Lehen intifada, lehen desagertua

Bassiri desagerrarazi zutela 50 urte betetzen dira gaur. Mendebaldeko Sahara Espainiaren kolonia bat zen garaian desagertu zen buruzagi sahararra. Zemlako protestak kontzientzia nazionala piztu zuen sahararren artean.

Desagertutako sahararren oroimenez pintatutako irudia, Tindufen. AFADEPRESA.
Kristina Berasain Tristan.
2020ko ekainaren 17a
00:00
Entzun
Goizaldeko hiruretan eraman zuten etxetik. Bezperakoa egun historikoa izan zen Aaiunen. Zemla auzoan ehunka saharar elkartu ziren ordura arteko independentziaren aldeko inoizko manifestaziorik handienean. Zemlakoa lehen intifada izan zen, lehen oihua, lehen hazia. MLS Sahara Askatzeko Mugimenduak deitu zuen elkarretaratzera, baina protesta baketsua izan behar zuena sarraski bihurtu zen. 1970eko ekainaren 17a iltzatuta dago sahararren memoria historikoan, erresistentziaren abiapuntua izan baitzen, amaitu ez den borroka baten abiapuntua.

Inork ez daki zehazki zenbat izan ziren hildakoak, zaurituak eta kartzelatuak, baina legioaren jazarpena itzela izan zen. Mendebaldeko Sahara Espainiaren kolonia bat zen artean, 53. probintzia, eta sahararrek okupazioaren kontra egiten zuten lehen ekitaldia zen.

Bassiri ordurako sinbolo bat zen sahararren artean. Mohamed Sidi Brahim Basir askapen mugimenduko sortzailea eta buruzagia zen; saharar nazionalismo modernoaren sorrera agiritzat jotzen den memoranduma idatzi zuen, 1969ko abenduaren 11n. Espainiako gobernadoreari idatzitako 32 orrialdeko gutun hartan, Saharako Estatua sortzeko urratsak egiteko eskatzen zion indar kolonialari, «gure kabuz gobernatzeko alde biko akordioa».

Bassiri klandestinitatean ari zen, harakat tahrir edo munad dama esaten zaion mugimendua egituratuz. Sei hilabeteko epean, erruz zabalduta zegoen mugimendua, iparraldetik La Gueraraino. Sahararrek errezeloak zituzten metropoliarekin: Espainiak Cabo Judy (1958) eta Sidi Ifni (1969) entregatuta zizkion jada Marokori. Mendebaldeko Sahararekin gauza bera gertatuko ote zen, horixe zen kezka.

Nazioarteko presioa

Franco diktadoreak ordurako nazioarteko presio handiak zituen lurraldea deskolonizatzeko. Afrikan independentzia aldarrikapenak bata bestearen atzetik zetozen, baina sahararrak okupatuta eta baztertuta zeuden oraindik ere jaioterrian. NBE Nazio Batuen Erakundeak 1966an eskatu zion erregimenari autodeterminazio erreferenduma antolatzeko, baina metropoliak ez zituen natur baliabideak galdu nahi, fosfatoak eta arrantza, eta estrategia maltzur bat jarri zuen abian.

1934an tribu nomadetako buruzagiekin, hots, chiuj-ekin egindako akordioaren ildotik, 1967an batzar tradizional bat eratu zuen. Yemaa esaten zioten erakunde horren bidez sahararren babesa zuela erakutsi nahi zuen erregimenak; azken batean, egitura hori kolonialismoari eusteko tresna sinbolikoa zen, kolonizazioa zilegi egiteko tresna

Frankismoaren hurrengo urratsa elkarretaratze bat antolatzea izan zen. Ekintza propagandistiko bat. Luis Carrero Blanco Espainiako Gobernuko presidenteorde zenak nazioarteari mezu irmo bat bidali nahi izan zion: sahararrak erregimenaren asmoekin bat zetozela; kolonialismoa babesten zutela, alegia. Aaiungo Afrika plazan zen ekitaldia; Espainiari lotutako Sahara bat nahi dugu leloa.

Ordurako, baina, milaka ziren askapen mugimenduarekin bat egin zuten sahararrak, eta protesta alternatiboa egitea pentsatu zuten, Zemlan.

