Mendebaldeko Balkanak. Bosnia

Bosnia zatitu bat

Gerra amaitu zenetik hogei urte baino gehiago igaro diren arren, Bosnian zauriak irekita daude oraindik ere. Herritarrak hasiak dira elkarbizitzarako urratsak egiten, baina ez, hala, politikariak, zeintzuek betiko marra gorriei eusten dieten.

Pertsona talde bat Sarajevoko auzitegi batean, 2018an, Naser Oric Bosniako komandante ohiaren zain. EFE.
Ricard Gonzalez.
Banja Luka
2020ko apirilaren 30a
00:00
Entzun
Banja Lukan, Bosniako Serbiar Errepublikako hiriburuan, oso zaila da Bosniako bandera izarduna aurkitzea. Erkidego autonomoko parlamentuaren aurrean hogei bat bandera daude, guztiak hiru kolorekoak, Serbiako bandera ofizialaren berdinak. Norbaitek pentsa lezake Bosnia eta Herzegovinan denbora duela mende laurden izoztu zela, herrialdea odolustu zuen gerra anker baten amaieran. Eliteek borrokan jarraitu dute instituzioak blokeatuz... kanpotik ezusteko etsai bat heldu den arte: koronabirusaren pandemia.

Milorad Dodikek, Bosniako hiruko presidentetzako ordezkari serbiarrak —zortzi hilabetetik behin txandakatu egiten dira ordezkari serbiarra, kroaziarra eta bosniaka—, eskatu zien «herritar eta [Bosniako] politikari guztiei helburu berarekin bat egiteko: pertsonen bizitzak salbatzea». Politikari honek berak, hilabete lehenago, independentzia erreferendum bat egitearekin mehatxatu zuen Auzitegi Konstituzionaleko osaketa aldatzen ez bazuten, herrialdearen historiako krisi konstituzionalik larriena piztuz.

«Guk bonuetan sinesten dugu, independentzia azken aukera da konfederazio bat ezartzen zuten Daytongo bake akordioak urratzen jarraitzen badute», onartu du Radovan Kovacevicek, Dodiken aholkulari batek. Bosniako nazionalista serbiarrek uste dute herritarren erdia diren bosniar musulmanek abian jarritako zentralizazio prozesua babesten duela nazioarteak.

Gerraren ondoren, ez zen adiskidetze nazionalik izan, eta orain Balkanetako herria bake hotzaren testuinguruan bizi da. «Etnia bakoitzaren eskolan gerran gertaturikoaren ikuspegi desberdina eskaintzen da. Ez da kontakizun bateraturik», kexatu da Jovan Divjak, hezkuntzan lan egiten duen GKE bateko zuzendari eta militar erretiratua. Adibidez, Bosniako serbiarren testuliburuek diote talde guztiek egin zituztela sarraskiak, eta ez dute aipatzen Bosniako serbiarrek egin zutela Srebrenicako genozidioa.

Errefuxiatu gutxi batzuk soilik itzuli ahal izan ziren euren etxeetara gatazka amaitzean. Esaterako, orain serbiar gehiengoa duen herritik, Srebrenicatik, bizirik irtendako askok Tuzlako errefuxiatu guneetan bizitzen jarraitzen dute. Bi hamarkada baino gehiago igaro diren arren, garbiketa etnikoa indartu egin da. «Sarajevoko herritarren %90 baino gehiago bosniakak dira orain; lehen, aldiz,serbiarrak ziren heren bat inguru», dio atsekabetuta Divjiakek. Sarajevoko herritarrek Bosniako jeneral serbiar hori goraipatzen dute, serbiarren setioak iraun bitartean hiria defendatu zuelako.

Elkarbizitza

Orain bai, orain posible da gutxiengoen eta kontrako bandoko kideen arteko elkarbizitza ikustea. «Nire familiak Banja Lukara itzultzea erabaki zuen. Duela urte asko, meskita ireki zutenean, tentsio handia izan zen, eta Poliziak babestu egin behar izan gintuen. Baina orain bizimodu normala egiten dugu. Eskoletako nire lagunetako asko serbiarrak dira», azaldu du Tarekek, bizar luzeko bosniak batek, salafista bainoago hipsterra dirudienak.

«Dayton erabilgarria izan zen gerra geldiarazteko, baina ez estatu bat eraikitzeko», kexatu da Halid Genjac, Bosniako alderdi nagusia den SDAko idazkaria. «Erabaki garrantzitsu bat hartzeko beharrezkoa da hiru talde handiak ados jartzea. Sistema baliagarria litzateke asmo onik balego, baina serbiarrek eta kroaziarrek eskubide hori baliatzen dute estatua oztopatzeko. Ahuldu egin nahi dute, disfuntzionala izatea nahi dute, etorkizunean banatu ahal izateko», esan du Genjakek, Daytonen Bosniako negoziatzaile taldeko kide izan zen politikari beteranoak.

Erakunde autonomo kroaziar-musulmanak baditu akatsak. Adibidez, Mostar hirian, herrialdeko hirugarrenean, ez dute hauteskunderik egiten 2008tik, kroaziarrak eta bosniarrak ez datozelako bat hauteskunde legearen inguruan. «Ez da egia kroaziarrek banatu nahi dugula. Gure ordezkariak aukeratu nahi ditugu. Adibidez, txandakako presidentetzako ordezkari kroaziarra, Zeljko Komsic, bosniak gehiengoaren botoekin aukeratu zuten. Badira ordezkariak ustez kroaziarrek aukeratuak beharko luketenak, eta hala izan ez direnak ere. Euren militantziari buruz gezurra esan duten bosniakak dira», ondorioztatzen du Damir Dzebak, Mostar hirian HDZ alderdi kroaziar nazionalistak duen diputatuak.

Alderdien arteko gatazkekin eta ustelkeria politikoarekin etsita, etnia desberdinetako gero eta herritar gehiago aspertuta ageri dira politikarekiko, eta ezkor herrialdearen etorkizunarekiko. Urtero milaka gazte joaten dira kanpora, eta, gerra amaituz geroztik, herrialdeak milioi erdi biztanle galdu ditu.

«Hauteskundeetako parte hartzea ez da %50era ere iristen. Jendeak ez du aukerarik ikusten herrialdeko elite politikoa aldatzeko, hauteskunde sistemak alderdi nazionalistei egiten dielako mesede eta, gainera, bezero sare zabal batekin babestu dutelako euren burua», azaldu du Tania Topicek, Banja Lukan bizi den analistak.

Maiz, Bosnia eta Herzegovinako subiranotasun gatazkak gainditzeko irtenbide gisara aurkeztu izan dute Europako Batasuneansartzea. Baina Mendebaldeko Balkanetara zabaltzeko Frantziak ezarritako betoak herrialdeak bizi duen blokeo egoera luza dezake. Badira hamabost hilabete azken hauteskundeak egin zituztenetik, eta oraindik ez dute lortu gobernua osatzea. «Ez dut uste beste gerra bat piztuko denik. Inork ez du halakorik nahi, baina ezin da erabat baztertu», dio Topicek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.