Ayed Abu Eqtaix eta Manar Al-Amleh. DCI-P

«Palestinako haurrek torturak jasaten dituzte atxilotze unetik»

Palestinako lurralde okupatuetan legedi militarra ezartzearen ondorioz Israelek adin txikiko palestinarren eskubideak sistematikoki urratzen dituela salatu dute Al-Amleh eta Eqtaixek. Nazioartearen esku hartzea galdegin dute.

Aied Abu Eqtaix eta Manar Al-Amleh DCI-Palestineko kideak, astelehenean, Donostian. JON URBE / FOKU.
Gorka Berasategi Otamendi.
2021eko urriaren 20a
00:00
Entzun

Israelen legedi militarraren pean Palestinako haur eta gazte adingabeek jasaten dituzten eskubide urraketen berri ematen ari dira Manal Al-Amleh eta Aied Abu Eqtaix Defence for Children International-Palestine (DCI-P) elkarteko kideak, Sahar Francis preso palestinarren eskubideen babeserako Addameer elkarteko buruarekin batera, Paz Con Dignidad elkarteak gonbidatuta. Astelehenean iritsi ziren Euskal Herrira, eta hainbat hitzaldi emango dituzte ostiralera bitartean. Gaur eta bihar Gasteizen izango dira, eta ostiralean, Bilbon —Francis Beasainen (Gipuzkoa) izan zen atzo, CAF enpresa Jerusalem ekialdean eraikitzen ari den tranbia Palestinako herriaren eskubideen kontrakoa dela salatzeko—. Al-Amlehek eta Eqtaishek Donostian hartu zuten BERRIA.

DCI-P Palestinako adin txikikoen eskubideak babesteko elkartea izaki, zertan oinarritzen da zuen lana?

Eqtaix (E): DCI-Palestineren lana haur palestinarren eskubide urraketak dokumentatzea da; bereziki, haien bizitzeko eta askatasunerako eskubidea. Adibidez, 2000. urtetik orain arte, 2.020 haur palestinarren hilketak dokumentatu ditugu, eta 5.000 haur baino gehiagoren atxilotzea, Israelen legedi militarraren pean. Aurten, 75 haur palestinarren hilketa dokumentatu dugu, eta 200 haur ingururen atxiloketa eta auzipetzea, Israelen lege sistema militarra ezarrita. Azken horiei Israelgo indarrek tratu txarrak eta torturak egin dizkiete.

Beraz, gure egitekoa da nazioartean egoera horretaz ohartaraztea, haur palestinarren eskubide urraketak salatzea, eta esku har dezatela eskatzea.

Euskal Herrira egiten ari zareten bisitaren helburua hori al da? Israelekiko presioa areagotzea?

E: Bai. Nazioartearen esku hartzea garrantzi handikoa da guretzat. Nazioarteko esku hartzerik gabe eta Israelen gaineko presiorik gabe ez dugu uste Israelek haur palestinarren eskubideak urratzeari utziko dionik. Gure iritziz, nazioarteak hainbat erreminta diru eskura Israeli presio egiteko: presio politikoa, diplomatikoa eta ekonomikoa, nazioarteko akordioen arabera dituen betebeharrak errespetatu ditzan, legedi humanitarioa eta giza eskubideen gaineko legedia oinarri hartuta.

Salatzen duzuenez, Israelek legedi militarra erabiltzen du Palestinako lurralde okupatuan apartheid sistema bat ezartzeko. Nola eragiten die sistema horrek haurrei?

E: Ezin daiteke Israelen okupazioa ulertu palestinarrei ezartzen dien diskriminazioa ulertu gabe. Israelen legediari buruzko ideia orokor bat izatearren, argitu behar dugu bi legedi ezartzen dituela: bata, Palestinaren lurralde okupatuetan bizi diren palestinarrei ezartzen diena, Israelen lege sistema militarra; eta bestea, legedi zibil israeldarra, palestinarrengandik metro eskas batzuetara bizi diren Israelgo kolonoei ezartzen diena. Bi sistema horien erabilerak argi eta garbi adierazten du Israelgo Gobernuak diskriminazio politika bat darabilela palestinarren aurka.

Bi legedi horien arteko desberdintasunak oso handiak dira. Israelek bere herritarrei ezartzen dien zuzenbide zibila nazioarteko eginbeharrekin betetzeko dago diseinatuta. Bereziki, giza eskubideei eta haurren eskubideei buruzko legediei dagokienez. Aldiz, haur palestinarren kasuan, ez dituzte betetzen nazioarteko eginkizun horiek.

