«Mundutik kanpora bizi gara»

1948an Libanora heldutako lehen errefuxiatu palestinar haien ondorengoak ez dira fio nazioarteko komunitateaz: beren erresistentziari atxikitzen zaizkio Palestinara itzultzeko borrokan, eta, aldi berean, bazterketa sufritzen dute Libanoko agintarien aldetik.

Haur talde bat Burk el-Barakhneko kale batean. JOAN CABASES VEGA.
Beirut
2021eko otsailaren 11
00:00
Entzun
Gogora ekarri du Hibak, eta familia barrez hasi da etxeko egongelan: «Txikia nintzenean, uste nuen Palestinan bizi ginela!». Haren amak, esajeratuz eta txantxaz, erantzun dio ez zela ohartu Libanon zeudela harik eta 18 urte bete zituen arte.

Zedroaren herrialdean bizi diren ia 500.000 palestinarretatik gehienek antzeko prozesuak izan dituzte. Palestinako erreferentzia kulturalez inguratuta eman dituzte lehen pausoak etxean, baina jaioterri duten horretan ez da hitz egiten haien arabiera dialektoa, eta herrialdeak arrotz sentiarazten ditu.

«Neba-arreba guztiok eskola libanoar batera joan ginen lehen urteetan», berriz Hiba mintzo. «Nik galdera bera izaten nuen beti buruan: 'Zergatik lagunak ez dira inoiz etortzen etxera? Zergatik ez zaizkit etortzen bisitan?'. Gerora, konturatu nintzen beren gurasoek ez zietela uzten». Gazteak dioenez, jendeak penaz begiratzen zion kontatzen zienean iheslari esparru batean bizi zela. «Galdetzen zidaten ea bagenuen elektrizitaterik etxean, edo, are, ea kanpadenda batean bizi nintzen». Hiba saiatu zen, saiatu, besteen artera ondo egokitzen, baina denak aritzen omen ziren Libanoko kontuez hizketan: «Tristatu egiten ninduen horrek, nik ez neukan-eta zertaz hitz egin, herrialderik ez eta».

Hibaren familia Burkh el-Barakhnen bizi da, Beiruten hegoaldean palestinarrentzat egindako iheslari esparru batean. Izan ere, palestinar gutxi batzuk hirietan integratuta bizi dira, baina gehien-gehienak Libano guztian barreiatuta dauden hamabi esparruetako batean bizi dira. Auzo horiek ghettoak dira funtsean, eta hango kalexka ilun eta osasungaitzetan ur xirripak ikusten dira, eta kableak zintzilik. Badira dozenaka urte esparru horiek sortu zituztela, behin-behineko konponbide gisa, orain baino askoz palestinar gutxiago ziren garaian; gaur egun, berriz, eraikin kalamastrak gero eta eskasagoak dira Libanon bizi diren palestinarren hazkunde demografikoari erantzuteko.

Palestinar horiek dira herrialdeko errefuxiatu komunitaterik zaharrena, Palestinatik 1948an irtenda 100.000 lagun iritsi ziren haien ondorengoak. Geroztik, nazioarteko zuzenbideak errefuxiatu estatusa onartu die immigrante haien seme-alabei eta bilobei. Eta, Libanon, errefuxiatu estatusa izatea bazterkeriarako kondena bat da maiz.

Ez da kasualitatea, ez, langabezia eta pobrezia kronikoak jota egotea herrialdeko palestinarrik gehientsuenak. Palestinar horiek Libanon jaiotakoak badira ere, Libanoko agintariek ukatu egiten dizkiete herritartasuna eta eskubiderik oinarrizkoenak, eta legez debekatua diete dozenaka enplegutan jardutea, baita errefuxiatu esparruetatik kanpo dauden jabetzak eskuratzea ere.

Libanoko palestinarrek esaldi batez laburbiltzen dute bazterketa politika hori: «Libanoko Gobernuak maite du palestinarren kausa, baina gorroto ditu palestinarrak». Iheslariek berek diotenez, Beirutek ukatu egiten dizkie oinarrizko eskubideak, bertan sustrairik ez egiteko. Horren arrazoi ezkutua, hain zuzen, Libanoko erakundeen funtzionamenduaren atzealdean dago: botere kuotak banatzeko, kontuan hartzen da Libanoko talde erlijioso bakoitzak duen pisu demografikoa. Ehunka mila errefuxiatu palestinar daude, eta gehien-gehienak musulman sunitak dira; horiei herritartasuna emateak desoreka lauso bat ekarriko lioke estatuaren oinarri hauskorrari.

