Basoa idortu duten hegoak

Euskal Herriko ezpeldiak desagertzeko bidean jarri ditu 'Cydalima perspectalis' sitsaren izurriteak. Animalia espezie autoktonoei egindako kalteez gain, adituek uste dute eragina izanen duela mendialdeko ekosisteman ere, eta landareen haziak gordetzeko eskatu diete administrazioei.
Nafarroara iritsitako 'Cydalima perspectalis' heldu bat.
Nafarroara iritsitako 'Cydalima perspectalis' heldu bat. YERAY MONASTERIO / ZERYHNTIA ELKARTEA Tamaina handiagoan ikusi

Ion Orzaiz -

2019ko abenduak 3

Tximeleta baten hegalen mugimenduak munduaren beste muturrean Tsunami bat eragin dezake. Txinako esaera horren bidez laburbildu ohi da tximeleta efektuaren kontzeptua. Horren arabera, aldaera txiki batek eragin itzela izan dezake sistema oso baten bilakaeran. Efektuaren ondorioak ia hitzez hitz sumatu dituzte Euskal Herriko mendialdean: ez dute tsunamirik pairatu, baina ekosistema zeharo aldatzeko arriskuan dela diote talde ekologistek eta erakundeek. Eta, esaerari jarraikiz, aldaketa horren oinarrian tximeleta baten mugimendua dago: Cydalima perspectalis, edo ezpelaren sitsa, alegia.

Sits mota hori lau zentimetroko intsektua da helduaroan, eta erabat kaltegabea da gizaki eta animalientzat. Asian du jatorria: Txinan, Ipar nahiz Hego Korean eta Japonian, zehazki. Euskal Herrira iritsi zen duela lau bat urte estreinakoz. Hortaz, nola da posible halako izaki txiki batek ekosistema oso bat aldaraztea hain denbora tarte laburrean? Erantzuna intsektuaren dietan datza.

Espezie inbaditzailea da Cydalima perspectalis, eta landare mota bakar batez elikatzen da: ezpela. Zuhaixka hori apaingarri gisa jartzen da hirietan eta etxe batzuetako lorategietan, baina, mendian, ekosistemaren parte da: ongarri, animalia askorentzako babesleku eta lurzoruari eusten dion hesi naturala. Pieza hori kenduta, ingurune osoa alda daiteke. Eta aldaketa hori hamar urteren buruan gerta daitekeela uste dute zientzialari eta talde ekologistek: ordurako, eta administrazioek erremediorik jartzen ez badute, ezpel autoktonoa erabat desagertuko da Euskal Herriko mendialdeko paisaiatik.

Hainbat landa eremutan hasiak dira jada fenomenoa nabaritzen, ezpel sitsaren izurriteak triskantza eragin baitu zuhaixka espezie horretan: sitsaren harrek landarea jan, hostorik gabe utzi, eta, luzera, enborra idortzen dute. Dagoeneko hostogabetu dituzte Bidasoaldeko ia ezpeldi guztiak, eta, zenbait adituren esanetan, gauza bera eginen dute aurki Pirinioetan ere.

«Hiri eta herrietan, oro har, eragina txikia da: sitsek lorategiak honda ditzakete, bai, baina kontua ez doa harago. Benetako arazoa mendialdean dugu», azaldu du Zerynthia tximeleten babeserako elkarteko lehendakari den Yeray Monasterio ikerlariak. «Nafarroan ezpeldi ugari zeuden, Baztanen eta Bortzirietan, esate baterako, baina gehienak desagertu dira jada, sitsek janda».

Ezpel autoktonoak, gainera, ezin dio izurriteari aurre egin, oso mantso hazten delako: «Sitsaren beldarrek ez diote landareari denbora ematen berriz hazteko eta berritzeko. Agortu egiten da espeziea, akitu». Hori da, hain zuzen, ezpel sitsaren izurritearen beste ezaugarri bat: abiada bizian hedatzen dela.

«Ugaltze erritmo oso azkarra du tximeleta horrek, bertoko sitsekin alderatuta; horren ondorioz, kopuruak gora egin du azken urteetan, neurrigabe», dio Monasteriok. Bertoko tximeletek urtean behingo ugaltze zikloa dute; ezpelaren sits asiarra, berriz, urtean hirutan ugaltzen da, batez beste.

Zerynthia elkartea saiatu da sitsen hazkundea neurtzen, baina aitortu du «ezinezkoa» dela kopuru zehatzak jasotzea: «Gure elkarteko kide bat ari da gaueko sits eta tximeletak ikertzeko eta jarraipena egiteko programa batean parte hartzen, eta tranpa bat paratu du Arangurenen (Nafarroa). Sitsak han harrapatu eta, zenbatu nahiz identifikatu ostean, aske uzten ditugu berriz. Hor detektatu genuen Cydalima perspectalis espeziearen presentzia lehen aldiz, 2015ean. Urte hartan, bi edo hiru norbanako besterik ez genuen ikusi. Aurten, 5.000-6.000 harrapatzen ditugu gauero. Horrek ematen ahal digu hazkundearen tamaina».

