Identitate aniztasuna aitortuz

Uztailetik, Argentinako nortasun agirietan 'X' izendapena ageri da, gizon eta emakume gisa identifikatzen ez diren guztientzat. Urrats hori egin duen Latinoamerikako lehen herrialdea da Argentina. Mugimendu transfeministak, ordea, aurreragoko helburuei begira jarriak dira jada.

Alberto Fernandez presidentea, gobernuko kideekin. EFE.
Cecilia Valdez
Buenos Aires
2021eko irailaren 24a
00:00
Entzun
Uztailaren 21ean, maskulino-femenino binomiotik kanpoko identitateak errekonozitzen dituen Latinoamerikako lehen herrialdea bihurtu zen Argentina: X izendapena erantsi zuen nortasun agirian, gizon edo emakume gisa identifikatzen ez diren guztientzako aukera gisa. Genero Identitatearen Legearen (2012) harira hartu zen erabakia, eta Gobernu Etxean egindako ekitaldi batean iragarri zuten. Ekitaldi hartan, Alberto Fernandez presidenteak lehen dokumentuak eman zizkien hiru pertsona ez-binariori. «Ideala denaren eta posible denaren artean, saia gaitezen lehenik posible dena lortzen, idealetik gero eta gertuago gaude eta. Eta inori zuzentzean ez denean sexu bereizketarik egiten, eta inori ez zaionean axola jendea zer sexutakoa den, orduan izango da ideala»,adierazi zuen Fernandezek. Azken urteetan, transfeminismoak gai izan dira hainbat exijentzia eta aldarrikapen sartzeko Argentinako politikaren agendan, ezohiko indarrez, eta, hain zuzen, haietako beste bat da aitortza hau.

NA EZ-BINARIOAK

476/21 Presidente Dekretuak ezarri zuen aldaketa, eta pasaporteari ere eragiten dio. 4. artikuluak honela dio: «Dekretu honek ezartzen duenaren arabera, sexua ataleko X izendapenak honako adiera hauek bilduko ditu: ez-binarioa, zehaztugabea, jakinarazi gabea, definitu gabea, informatu gabea, norberak hautemana, esleitu gabea; edo maskulino-femenino binomioaren barne sentitzen ez den edonork bere burua identifikatzeko erabil dezakeen beste edozein adiera». Ekitaldian, lehen nortasun agiriak eman zizkieten hiru ez-binariori, eta haietako batek, kamiseta erakutsita, adierazi zuen ez zegoela ados X erabiltzearekin, zeraman kamisetan hau erakutsita: «Ez gara X». Hala, Valentine Machadok bere iritzia adierazi zuen, eta agerian utzi zuen auzia oso konplikatua dela, ñabardura asko dituela, ikusmolde historiko errotuak zeharkatzen dituela, eta eztabaida sutsuak piztu.

Gobernuak argitu zuen bidaia dokumentuetako sexua atalean X kategoria erabiltzea onartua dagoela nazioarteko estandarretan eta Argentinako Errepublika atxikita dagoen nazioarteko hitzarmenetan, eta horregatik egin zutela horren alde. Oraingoz, munduan herrialde gutxik onartu dute nortasun agirietan, gidabaimenetan, jaiotza ziurtagirietan eta nazio edo estatu mailako herritartasun ziurtagirietan gizonezkoen sexua edo emakumezkoena ez zehazteko aukera: Australia, Bangladesh, India eta Pakistan dira horietako batzuk.

NORBERAREN LARRUAN

Geronimo Carolina Gonzalez Devesa izan zen ekitaldian nortasun agiria jaso zuten hiru lagunetako bat, eta, BERRIArekin izandako elkarrizketan, izenordain desberdinak erabili ditu bere buruaz aritzeko —gaztelaniaz izenordainetan markatzen da sexua—. «Nik zuzendua nuen jaiotza agiria, eta ez neukan nortasun agiririk», kontatu du. «Nire jaiotza agirian, sexua/generoa zehazteko atala hutsik zegoen; beraz, nire bizitza aldatu eta prestatu nuen horrek hala iraun bitartean oztopo handirik ez izateko. Medikua naiz, Argentinako barnealdeko hiri ez oso handi batean bizi naiz, eta ez zen oso zaila izan, baina tramite asko ezin izan nituen egin. Tramite bat egiteko beharrezkoa bazen nortasun agiria eta jaiotza agiria bat etortzea, arazo bat neukan». Caro Gero (izen hori du jarria Instagrameko kontuan) izan zen jaiotza agirian sexua zehaztua ez izatea lortu zuen lehena Argentinan: 2018an lortu zuen hori. Eta, nortasun agiria edukitzeko bidea luzea izan den arren, oso pozik dago albistearekin: «Garrantzitsuena da orain nire izen osoa esan dezakedala inongo arazorik gabe, nortasun agiriak babesten nauelako. Lehen, ahopean esaten nuen nire izena, nortasun agiria eskatzen bazidaten beste izen bat ikusiko zuten eta».

