Donatella Della Porta. Soziologoa

«Gatazkak gehiago areagotzen dira konponbide demokratikoetarako tresna gutxiago daudenean»

Lurralde-subiranotasun gatazketan, Della Portak garrantzitsutzat dauka prozesuen zilegitasuna, «arau batzuei jarraituz» eta parte hartzen duten «aldeen pertzepzioetatik» lortzen dena. Aldiz, kritiko agertu da EBrekin, bere jarreragatik eta jardunbide onen kode bat falta zaiolako: «Erabakia funtsik gabekoa da».

BERRIA.
ander perez zala
2020ko azaroaren 21a
00:00
Entzun
Eusko Ikaskuntzak eta Ikerketa Katalanen Institutuak antolatuta, Subiranotasun gatazkak Europan: konponbiderako oinarriak jardunaldiak egin zituzten iragan astean, eta nazioarteko erreferente diren hainbat akademikok, erakundek eta soziopolitikarik parte hartu zuten. Adituek Europan subiranotasun lurralde-gatazkak konpontzeko estandarrak finkatzearen alde egin zuten, eta, horretarako, auzi horiek onbideratzeko kode baten oinarriak aurkeztu zituzten.

Dokumentu horren osaketan parte hartu du Donattella Della Porta (Catania, Italia, 1956) Florentziako Goi Eskola Normaleko Mugimendu Sozialen Ikerketarako Zentroko zuzendariak; soziologoa, politologoa eta mugimendu sozialetan aditua da.

Lurralde-subiranotasun gatazkak onbideratzeko kode baten oinarriak aurkeztu zenituzten. Pozik zaude emaitzarekin?

Bai. Geroz eta gatazka gehiago daude lurralde mailan, eta jardunbide kode bat proposatzeak oinarrizko balio bat du era horretako gatazkak eragozteko.

Hitzordua oso ongi antolatu zuten; izan ere, pandemia garaira egokitu behar izan genuen, baina, halere, bideo eta aurkezpen bitartez egin ahal izan genuen. Eztabaidak ere izan genituen; besteak beste, jardunbide kode bat izatearen garrantziaz eta beharraz. Niretzat lehen pauso bat da, oraingoz diziplina askotako adituen artekoa delako; halere, pauso garrantzitsu bat da.

Zer da lurralde-subiranotasun gatazka bat?

Nik proposatu nuen subiranotasunari buruzko lurralde gatazka oso kategoria handia dela, beste mota askotako gatazkek elkarri eragiten diotelako. Subiranotasun gatazka bat zera da: zentroan eta periferian eragile desberdinen arteko lurralde aldarrikapenak, beren burua definitzeko eskubidearekin.

Subiranotasun gatazka bat da aldarrikapena ez denean soilik eskualde mailakoa, demokrazietan askotan gertatzen den bezala; independentziari buruzkoa denean baizik. Adierazi genuen askotan irtenbidea ez dela beltza eta zuria.

Gatazka gehienen helburua nazio-estatu berriak sortzea da. Askotan iruditzen zaigu nazio-estatua osatuta dagoela nazio baten gainean jartzen den estatu batez. Ikuspegi horrek, ordea, ez du beti errealitatea islatzen; Eskozia nazio gisa aitortuta dago, eta Katalunia nazio gisa onartuta dagoela diote, baina Espainiako Konstituzioa nahiko anbiguoa da autonomiei begira.

Kodean arreta handia jarri duzue ideia honetan: gatazka horiek eskari batzuen adierazpenak direla, eta horiek tresna demokratiko garaikideen bidez bideratu behar direla, betiere giza eskubideak errespetatuta.

Gatazkak, askotan, lotuta daude justizia sozialarekin eta herritarren eskubideekin; hortaz, inportantea da testuinguru demokratikoetan garatzeko aukera ematea.

Subiranotasunaren ideia eta esparru legala nahiko anbiguoak dira, eta hori nahiko zaila da [EB] Europako Batasunean ere, gobernu arteko baliabideen presentziarekin; aldi berean, lurralde kontrolaren berrantolaketa bat dago.

EBk proposatzen du badela aukera subiranotasun mailak gehitzeko nazioz gaindiko mailan, baita nazioz azpikoan ere. Horregatik da garrantzitsua jardunbide egokien kode bat garatzea; horretan, giza eskubideak eta herritarrenak errespetatu behar dira.

Diozuenez, gatazkak murriztu egiten dira eskariak negoziazioen bidez bideratzen badira.

Independentzia aldarrikatzen zuten eskualdeetako talde etnikoen eta nazionalisten arteko gatazkaz beteta egon da Europa; batzuetan, autonomia eskatzen hasi, eta gero eskariak independentziari buruzkoak bilakatu dira.