Nazioarteko zuzenbideak jasotzen duen bermerik ez dute erregimen militarrean atxilotuta dauden adin txikikoek. 200 inguru. Zer leporatzen diete espetxeratzeko?

Al-Amleh (A): Haur gehienei, harriak jaurtitzea egozten diete. Israelgo legedi militarraren arabera, harriak jaurtitzen dituenari hamar urterainoko espetxe zigorra ezar diezaiokete, baldin eta geldi dagoen objektu bati jaurtitzen bazaio harria; mugitzen ari den ibilgailu edo pertsona bati jaurtiz gero, berriz, zigorra hogei urterainoko kartzela izan daiteke.

Nolakoa izaten da Israelgo indarren esku egoten diren aldia?

E: Palestinako haurrek tratu txarrak eta torturak jasaten dituzte atxilotu eta berehalaxe, eta askatzen dituzten arte. Horien helburua izaten da haurrak behartzea beren buruaren kontrako deklarazioak egitera, Israelek egozten dizkien delituak bere gain har ditzaten. Indarrez ateratzen dizkieten autoinkulpazioak Israelgo epaitegietan erabiltzen dituzte ondoren. Beraz, Israelgo zuzenbide militarrak berme gabezia erabatekoa du, soilik behartutako testigantza horietan oinarritzen baita haurren kontrako epaiak emateko.

Zer espetxe motatan sartzen dituzte preso?

A: Hiru espetxe militarretan banatzen dituzte. Horietako bat Zisjordanian dago, eta beste bi, Israelgo lurretan. Hori gerra krimen bat da, botere okupatzaileak ezin baititu lurralde okupatuetako herritarrak lekualdatu estatu okupatzailearen lurretara, baina Israelen eremuko bi espetxeetara bidaltzen ditu haur palestinar presoak.

Haurrentzako espetxe bereziak dira?

E: Ez. Helduentzako espetxe militarrak dira. Haurrentzako ziegak dituzte, baina gainerako presoen azpiegituren alboan daude.

Zer baldintzatan egoten dira espetxealdian?

A: Askotan, bi metro karratuko ziegetan ixten dituzte haurrak, erabat bakartuta, edozein gizakirekin komunikatzeko inolako aukerarik gabe. Praktika horien eragin psikologikoa izugarria da, bai helduentzat, bai haurrentzat. [OHCHR Giza Eskubideen Nazio Batuen Goi Mandatariaren] tortura kontalariak tortura gisa sailkatzen ditu halako praktikak.

Atxilotzen dituzten lehen aldian, senideekin komunikatzeko aukera ere ukatzen diete. Ez diete uzten telefono deirik egiten, eta hiru hilabete inguru igarotzen dituzte familiako kideen bisita bat izateko aukera lortu arte, senideek baimen berezi bat tramitatu behar izaten baitute espetxera joan ahal izateko.

Bildu dituzuen datuen arabera, Israelgo indarrek aurten 73 palestinar adingabe hil dituzte. Zer egoeratan gertatu dira heriotza horiek?

A: Aurten hil dituzten gehienak Gazako zerrendan hil dituzte [ekaineko bonbardaketetan], eta, beraz, ez da Israelgo indarrekiko liskarretan gertatu.

E: Gehienak protesta baketsuetan hiltzen dira, Israelgo indarren errepresioaren ondorioz. Esaterako, Israelgo soldaduek eremu bat hartu eta palestinarrek manifestazioekin erantzuten dutenean. Garrantzitsuena da halako egoeretan ez dela hiltzeko asmoz tiro egiteko inolako beharrik. Baina soldaduei inolako erantzukizunik eskatzen ez zaienez, eta Israelgo indarretan zigorgabetasun kultura hedatuta dagoenez, ez zaie batere ardura haur palestinarren kontra tiro egitea.

A: Aurten hil dituzten haurretako bat bere aitarekin zihoan autoan. Aitak errepidean 180 graduko bira eman zuenean, soldaduek tiro egin zuten munizio hilgarriarekin. Beste mutil bat muino batean zegoen, aste batzuk lehenago Israelek hil zuen lagun baten hilketa salatzen, eta bera tiroz hil zuten lagunaren izena oihukatzen ari zela.

