Kataluniako prozesu subiranista. Diada. Josep Huguet. ERCko diputatu eta kontseilari ohia

«Ez gara gai izan gertatu zenaren diagnostikoa adosteko»

ERCko militantearen ustez, Katalunian badute desobedientzia zibiletik abiatutako mobilizazio gaitasuna, baina «oso gutxi» landu da. «Aniztasun taktikoa behar dugu, marko estrategiko zabalago baterako».

CARME PORTA.
Carme Porta.
Bartzelona
2019ko irailaren 8a
00:00
Entzun
Josep Huguet (Manresa, Katalunia, 1951) Kataluniako Parlamentuko diputatua izan zen 1995 eta 2003 artean. Pasqual Maragallen gobernuan Merkataritza, Turismo eta Kontsumo kontseilaria aurrena, Jose Montillarenean Berrikuntza, Unibertsitate eta Enpresa kontseilari gero. ERCko militantea da 1989tik. Alderdiko estratega nabarmenenetakoa da; gaur egun erretiroa hartuta dago, baina politikari zuzenean erreparatzen dio: «Independentziaren alde bateraezinak ez diren hiru plataforma posibleetako oinarrizko militante erretiratua naiz».

Uda honetan ika-mika gogorra izan duzu ANC Kataluniako Biltzar Nazionalarekin, Diadaren antolaketagatik eta independentziaren aldeko batzuek, ERCk bereziki, jasotzen duzuen tratuagatik.

Gertaerak bata bestearen atzetik pilatu ziren, eta zenbaiten ezinegona erakusten dute. ANCko kidea izan naiz, eta oraindik ere banaiz. Baita ika-mikaren ondoren ere. Akatsa da alderdiak agertoki nagusitik kanpo uztea. ANCk azaldu zuen modua ere, ziurrenik, urriaren 1eko garaipen partzialaren eta geroko porrot ziurraren ondorioa da. Ez dago ekintza lerro argirik. Badago arrazoibide ezkutu bat, populismotik gertu: herriari buruz eta herriaren izenean hitz egiten dute etengabe, eta alderdi politikoak, guztiak, jotzen dituzte independentzia indarrean jarri ez izanaren errudun. Akats larri batekin hasi zen; onartu ez duten akats larria: udal hauteskundeetan primarioak onartzea, balizko zinegotzi independentistak kenduz eta independentziaren aldekook botoak galduz. Eta egoera iritsi da gauzak azaltzeko modu honetara, ANCren zuzendaritzaren zati baten noraez populista elikatzen duena. Diskurtso sutsua da, baina ez praktikoa. Nik planteatu nuen eztabaida manifestazioaren aurreko giroari buruzkoa zen. Dimentsio berririk ezean, gogoeta egitea planteatu nuen. Joango naiz, jakina; elkarrekin indartu behar dugu.

Baina ANCren planteamenduak jende askoren babesa du; hala pentsatzen du jende askok.

Agian, baina jendea iraindu dute, eta horrek ez du batere laguntzen. Ika-mika lagungarria izan da: ez geneukan kontakizun bateraturik! Eztabaidan, alde batetik, azeleragailua hainbeste zapaltzeari utzi zaio eta, bestetik, nolabaiteko bat egitea egon da eta suhartasuna berreskuratu da. Hala erakusten dute azken asteetako zenbait aurrerapenek. Gainera, hilabete barru sententzia basatiak jasoko ditugu, eta, beraz, beharrezkoa da estrategia bateratzea eta liskarrak baztertzea. Kontua ez da arratsaldeko mobilizazioa bakarrik, baita Omnium Culturalen ekitaldiak ere. Herritarren %80rentzat dira, errepresioaren kontra daudenentzat, galdeketa egin dadin autodeterminazio eskubidearen alde daudenentzat... Beraz, ez bakarrik independentziaren alde bozkatzen dutenentzat, baita Podemosen hautesle gehienentzat eta PSCren zenbait hauteslerentzat ere.

