Sultana Khaia. Ekintzaile sahararra

«Nazio Batuak Sahara jasaten ari den okupazioaren konplizeak dira»

Urte eta erdiko etxeko atxiloaldian, Sultana Khaia ekintzaile sahararrak Marokoko armadaren indarkeria pairatu du. Espainiako Estatuak indarkeria hori «babestu» izana salatu du.

JAZKI FONTANEDA / FOKU.
Mikel Elkoroberezibar Beloki.
Irun
2022ko urriaren 13a
00:00
Entzun
Sultana Khaiak (Bojador, Mendebaldeko Sahara, 1979) urte eta erdi baino gehiago eman du etxean preso, baina Marokok ez du eten bere borroka: egunero bere etxeko teilatura igo, eta Mendebaldeko Sahararen bandera altxatzen zuen, Marokok okupaturiko lurraldean. Marokoko armadaren bortizkeriaren ondorioz, bere osasunak okerrera egin du, eta, ekainetik, Alacanten (Herrialde Katalanak) egon da, osasun arreta jasotzen. Euskal Herritik ere pasatu da.

Zer moduz zaude?

Dagoeneko bi ebakuntza egin dizkidate Bartzelonan, hanketan neuzkan hanturak artatzeko. Hantura horiek nire etxeari eta niri botatzen zizkiguten substantzia toxikoek eragindako intoxikazioaren eta ziztatu zizkidaten substantzia ezezagunen ondorio dira.

Europan segitzeko asmoa duzu?

Aurrerantzean ere erresistentzia baketsua egingo dudanez, ez dut aurreikusten hemen geratzea. Bojadorrera itzuliko naiz, eta Marokoren okupazioaren aurkako borrokan segituko dut.

Zergatik atxilotu zintuzten?

Saharar herriaren askatasunaren, duintasunaren eta eskubideen alde borrokatzen naizelako setiatu ninduten Marokoko indar okupatzaileek urtebete eta zazpi hilabete. Nik pairatu dudana saharar ugarik jasaten dute, giza eskubideen aldeko ekintzaile ugarik. Praktika horien bidez, Marokok kikildu egin nahi gaitu, eta gure borondatea hautsi nahi du.

Etxean atxilo zinela, egunero igotzen zenuen Mendebaldeko Sahararen bandera etxeko teilatura. Nondik atera zenuen indarra borrokan segitzeko?

Indar hautsezin hori berezkoa dugu emakume sahararrok, betidanik izan gara emakume ausartak. Horregatik gaituzte Marokoko indar okupatzaileek erasoen eta diskriminazioen jopuntuan. Gure indarra zapaltzeko egin duten guztiak indartu baino ez gaitu egin. Elikatu egin du, batetik, emakume sahararron borondatea, eta, bestetik, Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoaren independentziaren alde borrokatzeko eta horri eusteko erabakia. Ez dute inoiz lortu guk gure banderak ez altxatzea.

Nola lortu zenuen etxetik irten eta Europara iristea?

Giza eskubideen defendatzaileak babesten dituen AEBetako gobernuz kanpoko erakunde batek egindako presioari esker lortu nuen etxetik irtetea. Bojadorreko etxera etorri ziren, eta eurek ere nire ondoan pairatu zuten jazarpena hiru hilabete. Beren eragile sarearen bidez egin zuten presioari esker, bisa bat eskuratu nuen, Saharatik irten eta osasun arreta jaso ahal izateko.

Etxeko atxiloaldian, zurekin zenituen ama eta ahizpa. Zer moduz daude?

Gaur egun ez da inor bizi etxean, nahiz eta poliziaz inguratuta egon. Ahizpak nire osasun arazo berberak ditu, substantziek eragindako intoxikazioaren ondorio. Ama ere ahul dago osasunez. Aaiunen daude biak, hiriburuan. Bojadorretik alde egin zuten, etxea ez baita bizitzeko egokia. Osasun arreta behar dute, eta hori lortzeko lanetan ari gara.

Giza eskubideen aldeko ekintzailea zara Saharan. Nola piztu zitzaizun kontzientzia?

Jaio bezain pronto familian bertan bereganatzen dugu kontzientzia. Geure amek lurraldearen defentsaren kontzientziarekin edoskitzen gaituzte, jaiotzen garenetik nabari baitugu Marokok sahararroi egiten digun diskriminazioa. Kolonoak dira lurralde horretako pribilegiatuak, eta, sahararroi eragiten dizkiguten diskriminazioa eta bazterketa oso argiak direnez, kontzientzia hori berezkoa dugu sahararrok.

Ondorioz, sahararrei ekintzaile izatea halabeharrez egokitu al zaizue?

Bai. Kontzientziak indarra ematen digu sahararroi, eusteko, eta, bereziki, askatasunaren, duintasunaren eta lurraldearen alde borrokan segitzeko.

Zer da emakume izatea Sahararen aldeko borrokan?