LEGEDIA

Aniztasunaren eta Eskubideen %100 GKEak zehaztu duenez, dekretu berria indarrean sartu aurretik 300 lagun inguruk lortua zuten —Buenos Aires probintzian bakarrik—, bide administratibo edo judizialetik, jaiotza agiriak zuzendu eta bertan generoa zehaztuta ez azaltzea, edo genero norma binariotik kanpoko identitate bat erregistratzea, eta pertsona horiek nortasun agiri berria eskuratzeko zain zeuden. Horrez gain, GKE horrek nabarmendu zuen ezen, Mauricio Macriren gobernuaren agintaldian (2014-2019), sententzia irmoak eta aldeko irizpen bat izanda ere, uko egin zitzaiola nortasun agiri berriak jaulkitzeari, eta horrek dokumentaziorik gabe utzi zituen dozenaka lagun.

Dekretu berriaren 10. artikuluan, Emakumeen, Generoen eta Aniztasunaren Ministerioari azaltzen zaio nola «trebatu Administrazio Publiko Nazionala osatzen duten eta gai honetan eskumena duten organismo guztietako autoritateak eta langileak». Monica Machak, Denon Frontea (ofizialismoa) alderdiko diputatu nazional eta aktibista feministak, uste du prozesu konplikatuak direla. «Nire ustez, trabesti-transen lan kupoa ezartzean jarri beharko genuke arretarik handiena». Hain zuzen ere, lan kupoa lege bihurtu zen ekainaren 24an. Lege horrek —era horretako bakarra da eskualdean— ezartzen du estatuak bermatu beharko duela bere lanpostuen %1 trabesti-transentzat izango dela. «Helburua ez da soilik lanpostu formal bat lortzea, baizik eta, horrez gain, pertsona horri esparru berrietara heltzen eta horietan sartzen laguntzea, eta diskriminazio eta birbiktimizazio ekintzak eragoztea. Oro har, uste dut lortutako eskubideen zaindari izan behar dugula».

IBILBIDEAK

Nortasun agiri berriak lortu dituztenen ibilbideak bezain askotarikoak dira haietako bakoitzaren historiak. Gerorenak sona handia izan zuen, ebazpenaren berri emateko antolatutako ekitaldian parte hartu zutenetako bat izan zelako. «Nik 29 urterekin hasi nuen trantsizioa. 20 urte nituenetik, lesbiana gisa identifikatzen nuen neure burua, baina, azkenean, trantsizio fisiko baten beharra sentitu nuen. Hormonak hartzen hasi nintzen, testosterona, eta pektoralak egokitu nituen; hau da, bularrak kendu zizkidaten. Bide horretan, beste izen bat behar nuela sentitzen hasi nintzen; izan ere, nire genero adierazpenari dagokionez gizon bat ematen nuen, eta emakume izena neukan, baina nik ez nuen neure burua identifikatzen ez batarekin, ez bestearekin». Hala zebilen Gero, eta orduantxe topo egin zuen Eleonora Lammekin: Giza Eskubideen Mendozako Gorteko zuzendariordea da, eta Bioetikako doktorea, eta haren alboan egon zen prozesu osoan.

Genero Identitatearen Legea sortu eta promulgatu zutenetako bat izan zen Lamm, eta Gerori azaldu zion lege hori lege ez-binario gisa sortua izan zela, eta modua emango ziela binomiotik ateratzeko. «Orduan erabaki genuen jaiotza agiria zuzentzea, eta administrazio egintza baten bitartez egin genuen hori, judizializatu gabe: hori inoiz ikusi gabea zen munduan, endosex edo intersex pertsonei dagokienez».

Nortasun Agiriak Denontzat kolektiboaren parte izan zen, Ezta Bat Gutxiago Ere taldean aritzen da Gero, eta, Abortuaren Aldeko Kanpainako medikua denez, haurdunaldia norbere borondatez eteteko modua bermatzen du lan egiten duen ospitalean. X erabiltzeaz kexatu zen pertsona ere Nortasun Agiriak Denontzat taldeko kidea da, eta taldeak mezu bat zabaldu zuen gai horren inguruan: «Ezabatu egiten du gure dibertsitatea, baita geure burua femenino-maskulino binomiotik kanpokotzat jotzen dugunon askotariko bizipenak ere […] Denok kategoria bakar baten barruan bilduta gaudenez, baztertuta gaude identitate enkriptatu batean. M eta F aukerak, berriz, hierarkizatuta daude, eta badute eskubidea zehazki izendatuak izateko».

Bestalde, abuztuaren 26an, Argentinaren Berlingo enbaxadako autoritateek Latinoamerikako lehen pasaporte ez-binarioa eman zioten Cyri (37 urte): Argentinako herritartasuna du, baina Alemanian bizi da.

