Indigenen matxinada auzolanean

Kolonbiako hego-mendebaldeko indigenak borrokan dira martxoaren 10az geroztik. Jada hamar pertsona hil dira, eta 50etik gora zauritu, baina antolatzen segitzen dute euren eskubideak defendatzeko.

Lehen lerroan protestan diren indigenak, Caucan. BERTA CAMPRUBI.
Andoni Barreña - Julen Larrañaga
Caldono
2019ko martxoaren 29a
00:00
Entzun

Lotarako garaian ere adi egon behar izaten dute indigenek, Kolonbiako Cauca eskualdean. Martxoaren 24tik, helikopteroen hotsak moztu ditu gauean lotarako dituzten orduak, eta badakite minga-tan dihardutenen egoera gogortzen ari dela —auzolanean borroka antolatzeko bilgune eta batzarrak dira mingak—. Baina elkarrekin jarraitzeko hamaika arrazoi dituzte. 15.000 dira mobilizatuta dauden indigena eta mugimendu sozial eta zibiletako kideak. Hainbat kanpaleku altxatu dituzte bide ertzeetan, eta errepideak mozten ari dira gobernua negoziatzera behartzeko asmoz. Oraingoz, ordea, hizketalditik urrun dauden ekintzak izan dira gobernuaren erantzun bakarrak: hamar hildako eta 50etik gora zauritu izan dira martxoaren 10ean protestak hasiz gero.

Diego Yatecuek ez du uste negoziatzeko borondatea presiorik gabe etorriko denik: «Gobernuak ez du gurekin negoziatzera eseri nahi herrialdearen eraikuntzaz hitz egitera, herri indigenak garapenerako oztopo garela diolako, eta guk ez dugu haien garapen ereduan sinisten, naturaren eta herriaren esplotazioan oinarritzen delako. Guk horri buruzko eztabaida politiko publikoa egotea aldarrikatzen dugu». Cecidic Komunitatearen Garapen Integralerako zentroko zuzendaria da Yatecue, eta, haren ustez, «ezinbestekoa» da gobernuak errespetatzea euren bizimodua.

Ez da lehen aldia indigenek herrialdeko errepideak mozten dituztena. Azkena, 2016an Juan Manuel Santos presidente zela, hamahiru egunez izan zituzten Kolonbiako hego-mendebaldeko errepide nagusiak itxiak, eta, ordukoan, Santosekin hainbat akordio sinatzea lortu zuten; gerora, baina, akordio horiek ez dira bete, ezerezean geratu dira.«Ez dira bete, eta ez dago asmorik, baina bete daitezela eskatzen dugu, indigenen autonomia mantendu ahal izateko».


Hainbat gazte, giroa bare dagoela baliatzen, atseden hartzeko. / BERTA CAMPRUBI

Aurreko gobernuarekin sinatutako 1.200 akordio inguru eta bake prozesuan hitzemandakoak bete daitezen ari dira borrokan, baina Ivan Duqueren gobernua bake prozesuaren aurka lerrokatuta dago, eta esana du Santosen gobernuak hartutako konpromisoak ez dituela errespetatuko. Diskurtso eskuindarrarekin, eta Alvaro Uriberen besoetakoa izanik, lortu zuen Kolonbiako presidentetza aurreko urteko ekainean. Agintaldiaren lehen 100 egunetan 118 lider sozial eta agintari indigena erail zituzten.

Hori guztia jakinda ere, indigenek ez dute etsitzeko asmorik. Mugimendu indigenak ultimatuma eman zion Duqueri: negoziaziorik ez bazegoen mingarako deia egingo zuten, eta horixe gertatu da. Nahitaezko baldintza da presidenteak berak parte hartzea, baina Caldonoko babeslekuan bildutako milaka indigenen aurrean eman zuen berria Nancy Patricia Gutierrez Kolonbiako Barne ministroak, joan den martxoaren 10ean: «Agenda arazoak direla eta, ezinezkoa da [Duque] etortzea». Minutu batzuk geroago hasiak ziren errepideak harri sendoz eta botatako zuhaitzez betetzen.

Geroztik, Kolonbiako hego-mendebaldeko korridorea itxita daukate. Matxinatuek Panamerikarra errepidearen hamabost kilometro inguru dauzkate blokeatuta, eta han inguruan dituzte kanpalekuak. Ekuadorrekin lotzen duen komunikazioa etenda dago, eta hainbat hiri hasi dira blokeoaren ondorioak pairatzen: ez dute erregairik, espekulazioak gora egin du neurririk gabe, eta elikagaiak ere falta dira.

Kamioi ilara amaigabeen irudiekin batera gerra irudiak datoz mingatik. Indigenak borroka gogorrak ari dira izaten SMAD Istiluen Aurkako Poliziarekin. Polizia, negar gasa eta ur tankeak erabiltzen ez ezik, balak ere erabiltzen ari dela salatu du CRIC Mugimendu Indigenaren Federazioak, eta hainbat direla balez zauritutako kideak. Guardia Indigenako zortzi kide eta ikasle bat hil zituzten, eta beste hiru larri zauritu leherketa batean, martxoaren 21ean. Ozeano Barean dagoen Buenaventura portura —Kolonbiako garrantzitsuenetakoa— bidea mozteko prestalanetan ari ziren. Oraindik argitzeke dago zer gertatu zen.