Lege egitura ez ezik, palestinarren izena zikintzeko kanpaina bat ere badarabil etengabe klase politikoak. Maiz, palestinarrak herrialdean presente egote hutsari egozten dizkiote arazo nazionalak —baita siriarren presentziari ere azken urteotan—, eta ohikoa da errefuxiatuak ez enplegatzeko eskatzea.

Babesik ez

Palestinarrek Libanon duten egoera umiliagarria dela eta, bizi-bizi eusten diote beren herrialdera bueltatzeko gogoari, berena sentitzen ez duten herrialdetik alde egiteko gogoari. Nazioarteko legediak aitortzen die itzultzeko eskubidea, eta gehienek Libanoko mugaren beste aldean bertan dute jatorria, egun Israelgo iparraldeari dagokion tokian. Baina Tel Avivek ere baztertu egiten ditu.

Israelgo buruek ez dute onartu nahi mundu osoan sakabanatutako milioika errefuxiatu palestinar etxera itzultzea: Israelen barruan aldaketa demografiko bat egoteak arriskuan jarriko luke proiektu sionistaren izaera judua. Horregatik, lanean ari dira errefuxiatu palestinarren auzia palestinar-israeldarren gatazkatik desagerrarazteko, eta palestinarrak harrera herrialdeetan geratzearen alde.

Hala dio Mendeko Akordioa deiturikoak. Gatazkari irtenbidea emateko proposamen bat da. Neurri horrek nazioarteko legedia urratuko luke zuzen-zuzenean, baina, hala ere, Israelek eta haren aliatuek inposatu egin dute, diplomaziaren eta ekintza burutuen bitartez.

Hala ere, itzultzeko eskubidearen urraketak ez ditualdatu Libanoko palestinar askoren planak, eta aspalditik uste dute nazioarteko legediak ezin duela konpondu euren kausa: «Ez dut uste NBEren adierazpen batek itzultzeko gure eskubidea babestuko duenik», esan du Ibrahimek, Burk el-Barakhneko gazte batek. Haren inguruan eserita dauden helduek iritzi bera dute. «Gure erresistentzian soilik dut itxaropena», baieztatu du mutikoak, eta gehitu du modu bakarra dagoela Palestinara itzultzeko: «Egun Israelek duen lur haren gaineko boterea lortzea».

Ibrahim bezala, asko babesik gabe sentitzen dira. Palestinako Aginte Nazionalaz ere ez dira fio, eta Israelekin elkarlanean aritzea leporatzen diote, trukean aurrerapenik lortu gabe aritu ere. Kezkatuta daude nekez uztartzen delako errefuxiatuen kanpamentuan eguneroko bizimoduari eusteko lana eta Palestinako borrokari adi egotekoa. «Jendeak behar handia du, eta janaria eta botikak izateko zain dago», dio 20 urteko ikasle batek, Omarrek: «Israelek nahi duena gertatzen ari da: adinekoak hil egingo dira, eta gazteek ahaztu egingo dute Palestina».

Hala eta guztiz ere, itxaropena izateko arrazoiak badaude, haien ustez. Omarrek gogora ekarri du: «Nire arrebaren senarrak Arabiar Emirerri Batuetako tipo bat ezagutu zuen. Gizonak jakin zuenean nire aitaginarreba palestinarra zela, barkamena eskatu zuen bere buruzagiek hartutako erabakiagatik», azaldu du, Israelekin harremanak normalizatzeko akordioaz ari dela. Omarrek ilusioz kontatu du. «Horrek beldurtzen ditu buruzagi sionistak», esan du Omarren aitak, elkarrizketara batuta. «Estatu batzuetako buruzagiekin soilik egin ditzakete horrelako itunak, baina ez bertako jendearekin. Kalean ez dira ongi etorriak».

