Txandala eta trajea

Marcelo Bielsa eta Ernesto Valverde. Baina biak ezin. Bat ala bestea. Bi entrenatzaile eta bi eredu ia denerako. Honetan bat egiten dutela ematen du: biak dira egokiak orain Athleticeko entrenatzaile izateko.

Jon Uriarte, Ricardo Barkala eta Iñaki Aretxabaleta hautagaiak. MARISOL RAMIREZ.
Aitor Manterola Garate.
2022ko ekainaren 24a
00:00
Entzun

Ezagun zahar bat eseriko da Athleticen aulkian datorren denboraldian. Esertzearena aulkiagatik da, zutik egoten baitira Marcelo Bielsa eta Ernesto Valverde. Argentinakoa, oinez, batera eta bestera area teknikoan; Viandar de la Verakoa (Espainia), sosegatuago. Ezberdin biak horretan. Horretan ere. Bakoitzak bere moldea baitu jokalariak zuzentzeko. Valverderen talaiatik begiratuta, eta ziurrenik munduko ia beste entrenatzaile guztienetik, ezberdintasun hori besteak marrazten du: nor ez da ezberdin Bielsaren aldean? Edo buelta ematen bazaio galderari, baieztapena erantzun: Bielsa da ezberdina.

Ikusi gehiago:Ibaiganeko giltza lortu nahi dute

BIELSA

Ez da hutsala arroparena. Txandala soinean beti. Betiko entrenatzaile baten itxurarekin, trajeak-eta azaldu ziren arte. Eskoletako soinketa irakaslea etor daiteke burura Bielsa ikustean. Ez da alderaketa hutsala eskolarena. Badu loturarik haren gustuko jokatzeko moldearekin: umeek nola, elitean hala. Jolas patioetako futbol hori, sanoa, berezkoa, gardena, bizia, grinatsua. Baloia ahalik eta azkarren berreskuratu aurkariari, ziztu bizian gola sartzen saiatzeko. Bielsari Eroa deitzen zaio, eta haren futbola erotzat definitzen dute batzuek. Umeen erokeriei, biba.

Eroa, bizia eta grinatsua irakurrita, kontrolik eza etortzen da gogora. Are gehiago gaur egungo mundu honetan. Dena kontrolpean ez badago, ez ei da ezer. Bielsari axioma hori gustatzen zaion edo ez berak jakingo du, baina gustuko jokamolde horren atzean oinarri sendoa dago. Analisi zehatza, ondorioak ateratzea, horiek aztertzea eta lantzea; eta, ondo ez badaude, buelta abiapuntura. Zehatza du oso metodologia. Kontrol falta posibletik kontrola aterata dauka. Zehaztasuna helburu. Perfekzioa. Eta futbolean ondo ikasteko ere ezinbestekoa den bereizgarri bat: errepikapena. Jokalariak ondo ikasi behar ditu automatismo guztiak. Zelaian aurkariak arazoren bat jarriz gero, identifikatu eta konponbidea aurkitzeko. Entrenamenduetan, mila bider landu ondoren arazoa eta horren konponbidea.

Bielsari berari ere jarri izan dizkiote parean arazoak. Hobetzeko gasolina behar da. Borondatea izanez gero, behintzat. Ikasten segitzeko gogoa. Badu horretatik ere. Hori adierazi zuen, gutxienez, asteleheneko bideo agerraldian. Eraldatu egin da: lehen, entrenamendu luze eta amaigabeak; orain, berriz, ordubete pasatxokoak. Kritikoei gola: erre egiten omen ditu jokalariak. Nazkatzea ere leporatu izan zaio. Nekatzea ere bai fisikoan. Bada, ez: laneko kargak beste modu batera banatzen ditu orain, berak kontatu duenez. Hortaz, lehengo betiko Athletic hartako Bielsa ez baina beste Bielsa bat letorke orain. Pista bat ona izan daitekeen hori baieztatzeko: azkeneko taldean, Leeds Uniteden, hiru denboraldi eta erdi egin zituen. Aurretik, nekez bi baino gehiago, eta, askotan, sasoi bakarra, edo osoa ere ez.