HIZKERA INKLUSIBOA

«Neure buruaz aritzeko, hiru izenordainak erabiltzen ditut, eta ez zait axola zein izenordain erabiltzen duten niri buruz aritzeko», dio Gerok. Hizkera inklusiboaren inguruko eztabaida oso errotua dago; hainbeste, ezen marka nagusien marketin sailetan lan egiten dutenek erabiltzen hasi behar izan baitute publizitate tarteetan. Esaterako, duela aste batzuk, historikoki Haurraren Eguna deitu izan zaiona ospatu zen Argentinan (Día del Niño gaztelaniaz, maskulino generikoa erabilita), baina, aspaldion, Haurtzaroaren Eguna edo Haurtzaroen Eguna bilakatu da (Día de la Niñez edo Día de las Infancias, genero markarik gabe). Orain, gainera, estatuko hainbat instituziok egokitu egin dituzte beren estilo liburuak hizkera inklusiboan komunikatzeko, eta eztabaidan ari dira erabakitzeko zer formatu erabili inprimakietan eta ohar ofizialetan. Edonola ere, edozein formula estandarizatuta ere, argi dago gai honek, noraino heltzen den kontuan hartuta, gogoeta egitera behartzen duela, galdera berriak proposatzera, eta beste erantzun batzuk bilatzera. Eta agerian uzten du hizkerak erabilerari eta testuinguruari erantzuten diela, eta beti dela eztabaida iturri.

POLITIKA BERRIAK

Feminismoek historikoki exijitu dituzten eta politika publiko bihurtu diren auziei dagokienez, azken asteetan beste albiste bat ere izan da, zaintza lanengatiko ekarpenak aitortzearekin lotua. Neurri horrek honako hauei eragiten die: erretiratzeko adina duten, seme-alabaren bat duten eta erretiroa jasotzeko behar den 30 urteko ekarpena egina ez duten emakumeei. Programaren helburua da amei aitortza ematea seme edo alaba bakoitza zaintzen pasatutako urteengatik, eta, hala, erretiroa hartzeko beharrezkoak diren ekarpen urteetara iristea.

«Zaintzen agenda ezinbestekoa da transfeminismoan», esan du Machak. «Historikoki naturalizatuak izan diren eta prestigioa kendu dieten lan horiei ikusgaitasuna eta balioa ematean datza. Orain, etxeko zaintzaileak formalki errekonozituak izateko lanean ere ari gara, eta komunikabideetan sexu parekotasuna egotearen alde ari gara, hori giltzarri baita zirkulazio masiboko espazioetako joerak auzitan jartzeko». Etorkizunera begira, gainera, zaintza proiektuez eta sexu arrazoiengatiko indarkeriari lotutakoez gain, agendak beste gai batzuk ere biltzen ditu: besteak beste, erditze etxeak eta hilekoaren kudeaketa. Halaber, Machak eta haren taldeak lege proiektu bat aurkeztu zuten hizkera inklusiboaren erabilera bermatzeko. «Guk zera nahi dugu: instituzioek ez dezatela debekatu hura erabiltzea eta ez ditzatela zigortu hura erabiltzea erabakitzen dutenak. Nire ustez, kontua da tokia egitea bizitza estilo guztiei eta munduan sinbolikoki bizitzeko modu guztiei».

MARKAK

Gerorentzat oso garrantzitsua izan zen familiaren babesa, baina aitortu du, horrez gain, Paul Preciado eta beste idazle batzuen irakurgaiak ere oso inportanteak izan direla. «Trantsizioan nengoela, asko lagundu zidan Paul Preciadoren Testo yonqui irakurtzeak». Gerok patologizazioei eta helduzentrismoari buruzko ikastaroak ere ematen ditu. «Funtsean, familiak asko lagundu didalako egin ahal izan dut hori guztia. Mendoza probintzia oso kontserbadorea da, oso erlijiosoa, baina nik banekien familia hortxe egongo zela, eta oraindik ere badago. Haiek ere prozesu bat egin behar izan zuten denontzat oso berria zen kontu hau ulertzeko, noski».

Macharen iritziz, Argentinako gaur egungo masa feminismoa gauza askoren emaitza da: ezkutuko zenbait borrokarena, hainbat lerro historikorena, politikarekin eta borroka sozialekin erlazionatzeko modu berriena. «Argentina genero politiketan abangoardia bada, hauen artean dialektika bat dagoelako da: arloz arloko eskaerak, gobernu popularrak, eta gai horiek lan arloko eta estatuko agenda bihurtzeko antolaketa gaitasun politiko eta sinbolikoa. XXI. mendeko lehen lege feministak eskari sozial masiboen aurretik iritsi ziren. Orduko baldintzak irauli zituzten: legeak berretsi eta gero, kontsentsu zabala lortu zuten. Eta, beraz, esan dezakegu estatuko politikek eta legeek eragin hezigarri eta pedagogiko bat dutela sozialki».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.