Litioa edo «meatzaritza jasangarriaren» gezurra

Litioa ustiatzeak aspalditik pizten die egonezin handia Argentinako herritarrei, eragina duelako ingurumenean eta bizi baldintzetan. Antolakunde sozialak kezkatuta daude, gainera, inguratuta sentitzen direlako, eta eskubideen urraketak salatzera ausartzen direnei jazarri egiten zaizkielako.

Herritar talde bat Catamarcako Fiambala herrian (Argentina), litioaren ikerketari buruzko hitzaldi batean. CECILIA VALDEZ.
Cecilia Valdez
Buenos Aires
2023ko urtarrilaren 14a
00:00
Entzun
Urteak dira litioa ustiatzeak ezinegon izugarria pizten diela Argentinako herritarrei, ingurumenean eta bizi baldintzetan duen eraginagatik. Duela egun batzuk, hetsi egin dute Txinako Liex Zijin enpresak Catamarcan duen lantegia, eta horrek kezkatuta dauzka zenbait antolakunde sozial. Antolakunde horiek, hain zuzen, salatu dute litioa ustiatzeak kalteak sortzen dituela bai ingurumenean eta bai bertzelako arloetan, horren ondorioz eskubide urraketak gertatzen direla, eta mintzatzera ausartzen diren aldi oro jazarri egiten zaizkiela.

Europak proposatutako trantsizio energetikoak, zeina premiazkoagoa bihurtu baita Ukrainako gerraren eta hark piztutako energia krisiaren ondorioz, eragin nabarmena du Hegoalde globaleko herrialdeetan, eta, gainera, presio handiagoa ezartzen die trantsizio hori bermatzeko baliabide gehien duten lurraldeei. Litioa funtsezko elementua da mix energetikoa eraldatzeko, hau da, elektrizitatea sortzeko modua ematen duten baliabideen multzoa aldatzeko, eta erakargarri zaie hala enpresariei nola gobernuei, etekina atera nahi baitute hura ustiatuz; alabaina, hamaika antolakunde agertu dira mineral hori ustiatzearen aurka, argudiatuta ondorio izugarriak dituela ingurumenean eta gizartean.

Txilek, Argentinak eta Boliviak munduko litio erreserbarik handienetako batzuk dituzte; mineral hori bateriak egiteko erabiltzen da, eta, hala, modua ematen du egunerokoan baliatzen diren gailu elektronikoak martxan paratzeko; are, badirudi merkatu handiago bat hornitzeko ere balioko duela: auto elektrikoetako bateriena, preseski.

Apirilean, AEBetako auto elektrikoen arloko aitzindari Elon Muskek jakinarazi zuen bere enpresak urteko lehenbiziko hiruhilekoan muntatutako autoen ia erdiek litio ferrofosfatozko bateriak zituztela. Nahiz eta AEBak eta Europa izan horiek kontsumitzen dituzten merkatu nagusiak, ekoizpen ia guzia Txinako enpresen esku da oraindik ere.

2021eko abenduan, AEBetako Lilac Solutions konpainia litioaren negozioan sartu zen, Bill Gatesek bultzaturik; izan ere, 20 milioi dolarreko inbertsio prozesu batean, Gatesek egin zuen ekarpenik handiena, bere funtsetako bi baliatuta: Breakthrough Energy Ventures eta MITeko The Venture. Lilac Solutionsen arabera, datozen urteetan 30 aldiz handiagoa bilakatuko da litioaren merkatua mundu zabalean. Hala ere, litioa erauzteko ohiko prozesua mantsoa eta garestia da, eta inolaz ere ez ekologikoa, lurpeko ur gazi anitz ponpatu eta tratatu behar baita. Lilac Solutionsek Oaklanden du egoitza, Kalifornian, eta, Kachi izeneko proiektu baten barrenean, litio gatzunaren ekoizpena bultzatzen ari da; proiektu hori gauzatzeko, 74.000 hektareako eremu bat erabiltzen ari dira Catamarcan.

AEBetako FMC Corporation multinazionala egun Livent Corporation du izena 90eko urteetan ezarri zen Catamarcan, eta, Salar del Hombre Muerto gatz lautadan abiatu zuen Fenix proiektuaren bitartez, aitzindaria izan zen litio gatzak ustiatzen. FMCk beretu berria zuen sektoreko enpresarik garrantzitsuenetako bat, Lithco (Lithium Corporation of America). Konpainia horri zenbait salaketa paratuak zizkioten jada AEBetan, ingurumenari kalte egiteagatik, eta horrexen ondorioz hasia zen Hegoaldera begira. Nahiz eta ez zitzaion erraza egin, Lithcok Hego Amerikan sartzea lortu zuen 1990eko hamarkadaren hasieran, eta lehenbiziko bilaketak abiatu zituen.