Israelgo indarrak ez dira haur palestinarrei eraso egiten dieten bakarrak. Kolono israeldarren erasoen berri ere eman duzue. Zer eraso mota izaten dira?

E: Aurten, esaterako, haur baten bahiketa dokumentatu dugu. Kolonoen tratu txarrak jasan zituen. Gasolioz busti zuten, eta erredurak eragin zizkioten hanketan. Ziur nago ume horri burura etorriko zitzaiola duela sei urte kolono talde batek haur palestinar bat bahitu, hari su eman eta hil zuenekoa [Mohammed Abu Khdeir 16 urteko gaztearen hilketaz ari da, 2014an Jerusalem ekialdean gertatua].

Arazoa da Israelgo armadak, palestinarrak babestu beharrean, auzo palestinarrei eraso egiten dieten kolonoak laguntzen dituela, haiek babeste aldera.

Haurrak giza ezkutu gisa erabili izan dituztela ere salatu izan duzue. Zer gertaera dokumentatu dituzue gisa horretako abusuei dagokienez?

E: Giza ezkutu gisa erabili dituzten haurren kasuan, dokumentatu dugun azken kasua 2014koa da, Gazako zerrendan. Israelgo militar talde batek haur bat hartu zuen, eta beraien aurretik tunel batean barrena sartzera behartu zuten operazio batean.

DCI-P-ren webguneak jasotzen duzuenez, haurren errekrutatzea da beste arriskuetako bat.

E: Iaz atxilotu zituzten haurretatik batek edo bik adierazi ziguten soilik Israelgo indarrek errekrutatzeko eskaintza egin zietela. Gauza bera Palestinako talde armatuei dagokienez ere. Oso kasu bakanak dira guk ezagutu ditugunak. Agian gaiaren inguruan dagoen isiltasunarengatik. Baina, giza eskubideen aldeko erakunde gisa, ezin dugu zehaztu auziak zenbateko pisua duen, tratu txarrekin eta torturarekin gertatzen den ez bezala. Guk daukagun informazioaren arabera, ez da zabaldutako joera bat [Palestinako talde armatuek haurrak errekrutatzearen kontrako kode bat sinatu zuten 2010ean].

Aipatu ditugun arazo guztiez gain, Palestinako haurrek, gainerako palestinarrek bezala, joan-etorrien murrizketa zorrotzak jasaten dituzte, baita etxebizitzen eraisteak eta sarekadak ere. Nola eragiten die horrek haien garapenari?

A: Maila askotan eragiten die. Esaterako, Jordan haranean bizi diren haur batzuek kontatu digute etxeak eraitsi dizkietela birritan. Erabateko ziurgabetasunean bizi dira, beti daudelako etxebizitza eraitsiko dieten beldur. Batzuetan, haurrek eskolara joateari uzten diote, eta horrek atzerapenak sortzen ditu haien hezkuntzan. Joan-etorrien murrizketak haurren ametsak itotzen ditu; etorkizunarekiko izan zezaketen itxaropena zapuztu. Asko etsita bizi dira. Bereziki, Gazako zerrendan, sabairik gabeko espetxe bat baita, Israelgo soldaduen etenik gabeko jazarpenean. Haurrak traumatizatuta daude. Eskolak suntsitzen dizkiete, senitartekoak galtzen dituzte, etxea galtzen dute... Beraz, laguntza psikologikoaren behar larria dute. Ez da soilik atxilotzen dituzten haurren kontua.

Nazioartearen presioari garrantzia handia aitortzen diozue, Israelgo Gobernua jokabidez aldatzera behartzeko. Zer iritzi duzue CAF enpresa Jerusalem ekialdean tranbia bat eraikitzen aritzeari buruz?

E: Ikusi dugu ezin dugula egoera aldatu epaitegietan, Israelgo legeen bidez, legedi militar israeldarraren helburua Israelen ekintzak legezko bihurtzea baita. Beraz, ezinbestekoa da nazioartearen esku hartzea Israelek Palestinako lurralde okupatuetan duen jokabidearekin amaitzeko. Uste dugu orain arte nazioarteak ez diola Israeli presio egin, eta, aldiz, harekin harreman onak izaten ahalegindu dela. Presio nahikoa ez dagoen artean, Israelek palestinarren eskubideak urratzen jarraituko du okupatutako lurraldeetan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.