Berlingo harresia ez da guztiz erori

Atzo 30 urte bete ziren ekialdeko eta mendebaldeko Berlin zatitzen zituen harresia bota zutenetik. Alemaniako bateratze prozesuak, ordea, oraindik ez du lortu bi aldeak behar bezala bateratzea. Eskuin muturra nabarmen hazi da ekialdean.

Berlingo harresia ez da guztiz erori.
Paulo Ostolaza.
2019ko azaroaren 10a
00:00
Entzun
Historia garaikidean mugarri izan zen 1989ko azaroaren 9a, izan zituen berehalako ondorioengatik ez ezik, Gerra Hotzaren amaieraren sinbolo bilakatu zelako. Egun hartan erori zen mendebaldeko eta ekialdeko Berlin banatzen zituen harresia. Ekialdeko AED Alemaniako Errepublika Demokratikoaren eta mendebaldeko AEF Alemaniako Errepublika Federalaren zatiketa amaitu, eta hilabete gutxi iraun zuen bateratze prozesu bati esker jaio zen gaur egungo Alemania, 80 milioi biztanleko potentzia ekonomikoa. Oraindik ez da behar bezala itxi, ordea, Gerra Hotzak eragindako zatiketak iraun zuen 41 urteek egindako zauria. Nabarmenak dira oraindik ekialdeko eta mendebaldeko Alemaniaren arteko ezberdintasunek.

Hala uste du ekialdeko biztanleriaren zati batek behintzat: heren batek baino gehiagok diote «bigarren mailako herritar» sentitzen direla. Allensbacheko Institutuaren datuak dira. Ostegunean YouGov Institutuak argitaratutako beste ikerketa batek dioenez, berriz, ekialdeko herritarren %34k uste dute gaur egun oraindik ere berdintasunak baino gehiago direla ezberdintasunak ekialdeko eta mendebaldeko alemaniarren artean.

Lehengo mugaren bi aldeetako alemaniarrek ezberdin pentsatzen, sentitzen eta bozkatzen dute, eta bat baino gehiago dira hori erakusten duten arrazoiak. Botoaren aldagaia da erakusgarririk fidagarriena. Ekialdean, indartsuak dira AFD Alemaniarentzako Alternatiba eskuin muturreko alderdia eta Die Linke ezkertiarra, Alemaniako Errepublika Demokratikoko Alderdi Sozialista Batua zena kidetzat duen koalizioa. Nolabait esateko, indartsuagoak dira «muturreko» iritziak. Mendebaldean bigarren indarra den Alderdi Sozialdemokrata laugarren indarra da ekialdean.

Ekonomiak ere badu zeresana ondo itxi gabeko zaurian. Lehen sektorea garrantzitsua da oraindik ere ekialdean, mendebaldean ez bezala. Urteko soldata, batez beste, ia 10.000 euro altuagoa da lehengo AEFn; ekialdean arazo larria izan da langabezia azken urteetan. Ez dira gutxi mendebaldeko estatuetara joan direnak bizi kalitate hobeagoaren bila: 1,9 milioi pertsona baino gehiago 1989tik. Horietako asko gazteak eta ikasketadunak, industria enpresa handietan lan egitera alde egindakoak.

Petra Kopping Saxoniako sozialdemokraten liderra da. Financial Times egunkariari aurtengo abuztuan esan zionez, «mendebaldeko alemaniarrek ez dituzte ulertzen ekialdekoen arazoak », eta «handia» da estatuak haiekiko duen utzikeria sentimendua. 1990eko hamarkadan egin zen trantsizio prozesuak zerikusia du horretan. Sobietar Batasunaren amaierarekin batera, indargabetu egin zen AEDren kontrola zuen elitea; une hartan, haien esku zeuden administrazioa, armada, industria eta unibertsitateak, besteak beste. Postu horiek mendebaldeko pertsonen esku geratu ziren, eta, hein handi batean, hala da oraindik ere: Leipzigeko Unibertsitatearen arabera, goi kargu bat duten bostetik bat soilik da hangoa Alemania ekialdean. Egoera are eta nabarmenagoa da Alemania osoa kontuan hartuz gero: politikako, negozioetako eta armadako goi karguak aztertuta, postu horiek dituztenen %1,7 soilik dira Alemania ekialdekoak. Biztanleriaren %17 dira.

