Politikari emakume gehienak ere, greban

Astebete falta da Martxoaren 8ko greba feministarako. Euskal Herriko alderdi politikoetako hamar emakumeri grebaren inguruko iritzia eskatu die BERRIAk: gehienek bat egingo dute greba deialdiarekin, eta espero dute «oihartzun handiko» greba bat izango dela

Iazko martxoaren 8an, zenbait emakume politikari ez ziren osoko bilkurara joan. J. RUIZ / FOKU.
Ane Ubegun Goikoetxea. Ekhi Erremundegi Beloki
2019ko martxoaren 2a
00:00
Entzun
SOPHIE BUSSIERE EELVko Ipar Euskal Herriko idazkari nagusia

«Grebarako deialdirik balitz, sinatzaile izanen ginateke»

Martxoaren 8ko mobilizazioak Europako hauteskundeen prestakuntza bete-betean harrapatu ditu Europa Ekologia-Berdeak alderdiko kideak. «Biziki lanpetuak izan gara azkenaldian, eta ez dugu gure artean aipatzeko denborarik izan», aitortu du Sophie Bussierek. Greba feministak iaz izandako arrakasta segitu zuen, baina ez zekien Ipar Euskal Herrian ere egitekoa zenik. «Grebarako deialdirik egonen balitz, gu sinatzaile izanen ginateke, dudarik gabe, baina ez gara gu bultzatzaile nagusiak izanen. Urtero mobilizatzen gara Martxoaren 8rako, eta diren ekitaldien berri ematen diegu gure kideei», azaldu du. «Sare sozialetan zerbait ikusi nuen, baina inor ez da gurekin harremanean ezarri greba bat antolatua zela errateko. Guretzat Martxoaren 8a egun garrantzitsua da; ez Emaztearen egun gisa, baizik eta gizonen eta emazteen artean diren ezberdintasunak agerian uzteko egun markatua delako. Grebaren ideia biziki ongi iruditzen zait, lansari ezberdintasunak markatzeko lana lehenago uztea bezala. Maleruski, lan handia dugu oraindik egiteko».

IZASKUN LANDAIDA Emakundeko zuzendaria

«Protagonismo osoa mugimendu feministarena da»

Erabakitzen dudana izango naiz leloa aukeratu du Emakunde Emakumearen Euskal Institutuak aurtengo Martxoaren 8ko kanpainarako. Izaskun Landaida Emakundeko zuzendariak nabarmendu du «ezinbestekoa» dela aurtengo deialdian parte hartzea: «Uste dut une kritiko batean gaudela; emakumeen eskubideen aurkako eraso zuzenen testigu izaten ari gara azkenaldian». Azaldu du bai Espainiako Estatuan eta bai nazioartean gertatu direla emakumeen aurkako erasoak; besteak beste, gogorarazi du joan den otsailaren 12an emakumeen eskubideen inboluzioaz hitz egin zutela Europako Legebiltzarrean. Dioenez, «hainbeste lani esker» lortutako eskubide horiek defendatzeko modu bat da kalera irtetea. Azpimarratu du mugimendu feminista dela aldarrikapenaren muina: «Martxoaren 8an protagonismo osoa mugimendu feministarena da, eta guk protagonismo hori aitortzen diogu mugimendu feministari: bat egiten dugu bere aldarrikapenekin, eta egun horretan planto egingo dugu, eta, mobilizazioetan parte hartzeaz gain, egunero lanean jarraituko dugu berdintasun benetakoa eta egiazkoa lortzeko».

ISABELLE PARGADE Pirinio Atlantikoetako Departamenduko kontseilaria

«Ikusi dut bilkurak egiten ari direla; ez nintzen jakinean»

BERRIAk deitzearekin izan du Martxoaren 8ko greba feministaren berri Isabelle Pargade departamenduko kontseilariak. «Begira aritu naiz; ez nuen ikusia iazko Martxoaren 8ko grebak izan zuen eragina», aitortu du. «Ikusi dut aurten ere bilkurak egiten ari direla Ipar Euskal Herrian greba antolatzeko. Ez nintzen jakinean». Aurtengo mobilizazioetan parte hartzeko asmoa duela baieztatu du, «bistan dena». Grebara deitzen dutenek parte hartzeko manera ezberdinak proposatzen dituztela ikusirik, berea ere definitu du: «Nirea, sare sozialetan mezu bat emanez izanen da». Bertan, mugimendu feministak plazaratu dituen aldarrikapenei begira bere iritzia emateko asmoa duela azaldu du. «Ni gehien deitzen nauen aldarrikapena lansari berdintasunari dagokiona da. Baina baita emazte politikarien janzkerari buruzko komentario sexistak ere; zinez nardatzen nau». Oraindik ez daki zehazki zer idatziko duen, baina xingola more bat agerraraztearekin batera hainbat aldarrikapen bultzatu nahiko lituzkeela erran du.

