Ashwanee Budoo-Scholtz. Pretoria Unibertsitateko irakaslea

«Afrikako emakume guztiek jasaten dituzte askotariko erasoak»

Budoo-Scholtzen arabera, gauza batek batzen ditu Afrikako emakume guztiak: beren eskubideak urratzen dituzte. Hala ere, «emakume bakoitzaren egoera ikuspuntu intersekzionaletik aztertu behar da».

ASHWANEE BUDOO SCHOLTZ.
maddi iztueta olano
2021eko abuztuaren 15a
00:00
Entzun
Gatazkak eta eskubideen urraketak nagusi diren kontinente batean, Ashwanee Budoo-Scholtzek (Maurizio, 1989) Afrikako emakumeen eskubideak errespetatzen direla ziurtatzeko egiten du lan. Horretarako, gertutik aztertzen ditu Afrikako herrialdeek emakumeen eskubideak bermatzeari eskaintzen dizkioten aurrekontuak eta baliabideak. Giza Eskubideen Afrikako Batzordearen txostenetan ere lan egin izan du.

Pretoria Unibertsitateko Giza Eskubideen Zentroan emakumeen eskubideen inguruan egiten du lan zure taldeak. Zein dira zuen helburuak?

Antolatzen ditugun ekintza guztietan jorratzen dugu generoaren auzia; baina 1993an indarrak emakumeen eskubideetan jarriko zituen talde bat sortu zuten. Afrikako hainbat gobernuz kanpoko erakunderekin egiten dugu lan, eskualde mailako mekanismoak indartzeko, generoan oinarritutako politikak bultzatzeko, eta Afrikako emakumeen egoera hobetzeko estrategiak sortzeko. Emakumeen eskubideen inguruko formakuntza sustatzeko, astebete irauten duten tailerrak eta kurtsoak prestatzen ditugu.

Nola daude Hegoafrikako emakumeak?

Abuztuaren 9an Emakumeen Eguna izan zen Hegoafrikan. Egun horretan, Cyril Ramaphosa presidenteak hitzaldi bat eman zuen, eta emakumeek eskubide berdintasuna, duintasuna, askatasun ekonomikoa eta indarkeriarekiko askatasuna lortzeko gainditu beharreko oztopoak nabarmendu zituen. Haren mezuak Hegoafrikako emakumeen errealitatea erakutsi zuen; izan ere, COVID-19aren pandemiaren ondorioz, biderkatu egin dira emakumeek gainditu beharreko oztopoak azken bi urteotan.

Hegoafrikako Gobernuak ezarritako hainbat neurrik emakumeen eskubideak babesten dituzte, baina lege horiek ez dute emakumeen egoera hobetzea lortu. Hainbat faktore dira horren erantzule: emakumeen eskubideak babesteari esleitutako aurrekontu desegokia, ustelkeria, ezjakintasuna eta indarkeria, besteak beste.

Egoera antzekoa al da Afrikako beste herrialdeetan?

Afrikako emakume guztiak gauza batek batzen ditu: beren eskubideak urratzen dira. Afrikan, gizona izatea boterearekin, autoritatearekin eta kontrolarekin lotuta dago. Horregatik, kontinenteko emakume ia guztiek jasaten dituzte beren eskubideen aurkako erasoak. Dena den, Afrikan askotariko errealitateak daude. Hegoafrikan bertan, testuinguruaren eta ezaugarrien arabera, emakume bakoitzak oztopo desberdinei egin behar die aurre. Ezinbestekoa da emakumeen egoera ikuspegi intersekzionaletik aztertzea: emakume zuriek eta beltzek arazo desberdinei egiten diete aurre; landa eremuan bizi diren emakumeek eta hirigunean bizi direnek askotariko erasoak jasaten dituzte; eta, hainbat kasutan, LGTBIQ+ komunitateko emakumeak emakume heterosexualak baino zaurgarriagoak dira.

Guztiak dira biktimak, baina indarkeria eta erasoak modu desberdinetan jasaten dituzte: Afrikako eremu batzuetan emakumeei sexu organoak mozten dizkiete; Hegoafrikan, berriz, lesbianak bortxatu egiten dituzte, haien «gaixotasuna» sendatzeko; gatazkak dauden tokietan emakumeen aurkako indarkeria eta sexu erasoak erabiltzen dituzte arma gisa; eta haurren ezkontzak oso ohikoak dira Afrikako herrialde askotan. Erasoa jasaten duen emakumeari arreta osoa eskaini behar zaio, eta haren bizipenak entzun.