Istilu hori larriena izan bada ere, egunero daude erasoak. Egunero ikus daitezke fusilez zauritutakoak. Herenegun, adibidez, Caloto eta Toribio herrietan entzun ziren fusil hotsak, gauez, edota komuneroena den Emperatriz eta Toez etxaldeen inguruan. Mirandan, berriz, moto bat leherrarazi zuten, eta Panamerikar errepidean leherketa bat egon zen, minga bat ezarria dagoen lekutik bi kilometrora.


Gero eta polizia gehiago dago prostesta guneetan. BERTA CAMPRUBI

Indigenak, gogoz

Animoak hala ere goian jarraitzen du mingan. Lasaitasun momentuak futbol partida inprobisatuekin eta musika saioekin pasatzen dituzte. Hainbeste egunetako borrokarekin nekatuak daudenak etxera doaz indarrak berreskuratzera, eta, bien bitartean, beste batzuek hartzen dute lekukoa. Cristina Escuek, murgiltze ereduko eskola batean irakasle denak, zortzi egun egin ditu mingan. «Egun batzuk jarraian egin ondoren, nekatu egiten gara, alertan egon beharra baitago, lo gutxi egiten da... Beldurra sentitzen da, baina alai egoten saiatzen gara. Gozatzeko momentuak ere izaten ditugu: jolastu, txantxak egin, ipuinak kontatu, txirrintxoa edan, dantzan egin...». Protesta egunok aberatsak direla uste du: «beste herri indigenekin hitz egiteko aukera ona da, gure herriko beste komunitateekin. Prestatu beharra baitaukagu, psikologikoki eta fisikoki, erasoak datozenerako, sarri izaten dira eta».

Saddy Cometa frexko dago. Bost egun daramatza mingan, eta ez du nekerik sumatzen. «Indar eta animo handia dago. Euria nahiz beroa egin, gogor jarraitzen dugu. Parte hartzea handia da: «nagusiak, helduak, gazteak eta haurrak... Denek ikasi behar dute». Nasa herrikoa da Cometa, eta Nasa Yuwe hizkuntza sustatzen du Nasa herriarentzat antolatua duten bizitza proiektuan, eta ez dago bizitza proiektu hori galtzeko prest. «Poliziak jotzen gaituenean, ez dugu atzera egiten, berdin dio armak edo tanketak dauden aurrean. Jotzen gaituztenean, nasok indarrez eta ausardiaz erantzuten dugu, argi baitugu batasunak indarra ematen digula».

«Beti adi nago»

Adriana Galvizek hamar egun daramatza borrokan, eta hitz egiten ari den bitartean ere erne-erne dago ingurura begira. Mingen babeslekuetako bateko kapitaina da Galviz. «Beti adi nago, egin behar dena egiten. Batzarretan erabakitzen dena besteei transmititzen diet, eta erasoei adi nago horiek saihesteko. Batzuetan, polizia infiltratzen ahalegintzen da, eta hori ere zaindu egin behar dugu. Janaria eta ura ere prest izaten dugu lehen lerroan borrokan ari direnentzat».


Indigenak txandakatu egiten dira errepide itxiak zaintzeko. / BERTA CAMPRUBI

Behin eta berriro errepikatzen dute haien borroka herrialde osoari eragiten dion borroka dela. Ama lurraren defentsa, bizitza, demokrazia, justizia eta bake be eskubideek denei zuzenean eragiten baitiete. «Seme-alabak lurrarekin bat eginda bizi daitezen» ziurtatu nahi dute, Danilo Escuek bezala, han dauden guztiek. San Frantziskoko kabildoko Hezkuntza koordinatzaile politikoa da Escue, eta ondorengoen etorkizunak kezkatzen du: «Ez dugu nahi gure seme-alabak gerrara joan daitezen. Uriberen alde dauden enpresari handiek pribatizazio legeak egiten jarraituko dute gure mobilizazio baketsuei eta protesta demokratiko eta legezkoei prestigioa kentzeko, baina gure minga baketsua da; guk gure seme-alabentzat eta familientzat ez dugu gerrarik nahi». Baina bai, ordea, etorkizun bat.

Nahiz eta ez dakiten argi zer gerta daitekeen. Jaime Diaz Nada Proiektuko ordezkari legezkoak ere ez du arrastorik. «Ez dago garbi antzematerik. Izan ere, gobernuak polarizazioa sortu du beste kultura eta pentsamendu batzuk ez daitezen ezagutu. Hala ere, Kolonbiako gizarte baztertuaren itxaropen argia bihurtu da mobilizazio hau».

Asko dago jokoan

Kolonbiako etorkizun hurbilaz harago, asko dago jokoan bi indarren arteko borroka honetan. Indigenek negoziatu eta haienak diren eskubideak bermatzea lortuko balute, Kolonbiako eskuinaren oinarri itxuraz sendoetan arrakalak argi ikusiko lirateke, baina mingak ostera porrot egingo balu, erresistentziarako eta mobilizaziorako gaitasunik handiena duen agentearen mugak azaleratuko lirateke.

Bien bitartean, Barne ministroarekin negoziatzen jarraitzen du indigenen mugimenduak Ivan Duque presidentearen etorrera. Venezuelara begira dagoen presidenteari etxera ere begiratzeko exijitzen diote indigenek. Atzerrira giza laguntza bidaltzen duenak errepresioaren aurpegirik gordinena eskaintzen baitie etxekoei.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.