Bertzalde, Aduanen Zuzendaritza Nagusiak uztailean salatu zuen Liventek iruzur egin zuela, eta, litio karbonatoa esportatzean, merkantziaren parte bat ez zuela deklaratu. Ikerketak frogatu zuen meatzaritza enpresa horrek zortzi milioi dolarren esportazio zergak utzi zituela ordaindu gabe (7,5 milioi euro), eta 6.700 milioi peso argentinarreko isuna ezarri zion horregatik (36 milioi euro).

Ingurumen inpaktua

2016an, Lithcok ingurumen inpaktuaren inguruko txosten bat aurkeztu zuen Fenix proiektuaren barreneko ustiaketa zabaltzeko, ur kantitate handiak behar baitzituen horretarako, eta Los Patos ibaiaren azpiarro bateko akuifero batetik atera gogo zituen. Komunitate indigenak eta inguruko bertze herritarrak litio meatzaritzaren kontra daude, ingurumenean eta gizartean kalteak eragiten dituelako eta urratu egiten dituelako Argentinako legeetan eta nazioarteko hitzarmenetan indigenei aitortzen zaizkien giza eskubideak.

«Catamarcan, eta Argentinan, meatzeak gatz lautadetan ditugu, arroen behereneko parteetan; han, milioika urtean egindako euria lurrundu, eta muino guzietako mineralak leku berean pilatzen dira», azaldu du Evelyn Vallejos ingurumen kudeatzaile eta Pucara elkarteko kideak. Gatz lautadetan, mineral ugari daude, anitz ustiatzen den bat tartean, litioa. «Orain, Livent enpresak orduko 800.000 litro gatzun ateratzen ditu, ponpak erabiliz; gero, biltegi handi batzuetara eraman, eta ur geza nahasten diote, orduko 380 litro, hain zuzen. Hala, pH-a behin eta berriz aldatzen diote gatzun horri, lurruntze prozesua eta mineralen bereizketa azkartzeko; prozesu ebaporitiko deitzen zaio horri. Zenbait hilabeteren buruan, gai kimiko batzuk gehitzen dizkiote, interesatzen ez zaiena baztertzeko, eta hondakinak gatz lautadan bertan botatzen dituzte azkenean, handik hurbil dagoen goi ordokietako aintzira batean. Euri anitz egiten duen sasoietan, aintzira naturaleko ura eta aintzira artifizialeko ur kutsatua nahasi egiten dira, eta horrek kalte handia eragiten dio ingurumenari. Kalkulatzen da 820.000 litro efluente kimiko arriskutsu sortzen direla orduko».

Vallejosek deskribatu duen prozesu horren ondorioz, ibai bat agortua da jada, Trapiche ibaia. Gaur-gaurkoz, hauxe da gatazka nagusia: ibai horretan ez denez urik, enpresak ubide bat eraiki du Los Patos ibaian, eta, beraz, uste da hura ere agortuko dela azkenean. «Lurrundutako ura ez da inoiz berreskuratzen. Lehen kalkuluen arabera, ekoizten den litio karbonato tona bakoitzeko bi milioi litro ur lurruntzen dira; eta botatzen den ur kutsatua gehitu behar zaio horri: 820.000 litro, hain justu. Punako ekosistema hagitz idorra da, eta urteak eta urteak behar izan dira han ura pilatzeko».

Enpresek inongo mugarik gabe ponpatzen dute ura, eta arroak agortzen dituzte. Trapiche ibaiaren ibarra, hau da, haren inguruko gune berdea idortua da, eta, berez, ezinbertzekoa da Punako animaliak bazkatu daitezen. Nolabait, urari eta biziari eusten dion belaki moduko bat da. «Inguruko ibai guzien emaria txikitzen ari da; izan ere, denak arro erraldoi beraren parte dira, eta enpresa ura ponpatzen ari da etengabe. Trapiche ibaia agortzen hasi zelarik, enpresak erabaki zuen ura Los Patos ibaitik ateratzen hastea: Trapichetik 32 kilometrora dago, eta handik ateratzen da Catamarcako punarako ur gehiena».

1994. urtean, Argentinako Konstituzioan txertatu zen komunitate indigenen eta haien lurraldeen aitortza. Kasu honetan, aitzinetik kontsultatuak izateko eskubidea urratu diete horren arabera, halako proiektuei buruz galdetu beharra diete indigenei, ziurtatuta ez zaiela presiorik egin eta behar bezala informatuak daudela auziaren inguruan. «Legearen arabera, inguru horietan bizi direnei informazioa helarazi behar zaie, eta parte hartzeko mekanismoak eman, baina haien iritzia ez da bete beharrekoa», argudiatu du Veronica Gostissa abokatu eta zigor eta ingurumen zuzenbidean adituak. «Komunitate indigenen iritzia, aldiz, bete beharrekoa da. Antofagastari eta Livent meatzaritza enpresari dagokien kasuan, informazioa jasotzeko eskubidea urratu zen: informazio eskubidea errespetatu gabe eta aitzinetik kontsultatu gabe onartu ziren proiektuak».