Jugoslaviaren kasua dago. Ikasi dezakeguna da halako gatazkak oso muturrekoak bilakatzen direla, eta, hortaz, oso garrantzitsua dela baliabideak eskaintzea, akordioak lortzeko eta modu demokratikoak garatzeko; azken finean, gatazka hori era baketsuan konpontzeko. Noski, erreferendum bat egingo dela esanda ez da dena konpontzen; izan ere, bozkatzeko eskubidea nork duen, eta zenbateraino dauden lurralde subiranotasunaren auziak legezko prozeduretan txertatuta, horren ingurukoak dira arazoetako asko.

Badira desberdintasunak Eskoziako kasuaren eta Kataluniakoaren artean; batean, galdeketa egitea onartu zuten [Erresuma Batuak], eta bestean, ez [Espainiak]. Horrek hauxe erakutsi du: gatazkak gehiago areagotzen dira konponbide demokratikoetarako tresna gutxiago daudenean.

Garrantzitsua da aztertzea zer baliabidek berma dezaketen herritarren onarpena gatazken konponketari begira. Kalitate oneko galdeketak izatea, baita kanpaina eta diskurtso aldetik ere, oso garrantzitsua da; parte hartzearen ikuspuntutik ere bai, noski.

Estatuei eskatzen diezue «ikuspegi irekia» izan dezatela ideia hauen inguruan: konstituzio bat era askotara interpreta daitekeela, subiranotasuna botere bakarra dela, eta, hortaz, estatua zatiezina dela.

Ikuspegi hori falta da estatuen sorrera lurralde berrien batzeez beteriko prozesu bat izan delako; gehienetan, modu biolentoan gertatu da, ez soilik Europan, AEBetan ere bai, esaterako. Lurralde askorentzat, estatuaren sorrera ez da nahikoa izan, eta irtenbide federalistak sustatu behar izan dituzte gutxiengoak babesteko, eta prozesuan beren burua mehatxaturik ez ikusteko. Belgikaren kasua hor dago.

Halere, auzi ireki bat dago: eremu batzuetan ez dutela guztiz babestu estatu baten parte izatea. Justua ez den dominazio baten gisara ikusten da; hortaz, gai hori ere landu beharko litzateke.

Estatu zentralizatu batzuetan, autonomia ematea izan da irtenbidea. Kataluniaren kasuan, PPk adostasun batzuetan atzera egin zuen agintean egon zenean, eta horrek eragin zuen independentismoak gora egitea. Bai norbanakoen mailan, baita alderdi politikoen mailan ere. Adibideok erakusten dute nolako arriskuak dakartzan irtenbideak negoziatzeko baliabideak ixteak, batez ere aldarrikapenak herrialdearen historian sakon sustraituta badaude.

Eredu federala aipatu duzu. Egun subiranotasuna maila askotan uler daiteke, ez soilik maila nazionalean. Hortaz, zenbateraino izan daiteke irtenbide bat gatazka horientzat?

EBren existentzia bera erabakiak lurralde maila ezberdinetan egon daitezkeelako ideian dago oinarrituta. Horrek beti iradokitzen du tentsio asko daudela zentroaren eta periferiaren artean. Iraganean askotan erabili dituzte irtenbide federalistak, baina horrek ez du esan nahi federalismoa beti denik irtenbide egokiena, batzuetan ez baita nahikoa izango.

EBren parte hartzea ere aipatu duzue. Alderik zailenetako bat da, kontuan hartuta orain arte argudio berarekin erantzun duela: lurralde gatazkak estatu kideen barne arazoak direla.

Uste dut EBren erabakia funtsik gabekoa dela, jada aitortu dituelako periferian edo Jugoslaviaren eta Sobietar Batasunaren parte izan diren estatuen eskubideak, baita horien independentzia nahiak ere. Nazioarteko Harremanetako argudio zahar bat da, eta hori erabiltzea, funtsik gabea.

Hauek arazo demokratikoak dira, eta EBk aitorpen txiki bat jasoko du horiei aurre egiteko modu demokratikoak aurkitzen baditu, batez ere Erresuma Batuaren egungo egoeran. Eskozia agian independente bilakatuko da, eta Irlandaren [batasunaren] auzia ere badago. Horrek frogatzen du EBk ezin duela esan ez dela bere arazo bat. Estrategia sendo bat behar du talde komunitarioaren barruko eta kanpoko subiranotasun gatazkei begira.