Horixe da Samira Salah itxaropentsu mantentzen duena. Salah aktibista eta intelektual ezaguna izan da Libanon erbestealdian dauden palestinaren artean. Aljeria eta Kubako inperialismoaren aurkako herri erresistentziak aipatu ditu: «Iraultzak ez dituzte gobernuek egiten, herriek baizik».

Uste du eskualde horretako herrialde batzuek «mundu arabiarraren ahulaldi batean» hasi dituztela harremanak Israelekin, eta Israelek eta Mendebaldeko haren aliatuek eragindakoa da, Salahren iritziz, ahultasun hori.

«Irak, Libia eta Siria suntsitzea lortu eta gero gertatu da hori guztia; herrialde horiek Israelen okupazioaren aurka zeuden, eta ez zuten begi onez ikusten Israelek harremana izatea herrialde arabiarrekin», baieztatu du. Ameriketako Estatu Batuek Sudani ezarritako zigorrak jarri ditu adibide gisa: «Esplotatu egin zuten, eta xantaia egin zioten, Israelekin harremanak izaten hasi zen arte».

Palestinako liderrak ere kritikatu ditu Salahk. Haren ustez, 1993an Osloko Akordioak sinatu izana desegokia izan zen: «Horrek beste estatu arabiar batzuei aitzakia eman zien Israelekin harremanetan hasteko». Salahk «Palestina demokratiko bat» desio du, non batzuk ez diren beste batzuen gainetik egongo: «Estatu bakar bat herritar guztiontzat: horixe da proposamena».

Ametsa eta damua

Nadiak alde batera utziko lituzke ametsak eta damuak, horrelako Palestina bat benetan ikusiko balu. Bi ume txiki ditu, eta Burj al-Barajnehn bizi da. Irribarrez kontatu du zorionekoa dela, erbestetik itzuli eta Palestinan bisita labur-labur bat egin ahal izan duten gutxietako bat delako. Bidaia horri esker, nolabait borobildu egin zituen haurtzaroan amonak kontatu zizkion istorioak: «Amonak ezarri zidan Palestina bihotzean eta oroimenean».

Eskuratutako baimenari esker, Zisjordaniara joateko aukera zuen, baina lortu zuen norbaitek 48ko Palestinara pasatzea ere: palestinarrek hala deitzen diote Israeli. Han, Akrera heldu zen; hangoa zuen amona, eta han bizi dira ordura arte ezagutzen ez zituen familiakideak ere. «Jendea zegoen eserita; galdetu nien, eta bai, nire familiakoak ziren! Oso hunkigarria izan zen...».

Libanora itzultzean, bidaia hura nahasia iruditzen hasi zitzaion. Nadiak dio ez duela gainditu esperientzia hura, eta ez daki prest dagoen berriz Palestinara bisitan joateko: «Itzuliz geroztik, arrunt gogorra egin zait hemengo bizimodua», azaldu du, Burkh el-Barakhnez ari dela. «Hogeita hamar urtean, toki nazkante honetan bizi izan naiz, eta barkatu hala esatea, baina hemen elektrokutatuta hil zaitezke kalean zoazela, kableak zintzilik daude-eta bazter guztietan».

Korrika azaldu zaio 4 urteko alaba, atzera eta aurrera. Amak galdetu nongoa den, eta haurrak, Palestinakoa dela. Nadiak eskatu Palestina non dagoen azaltzeko, eta neskatoak, eskua bihotzean, honela erantzun dio, jakinik ama poztu egingo dela: «Nire bihotzean». Nadiak tonua aldatu du ostera: «Esparru honen eta ordezkatzen duen kausaren parte naiz, baina ez dut sentitzen hemen geratu behar dudanik». Era berean, aitortu du ez dela seguru sentitzen esparrutik kanpo dabilenean.

«Libanon gauden palestinarrok ez gaude bi munduren artean harrapatuta: mundutik kanpo gaude», adierazi du Nadiak: «Bihotza erdibitu egiten dit hau gertatzeak belaunaldiz belaunaldi». Amona ezin izan zen bere herrian hil, hala nahi bazuen ere: «Libanon hil beste erremediorik ez zuen izan. Errefuxiatu gisa ehortzi zuten, arrotz gisa».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.