Garai baten ondorio biziak

Robert Seth Hayes AEBetako Pantera Beltzen Alderdiko kidea aske utzi dute, espetxean 45 urte egin ondotik. Bertze hemeretzi presok 40 urte baino gehiago daramatzate kartzelan.

mikel rodriguez
2018ko abuztuaren 11
00:00
Entzun
Joan den asteartean, Robert Seth Hayes espetxetik atera zen, 45 urte preso egin ondoren. Baldintzapeko askatasuna emateaz arduratzen den batzordeak Hayesen eskaera onartu zuen 11. ahaleginean. «Sethekin solas egin dugu, eta hagitz eskertuta dago haren lagunei eta jarraitzaile guztiei. Kanpoan bere burua kokatu ondoren eginen ditu adierazpenak», jakinarazi zuen Jericho Mugimendua AEBetako preso politikoen eta «gerrako presoen» aldeko gobernuz kanpoko erakundeak. Hayes BPP Pantera Beltzen Alderdiko kidea zen, eta bizi osorako zigorra ezarri zioten 1973an, hainbat delitu leporatuta. Beltzak askatzeko mugimendua sortu zen aroko protagonistetako bat izan zen Hayes; espetxean jarraitzen duten bertze hemeretzi kideak bezala, garai baten ondorio bizia.

Armadak Vietnamgo gerrara eraman zuen Hayes, borrokara. Itzulerakoan, 1968ko apirilean, Hayesen unitateari agindu zioten zanpatzeko Marthin Luther King beltzen eskubide zibilen aldeko liderra hil ondoren sortu ziren protestak. Orduan, Hayesek armada utzi zuen, eta garai hartan AEBetako beltz anitzek hartu zuten bideari ekin zion: beltzak askatzeko mugimenduarekin bat egitea. BPPn militatzea aukeratu zuen horretarako.

1973an atxilotu eta zigortu zuten; egotzi zioten deliturik larriena polizia bat hiltzea izan zen. 1998an, 25 urte preso egin ondoren, baldintzapeko askatasuna eskatzeko lehen ahalegina egin zuen. Hamar aldiz ukatu zioten, Jericho Mugimenduaren arabera, ez ziolako uko egin bere ideologiari eta BPPn eginiko ibilbideari.

Beltzak askatzeko mugimenduko kideen artean, Romaine Fitzgeraldek daramatza preso urte gehien: 49 eginen ditu urrian. Garai bateko gatazkaren ondorio biziak dira hemeretzi preso horiek, baina, hamarkadak igaro badira ere, funtsa ez da konpondu. Horren adibide, iaz Charlottesville hirian zuri arrazistek egindako erasoak. Gaur beteko da urteurrena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.