Nafarroako Gobernuak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak ere 2015ean izan zuten ezpelaren sitsaren berri. «Urte hartako abuztuan jaso genuen lagin bat, Irungo bizilagun batek bere etxeko zuhaixka-hesian hartua. Hostoak eta kimuak jaten zizkion intsektuaren berri eman zigun, eta aleak bidali zituen Fraisoroko laborategira», azaldu dute Gipuzkoako diputazioko teknikariek. Hurrengo urteetan, baina, kaltea are larriagoa zela egiaztatu ahal izan zuten: «Bagenekien Ipar Euskal Herrian intsektu horren kaltea jasaten ari zirela, eta basozainen bidez jarraipena egin zitzaien. Hurrengo urtean hasi ginen lehen kalte nabarmenak ikusten. Hasieran, Donostia aldeko ezpel hesietan nabaritu genuen; Irun eta Donostia aldetik hedatu da eta, egun, Gipuzkoa osoan dagoela esan dezakegu».

Eragina floran eta faunan

Ezpela desagertzeak kalte larria eraginen die Gipuzkoako, Nafarroako eta Ipar Euskal Herriko animalia espezieei, baina adituek uste dute eragina orografian ere nabaritu daitekeela. «Ezpel autoktonoaren ondare genetikoa desagertzen ari da, eta hori, berez, galera handia da, biodibertsitateari dagokionez; baina, horrez gain, lurzoruan ere badu eraginik», azaldu du Zerynthia elkarteko buruak: «Kareharrizko lurretan hazten da ezpela, batez ere, eta zuhaixkaren sustrai eta enbor gogorrak urte luzez metatzen dira lurrean. Hitz bitan esanda: eutsi egiten diote mendiari, eta luizien arriskua murrizten dute. Ezpeldiak desagertuta, harria biluzik geldituko da, solte, eta horrek arazoak ekarriko ditu».

Ezpeldi horien inguruan bizi diren basurde eta oilagorrentzako ere galera handia izanen da zuhaixka desagertzea, babesleku eta aterpe gisa erabiltzen baitute ezpela, neguko hilabeteetan batez ere.

Intsektizidarik ez

Orain arte, izurritearen kaltea pairatu duten herrietako udalek zenbait metodo aplikatu dituzte, ezpelaren sitsa uxatzeko edo hiltzeko, baina, hein handi batean, eraginkortasun eskasa izan dute erremedio horiek. «Ez dago behin betiko konponbiderik», laburbildu du Monasteriok.

Iruñeko Udalak, adibidez, hegazti intsektujaleak eta tranpak jarri zituen udaren bukaeran, sitsak harrapatzeko. Beste herri batzuetan, aldiz, intsektizidak erabili dituzte. Zerynthia elkarteak ez du halakorik gomendatzen. Ez, behintzat, mendiko ezpeldietan erabiltzeko: «Fumigazioak eragindako kalteak handiagoak dira ustezko onurak baino. Normalean, intsektiziden bidez, inguruko intsektu guztiak hilko dituzu, baina ezpelaren sitsa oso espezie sendoa da, eta gerta liteke erasoari eustea eta bizirik ateratzea. Hortaz, arazoak bere horretan segituko luke, eta mendia pozoituko genuke, gainera».

Feromonen bidezko tranpen eta hegazti intsektujaleen aukerak, berriz, badu onura gehiago, Monasterioren ustez, baina ez du arazoa konponduko: «Halako konponbideek balio dezakete sitsen populazioa kontrolpean mantentzeko eta hazkundea zertxobait mugatzeko, baina ez izurritea errotik erauzteko».

Hori dela eta, Monasteriok bide bakarra ikusten du: «Tximeletak pasatzen uztea, eta ezpel autoktonoaren haziak gordetzea, etorkizunean berriz landatzeko». Gipuzkoako aldundiak esana du jada aukera hori aztertzen ari dela: «Fraisoroko laborategian badugu germoplasma banku bat. Ezpela ez dago espezie mehatxatuen euskal katalogoan, baina interesa izan dezake genotipo horren bilduma bat jasotzeak».

Goizeko buletina

BERRIAren papereko edizioaren gai nagusiak biltzen ditu egunero (astelehenetan salbu). Goizean goiz iristen da zure posta elektronikora.

Albiste gehiago

Donostiari 1813an su eman ziotela oroitzeko Dora Salazarrek egindako eskultura, maskara jantzita ©JUAN CARLOS RUIZ / FOKU

COVID-19aren uste ustelak

Mikel P. Ansa

COVID-19aren pandemia ukatzen duten joera batzuek indarra hartu dute uda honetan. Haiek zabaldutako uste batzuk zeinen okerrak diren azaldu dute Miren Basaras eta Guillermo Quindos mikrobiologoek artikulu sorta honetan.

PCR proba bat, Indian. Bigarren herrialde kaltetuena da hura. ©SANJEEV GUPTA / EFE

Milioi bat lagun baino gehiago hil ditu COVID-19ak

Iosu Alberdi

AEBetan erregistratu dute kasu eta heriotza gehien. Euskal Herriak munduko heriotza tasa handienetako bat du: 77 heriotza 100.000 biztanleko.

Konfinamendua ezarri zuten Azkoienen. ©Idoia Zabaleta / Foku

Hegoaldeko kasuen erdiak baino gehiago, Nafarroan

Uxue Rey Gorraiz

Beste 603 positibo zenbatu dituzte Hego Euskal Herrian; Nafarroan atzeman dituzte horietatik 318. Halaber, bi pertsona zendu dira birusaren ondorioz.

Maria Txibite, agerraldi batean. ©Jesus Diges / Efe

Txibitek esan du egoera «kontrolatuta» dagoela Nafarroan

Arantxa Iraola

Positibo «asko» izan arren konfinamendu orokorrik ezartzeko asmorik ez dutela adierazi du

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna
Ion Orzaiz

Informazio osagarria