Zaldibarko luiziaren urteurrena

Zaborrak irentsi zuen galdeketa

1998an, Zaldibarko Udalak herri galdeketa egitea onartu zuen Eitzagako zabortegiaren inguruan, baina ez zuen jaso Espainiako Gobernuari eginiko baimen eskaeraren erantzunik. Herri galdeketen Espainiako zerrendan, baina, eskaera hura onartua izan zela ageri da, eta aurrerago artxibatua. Arrasto ofizial gutxi dago, eta horrek misterioa elikatzen du.

BERRIA.
Imanol Magro Eizmendi.
Bilbo
2021eko otsailaren 2a
00:00
Entzun
Iraganean egin gabe utzitako galderak eleberri erromantiko askoren korapiloaren iturri dira. Garaiz argitu gabeko zalantza haren ondorio mingarriek orrialde askotarako eman dute literaturan. Zaldibarren ere (Bizkaia) badute iraganean egin gabeko galdera bat, eta hark ere ondorio lazgarriak utziko zituen 33 urte geroago. Kasu honetan, baina, gehiago du misterio eleberritik erromantikotik baino, 1998an Zaldibarko Udalak Eitzagako zabortegiaren inguruko herri galdeketa egitea onartu baitzuen, baita eskaera egin ere Espainiako Gobernuari. Erantzuna, baina, burokraziak irentsi zuen Madril eta Zaldibarren arteko tokiren batean. Gaur-gaurkoz, ezin da ziurtatu zer gertatu zen, eta, ondorioz, zergatik ez zen egin galdeketa hura.

«Misterio bat da». Jon Iñarritu EH Bilduko Espainiako Kongresuko parlamentariak ezin du harridura ezkutatu gaiaz hitz egitean: «Alde batetik, Espainiako Gobernuaren onarpena dugu, eta gero artxibatuta agertzen da eginiko galdeketen zerrendan. Pentstatzekoa da ez ziotela jarraipenik eman, baina ez dakigu zergatik». Iñarrituren jarduna gakoetako bat da Zaldibarko herri galdeketaren nondik norakoak azaltzeko. Izan ere, 2012an, ordura arte onartu eta debekaturiko galdeketa guztien zerrenda eskatu zion Espainiako Gobernuari, eta Zaldibarko zabortegiaren ingurukoa «onartua» zela agertu zen, 1998ko uztailaren 24an.

Zabortegiko hondamendiak paper zaharrak astintzera eraman zuen Iñarritu, eta galdeketaren beste arrasto bat aurkitu zuen: «artxibatuta» agertzen da beste zerrenda batean. «Zergatik artxibatu zuten galdetu dut gobernuan, eta ez dakite deus. Haien zerrendak dio onartua eta artxibatua dagoela. Esaten dute ez dagoela ezer, eta arraroa da, gobernu batek dena gordetzen duelako». Galdeketa bat baimentzen denean, udalak 30 eta 120 eguneko tartean egin behar du, bestela aukera galdu egiten du. Hariari tiraka, galdera ofizialak egin ditu Iñarrituk Espainiako Gobernuan eta hark EAEn duen ordezkaritzan haren bitartez egin zuen eskaera udalak—, eta informaziorik ez daukatela erantzun diote. Halere, Gobernuaren erantzunak ñabardura bat gehitzen du: «Gobernu honek ez du erantzuten aurreko exekutiboek eginikoengatik».

Misterioa, baina, haratago doa. Erreferendumak Ministroen Kontseiluan eztabaidatzen dira, haiei dagokielako baiezkoa edo ezezkoa ematea, eta erantzun hori argudiatu beharra dutelako. Hemerotekan murgildu eta 1998ko uztailaren 24ko Ministroen Kontseiluko bileraren aktara joanez gero, baina, ez da ageri Zaldibarko galdeketa eztabaidatu zutenik, ezta aurreko eta ondorengo bileretan ere. Aldiz, herri galdeketa guztien zerrendan ageri da egun hartan bertan Algecirasko Udalari (Espainia) herri galdeketa bat ukatu ziotela, eta horri buruzko eztabaida bai agertzen da egun hartako aktan.

