Motibo ez-abstraktuak

Emakumezko artistek abstrakzioaren historian izan duten lekua aldarrikatzen duen erakusketa bat zabaldu du Bilboko Guggenheim museoak: 'Emakumeak abstrakziogile'. Guztira, 110 artistaren 400 obra baino gehiago bildu dituzte

Emakumeak abstrakziogile erakusketako hainbat obra, Bilboko Guggenheim museoan. MONIKA DEL VALLE / FOKU.
Inigo Astiz
Bilbo
2021eko urriaren 22a
00:00
Entzun
Espazio publikoa, hezkuntza, familia harremanak, zaintza ardurak, aitortza publikoa, harreman erotikoak, gorputz adierazpena eta bizitzaren gainontzeko esparru guztiak ordenatzen dituzten arau baztertzaile berberek alderik alde zeharkatzen dute artearen historia ere, orokorrean, eta arte abstraktuaren historia, zehazki. Batere abstraktuak ez diren motibo horiengatik guztiengatik geratu dira andrazko artista abstraktuak maiz gerizpean. Ezeztatze horren lekukotza emateko ez ezik, emakumezkoek abangoardien eta abstrakzioaren sorburuan eta bilakaeran izandako parte hartzea eta garrantzia aldarrikatzeko sortu dute Emakumeak abstrakziogile erakusketa, Parisko Pompidou Zentroak eta Bilboko Guggenheim museoak elkarlanean. Europako, Ipar Amerikako, Latinoamerikako, Afrikako eta Asiako 110 emakumezko artistaren 400 lan abstraktu baino gehiago bildu dituzte guztira. 1860ko hamarkadatik hasi, eta 1980ko hamarkadara arte. Bilboko museoko bigarren solairu osoa hartzen dute lanek, eta, horregatik, konstatazio baten, zuzenketa proposamen baten, erreskate baten eta oin ohar erraldoi baten itxura du bildumak. 2022ko otsailaren 27ra arte egongo da zabalik.

«Arteak ez du sexurik, baina artistek bai, eta ikusezintasunak baditu arrazoi soziologikoak». Christine Macel Pompidou zentroko arte arduraduna izan da erakusketako komisario nagusia, eta, dioenez, arte abstraktuari buruzko kontakizuna «aberastea» izan du helburua. Horretarako, bere buruari abstrakzioa zer ote den galdetzea izan da bere lehen egitekoetako bat, ordea, eta ez zaio pentsatzen zuen bezain erraza egin. «Erantzuna hasieran uste nuen baino konplexuagoa da, ez baitago definizio itxi bat, eta garaiz garai aldatuz doa, baita, are, artistaz artista ere. Horregatik ikusi nuen oso garrantzitsua zela historiaren beste esparru hau ere aztertzea».

Aitzindari espiritistak

Kronologikoki antolatu dute ibilbidea, eta, beraz, Georgiana Houghtonek 1860ko hamarkadan sortutako margolan esoterikoak topatuko ditu bisitariak lehen aretoan. Erakusketako azalpenetan irakur daitekeenez, 1850eko hamarkadan espiritismoa boladan zegoen, eta abstrakziora heltzeko bide bat zabaldu zien horrek hainbat emakumezkori; Houghtoni, besteak beste. Lerro kurbatu eta koloretsuz osatutako margolan sorta abstraktu bat ikus daiteke hormetako batean, esaterako, eta espiritualtasunari buruzko erreferentzia zuzenak dakartzate tituluek: Jainkoaren indarra; Jainkoaren noranahikotasuna; Bakearen espiritua. Artistak berak aitortzen zuenez, aingeruek eta hildako zenbait artistek eskatuta sortzen zituen lan horietako asko, eta Antonio Allegri Correggio pintoreak eskatuta sortu zuen, esaterako, Jainkoaren begia Bilbon ikusgai dago.

Anni Albers, Louise Bourgeois, Judy Chicago, Lygia Clark, Alexandra Exter, Lee Krasner, Gret Palucca, Olga Rozanova, Sophie Taeuber-Arp, Atsuko Tanaka, Liubov Popova, Sonia Delaunay-Terk... Nahi beste luza daiteke erakusketan ikus daitezkeen artista esanguratsuen zerrenda, eta, tartean, badira bi euskal artistaren izenak ere. Esther Ferrer donostiarrarena da bat; Elena Asins madrildarrarena bestea Azpirotzen (Nafarroa) eman zuen bere bizialdiko azken parte luzeena.