EBk askotan dio Kataluniaren edo Eskoziaren eskubideak aitortuz gero antzeko prozesuak hasiko direla. Nire irudipena da ez dela halakorik gertatuko, historian oso sustraituta dauden aldarrikapenak behar direlako independentzia eskatzeko; agian euskal kasua berriz irekiko litzateke.

Alde horretatik, EBrentzat Eskoziaren kasua da esanguratsuena, independentismoaren aldeko babesa handitu baita, besteak beste, talde komunitarioaren parte izan nahi dutelako. Hori albiste ona da Bruselarentzat, eta, halere, ez du bide orririk.

Bai, hori esan nahi nuen aurreko erantzunean. Erresuma Batuak 2014an erabili zuen argudioa zera izan zen: independenteak izanez gero estatu kide izateari utziko ziotela. Kataluniari ere erreferentzia eginez, mota honetako mugimenduek ez diote Batasunetik atera nahi dutenik; hortaz, hori beste argudio garrantzitsu bat da, eta EB konbentzitu beharko luke jardunbide onen kode bat izateko.

Independente bilakatu nahi duen nazio batentzat, zer elementuk bilakatuko lukete prozesua zilegi nazioarteari begira?

Negoziatzeko baliabideak behar dira, eta galdeketetarako arau onak. Arreta jarri nahiko nuke horietan, parte hartzea beharrezkoa dela; askotan, ideia hori dago zentroa eta periferia blokeatu beharrarena, baina, egiazki, ikusi dudana da zentroan eta periferian zatiketak daudela auzi horiei aurre egiteko moduaren inguruan, eta independentziak zenbateko babesa izango duen.

Eztabaidaren irekiera fasea garrantzitsua da aztertzeko aldeek nola onartuko dituzten irtenbideak. Zilegitasuna arau batzuei jarraituz eta parte hartzen duten aldeen pertzepzioetatik lortzen da.

Quebecen kasuak erakutsi du tresnak eta baliabideak izanda ere talkak egon daitezkeela. Kasurako, Argitasun Legea eta 99. Legea; biak legezkoak dira, baina liskarrak izan ditzakete hirugarren galdeketa antolatzeko prozesua abiatuz gero.

Ez da nahikoa, eta badakigu gatazka batzuek luze dirautela eta, hortaz, pauso gehiago behar direla negoziazioetan. Quebecen egoera tentsiozkoa da, baina ez da Jugoslavia ohiaren modukoa. Prozeduretan ados jartzeak ez ditu arazo guztiak konpontzen, baina irtenbide batera bidera dezakete.

Italiakoa zara. Zuenean, estatuak ba al du tresnarik halako eskariak bideratzeko? Sardiniaren, Hego Tirolen eta Padaniaren kasuak dituzue.

Hego Tirolen izan genituen prozesuak. Frantziarekin batera Aostako haranaren mugak ere aitortu ziren, eta bi probintziek eskumenak jaso zituzten. Gatazka baretzea eragin zuen, indarkeria politiko handikoa izan baitzen.

Padaniaren kasua desberdina da. Lurralde gatazkak ez du historikoki sustraituriko erreferentziarik, eta ez dute hizkuntza propiorik, dialektoak erabiltzen dituzte; Veneto, Lombardia eta Liguria oso desberdinak dira. Irtenbidea ia automatikoki garatu zen, Lega Nord alderdiak ez baitu Padaniaren independentzia nahi, eta nazio mailako alderdi bilakatu da [Lega deitzen da orain].

Sardiniak, berriz, autonomia estatus bat du. Eskualde gatazka bat da, gora eta behera doana; Sardiniako herritarrek lotura handia dute Sardiniako identitatearekin, baina ez dago independentziaren aldeko mugimendu zabalik.

Konferentzian esan zenuen kodea ez dela soilik lurralde gatazketarako, edozein gatazka demokratikorako ere balio duela.

Soziologiatik nator, mugimendu sozialak eta ohikoak ez diren gatazka motak aztertzen dituena, eta mintzaldian esan nuen gatazka desberdinek bata bestearen gainean jartzeko joera dutela.

Independentziaren auziak, justizia sozialak eta erabakiak era demokratikoan hartzeak elkarri eragiten diote; geroz eta lurralde auzi gehiago ikusteak arrazoi bat du: krisi desberdin askok jo dituztela herritarrak. Hori garrantzitsua da pandemia garaian, bai baita joera bat erabakiak zentralizatzeko, lehen bezain gardenak ez izateko eta gobernuak botere handiagoa izateko.

Gatazkak, per se, ez dira negatiboak: elkartasuna eta pertsonen arteko harremanak sortzen dituzte, baina garrantzitsua da adierazpen baliabideak izatea errepresioa eta zapalketa eragozteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.