MADDALEN IRIARTE EH Bilduko legebiltzarkidea

«Martxoaren 8a ez da helburua, baizik eta beste mugarri bat»

«Hunkituta» gogoratu du Maddalen Iriarte EH Bilduko legebiltzarkideak iazko Martxoaren 8ko greba: «2018ko martxoaren 8a mugarria izan zen emakumeon borrokan, egun historikoa. Milaka lagunek bat egin genuen mugimendu feministak deitutako grebarekin, eta kalera irten ginen. Gogoan ditut emozioa eta indarra». Iazko ildoari jarraituz, aurten ere greba egingo dutela adierazi du Iriartek, eta EH Bilduko emakumeek planto egingo diotela egun horretarako antolatuta dagoen legebiltzarreko osoko bilkurari —hemezortzi taldekideetatik hamabi dira emakumezkoak—. Iriartek azaldu du zaintza lanetan ere greba egingo dutela, eta kalera irtengo direla beste hamaika emakumerekin batera, «espazio publikoa okupatuz». Haatik, argi utzi du greba ez dela jomuga: «Martxoaren 8a ez da helburua, baizik eta beste mugarri bat emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren bidean. Horregatik, jendarte justuagoa eraikitzeko lana egunero egiten dugu, kalean zein erakundeetan, politika feministak defendatuz eta gure erabakitzeko eskubidea aldarrikatuz: gure gobernua feminista izango da».

AINHOA AZNAREZ Nafarroako Parlamentuko presidentea

«Beharrezkoa dugusare feminista indartsu bat»

Erantzun «irmoa» eman du Ainhoa Aznarez Nafarroako Parlamentuko presidenteak galdetu zaionean ea Martxoaren 8an greba egingo duen ala ez: «Datorren Martxoaren 8an nik greba feministan parte hartuko dut, eta, beraz, bat egingo dut aurtengo greba feminista oinarritzen den bost ardatzekin: pentsiodunekin, ikasleekin, zaintza lanekin, enpleguarekin eta kontsumoarekin». Aznarezek nabarmendu du «hainbat zapalkuntzak» gurutzatzen dituztela emakumeak. «Horri aurre egiteko, beharrezkoa da sare feminista indartsu bat». Horrekin lotuta, adierazi du deialdian parte hartuko duten emakumeek «heteropatriarkatu kapitalistari planto» egingo diotela, baina, horrez gain, grebak adar gehiago dituela: «Martxoaren 8an kalera irtengo gara, eta indarkeria matxistarik gabeko bizitza askotarikoak aldarrikatuko ditugu, arrazakeriarik gabeko bizitzak, eta eskatuko dugu osasun eta hezkuntza sistemarako sarbidea errazteko, baita etxebizitza eta laguntza sozialak bermatzeko ere; hau da, eskubide guztiak nahi ditugu herritar guztiontzat».

LAURA GARRIDO PPko legebiltzarkidea

«Errespetua eskatzen dut greba egin nahi ez duten horiekiko»

Martxoaren 8an ez du grebarik egingo Laura Garriko PPko legebiltzarkideak, uste baitu berdintasuna lortzeko «beste modu batzuk» daudela: «Emakumeen egunean, bereziki, aldarrikatzen da oraindik zoritxarrez emakumeen eta gizonezkoen artean dagoen desberdintasuna, baina, nire iritziz, aldarrikapen hori bakoitzak bere askatasunean egin dezake, modu desberdinetan». Horregatik, azaldu du «errespetua»diela greba egitea aukeratu dutenei, baina, aldi berean, ohartarazi du greba ez egitea erabaki dutenen erabakia ere errespetatu egin behar dela: «Greba egitea eskubide konstituzional bat da, baina errespetua eskatzen dut greba ez egitea erabaki duten horiekiko». Gehitu du «guztion kontua» dela horrelako gai «garrantzitsu» eta «sakon» bat, eta «ezinbestekoa» izan beharko litzatekeela gizonek ere parte hartzea aldarrikapen horretan: «Uste dut egun honetan bakarrik emakumeon irudi bat erakustea baino hobea litzatekeela gizonek ere parte hartzea. Horrek ez du esan nahi nik ez ditudanik aldarrikapenak gai honen inguruan. Egunero egiten den lana da denetan garrantzitsuena».

