Ilke Bereketli. TPI Turkiako Langileen Alderdiko kidea

«Gobernuak babesik gabe eta abandonaturik utzi du gure jendea»

TPIko nazioarteko harremanen arduraduna da Bereketli, eta oso kritikoa da Turkiako Gobernuaren politikekin. «Errealitatea ezkutatzea» leporatzen dio Erdogan presidenteari, baita «erreskate lanak oztopatzea» ere.

ORSOLA CASAGRANDE.
2023ko otsailaren 26a
00:00
Entzun
Ilke Bereketli TIP Turkiako Langileen Alderdiko nazioarteko harremanen arduraduna da, bai eta otsailaren 6an Siria eta Turkia hego-ekialdea astindu zituen lurrikararen ondoren alderdi horrek eratu duen krisi mahaiaren koordinatzailea ere.

Lana eta Libertatea koalizioaren parte da TIP, HDP kurduen aldeko Herrien Alderdi Demokratikoarekin eta beste talde politiko batzuekin batera, eta, Turkiako hurrengo hauteskundeetan, koalizio horrek indarrak neurtuko ditu gaur egun gobernuan dagoen koalizio islamista-nazionalistarekin, zeina AKP Justiziaren eta Garapenaren Aldeko Alderdiak eta MHP Mugimendu Nazionalistaren Alderdiak osatzen baitute.

Nola dago oraintxe lurraldea? Nola deskribatuko zenuke hondamendiaren norainokoa?

Gauzak, oro har, oso gaizki daude oraindik. Hasieratik, estatuak oso gutxi esku hartu du lurrikara izan den eremuan. Lauzpabost egun igaro diren arte ez ditugu ikusi AFAD babes zibila eta estatuaren beste erakunde batzuk eremu horretan. Lehen hiru egunetan, hau da, halako hondamendietan kritikoena izaten den garaian, estatua ez da hor egon: bertan ez zebilen estatuaren bilaketa eta erreskate talderik batere. Lehen egunetik, nagusiki herriaren elkartasunez egin dira jendea bilatzeko, salbatzeko eta laguntzeko lanak.

Hamar probintziari eragin die lurrikarak, eta 15 milioi lagun inguru bizi dira han. Orain arte, zenbatu dute 50.000 pertsona hil direla. Azpiegitura ugari oso hondatuta geratu dira: errepideak, aireportuak, trenbideak... Nahiko zaila da hara iristea. Gainera, lurrikaratik bizirik irten direnek hotzari ere aurre egin behar diote: zero azpitik 20 gradu ere izan dira.

Zeren beharra duzue?

Kanpadendak falta dira, bizileku gisa egokitutako edukiontziak ere bai, eta baita jan-edanak eta higiene gaiak ere; estatuaren erakundeek ez dute halakorik banatu. Gure jendea bere kabuz ahalegintzen ari da bizirik irauten.

Nola antolatu da TIP laguntza segurtatzeko eta banatzeko?

Krisi zentro bat ezarri genuen berehala Istanbulen, gure egoitzan. Lehenik eta behin, Hatayra laguntza nola bidali lantzen hasi ginen; izan ere, lurrikarak han izan du eragin handienetakoa, eta zenbait egunez ez zen batere laguntzarik iritsi hara. Diputatu bat dugu han, alderdiko presidenteorde Baris Atay, eta hara joan zen lehen egunean bertan. Harekin batera joan zen Istanbulgo gure diputatua ere, Ahmet Sik, eta alderdiaren ordezkaritza bat.

Hatayn, krisi zentro bat ezarri genuen lehen egunean, eta, handik hiru egunera, beste bat jarri genuen Kahramanmaras-Elbistanen. Bilaketa eta erreskate taldeak eta lehen sorospenekoak bidali genituen. Azpimarratu egin nahi dut nolako elkartasun handia erakutsi duen gure herriak. Astebetean, 660 boluntario bidali ditugu lurrikarak eragindako eremura, baita 31 TIR edukiontzi eta 36 kamioi ere, eta jadanik 26 edukiontzi egokituak ditugu bizileku gisa erabil daitezen.

Arrisku sismiko handiko lurralde bat da Turkia, baina, eragile naturalak alde batera utzita, gero eta agerikoagoa dirudi ez dagoela prebentzio politikarik. Zer egin du gobernuak prebentzio aldetik?