Areto txiki bana eskaini diete zenbait artistari. Hori da Sophie Taeuber-Arpen kasua, esaterako, eta baita Bilbon eta Donostian artelanak erakusten eta jantziak saltzen izan zen Sonia Delaunay-Terkena ere. Haren kolore eta forma hautaketa bereizgarria erakusten duten hainbat lan bildu ditu museoak, eta 1913an margotutako lan bertikal altu bat eta 1914an pintatutako neurri handiko pintura bat nabarmentzen dira haien artean. Komisarioak gogorarazi du jantziak diseinatzen ere aritu zela, eta horiek zirela Bilbon zabaldutako dendan saltzen zituztenak.

Dantza eta ehungintza

Irekia da erakusketa, komisarioek azaldu dutenez. Margolanak eta eskulturak dira nagusi aretorik gehienetan, baina dantzak, performanceak, jantziak eta zinemarako atrezzoak ere ikus daitezke bilduman. Esate baterako, Loie Fullerren Suge dantza izenekoa erreproduzitzen duen bideoa topatuko du bisitariak aurrez aurre geletako batean, eta Giannina Censi artista italiarraren Aero-dantza-ren argazki batzuk ere bai leku berean.

Testuinguru politiko eta sozialak arte sorkuntzan duen garrantzia ere agertzen du erakusketak. Macelen hitzetan, ez baita kasualitatea errusiar abangoardietan emakumezko artistek garrantzi berezia lortu izana. Gizonek egiten zituzten arte ikasketa berak egiteko aukera eskaintzen zien lehen herrialdeetako bat izan zen Sobietar Batasuna, komisarioak gogorarazi duenez. Olga Rozanovaren, Alexandra Exterren eta Liubov Popovaren koadroak, filmak eta jantzi diseinuak ikus daitezke haiei eskainitako aretoan. «Margolanak eguneroko bizitzaren parte bilakatzea zen haien lana, egindako ikerketak gero baliatzen zituztelako, adibidez, jantziak egiteko. Oso ohikoa izan zen hori abangoardietan».

Leku berezia du ehungintzak ere. Alfonbrak, jantziak, zapiak eta ehunekin sortutako bestelako hainbat artelan bildu dituzte. Gela bat eskaini diote, adibidez, 1960ko eta 1970eko hamarkadetako sorkuntzari, Suitzan sasoi hartan egin zen biurteko bat oinarri hartuta. «Nazioarteko hainbat artista bildu ziren orduan», azaldu dute komisarioek, «eta ehungintza etxeko esparrutik atera eta eskulturarantz eramateari buruz egin ahal izan zuten gogoeta».

Europakoak eta Ipar Amerikakoak dira erakusketan ikus daitezkeen artista gehien-gehienak, baina ikuspegia zabaltzeko saiakera bat ere egin duela onartu du Macelek. «Mendebaldeko ikuspegia gainditzea» izan du erronka, dioenez. Horregatik, Atsuko Tanaka artista japoniarraren fluoreszente koloretsuz sortutako soineko bat ekarri dute Bilbora. Wook Kyung Choi artista seuldarraren lan bat ere badago ikusgai. Eta bi artista libanoarren lanek betetzen dute Richard Serraren eskulturetara ematen duen balkoi alboko kapera moduko gela. Huguette Caland eta Saloua Raouda Choucair dira bi artista horiek.

Ispiluaren aurrean

350 orrialdeko katalogo bat ere kaleratu dute Pompidouk eta Guggenheim museoak. Euskaraz ere atera dute, eta emakumezko artisten lanak ikusezin bilakatu dituzten motiboei buruzko hainbat ikerketa ere badakartza tartean, artistetako bakoitzari eskainitako azalpenez gainera. Griselda Pollock ikertzaileak ispiluaren aurrean jartzen ditu museoak, esaterako: «Ikusgarritasuna berreskuratzeak artearen historia eta museoak zeharka salatzea dakar, ez direla gai izan errekonozitzeko arte modernoa sortu duten artisten askotarikotasuna, eta, zehatzago, ezta abstrakzioaren hamaika moduak ere. Emakume hauen guztiek ezabaketak pobretu egiten gaitu, arte modernoari buruzko jakintza osatugabea suposatzen duelako».

Onartu dute ardura hori Bilboko Guggenheim museoko ordezkariek. Era abstraktuan, baina onartu dute. Ziabogan irudikatu dute beren burua, ordea. Bidartek, esaterako, esan du zor historiko hori konpontzeko esfortzua egiten ari direla. «Erakusketa hau sintoma bat da, eta balioko du prozesu horretan aurrera jarraitzeko». Gogorarazi duenez, gainera, udazkeneko behin-behineko erakusketa guztiak izango dira emakumezkoek sortutakoak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.