Errepresioak egin al du bere lana?

Errepresioa ez da doan. Estatuak esan zuen mugimendua burugabetu nahi zuela, eta hala egin du: alderdi guztien eta gizarte mugimenduen lider nabarmenenak espetxean edo erbestean daude. Errepresioak ordainarazi egiten du, erreleboa antolatzea konplexua baita. Inork ez du planteatzen orain buruzagiak ordezkatzea, baina ikusiko dugu zer gertatuko den hau guztia luzatzen baldin bada, Euskal Herrian gertatu zen moduan. Egoera luzatzen bada, alderdi politikoek eta gizarte mugimenduek, amnistiaren aldeko eskaerari eta babesari eutsita ere, planteatu beharko dute zuzendaritza berri bat jartzea, agintea izango duena, eskuak libre izango dituena, espetxeen edo erbestearen mende egongo ez dena; bestela, egoera baldintzatzen ari baitzara, eta izan ditugu horren adibideak frankismo garaian.

Urteotako estrategiaren analisi kritikoa egin behar al da?

Ez gara gai izan gertatu zenaren diagnostikoa adosteko. Bi jarrera izan dira aurrez aurre. Ez dugu aztertu zer atera zen gaizki, ez akatsaren ikuspuntutik, ikasteko baizik. Espainiako Estatuaren indarra noraino iristen zen, noraino iritsi zen Europako babesa... eta, ikasi eta gero, estrategiari heldu berriro. Urriaren 1ekoa garaipen partziala izan zen, baina geroko zartakoa izugarria. Hala erakusten du 155.a irentsi egin genuela soilik greba orokor batekin erantzunez. Generalitateak berak herritarrak ez zituen deitu ez obeditzera, nahiago izan zuen aparatua funtzionarazi, herritarrek sufritu ez zezaten. Hala jokatu behar zen, ez baitzegoen mentalitate kolektiborik. Quebeceko edo Eskoziako ereduetan oinarritutako proposamen bat egin genuen, legetik legera, estatutik estatura, baina ez genuen baloratu ez genuela indar hertsagarririk. Denbora gehiegi pasatu dugu erreakzionatzerako.

Hainbat proposamen daude mahai gainean. Zein norabidetan egin behar du aurrera Kataluniako independentzia mugimenduak?

Aniztasun taktikoa behar dugu, marko estrategiko zabalago baterako. Ildo horretan, Tsunami Demokratikoaren egitasmoa azaldu da. Zeharkako mobilizazioa izango da. Oso gutxi landu da desobedientzia zibiletik edota bortizkeriarik ezatik abiatuta daukagun mobilizazio gaitasuna. Estatua Kataluniaren kontra egiten ari den ekintza guztiak herritar xumeak kaltetzen ari da, Espainiaren aldekoak izan edo ez, eta borroka guztiak batu behar ditugu, jarraikitasunez eta pazientziaz. Ikuspegi historikoa izan behar dugu: duela urte batzuk oso gutxi ginen eta indar instituzional gutxi geneukan. Espainiak arazoak jarriko dizkio Europako Batasunari, Europako agintaritzari, erakunde demokratiko gisa. Amnistia eta sententziak ez dira izango independentismoaren kontrako sententziak, independentismoaren aitzakian emandako sententziak baizik. Korronte interesgarria dago hor: katalanen %80k bat egiten dugu korronte horrekin. Desobedientzia zibila behar da atzerakada demokratikoaren kontra eta askatasunen alde. Herritarren sareak sortu behar dira. Badugu eskarmentua Ghandirekin, Mandelarekin eta baita Kataluniako Asanblearekin berarekin ere, 1970eko hamarkadan. Estrategiak oinarritu behar du konpromiso ez-bortitzaren aukeretan, elkartasunean eta estatuaren ahulguneen azterketan. Espainiako monarkiak, esaterako, %8ko babesa du soilik, eta erregimenaren oinarrizko erakundea da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.