MLS ezagutarazteko ekitaldia zen, aurreneko aldiz herri gisa aldarrikapen zehatzak publiko egiteko unea. Independentzia eskuratzea zen asmoa, Saharako estatu propio bat eratzea, politika koloniala amaitzea, eta, sahararren eskubide sozialak eta politikoak aldarrikatzea. Horretarako, negoziazio prozesu bat abiatzea proposatzen zuten, trantsizioa abian jartzea. MLS izango zen solaskidea.

'Sahara, sahararrentzat'

Bezperan, auto karabana batek hiriburuko kaleak zeharkatu zituen, kolonialismoaren kontrako leloak zabalduz. Polizia askapen mugimenduaren zelatan zebilen. Erakundearen egoitza klandestinoan sartu eta hainbat material atxiki zuen. Zemla auzoan jada lurralde osotik joandako milaka lagun zeuden, festa giroan, haimak zutik. Sahara sahararrentzat zen haien leloa.

Biharamuna egun beltza izan zen. Espainiako agintarien deialdiak apenas izan zuen oihartzunik. Lekukoen arabera, 800 eta 1.000 lagun artean elkartu ziren, chiuj-en babesean. Zemlan, aldiz, milaka ziren. Nomada zen herri bat lehen aldiz leku eta egun berean elkartuta. Jose Maria Perez de Lerma gobernadoreak, hogei minutuko hitzaldiaren ostean, eta ikusita protestariek ez zutela amore emango, erabaki bat hartu zuen.

Legioa bidali zuen Zemlara. Hainbat sahararrek harriak bota zizkieten. Eta Carlos Diaz Arcocha kapitainak zuzendutako konpainia tiroka hasi zen iluntze hartan. Nazioarteko prentsaren arabera, hamar lagun hil zituzten, baina beste iturri batzuek 30 hildako aipatzen dituzte. Brahim Mahayub Mohamed Ali Biljerrenak eta Mohamed Salem Brahim Lehbid Dil-larenak dira dokumentatuta dauden bi heriotzak. Atxilotutako sahararrak 600 inguru izan ziren, tartean askapen mugimenduko 285 kide. Horietako asko torturatuak izan ziren.

Bassiri gau hartan eraman zuten. Goizaldeko hirurak ziren. Jadiyetu Abdelkimen etxean zegoela atzeman zuen Poliziak. Habs Shargui kartzelan galdekatu egin zuten, etengabe, jotzen eta torturatzen zuten bitartean. Salem Lebser kartzela berean zegoen, eta adierazi zuen buruzagia ikusi zuela eta saihetsaldea erabat belztua zuela. Sidameh Embarek Rahal ere horren lekuko izan zen: «Bassiriren egoera tamalgarria zen: aurpegia ubelduraz betea zuen, eta oinak, haragi bizitan». Beste batzuek konortea galduta ikusi zuten.

Basamortuan fusilatuta

Ander Landaburu kazetaria izan zen buruzagia bizirik ikusten azkenetakoa. Espainiako agintarien esku hilabete inguru eman zuen. Orduz geroztik, inork ez daki zer gertatu zen harekin. Espainiako agintariek kanporatua izan zela esan izan dute; Marokora kanporatu zutela urte hartako uztailaren 27an. Auzia ikertu duten adituek, baina, exekutatu egin zutela baieztatzen dute. Askok uste dute basamortuan fusilatu zutela.

Espainiako historian beltzez idatzitako pasarte bat da buruzagi historiko haren desagerpena. Erantzukizuna, baina, haratago doa. Sahararren kezka egia bilakatu zen. Espainiak Marokoren esku utzi zuen lurraldea, deskolonizazio prozesua amaitu gabe. Hamaikagarren traizioa izan zen. Marokok 1975ean okupatu zuen lurraldea, Martxa Berdearen bidez, eta ordutik 550 saharar desagerrarazi dituzte. Horietako batzuk hobi komunetan agertu dira.

Bassiri lehen desagertua da zerrenda luze batean. Lehen intifadako lehen desagertuta. Gerora, intifada gehiago eta desagertu gehiago egon dira, baina hark landatutako haziak kontzientzia nazionala piztu zuen. Mustafa Saled El Ualik hartu zuen haren lekukoa. Fronte Polisarioa handik hiru urtera sortu zen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.