Gobernuak ez du ezer egin. Hiri asko failen gainean eraikita daude zuzen-zuzenean. Bestalde, 1999an, 7,4 graduko lurrikara bat izan genuen, epizentroa Izmiten eduki zuena; Istanbuli ere eragin zion, eta milaka pertsona hil ziren. Bada, lurrikara hura izan eta gutxira iritsi zen boterera AKPren gobernua, oinazea artean oso bizirik zegoela eta begi bistan zegoela zer lani heldu behar zitzaien, baina, zientzialarien aholkuei entzun eta haiek esan bezala jardun ordez, hots, lurrikaren aurkako arauen arabera berreraiki ordez hiriak, AKPk herriari pasatu zion faktura lehenik, lurrikararen zerga ezarriz. Haien arabera, prebentzio lanak finantzatzeko balio behar zuen zerga horrek. Azken hogei urteetan, ordea, argi geratu da zertan gastatu duten diru hori: bi lerroko errepideak egiten eta beren poltsikoak betetzen.

Ez da egin hiriak segurtatzeko inolako urratsik?

2010eko hamarkadatik, «hiriak eraldatzeko» planak abiatu zituzten, Istanbulen batik bat, ustez hiria lurrikaretarako prestatzeko, baina, sendo ez dauden eraikinak berritu ordez, diru sarrera aski handiko herritarrak bizi diren barruti eta auzoak eraldatu zituzten, eta, beraz, halako lekuetan, eraikuntza dinamika horri etekin handia atera diote arazo handirik ez zeukaten eraikinetan. Auzo pobreetan, aldiz, ez zuten ezer egin: hain justu, lurrikararik baldin bazegoen aurren-aurrenik eroriko ziren eraikinetan. Hori gutxi balitz bezala, herritarrak babesteko eremuak ere eraldatu zituzten, eta AKPren gobernuak baimena eman zuen halakoetan merkataritza zentroak eta etxebizitzak eraikitzeko.

Eta zer gertatu da seguruak ez ziren eraikinak egin zituzten enpresekin?

Azken hogei urteetan, lurrikarak eragina izan duen hamar probintzietan, AKPren gobernuko Hiri Plangintzarako Ministerioak barkamena eman zien seguruak ez ziren eraikinak egin zituztenei. Zehazki, 294.000 eraikin zeuden eraikuntza arauak betetzen ez zituztenak edo besterik gabe legez kanpokoak zirenak, eta ez zituzten eraitsi; are gehiago, ez zieten inolako zigorrik ezarri kontratistei. Alegia: onetsi egin zuten behera erortzeko arriskuan zeuden eraikinetan bizitzea jendea.

Turkiako presidente Recep Tayyip Erdonagek, ordea, ukatu egin du guztia.

Hogei urteotan, AKPren gobernuak erregimen pertsonalista bat eratu du. Herrialde honetan ezin da inolako urratsik egin Erdoganek onartzen ez badu. Lurrikararen ondoren ere halaxe ikusi dugu: prebentzio lanik batere ez egiteaz gainera, ez ikusi egiten diete eta oztopoak jartzen dizkiete oposizioaren laguntzari eta lanari. Kontua zera da: AKP, zeina alderdi islamista bat baita, ahaleginean dabil patua balira bezala onar daitezen hondamendi naturalen ondorioak, hala nola lurrikarenak, eta, horretarako, jendearen sentimendu erlijiosoez baliatzen dira; hala, beren krimenak ezkutatzen saiatzen dira.

Zuek ez zatozte bat, ordea, hondamendia naturala izan dela diotenekin.

TIPek eta oposizio sozialak egindako lanak agerian utzi du lurrikarak eragindako hondamena ez dela halabeharrezkoa izan, baizik eta gobernuaren axolagabekeriaren, plangintza faltaren eta kontrol faltaren ondorioa. Eta, errealitate hori ezkutatzeko, Erdogan erreskate lanak berak oztopatzen dabil, eta egia gorde nahian ere bai. Bukatzeko, esan nahiko nuke AKPren gobernuak babesik gabe eta abandonaturik utzi duela gure jendea, eta jendeak mundu guztiaren laguntza eta elkartasuna behar duela: luzatzen diguten esku orok lagunduko digu zauriak sendatzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.