MARIA SOLANA Nafarroako Hezkuntza kontseilaria

«Ezinbestekoa da berdintasuna irakastea, baita ikastea ere»

«Batasunaren» aldeko deia egin du Maria Solana Nafarroako Hezkuntza kontseilariak: «Aurten, iaz bezala, greban parte hartuko dut; nire agenda blokeatuta dago egun horretarako. Nire eginkizuna, egun horretan, emakumezkoen eskubideak aldarrikatzea da, gainerako emakumezkoekin eta grebara batu nahi duten gizonezkoekin batera; batasuna da deialdi honen alderik garrantzitsuena». Solanak dio biztanleria osoak deialdiarekin bat egin behar duela: «Gizonezkoek aitortza egin behar digute emakumezkooi; denok gara beharrezkoak erabateko berdintasuna lortzeko». Nabarmendu du «ezinbestekoa» dela berdintasunaren eta hezkuntzaren arteko harremana errotzea: «Berdintasuna ez da hala-nola jasotzen: ezinbestekoa da berdintasuna irakastea, baita ikastea ere. Horretan lagundu behar dugu, eta beharrezko ikasgaia izan beharko luke ikastetxeetan. Berdintasunean bizitzen ikasi behar dugu; bestela, oso zaila da». Adierazi du berdintasuna irakasteko leku garrantzitsuena eskola izan arren etxean, kalean eta familian ere landu egin behar dela.

ITXASO ATUTXA EAJren BBBko burua

«Greba egin ezin dutenen ahotsa ere izan behar dugu»

Iaz grebarik ez zuen egin Itxaso Atutxa EAJren BBBko buruak, antolatutako beste ekitaldi batzuetan parte hartu zuen arren, baina aurten greba egitea erabaki du: «Euzkadi Buru Batzarrean hartu genuen greba egiteko erabakia, eta, horregatik, alderdiko emakume bakoitzak erabaki beharko du zer egin; nire kasuan, greba egitea erabaki dut». Azaldu du «oso sinbolikoa» dela politikaria izanda greban parte hartzea eta aurten horregatik erabaki duela greba egitea: «Aurten, hainbeste gertakariren ostean, balio sinboliko hori gehitu behar diogu, eta horregatik egingo dut bat grebarekin». Iazko grebaren balorazio positiboa egin du: «Oso argi geratu zen emakume guztioi dagokigun zerbait dela, emakumeok kolektibo moduan aintzat hartzeko eta belaunaldi gazteenek ere kontzeptu hori izateko; giza eskubideen kontrako eraso bat jasaten ari gara emakume moduan, eta, horregatik, bat egin behar dugu ideologia guztien gainetik, inor baztertu gabe. Greba egiteko aukera dugunok, gure ahotsa altxatzeko aukera dugunok, greba egin ezin dutenen ahotsa ere izan behar dugu».

RAFAELA ROMERO PSE-EEko legebiltzarkidea

«Ezinezkoa da berdintasunik gabe etorkizuna eraikitzea»

Emakumeen eskubideen gaia «erdigunean» dagoela nabarmendu du Rafaela Romero PSE-EEko legebiltzarkideak. Aurten ere greba egingo du, iaz bezala, eta espero du deialdiak «oihartzun handia» izatea: «Espainiako Estatutik datorren joera eskuindarra ez da mehatxua izango. Emakumeon eskubideen gaia erdigunean dago oraindik, eta ez dugu atzerapausorik onartuko. Emakumerik gabe, mundua gelditu egingo litzateke». Adierazi du konfiantza duela gizartean, eta azken urteetan desberdintasunaren gaian «aurrerapen handiak» egin diren arren oraindik ere asko dagoela egiteko: «Laguntza handiagoa behar dugu». Aitzitik, argi utzi du ez duela beldurrik, eta datorrenari aurre egiteko prest dagoela: «Joera eskuindarrak hartu duen indarra oso handia da,baina gauza okerragoak ere ikusi izan ditugu historian. Hori dela eta, guztiz konbentzituta gaude datorrenari aurre egiteko gai izango garela, eta ezinezkoa dela berdintasunik gabeko etorkizun bat eraikitzea. Borrokan jarraituko dugu beti».

XANTAL ERGI Aiziritzeko auzapeza

«Zaila da emazteek politika munduan lekua atzematea»

Orain arte ez du deus berezirik egin izan Martxoaren 8ari buruz Xantal Ergi Aiziritzeko (Zuberoa) auzapezak. «Iruditzen zait emazteen eguna egunero izan behar dela. Egia da egun horretan markatzen dela, baina egunero borrokatu behar da; eguneroko borroka da emakumeen eskubideen aldekoa».

Denbora falta aipatu du bereziki mobilizazioetan ez parte hartzeko arrazoi gisa, baina baita mobilizazioak Baionan egiten direla ere. «Gure eskualdean ez da mobilizaziorik antolatzen; behar litzateke, beharbada». Ondorioz, ez du greba feministarena segitu.

«Egia da politika munduan emazteentzat ez dela beti erraza», aitortu du. «Lan munduan nik ez dut arazorik, baina, politika munduan, hemen Amikuzen hasteko, zaila da emazteentzat gure lekua atzematea. Horretarako bakarrik, mobilizazioa merezi luke. Baina, beti bezala, emazte izanez, gehi auzapeza, gehi ama familiakoa, leku guti uzten du mobilizatzeko denbora atzemateko. Gure herrian halako mobilizaziorik balitz, sostengua eman nezake arazorik gabe, baina ezin naiz izan gauza guzien motor».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.