Haserrea bideratzea

Egunkari berari eginiko adierazpenetan, Mathias Hohn Die Linke alderdiko kideak —alemanez, Ezkerra—, herritarrak amorrarazten dituen beste aldagai bat aipatu zuen. Haren arabera, estatua guztiaz arduratzen zen lurralde batean hainbat zerbitzu publiko kendu izanak estatuaren «utzikeria» sentipena sortu zuen. Orain, Die Linkek hainbat urtez hauspotutako ideia hori bera izan da eskuin muturrak lehengo Ekialdeko Alemanian indar hartzeko erabili duen argudio nagusietako bat.

Allensbacheko Institutuaren arabera, ekialdeko biztanleen %31k soilik uste dute egun Alemanian dutena bezalako demokrazia bat dela gobernu sistemarik onena; mendebaldean, %72k uste dute baietz. 2013an, AFD alderdi euroeszeptikoa sortu zuten, eta 2015eko errefuxiatuen krisiak politikako lehen lerrora eraman zituen. Alemaniako azken hauteskunde federaletan hirugarren indarra izan ziren —2017an—, eta ekialdean dira bereziki indartsuak. 2015ean eta 2016an, milioi bat errefuxiatu baino gehiago jaso zituen Alemaniak, eta eskuin muturrak mezu argi bat zabaldu zuen ekialdean: «Errefuxiatuentzat badago dirua, eta guretzat, zer? Lehenik integratu gaitzazue gu!». Paradoxikoki, ekialdekoak dira biztanleko atzerritar gutxien dituzten Alemaniako estatuak.

Dresden hirian (Saxonia), eskuin muturrak eragin berezia izan du. Han sortu zen Pegida mugimendua —Mendebaldearen Islamizazioaren Aurkako Abertzale Europarrak—, 2014an, eta oraindik ere ohikoak dira haien mobilizazioak. Azken hauteskundeetan, botoen %27,5 eskuratu zituen AFDk Dresdenen. Egoerari aurre egiteko, udalak «nazien aurkako larrialdi egoera» deklaratu zuen hirian.

Geroz eta ohikoagoa bilakatzen ari da Alemanian eskuin muturrak politikariak mehatxatu eta erasotzea. Cem Ozdemir Alderdi Berdeko lider ohia eta Claudia Roth parlamentuko presidenteordea izan dira azkenak; AEBetan sortutako AWD sare neonaziak mezu elektronikoak bidali dizkie jakinarazteko euren zerrenda beltzean lehen bi postuetan daudela. Talde horrek bost pertsona hil ditu jada. Ez dira kasurik gogorrenak, eta ez dira ekialdean soilik gertatzen. Ekainaren hasieran, eskuin muturrari lotutako gizon batek Walter Luebcke politikari kontserbadorea hil zuen, Hessenen, eta, 2015ean, Henriette Reker Koloniako alkateak beste eraso bat jasan zuen; faxista batek oso larri zauritu zuen, labana batez baliatuta.

Alemanian goi karguak dituzten ekialdeko biztanleen %1,7 horren artean bada bat bereziki garrantzitsua: Angela Merkel kantzilerra. Aste honetan Der Spiegel aldizkarian argitaratutako elkarrizketa batean, ekialdeko herrikideei egin izan zaien aitortza apala kritikatu zuen kantzilerrak: «Iraultza baketsua eta 1989ko azaroaren 9a Alemaniako Errepublika Demokratikoko herritarrek lortu zituzten; haien kemena gehiago aitortu beharko litzateke». Trantsizio prozesua «oso azkarra» izan zela ere aitortu zuen, baita hainbat akats izan zituela ere: «Orokorrean, eskertuko nukeen kuriositate eta interes handiagoa mendebaldeko politikariengandik». Merkel AEDko azken gobernuko bozeramaileorde izan zen, eta, jarraian, 1990ean, Alemania bateratuko Emakumearen eta Gazteriaren ministro izendatu zuen Helmut Kohl kantzilerrak. Wolfgang Schaeuble Alemaniako Parlamentuko presidenteak Merkelen ildo beretik jo zuen RBB irratiari asteazkenean eginiko adierazpenetan: «Alemaniaren bateratze prozesu azkarra oso zaila izan zen AEDko biztanleentzat».

Alemaniako Parlamentuak 1990ean Berlin hiriburu aukeratu izana Bonn hiriaren ordez erabaki politiko bat izan zen, eta eredu deszentralizatu eta federalista baten alde egin zuen. Gaur egun, Berlin berreraikitzen eta hazten ari da oraindik ere; badirudi, ordea, zatiketak eragindako zauria orbaintzeak luze joko duela oraindik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.