Ibaiganeko giltza lortu nahi dute

Athleticeko presidentea aukeratuko dute gaur bazkideek. Hiru hautagai daude: Ricardo Barkala, Iñaki Aretxabaleta eta Jon Uriarte. San Mames izango da bozkalekua

Ainara Arratibel Gascon - Aitor Manterola Garate
2022ko ekainaren 24a
00:00
Entzun

Gaur-biharretan maizter berria izango du Ibaiganek: Ricardo Barkala, Iñaki Aretxabaleta edo Jon Uriarte. Horretarako giltza emango diete gaur boza eskubidea duten 40.257 bazkideek. 09:00etatik 21:00etara izango dute hori egiteko aukera, estreinakoz San Mamesen, eta gauerdian jakingo da nor izango den Athleticeko 33. presidentea. Hamargarren hauteskundeak izango dira.

Ikusi gehiago: Txandala eta trajea

Barkala Bilboko Portu Agintaritzako presidentea da. Hauteskundeetara aurkezteko urratsa egin zuen lehen hautagaia izan zen. Kirol arloan ere lehendabizikoa izan zen kirol zuzendariaren izena plazaratzen. Ramon Planes aukeratu du, eta Ernesto Valverde gizonezkoen lehen taldea zuzentzeko, hirugarrenez. Ainhoa Tirapuk hartuko luke emakumezkoen sailaren ardura, eta Iraia Iturregik segituko luke entrenatzaile. Halaber, irabaziko balu, Jon Moncayola Osasunako erdilariaren etete klausula ordainduko duela esan du: 22 milioi euro.

Barkalak honelako Lezama nahi du: «Futbolaren egungo errealitate berrira egokitzen joan behar du. Ezin da epe motzera begiratu». Garbi esan du zer den: «Gure jatorria, gure bihotza eta gure etorkizuna da».

Lehiari dagokionez, anbizioa du ardatz: «Indartu egin behar dugu irabazteko espiritua maila guztietan». Maila handiko txapelketa guztietan egon behar du Athleticek haren ustez.

Ikusi gehiago:Lezaman dute erronka

Arlo ekonomikoan, klubaren eragina bertako ekonomian islatzea nahi du, eta «Bilbo, Bizkaia eta Euskal Herria markak» esportatu kirol arrakastaren bitartez.

Iñaki Aretxabaletaren kirol eskaintzan Marcelo Bielsa da ardatza. Bigarren aroa beteko luke. Kirol zuzendaritza gobernatzeko Oscar Perarnau hautatu du, Espanyoleko ohia. Emakumezkoen sailerako Joseba Basarrate izendatuko luke idazkari tekniko, eta Joshua Schirmer estatubatuarra litzateke metodologia arduraduna. Iturregik jarraituko luke.

Lezama «nazioarteko lehen mailako prestakuntza erreferentetzat bultzatzea» du xede, «jokalari eta teknikarien harrobi bikaina izan dadin». Bizkaian zazpi teknifikazio zentro jartzeko asmoa ere iragarri du. Arlo ekonomikoan, lau urtean kontuak «orekatu» nahi ditu, eta San Mames eta Lezama erabili nahi ditu diru sarrerak handitzeko.

Uriarteren proposamenak

Uriarte azkena izan zen aurkezten, eta hura da hautagaietan gazteena. Kirol arloan, Carlos Aviña zeukan arduradun gisa, baina iragarri bezain azkar kendu zuen, sare sozialetan mezu matxistak eta homofoboak idatzita izateagatik. Beste bat aurkitu beharko du orain, baina filosofia garbi dauka: «Pertsona bat behar dugu dena bateratzeko: lehen taldeak, Lezama eta abar».

Emakumezkoen futbolaren arduraduna Xabier Arrieta izango da, eta Iturregi entrenatzailea. Arlo ekonomikoan, diru sarrerak handitu nahi ditu negozio berrien bitartez: «Bestela, altxortegia gutxituz joango da».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.