iritzia emateko. Diagnostiko orokorrarekin bat egiten badute ere, gauzapenarekin kritiko agertu ziren hautetsiak, eta proposamen alternatibo bat egin zuten, «orekatuagoa» eta «tokiko beharrak lehentasunez asetzera bideratuagoa». Hala, hainbat moldaketa proposatu dituzte oinarrizko proiektuarentzat. Lehendabizikoa, eraikin berri gutxiago egitea: Hiriburuk urtero 2.000 gutxiago egitea proposatzen du, 2010-2017 epean eraikiak baino heren bat gutxiago. Bigarrengoa, eraikin berrien %55-60 alokairuak eta jabetza sozialeko etxeak izatea. Bereziki lagundu nahi dituzte Lapurdi barnealdea eta jarduera gune eta herritarrentzako zerbitzuetan egituratuak diren lurralde eremuak.

Hirugarrengo puntua bigarren etxebizitzen kopuruaren apaltzea da. Urtero sortzen den kopurua bostez zatitu nahi dute, BTP programaren bukaerarako kopuru osoaren %22tik %19ra jausteko. Laugarrengo proposamena eraikin berriak lurraldean hobeki banatzea da. Hala, bizitegi berrien %15-20 barnealdean egitea eta diru laguntzak araberan nabarmen birbideratzea nahiko lukete. Azkenik, etxe zaharrak eta hutsik direnak berritzea, eta diru laguntzak jasotzeko baldintza bizitegi nagusi gisa alokatzea izatea. Urtean 1.400 eta 1.500 etxebizitza berrituz, BTPren bukaerarako bete gabeko etxebizitzen kopurua %6tik %4,5era apaldu nahiko lukete. Horrek guziak Ipar Euskal Herriko antolamendu eta hirigintza planen gogoetekin koherentzian egon behar duela zehaztu dute, eta Frantziako Estatuko zerbitzuekin etxebizitza politika publikoari buruz negoziatzen hasi behar dela diote, etxebizitzen %25 bizitegi sozialak izan behar direla dioen SRU legearen logika aritmetikotik ateratzeko.

Egun hauetan bukatuko da herriko etxeek iritziak agertzeko denbora. Ondotik, Frantziako Estatuak ere berea emanen du, eta elkargoko batzarraren esku izanen da azken erabakia hartzea. Ikusi beharko da bihurgunea hartzea nahiko luketenek gehiengo bat osatzea lortuko duten ala ez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.