PANekiko haserrea, agerian

Nizar Banat aktibistaren heriotzak haserrea eragin du Palestinako hainbat hiritan. Mahmud Abbasen dimisioa eskatu dute protestariek, ustelkeria kasuengatik eta hauteskunderik ez egiteagatik

Hebron. Milaka lagun Nizar Banat aktibistaren hiletan, joan den ekainaren 25ean. ABED AL HASHLAMOUN / EFE.
maddi iztueta olano
2021eko uztailaren 23a
00:00
Entzun
Palestinako herritarrak kalera irten ziren hil honen hasieran, Nizar Banat aktibista politikoaren hilketa salatzeko. Joan den ekainaren 24an atxilotu zuten 43 urteko aktibista, eta egun horretan bertan hil zen, atxilotu eta ordu gutxira. PAN Palestinako Aginte Nazionaleko Giza Eskubideen Batzorde Independenteak autopsian ikertutakoaren arabera, Banatek kolpe ugari jaso zituen hil baino lehen, eta «larri» zegoen.

Banatek parlamentuko hauteskundeetara aurkezteko asmoa zuen, Mahmud Abbas PANeko buruak maiatzean horiek bertan behera uztea erabaki baino lehen. Halaber, sare sozialen bitartez Palestinako Poliziak erabilitako gehiegizko indarkeria eta Abbasekin lotutako hainbat ustelkeria kasu salatu zituen. Antza, PANeko kideak aspaldi zebiltzan Banaten atzetik.

Milaka lagun bildu ziren ekainaren 29an Hebron hirian egin zuten hiletara. Zeremoniak aurrera egin ahala, baina, herritarren doluzko kantuak aldarrikapen oihu bihurtu ziren. Manifestariek PANeko segurtasun indarrek erabilitako indarkeria eta errepresioa salatu zituzten, «Abbas kanpora» eta «Palestina aske» oihukatuz. Manifestazio horretan egon zen Milena Ansari presoen eta giza eskubideen aldeko Addameer erakundeko abokatua, eta gertatutakoaren berri eman dio BERRIAri.

Lehenengo protestak Banaten hilketak eragin zituen arren, PANeko kideek erabilitako indarkeriak areagotu egin zuen herritarren haserrea. Ansarik adierazi du Palestinako biztanleria «oso minduta» dagoela; izan ere, Israelen aurkako protestetan bortizkeriak jasatera ohituta dauden arren, «sekula» ez dute Palestinako Poliziaren aldetik horrelako indarkeriarik jasan.

Abokatuak salatu du Hebron, Betleem eta Ramallah hirietara hedatutako protestetan PANeko segurtasun indarrek «gehiegizko indarkeriarekin» erantzun zutela: «Negarra eragiten duten granadak jaurti dituzte protestarien multzoetara, eta soinuzko lehergailuak [gorreria sor dezaketen gailu akustikoak] eta indarkeria fisikoa erabili dituzte manifestarien aurka: bularrean, lepoan, eta aurpegian joz».

Urte luzez, Palestinako herritarrek Israelen aurkako borrokara bideratu dute arreta, baina egunotako protestek beste fronte bat ireki dute PANen eta biztanleen artean. Ansarik salatu du manifestazioetara joan zirenek «antzekotasun handiak» ikusi zituztela Israelgo eta Palestinako indar polizialen artean: «Nire nazio bereko kideak izanik, oso gogorra izan zen».

Horrez gain, abokatuak esan du PANeko kideek «zikin» jokatu zutela: «Uniformea jantzi beharrean, PANeko kideak kaleko arroparekin agertzen ziren manifestazioetara. Horrek sekulako gerra psikologikoa ekartzen du, ezin baita jakin nor dagoen alde eta nor aurka. Egunotan jaso dugun indarkeria sistematikoa, basatia eta oldarkorra da».

Astebete iraun zuten protestetan, aktibista, idazle, abokatu eta kazetari andana atxilotu zituzten PANeko segurtasun indarrek, protestetan parte hartzeagatik edota gobernu administrazioaren aurkako jarrera erakusteagatik. Manifestariek «herritarren erabakitzeko eta adierazteko eskubideak errespetatzeko» eskatu zuten, eta salatu zuten «okupazio bikoitza» jasaten dutela.

Abbas, urte luzez agintean

Abbas Al-Fatah alderdiko burua da, eta 2005ean hartu zuen PANeko agintari kargua, Yasser Arafat gobernuburu ohia hil eta hurrengo hauteskundeak irabazi ostean. Osloko Itunaren arabera, lau urtean behin egin behar dituzte bozak, baina Abbasek hamabost urte daramatza agintean, 2005etik herritarrek botoa emateko aukerarik izan ez duten arren.

Aurten bazirudien hori aldatu egingo zela, Abbasek maiatzean hauteskundeak egiteko deia zabaldu baitzuen. Joan den apirilean, ordea, bozak bertan behera utzi zituen beste behin ere. Haren arabera, Israelgo Poliziak Jerusalem ekialdeko biztanleei botoa ematen utziko ez zien beldurrez hartu zuen erabakia.

Ansariren ustez, ordea, Abbasek galtzeko aukera handiak zituen, Al-Fatah alderdia jendearen «babesa eta konfiantza galtzen» ari baita. Hala ere, abokatuaren iritziz, Palestinako hauteskundeak «sinbolikoak baino ez dira», eta esan du okupatutako nazioa izanik ez dutela «eskubiderik» beren lurraldeko auzi politiko eta ekonomikoetan «erabakitzeko».

PANek ordezkatzen ditu Palestinako herritarrak nazioartean. Duela ia 30 urte sortu zutenetik, Europako hainbat herrialderen laguntza ekonomikoa jaso du; Ansariren iritziz, ordea, PANek jasotzen duen finantzaketak ez die mesederik egiten Palestinako biztanleei, diru hori «herritarren aurkako indarkeria areagotzeko» baliatzen dutelako.

Datozen asteei begira, Ansarik ez du uste egoerak hobera egingo duenik. Hala ere, borrokan jarraituko dutela esan du, herritarren eskakizunak bete arte: «Palestinako Aginte Nazionalak Nizar Banaten heriotzaren inguruko ikerketa bat abiarazi behar du, eta herritarron erabakitzeko eta adierazteko eskubideak defendatu behar ditu. Ekintza zehatzak ikusi nahi ditugu». Ansariren ustez, hori da PANeko kideen «betebehar moral eta legala». Hala ere, badaki auzia ez dela egun batetik bestera konponduko, eta arazoa «sisteman» dagoela azpimarratu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.