Gatazka horri erantzuteko, inguruko herritarrek eta herri indigenek antolatzea eta erresistentziari ekitea erabaki dute. Pucara elkarteak (Erresistentziaren eta Autodeterminazioaren Aldeko Catamarcako Herriak) Catamarkako zenbait ingurumen eta gizarte batzar biltzen ditu.

Antolatu dituzten sareen bitartez, hiriburuan bizi direnek txostenak eskatzen ahal dituzte, eta horien jarraipena egin Meatzaritza Ministerioan, Antofagastako bizilagunek ezin baitute halakorik egin, hiriburua urrun dutenez gero. «Catamarcan ez da erraza batetik bertzera mugitzea, eta horrek anitz zailtzen du gisa honetako proiektuei buru egiteko antolatzea».

Manuel Fontenla Filosofian lizentziaduna eta Ibarra Mugimenduan taldeko kidea da, eta, haren aburuz, Antofagastako herritarrek eta komunitate indigenek ez dute zapalkuntza bera jasaten antolatzeko orduan. Herritarrei dagokienez, udal gobernuarekin duten loturak baldintzatzen du parte hartzea nagusiki, udal gobernuak presentzia handia duelako, herritar anitz baitaude haren mende ekonomikoki. «Ez da gauza bera herritarrak beren artean elkartzea, inongo ikusgaitasunik gabe solas egitea, etxe batean elkartzea, ekintzaren bat egitea... edo ekintza publikoren bat egitea (eztabaida irekiak, protestak...). Ekintza publikoetan, parte hartzea anitz apaltzen da, ez parte hartzaileak falta direlako, baizik eta herritarrak berehala identifikatu eta pertsekutatzen dituztelako».

Komunitate indigenetan gauza bera gertatzen da, baina enpresak daude udal gobernuaren tokian. «Komunitate indigena bateko kide batek ospitalera joan nahi badu, enpresaren garraioa erabili behar du; animalia batekin arazoak baldin baditu, enpresak baizik ezin dio lagundu. Egunerokoan, hagitz baldintzatuak daude materialki, eta horrek ere anitz zailtzen die jendaurrean meatzaritzaren kontra egitea».

Meatzaritza «jasangarria»

Conicet Ikerketa Zientifiko eta Teknologikoen Argentinako Kontseiluko eta Buenos Airesko Unibertsitateko ikertzaile talde batek komunikatu bat zabaldu du, eta megameatzaritza defendatzen dutenen argumentuak gezurtatu. Zehazten dutenez, meatzaritza tradizionala ez bezala, megameatzaritza debekatua da hamaika herrialdetan; bertzeak bertze, zianuroa, merkurioa eta azido sulfurikoa erabiltzeak «kalte itzulezinak» eragiten dituelako gizartean eta ingurumenean.

Txostenean aipatzen da megameatzaritzak ingurumena hondatzea dakarrela, baina ez hori bakarrik: zehazten da megameatzaritzak lanpostu arrunt guti sorrarazten dituela milioi bat dolarreko inbertsio bakoitzeko, lanpostu bakarra baita tokiko bertze zenbait jarduerari kalte egiten diela ere, hala nola nekazaritzari, abeltzaintzari eta turismoari. «Diskurtso nagusiaren arabera, Catamarcak ez du bertze irtenbiderik, meatzaritza baino ez, eskualdeetako ekonomia ere desagerrarazi baitute. Ez dago jasangarritasunaren inguruko diskurtsorik, salbuespenezko diskurtso bat baizik: meatzaritza edo deus ez», nabarmendu du Fontenlak.

«90eko urteetan, meatzaritza sektoreko multinazionalak hizkera komun bat sortzen hasi ziren, milioiak gastatuta, gizartearen eta ingurumenaren aldeko diskurtsoei buru egin ahal izateko», azpimarratu du. «Elkarrizketaren filosofia delako bat eratu zuten, baina ez garapen jasangarria erdiesteko, baizik eta meatzaritzaren garapena eta jasangarritasunaren eta erantzukizunaren inguruko diskurtsoak bateragarri bihurtzeko, klima larrialdiarekin loturiko diskurtsoak goiti-beheiti».

Beraz, enpresek sinetsarazi nahi dute beren interes korporatiboa funtsezkoa dela denen garapenerako, eta enpresek irabazteak, natura kapitalizatzeak, giza garapena dakarrela. Fontenlarentzat, diskurtso aldaketa horretaz ohartzea funtsezkoa da ulertzeko enpresek nola segitzen duten estraktibismoaren bidea jorratzen eta jasangarritasunaren inguruko diskurtsoak defendatzen, argi azpimarratzen denean ezinbertzekoa dela natura ustiatzeari uztea eta Lurraren mugak urrunago ez eramatea, egoera ez dadin konponezina izan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.