Txilen faborito garbirik gabe iritsi dira hauteskundeen bigarren itzulira

Eskuinak irabazi zuen lehen itzulia, baina ofizialismoak gora egin du azken asteetan. Fronte Zabalaren jarraitzaileek izan dezakete garaipenaren giltza

Sebastian Piñera —ezkerrean— eta Alejandro Guillier —eskuinean— hautagaiak, astelehenean eginiko eztabaidaren aurretik, Santiagon. ELVIS GONZALEZ / EFE.
Iosu Alberdi.
2017ko abenduaren 17a
00:00
Entzun
Txileko presidentetzarako hauteskundeen bigarren itzulia jokatuko dute gaur Sebastian Piñera presidente ohiak eta Alejandro Guillierrek, orain arteko presidente Michelle Bachelet ordezkatzeko faborito garbirik gabe. Piñeraren Txile Goazen alderdiak bozen %36,64 lortu zituen azaroaren 19an eginiko lehen itzulian, eta Guillier ofizialistaren Gehiengo Berria koalizioak, berriz, %22,7. Horiek horrela, bigarren itzulitik kanpo geratu diren hautagaien jarraitzaileen bozak mugiaraziko du balantza.

Inkestek «berdinketa teknikoa» erakutsi dute Txilen. Criteria inkesta egilearen galdeketakbozen %47 ematen dizkio Piñerak ordezkatzen duen eskuinari, eta %45 Guillierren zentro ezkerrari. Cadem enpresak eginiko galdeketak ere antzeko emaitzak ematen ditu: bozen %40 Piñerarentzat, eta %38,6 Guillierrentzat. Lehena azaroaren 30ean kaleratu zen, eta bigarrena, abenduaren 1ean, Txileko legediak debekatu egiten baitu hauteskundeetarako hamabost egun baino gutxiago falta direla inkestak kaleratzea.

Piñerak, milioidun enpresaria izanik, ekonomian zentratu du bere kanpaina. «Norbaitek ekonomia hazteko gai dela erakutsi badu, guk erakutsi dugu, eta enpleguak nola suntsitu erakutsi duena Gehiengo Berria izan da», adierazi zuen astelehenean bi hautagaiek eginiko eztabaidan.

Guillierrek, berriz, hezkuntzaren doakotasunaren beharra azpimarratu du: «Ezin da esan hezkuntza eskubide bat dela, eta ondoren prezioa jarri, eskubide izateari uzten baitio». Senatari ohiak konstituzioaren aldaketa ere babestu du kanpainan.

Moneda jokoan sartu da

Bachelet presidenteak azken lau urteetan eginiko erreformak eskuinekoek eta ezkerrekoek kritikatu dituzte. Lehenek gehiegizkotzat jo dituzte, eta bigarrenentzat motz geratu dira. Horregatik, adituen ustez, erreformek jarraipena izango duten edo ez jokatuko dute gaur bi aldeek.

Bachelet presidentearen ospea 2015 hasieratik izaniko onena da, eta ofizialistek hori aprobetxatu nahi izan dute. Cademek astelehenean kaleratutako inkestaren arabera, Txileko biztanleen %40k «gainditu» egiten dute Bachelet. Oposizioak, berriz, Moneda presidentearen etxearen «interbentzioa» kritikatu du. Atzerriko laguntza ere jaso du Gehiengo Berriak, Uruguaiko presidente ohi Jose Mujicak parte hartu baitu koalizioaren hainbat agerralditan.

Beraz, ofizialistek baikor hartu dute hauteskundeen bigarren zati hau, gorantz egin baitute, lehen itzulian eskuinak hamalau punturen aldea atera zien arren.

Augusto Pinocheten diktadura amaitu zenetik (1990) nagusi izan diren bi alderdiek jokatuko dute presidente kargua, baina alderdi berriek ere garrantzi berezia izan dute hauteskunde hauetan. Izan ere, lehen itzulian hirugarren izan zen FA Fronte Zabala mugimenduaren jarraitzaileek izango dute giltza.

Fronte Zabalaren esku

FAko hautagai Beatriz Sanchezek bozen %20,27 lortu zituen, eta, jarraitzaileei askatasuna eman dien arren, jendaurrean adierazi du Guillierren aldeko boza emango duela. Gauza bera egin dute koalizioko beste hainbat buruk ere. «Guillierren alde bozkatuko dugu gure eskubideak babesteko ekintza politiko gisa, gure eskubideak defendatu eta gobernuaren neurrietan eragiteko», azaldu du Ezker Autonomoak, Fronte Zabala osatzen duten mugimenduetako batek. Halere, koalizioa ezkerreko hamalau alderdi eta mugimenduk osatzen dute, eta guztiak ez daude zentro-ezkerra babestearen alde.

Presidentetza eskuratuko balu, Guillierrek Fronte Zabalean bilatu beharko du babesa ziurrenik, Diputatuen Ganberan gehiengora iristeko bidean. Horiek, ordea, Bacheleten erreformak areagotzea eska diezaiokete, «politika zaharrarekin haustea» jarri baitu helburu koalizio berriak.

Piñerak ere lortu du babesa, Pinocheten figura erreibindikatzen duen eskuin muturraren aldetik. Jose Antonio Kastek, bozen %8 lortuta laugarren izan zenak, babesa eman dio demokrazia berrezarri zenetik Txilek izan duen eskuineko presidente bakarrari. Izan ere, Piñeraren alderdikide ohi Kastek lortutako ezusteko emaitzek kendu zioten Txile Goazen koalizioari inkestek ematen zioten garaipen erosoa.

Demokrata kristauen boza ere bere aldera gerturatu nahi izan du Piñerak. Horiek zentro-ezkerrean kokatu ohi dira, baina hauteskunde hauetan ofizialismoarekin batera ez aurkeztea erabaki zuten.

Guztira, hamalau milioi pertsona daude bozkatzera deituak, baina parte hartze apala espero dute, lehen itzulian bezala. Orduan, bozkalekuetara deituta zeuden biztanleen %47k eman zuten boza. Munduko abstentzio tasarik handienetakoa du Txilek. 2013ko presidentetzarako hauteskundeetan ere biztanleen %42 joan ziren bozkatzera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.