Zer jarrera du Hegoafrikako Gobernuak erasoen aurrean?

Hegoafrikako presidenteak askotan aipatzen ditu emakumeek jasaten dituzten erasoak, eta haren gobernuak emakumeen eskubideak sustatzeko proiektu ugari hasi ditu azken urteotan. Esaterako, emakumeen aurkako indarkeriak gorakada nabarmena izan zuen 2020an, eta femizidioa eta generoan oinarritutako indarkeria amaiarazteko Estatuko Plan Estrategikoa sortu zuten, baita zerbitzu publikoetan emakumeen segurtasuna bermatzeko neurriak hartu ere.

Kontinente mailan, Afrikako Batasunak eta Giza Eskubideei buruzko Afrikako Gutuna dira giza eskubideen alde borroka egiten duten erakunderik handienak. Emakumeen eskubideak betetzen eta errespetatzen direla ziurtatzeko, Emakumeen Eskubideen Afrikako Gutuna sortu zuten 2003an.

Dokumentua Maputo Protokoloa izenez ere ezaguna da, eta dokumentu oso iraultzailetzat jotzen da Afrikan; izan ere, haurren ezkontzak ukatu zituen, emakumeen genitalak moztea kriminalizatu zuen, eta indarkeriaren aurrean babesa aitortu zien emakumeei. Argi dago gobernua emakumeen eskubideen alde egiteko prest dagoela, baina haien erabakiek ez dute zuzeneko eraginik emakumeen bizitzan. Horregatik, Afrikako herrialdeetako gobernuek neurriak iragarri baino gehiago egin behar dute: neurriak betetzen direla bermatu behar dute.

Momentu honetan hainbat gatazka daude Afrikan. Zer gertatzen da eremu horietako emakumeekin?

Gatazkak dauden herrialdeetan bizi diren emakumeek arrisku handiagoa dute; besteak beste, Nigeria ipar-ekialdean, Kongoko Errepublika Demokratikoan, Afrika Erdiko Errepublikan, Kamerunen eta Somalian. Sexu bidezko indarkeria eta bortxaketak —eta horien ondorioz garatu daitezkeen gaixotasunak eta haurdunaldiak— jasateko, pobreziaren biktimak izateko, eta oinarrizko zerbitzuen gabezia pairatzeko aukera handiagoa dute.

Feminismoak indarra du Hegoafrikako gizartean?

Esango nuke Hegoafrika Afrikako herrialderik aurreratuenetako bat dela feminismoan, paper gainean behintzat. Hirigunean handia da feminismoaren presentzia, eta oso nabarmena da legeetan izan duen eragina: sexu bereko bikoteen ezkontzak onartu dira, eta indarkeriaren aurrean babes legala dute emakumeek. Azkenaldian gero eta protesta gehiago ikusten dira, eraso asko salatzen dira kalean; biktimei elkartasuna adierazteko. Nire ustez, emakumeek harro esaten dute feministak direla. Ez dakit testuingurua antzekoa den landa eremuetan, ez baitut hango egoera aztertu.

Zer estrategia bultzatu behar dira emakumeen eskubideen alde egiteko?

A zer galdera zaila! Ez dut uste ekintza bakar batez genero berdintasuna lortzeko formula magikorik dagoenik, ez Hegoafrikan, ez Afrikan, ezta munduan ere. Hala ere, erabaki eta neurri batzuk emakumeen egoera hobetzeko hizpide izan daitezke: emakumeen eskubideak bermatzeko aurrekontu handiagoak ematea; emakumeen eskubideen alde lan egiten duten profesionalen formakuntza sustatzea; ustelkeriaren aurkako neurriak hartzea; emakumeen eskubideen, indarkeriaren eta genero estereotipoen inguruko kontzientziazio kanpainak egitea; emakumeen intersekzionalitateak kontuan hartzea; eta instituzio publikoek, pribatuek eta erlijiosoek eztabaidan parte hartzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.