Emakume izateagatik eta Marokoren okupazioaren menpe jaio izanagatik, ikusi ditugu beste emakume aitzindari batzuk Marokoren okupazioaren aurka borrokatu eta eutsi zutenak. Horietako asko hil egin ziren borroka horretan, eta, horren ondorioz, atzetik gatozenok geure herriaren duintasunaren eta askatasunaren alde borrokatzen segitzeko kontzientzia dugu.

Nola bizi izan zenuen Marokok 1991z geroztik zeneukaten su etena urratu izana 2020an?

Su etena hautsi zutenean, ni Espainian nengoen, begian dudan protesia berrikusten. Espero nuen Marokoren erantzuna horrelakoa izatea, beti direlako bortitzak eta basatiak. Lurraldera itzultzea erabaki nuen, Marokoren okupazioari aurre egiteko, eta, bereziki, nire herrikideei gerta lekiekeena haien ondoan bizitzeko. Horregatik, erabaki nuen egunero etxeko teilatura igotzeaeta gure bandera astintzea. Ondorioz, nire familiaren eta neure kontrako errepresaliak basatiak izan ziren, gau eta egun.

Zertan da Marokoren eta Fronte Polisarioaren arteko gerra?

Ulertzen dut galdera, Marokok hedabideetan informazioa blokeatu baitu, ez dadin gerraz hitz egin. Baina gerra badago: Marokok droneak erabiltzen ditu fronteak eta lurralde askatuak bonbardatzeko, eta, jakina, biktimak izan dira. Gure aldean dauden biktima gehienak zibilak dira, bereziki, adingabeak. Marokoren armadan ere hildakoak daude. Gerra bada, eta bi armadaren arteko borroka dago, nahiz eta Marokok oraindik ez duen aitortu.

Nazioarteko komunitatea buru-belarri dabil Ukrainako gerrari irtenbide bat bilatu nahian, baina Saharari arreta gutxiago jartzen diote. Zer sentiarazten dizu horrek?

Nazioarteko komunitatean diskriminazioa eta arrazismoa daude, Ukrainako gatazka konpontzeko erabiltzen baititu indarrak. Guk 29 urte baino gehiago daramatzagu gatazkaren irtenbide baketsu baten zain. Nazioarteko komunitatearen jarrerak bultzatzen du Maroko, herrialde okupatzailea, sahararren bizitzak zapaltzen jarraitzera, eta, bereziki, giza eskubideak eta nazioarteko zuzenbidea bortxatzera Mendebaldeko Saharan.

Zer eginkizun du NBE Nazio Batuen Erakundeak Saharan?

Nazio Batuak Mendebaldeko Sahara jasaten ari den okupazioaren konplizeak dira, ez baitituzte inoiz gainbegiratu giza eskubideak, ez baitituzte babestu ekintzaileak, eta ez baitute inoiz bisitatudiskriminazio edo errepresiorik jasan duen ekintzaile bat ere, ezta Marokoko kartzeletan dauden preso politiko sahararrik ere. Guk eskatzen diegun gauza bakarra hau da: lurralde okupatuetan bizi diren zibilak eta ekintzaileak babesteko mekanismoak sor ditzatela.

Nazioarteko komunitateak ba al du borondaterik Saharako gerra amai dadin?

Nazioarteko komunitateak mekanismoak baditu Mendebaldeko Saharako gatazkari irtenbide bat emateko, baina, Marokorekin daukan onargarritasunaren eta pasibotasunaren ondorioz, okupazioak gaur arte iraun du. Marokori ez dizkiote nazioarteko ebazpenak ezartzen. Ondorioz, ulertzen dugu ez dutela gatazka konpontzeko inolako borondaterik. Izan ere, irtenbidea oso erraza da: herri sahararrari libreki adierazten uztea. Guri dagokigu erabakia hartzea.

Zure ustez, zergatik du nazioarteko komunitateak onargarritasun hori Marokorekin?

Guk ere galdera bera egiten diegu geure buruari, baita nazioarteko komunitateari ere: zergatik ez dute gatazka konpontzen? Espainiak egin zezakeen, Madrilgo hiru alderdiko akordioak egin beharrean. Gainera, guk dagoeneko erabaki dugu independentzia nahi dugula.

Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoa izeneko estatu bat dugu, Fronte Polisarioak ordezkari ugari ditu herrialde guztietan, eta horietako askorekin harreman diplomatikoak ditugu, askok onartu dutelako Errepublika Sahararra. Ondorioz, zeren zain dago nazioartea gatazkari irtenbide bat emateko?

Espainiako Estatuak jarrera aldatu eta Marokoren autonomia planaren alde egin zuen martxoan. Zer iritzi duzu horren inguruan?

Espainiak ez du inoiz posizio argi bat izan saharar herriaren autodeterminazio eskubideari dagokionez. [Espainiako Gobernuko presidente Pedro] Sanchezen jarrera aldaketak berez ez dio eragiten Mendebaldeko Sahararen estatus juridikoari, deskolonizatzeko bidean dagoen lurralde ez-autonomo bat izaten jarraitzen duelako.