Futbola ikuskizuna da. Ikuskizuna begietatik sartzen da. Bielsaren taldeak ikusgarriak dira ikusteko. Sortu egin behar, ordea, ikuskizun hori. Hor bada zor bat ikuslearekin eta zalearekin. Zor hori kitatzeko gogoa. Badu hori Bielsak. Eta askoz gehiago. Ziurrenik, lortzen zailena dena: ikuskizuna bihotzetik sartzea. Barruak mugiaraztea haren taldeak jokatzen ikusten. Lortu zuen hori Athleticen. Nola jokatu, nola lehiatu... Talde hura ez dago zaleen buruan. Bihotzean dago. Eta ez Athleticen zaleengan bakarrik.

Osagai horiek guztiak eta beste hainbat oraingo jokalarien suan jarri behar dira. Lapikoa izango da Bielsa, eta haren futbol guztia. Sutan ikusten omen da lapikoa eta heltzea nolakoak diren. Baina alderantziz izango da: lapiko on honek erakutsiko du sua egokia den edo ez. Baiezkoan da Bielsa. Eta garbi bezain garden eta zintzo hitz egiten du. Ez harritu orain ere sukalde guztia ez ezik etxe osoa ere dantzan jartzea, aurreko aldi hartan bezala. Izan ere, erokeriak eginez ederra da bizitza.

VALVERDE

Trajea eta gorbata. Edo trajea. Horra Valverderen itxura partida egunetan. Dotore, batzuentzat. Horrelakoxeak dira bere taldeak ere zelaian. Beren lekuan. Lanean, baina isiltasunean. Valverde Txingurri, eta jokalariak inurri. Armada hori ze aldetara begira jarri asmatzen ere trebea da. Badakiela moldatzen daukan horretara. Adibide ona, Athleticen, bigarren aroan: Aritz Aduriz errematatzaile petoa taldean izanda, baloiak hari jarri behar. Jokoaren konplexutasuna asko mehetzea da, baina balio du adibideak.

Doan lekura doala, bertakoa emateko dohaina ere badauka. Beti leku horretan egon izan balitz bezala. Denean ondo. Arazorik ez, itxuraz. Etxerako modukoa. Jakina, Athleticentzat ere neurriko zapata. Erakutsi egin du horrela dela, gainera. Erabateko konfiantza ematen du. Valverde non, emaitza onak han. Lanean lasai aritzeko gaitasuna ere badu, eta oso garrantzitsua: haren inguruan lasaitasuna sortu eta eustekoa. Badaki zertan ari den. Utzi lasai. Azterketa astebururo izaten du lan horrek, eta ia beti, nota ona.

Daukan horretara moldatzea kamaleonikoa izatea da. Sortzailea, azken batean. Sortu egin behar jokamoldeak, ariketak eta baldintzak esku artean duen jokalari multzoarentzat. Gehiegi zaildu gabe, ematen duenez. Jokalari eta entrenatzaile mitiko batek esana da futbolean jokatzea erraza dela, baina zailena erraz jokatzea dela. Bada, Valverderen taldeak errazak dira. Erraz jokatzen ari diren itxura ematen diote ikusleari. Ez direla behartuta ari. Ez zuen alferrik izan entrenatzaile beste mitiko hura: Johan Cruyff. Zailarena eta errazarena esaldi berean jarri zituena, hain justu.

Jokalariekin tratuan ere, zailetik ihes. Erraza eta gertukoa ematen du. Zarata gutxi, eta leporatzeko ere apenas jokalarien partetik. Jakina, bere ustez jokatu egin behar duena eta jokatzen ez duenaren kopeta beltza eta purrustada izan ezik. Baina hori, Athleticen eta denean. Talde gazte samarra hartuko luke San Mamesen, eta gauzak bere-berean joatea komeni horiei. Su baxuan egin daitezen, baldin eta baden su baxurik dena kiskaltzen duen futbolaren egunerokotasun gartsuan. Nahita piztutako sute horietako suhiltzaile egokia da. Erne, baina. Gazteei eskatu ere egin behar zaie, lo har ez dezaten. Horretan ere trebea da Valverde. Zarata handirik gabe, baina gauzak garbi. Haren agerraldiak entzun besterik ez dago. Isilik esaten ditu gauzak, ahopean, baina esan.

Argazki doitua aterako dio Athletici. Argazkilaria ere bai baita. Unean-unean komeni dena. Ilun samarra behar badu, iluna. Koloretsua behar badu, koloretakoa. Beti batekoaren kontrakoa. Edozein puntu hartuta ere momentuko irudiak, ona seguru. Valverdek Athletici hirugarrenez aterako lizkiokeen argazkiekin erakusketa on bat antolatzeko materiala egongo litzateke, ziur.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.