Srebrenicako hilketen «erantzule partziala» dira Herbehereak

Hagako auzitegi baten arabera, 300 bosniaken exekuzioen erantzule da estatua, kasko urdinek serbiarren esku utzi zituztelako. 8.000 gizonezko bosniak hil zituzten 1995ean

mikel rodriguez
2017ko ekainaren 28a
00:00
Entzun
Herbehereetako Estatuak «erantzukizun partziala» du Srebrenican gertatutako 300 bosniaken hilketetan, Hagako Helegite Auzitegiak ebatzi duenez. Bosnia eta Herzegovinako independentzia gerran (1992-1995), serbiarren indarrek 8.000 gizonezko bosniak hil zituzten 1995eko uztailean; Herbehereetako kasko urdinen zaintzapean zeuden, eta biktimen senide talde batek auzitara jo zuen estatu hori erantzuletzat daukatelako. Ez daude ados epaiarekin. «Lotsagarria da», adierazi zuen Munira Subasic Srebrenicako Amak elkarteko presidenteak atzo, Hagan. «Erantzukizun guztia serbiarren bizkar utzi dute, erranda haiek genozidioa egin zuten bitartean nederlandarrek ezin izan zutela deus egin».

Bosnia eta Herzegovinaren ipar-ekialdean dago Srebrenica, Serbiatik hurbil. Ratko Mladic jeneralaren agindupean, Bosniako serbiarren armadak erasoaldi bat hasi zuen 1995eko uztailaren 7an, hiria eta inguruko herriak hartzeko. Milaka errefuxiatu bosniak zeuden han, eta NBE Nazio Batuen Erakundeak «eremu seguru» izendatua zuen. NBEren Unprofor misioko 600 militar inguruk zuten hura zaintzeko ardura, eta soldadu horiek Herbehereetakoak ziren.

Herrialde horretako Justiziak hartutako erabakia ezohikoa da, gutxitan ireki baitira auzibideak estatuen aurka NBEren misioetan izan duten parte hartzearengatik. 2014an Auzitegi Gorenak ebatzitakoa berretsi du Hagako Helegite Auzitegiak. Srebrenicatik hurbil zegoen Potocari herrian gertatutakoa biltzen du epaiak. Herbehereetako kasko urdinek base militar bat zuten han, eta 5.000 herritar inguruk han hartu zuten babes. Serbiarren indarrak gerturatu ondoren, ordea, Herbehereetakoek haien esku utzi zituzten errefuxiatuak, eta horietako 300, gizonezkoak denak, hil egin zituzten. «[Soldaduek] Jakin beharko lukete gizon horiek egiazko arriskua zutela torturak jasateko edo exekutatuta bukatzeko», adierazi dute epaileek. Horien ustez, soldaduek eremu seguruetara eraman zitzaketen 300 gizonezko horiek.

Erantzukizunaren %30

Epaileek %30ean ezarri dute Herbehereetako Estatuaren erantzukizuna, haien ustez serbiarren tropek «%70eko aukera batean» indarrez ere lortuko luketelako 300 bosniak horiek gatibu hartzea. Beraz, epaileen arabera, Herbehereek kalte-ordainen %30 ordaindu beharko liekete biktimei. Basetik kanpo zeuden biktimekin Herbehereek erantzukizunik ez dutela berretsi dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.