Sanchezek jarrera aldaketarekin bi gauza egin ditu. Batetik, Mendebaldeko Sahararen auzia hizpidera ekarri du berriz. Bestetik, Maroko bultzatu egin du, lurralde okupatuetan giza eskubideak bortxatzen jarrai dezan. Geure herriaren independentziaren, duintasunaren eta askatasunaren aldeko ekintzaileen aurka Marokok erabiltzen duen indarkeria bultzatu du Espainiak.

Uste duzu Espainiako Estatuak ardura hartu eta urratsak egingo dituela Saharako gatazka konpon dadin?

Hori da nire desira, baina ez dut uste.

Zer jarrera du Europako Batasunak?

Europako Batasunak Marokorekin dituen interesek gure bizitzei kalte egiten diete, bereziki gure baliabide naturalak ustiatzen dituztelako. Marokok eta Europako Batasunak jasotzen dute horien etekina, eta ez guk, ez lurralde okupatuetan, ezta errefuxiatuen kanpamentuetan bizi direnek ere. Hala ere, nazioarteko zuzenbidea Europako Batasunean eta parlamentuan defendatzen duten pertsonak, ahots libreak, aitortu nahi ditut.

Sakharov saria jasotzeko hautagaietako bat izan zinen.

Europako Parlamentuan Sakharov sariaren bidez egin behar zidaten aitortza Saharako herriarentzako eta emakume sahararrentzako omenaldi bat zen. Espainiako Kanpo Harremanetako Ministerioaren esku hartzearen ondorioz, beste hautagai batek irabazi zuen saria. Ez da garrantzitsua Sakharov saria jasotzea edo ez. Garrantzia du jakiteak saharar herriaren erresistentziak baduela aitortza bat.

Zure ustez, zein da Marokoko okupatzaileekin duzuen gatazka konpontzeko irtenbidea?

Saharako herriak borrokan segitzeko borondatea du: independentziaren aldeko borroka printzipio kontua da. Munduak ulertu behar du sahararrok independentzia nahi dugula, eta hori lortu arte borrokan jarraituko dugula.

Datozen belaunaldiek borrokan jarraitu beharko dute?

Saharako herriak argi du independentziaren alde borrokatu behar dela. Maroko, Mendebaldeko Sahara okupatu zuenean, sahararren erresistentzia zapaltzen ahalegindu zen. Zibilak eta fauna bonbardatu zituen, baina ez dute lortu guk independentziaren alde borrokan segitzea saihestea. Hainbat belaunalditako kontua da hori. Belaunaldiz belaunaldi, Mendebaldeko Sahararen independentziaren alde borrokan dihardugu.

Nola da egunerokoa lur okupatu batean?

Egoera kaotikoa da: saharar zibilak setioa jasaten ari dira. Herritarrek ez dute eskubiderik inolako adierazpenik eta manifestaziorik egiteko, biltzeko, ezta aisia izateko ere. Esaterako, herritarrek debekatua dute aisialdian hondartzara joatea. Giza eskubideak sistematikoki bortxatzen dituzte, bereziki emakumeenak eta gazteenak, haiek direlako erresistentzia zuzentzen dutenak. Marokok inolako irtenbiderik gabeko gaztez osaturiko lurralde bihurtu du Mendebaldeko Sahara: immigrazioa eta drogen kontsumoa dira haien irtenbide bakarrak. Horregatik, Marokok lurraldea itxi egin du, nazioarteko behatzaileen, parlamentarien eta hedabideen aurrean, besteak beste.

Europara etorri zara osasun arreta jasotzera. Saharan jasotzeko aukera ukatu zizuten?

Mendebaldeko Saharan ez dago behar bezalako ospitalerik. Osasun zentroak dira, baina ez dira egokiak. Gainera, ekintzaile moduan, ez naiz ausartzen lurralde okupatuetako ospitaleetara joaten, nire bizitza arriskuan jar nezakeelako. Haiek substantzia ezezagunak ziztatu zizkidaten, baita COVID-19a ere. Lurralde okupatuetan ospitalera joatea zure bizitza arriskuan jartzea da.

Marokok mugak itxi izanak nola zaildu dizue bizimodua?

Horrela, Marokok aukera gehiago ditu sahararrok setiatuta mantentzeko eta gure aurka indarkeria erabiltzeko.

Nabari duzue Saharan euskal herritarren elkartasuna?

Noski. Errefuxiatuen kanpamentuetan nabari da, eta lurralde okupatuetan bizi diren zibilek ere igartzen dute. Euskal Herriaren babesa eta elkartasuna sentitzen ditugu. Ez da babes morala soilik, materiala ere bada. Horregatik, guretzat Euskal Herria Saharako herriaren parte da.

Noiz arte segituko duzu borrokan?

Bizitza osoa borrokan eman dut. Gaztaro osoa pasatu dut borrokan, eta geratzen zaidan denboran ere segituko dut Mendebaldeko Sahararen independentziaren alde borrokatzen. Askea, independentea eta subiranoa izan arte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.