Iñarrituk uste du gaia tratatu zela kontseiluan, Madrilera iritsi zela, alegia, eta horregatik agertzen dela zerrendetan. Arrastoa hortik aurrera galtzen da. «Ez dakigu norbaitek erantzun ofizialik bidali ez zuen. Arraroa da, baina gerta daiteke. Batzuetan gertatzen da, baina kasualitatea da Zaldibarren gertatzea». Halere, zuhurra da azalpenean, eta froga gehiago gabe ez du esku beltzik aipatu nahi: «Agian huts bat izan zen, norbaitek eginikoa; agian norbaitek ez zuen komunikatu erabakia; edo norbaitek gezurra esan du. Hiru aukera daude, baina zerbait arraroa dago».

Idazkariak ez zuen ezer jaso

Misterioaren azken atala Madrilen idatzi da, baina korapiloa Zaldibarren hasi zen, 1998ko udalbatzako bileren aktetan. Izan ere, urte hartako irailaren 22ko udal bileran, galdeketa ustez onartu eta bi hilabetera, udaleko idazkariak esan zuen «ebazpenaren» zain zeudela oraindik. Ez zuten ez baimenik ez debekurik jaso. Haren ondoren, sei hilabeteko epean Herri Batasunaren udal taldeak hiru aldiz eskatu zuen erreferendumaren auzia plenoan aztertzeko, eta hiruretan atzera bota zen, EAJren eta PSEren aurkako boto eta abstentzioen eraginez. 1999ko ekainean sartu zuten gaia tiraderan, EAJk eta Euskal Herritarrok-ek udal gobernurako negoziazioak hasi zituztenean. Gaia desadostasunen artean zegoen, baina EH gobernukide zen bitartean ez zen zabortegirik eraikiko. 2000. urteko irailean hautsi zen udal akordioa. Ia hamarkada bat geroago, udalak oniritzia emango zion gerora Verter Recyclingen zabortegia izango zenari.

BERRIA harremanetan jarri da Blanca Onaindia orduko Zaldibarko alkatearekin, baina erreportaje honetan ez parte hartzea erabaki du. Gaizka Zabarte HBko zinegotzi ohiak, berriz, ondo ditu gogoan garai haiek: «Udalean tentsio handia sortzen zuen gaiak, baita EAJren barruan ere. Guk argi genuen auzoetako jendeak ez zuela zabortegi berririk nahi. Edozein harrobi egiteko utzitako zuloetan zabortegiak eraikitzen ziren. Eitzagan bertan hiru edo lau zeuden eginak aurretik [Verterren zabortegia beste hondakindegi baten gainean egin zen]. Hori gutxi balitz bezala, garai hartan esku artean genuen ikerketa batek zioen ez Debabarrenan, ezta Durangaldean ere, ez zirela zabortegi gehiago behar».

Tentsio horiek garbi ikusten dira garaiko bileretako aktetan, eztabaida asko eragin baitzituzten gaiek: hala zabortegiak, nola herri galdeketak. Azkenean 1998ko apirilaren 30eko plenoan onartu zen galdeketa, HBren, GI udal alderdi independentearen eta Pedro Bildosola EAJko zinegotziaren aldeko bozekin. Egun hartan, alkatea eta PSOEko zinegotzi bat ez ziren egon osoko bilkuran, Saharan baitzeuden bisitan. Bildosolak bere alderdiaren jarrera ofizialaren aurka egin eta gehiengoa eman zien galdeketaren aldekoei —11 zinegotzitik sei—; Eitzagakoa jaiotzez, auzoko batzordeko burua da egun. Orduan EAJren udal bozeramailea zen, eta, handik gutxira zeregin horietatik kendu zuen alderdiaren udal aginteak.

Galdeketaren diseinuan bi galdera proposamen idatzi zituzten: Zabortegi berri bat egiteko proiektua dago ...-n. Ados zagoz? Eta ...-n zabortegi berri bat egitearen alde zaude? Udalean xehetasun guztiak adostu zituzten. Eitzaga, Sallabente eta Olarreaga auzoetako biztanleek izango zuten parte hartzeko eskubidea, eta hasierako asmoa galdeketa apirilaren 30ean egitea zen. Jose Maria Endemaño Arostegi izan zen udalen zalantza ofizialak argitu zituen Jaurlaritzako teknikaria, gerora Administrazioekiko Harremanetarako zuzendaria izango zena. Madrilen, berriz, Fernando Velasco Administrazio Publikoko Ministerioko teknikariak erantzun zituen deiak; hala diote behintzat 1998an eskuz harturiko oharrek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.