Karabakh Garaiko hiriburua ebakuatu dute, inguruko erasoen harira

Azerbaijanek Susa hiria konkistatu du; Stepanakertetik hamalau kilometrora dago. Bakuk Errusiarren hegazkin bat bota du, eta bi militar hil ditu

Stepanakerteko eraikin bat, suntsituta; duela bi aste bonbardatu zuten. EPA / EFE.
ander perez zala
2020ko azaroaren 10a
00:00
Entzun

Karabakh Garaiko gerran asteburu garrantzitsua izan da iragan dena. Azerbaijango armadak aurrera jarraitzen du, eta badirudi Armeniakoa ez dela gai bizilagunaren erasoak gelditzeko; Bakuren indarrak eremuan barrena dira, eta Ilham Aliyev presidenteak herenegun adierazi zuen bere herrialdeko tropek Shushi «askatu» zutela; Karabakh Garaiko hiriburutik hamalau kilometrora dago. Erevanek herenegun erantzun zuen ez zela halakorik gertatu, eta borrokek ez dutela etenik izan, baina Karabakh Garaiko agintariek atzo esan zuten hiriaren kontrola galdu zutela. Kasua edozein dela ere, agintari horiek Stepanakert ebakuatzea erabaki zuten.

Karabakh Garaiko aurtengo gerran gertaturikoa kontuan hartuta, Aliyevek adierazitakoak zalantza handiak piztu ditu, Bakuk garaipen asko aldarrikatu baititu horiek gertatu aurretik edo horiek lortu gabe ere. Edonola ere, astebete da Azerbaijango armada Susan dela, eta, Turkiak salduriko armei esker, Armeniakoa gainditzen ari da egunek aurrera egin ahala; hortaz, ez litzateke harritzekoa herri horren konkista laster iristea. Halere, Karabakh Garaiko agintarientzat, zibilen ebakuazioa «behin-behineko neurri bat» da, eta espero dute iparraldera edo Armeniara joan direnak hiriburura laster itzultzea. Horien artean leudeke Stepanakert defendatzen ari ziren tropetako soldadu batzuk.

Ez dago argi oraingoan zenbat zibilek egin duten ihes handik, gerra hastean Stepanakerteko herritarren erdiek baino gehiagok hiriburutik joateko erabakia hartu baitzuten.

Egiazko menia gertu?

Armeniak eta Azerbaijanek gutxienez hiru saialdi egin dituzte su-eten iraunkor bat finkatzeko, baina hiru kasuetan horiek adostu eta biharamunean borrokak ez ziren eten; elkarri egotzi diote meniak urratzea. Testuinguru horretan, Middle East Eye atari digitalak jakinarazitakoa berritasun bat litzateke: bi aldeak su-eten iraunkor bat lortzeko «zorian» leudeke, eta akordio batean jasoko lukete Errusiako eta Turkiako «bake indarrak» Armeniaren kontrolpean dauden eremu batzuetan hedatzea, horiek handik alde egitearen truke.

Moskuk hasieratik proposaturiko plana da, eta Erevanek orain baiezkoa ematearen atzean leudeke Bakuren tropek azken asteotan lorturiko garaipen militarrak. Horri begira, itunak bi korridore sortzea aurreikusiko luke: batek Karabakh Garaia Armeniarekin konektatuko luke, eta besteak Azerbaijanekin. Ikusteko dago horretan eraginik izango duen Bakuk atzo Moskuren hegazkin bat bota izana; bi militar hil ziren.

Iragan irailaren 27an hasi zen bi aldeen arteko gerra, eta, harrezkero, mila eta 5.000 militar artean hil dituzte denera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.