Erraustegiak ez dauka Jaurlaritzaren baimenik argindarra sareratzeko

Jaurlaritzaren zenbait agirik agerian utzi dute Zubietako erraustegia baimenik gabe ari dela funtzionatzen. Abuztutik urrira ordaindu egin die GHK-k enpresei, kontratua indarrean ez izan arren

BERRIA.
inaki petxarroman
2020ko abenduaren 18a
00:00
Entzun
Abenduaren 1ean sinatutako agiri baten bidez, Eusko Jaurlaritzako Industria Sailak Ekondakin enpresari —Zubietako erraustegiaren kudeatzailea— jakinarazi zion ezin zuela instalazioa inskribatu ekoizpen elektrikoko administrazio erregistroan, erabiltzen ari den sorkuntza instalazioa (hiru itsas transformadore) aldi baterako delako, eta potentzia txikiagokoa. Sare elektrikoan energia sartu ahal izateko, ezinbestekoa da erregistro horretan inskribatuta egotea. GuraSOSek horren berri helarazi zion atzo Red Electrica Españolari hark kudeatzen du sarea, erraustegia elektrizitatea sarera sartzen ari bada, aukera hori ken diezaion berehala —REEk urriaren 28an sinatutako dokumentu batean ukatu egin zuen hala egiten ari zenik—.

Elkarte horrek hainbat agiri helarazi dizkie hedabideei, erakusteko Zubietako erraustegia orain «arauz kanpo» ari dela funtzionatzen. Hain zuzen ere, joan den astean, instalazioa martxan jartzeko akta sinatu zuen Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak (GHK) Ekondakinekin, eta Jose Ignacio Asensio Gipuzkoako Ingurumen diputatuak jakinarazi zuen enpresa emakidadunak ohiko zerbitzua ematen hasi zirela; zerbitzu horregatik kobratzen hasi zirela ere iragarri zuen. Horri lotuta, aste honetan egindako batzarrean, GHK-k erabaki du 24 milioi euro ordaintzea enpresari, instalazioak «ohiko funtzionamenduan» daudelakoan. Horrez gain, abuztu, irail eta urriko ordainketak ere onetsi ditu batzarrak, nahiz eta artean kontratua ez zegoen indarrean. GuraSOSek azaldu duenez, agintariek gezurretan aritzea egotzi izan diotenez, Jaurlaritzaren agiriak publiko egitea erabaki du. «Haiek ari dira gezurretan», ohartarazi du. Horrekin batera, jakinarazi du pleguetan baldintza gisa ageri dela instalazio elektrikoen erregistroan egotea, kontratua martxan jarri ahal izateko.

Ez ditu betetzen baldintzak

Beste agiri bat ere erakutsi du GuraSOSek: Jaurlaritzaren Industriako teknikariek ordezko sistema elektrikoan urriaren 22an egindako ikuskatzearen akta. Horrek ziurtatzen du zortzi arau- hauste larri eta arin bat atzeman zituela sisteman. Batzuek segurtasunean zuten eragina —hala nola suteetan—, eta edukiontziak aireztatzean eta hoztean atzemandako akatsak aipatzen dituzte, eta lehen laguntzak emateko sisteman aurkitutakoak. Beste hutsegite batzuk instalazioen legeztatzeari dagozkio. Hauek aipatzen ditu: transformadoreen ezaugarrien plakak falta direla, potentzia justifikatu gabe dagoela, likido isolatzailea zehaztu gabe dagoela eta 2. edukiontzian instalatutako goi tentsioko gelaxken adostasun adierazpena aurkeztu gabe dagoela. Urriaren 29an, Jaurlaritzak Ekondakini eskatu zion 15 eguneko epean akatsak zuzentzeko; azaroaren 19an amaitzen zen epe hori.

Ez zituzten hutsegiteak zuzendu, eta epea luzatzeko baimenik ere ez zuten eskatu. Hala, abenduaren 4an, Jaurlaritzak Ekondakini gogorarazi zion sistema legeztatu gabe zegoela, eta jakinarazi instalazioak ez zituela betetzen funtzionatzeko baldintzak. Egun hartan, Asensiok Industria Sailaren beste agiri bat erakutsi zuen, haren ustez, funtzionatzeko ahalmena ematen ziona.

GuraSOSek jakinarazi du behin-behineko instalazio elektrikoa ere legeztatu gabe dagoela, eta industria segurtasunaren araudiari «bizkar emanda» funtzionatzen ari dela. Egunotan, elkarteak salaketa bat jarri du Fiskaltzan, legeztatze tramitazioan hainbat delitu atzeman dituelako.

Asensio batzar nagusietan

Batzar nagusietan agerraldi bat egin zuen Jose Ignacio Asensio GHK-ko presidente eta Ingurumen diputatuak, EH Bilduk eta Elkarrekin Gipuzkoak eskatuta. Oposizioko taldeek agiriak erakusteko eskatu zioten, eta diputatuak erantzun zien konfiantza eduki behar dutela, eta baimen guztiak dituela. EH Bilduko Ainhoa Intxaurrandietak zalantzan jarri zuen bere hitza, eta gezurretan aritzea egotzi zion. Irainik ez duela onartzen arrapostu zion.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.