Fikzio bazterrak eta idazle berriak

Oihana Arana, Jose Luis Agirretxe, Maialen Berasategi, Aritz Galarraga, Frantxoa Caset, Amaiur Epher eta Oihana Iguaran lehen literatur lanekin datoz. Poesia eta nobela dira genero ugarienak. Amaia Ezpeldoik bere azken ikerketa egingo du

Fikzio bazterrak eta idazle berriak.
Gorka Arrese.
2021eko apirilaren 10a
00:00
Entzun
Amaia Ezpeldoi detektibea erretiratu egingo da betiko, Joana Garralda maitearekin mendi aldean, Susa argitaletxeko Leire Lopez Ziluaga editoreak jakinarazi duenez. Pertsonaia literarioaren azkenengo ikerketak eta gertakariak izango dira aurtengo udaberriko albistea euskal literaturan.

Amaia Ezpeldoi 1994an ezagutu zuten irakurleek aurreneko aldiz —Bakean utzi arte eleberrian—, eta Itxaro Borda idazlearen zortzi liburutako protagonista izan da, datorren maiatzean plazaratuko duen Euri zitalari esker nobela berria ere kontuan harturik. Itoiz musika taldearen Ezekielen prophezia kantutik datorkio izenburua. Bi hari agertuko ditu: batetik, soldadu batekin ezkondu eta Landetara bizitzera joandako Maddi bilatzeko mandatua jasoko du Ezpeldoik; eta bestetik, bahitua izan den baina ihes egitea lortu duen emakume baten istorioa garatuko da. Leku askotan ibiliko da ikerlaria hondarreko istorio hauetan: Miarritze, Baiona, Landak, Donibane Garazi, Atharratze, Baigorri, Elizondo, eta baita Lasturko ezkontza jai LGTB batean ere.

Alberdania editorialak hiru eleberri argitaratuko ditu, Goizane Aizpurua, Iñaki Segurola eta Juan Kruz Igerabide idazleenak.

Aizpuruak poema liburu bat plazaratuta dauka lehendik; beraz, aurreneko nobela izango da Izarak. Bi emakumeren —Aneren eta Eleneren— ikuspegiak eta ekimenak dira fikzioaren hezurdura osatzen dutenak. Helburu bera dute biek, norberaren sakoneko izatearen bilaketa: gorputza, intimitatea, rolak, harremanak, maitasuna eta besteekiko identitate eraikuntza.

Iñaki Segurolaren lehendabiziko eleberriak Koiteretzia du izenburua, COVID-19aren gaitzari erreferentzia egiten diona. Kontakizun dialogiko bat dakar, oso-osorik elkarrizketa moldez emana. Pandemia garaian solasean dihardute hiru lagunek: neska eta mutil gazte bik eta gizon heldu batek. Pandemiak ekarri dituen aldaketez ari dira, horietara egokitzeko aukerez, premiaz, ezinaz edo nahirik ezaz.

Juan Kruz Igerabideren zortzigarren nobela izango da Doneaneko alaba. Bi protagonista ditu: poema liburu bat idatzi duen erizain bat eta literatura ikertzaile bat. Bien bilakaera psikologikoak eta existentzialak hari berean bilduko ditu. 36ko gerratik XX. mende amaiera arteko kontuak aletzen dira, Gipuzkoako Beterri eskualdean.

Historia generokoa da Patri Urkizuren hirugarren nobela. Zerain dauka izenburua, eta Erein argitaletxeak editatuko du. 1530 inguruan kokatuta dago trama: hiru liburu erasmista idazteagatik, Inkisizioaren atzaparretan erori zen Zerain, Euskal Herriko lehendabiziko luteranotzat jotzen den idazlea.

Maiatz argitaletxeak urtearen hastapenean plazaratu zuen Amaiur Epher garaztarraren Profeten iruzurra eleberri laburra; funtzionario baten bizitza kontatzen du, gaur egungo giroz eta umore biziz.

Elkar etxeak Joxean Agirreren eta Irati Goikoetxearen nobela bana argitaratuta ditu dagoeneko, eta Iñaki Irisarriren Eta infernuko demonioa adiskide eta Alberto Ladron Aranaren Mendekuaren hazia genero beltzekoak ere bai. Txalaparta argitaletxeak Miren Gorrotxategiren Sotoan gordeak plazaratu zuen urtarrilean.

Ipuinen erakarpena

Narrazio liburuak ez dira sarritan albistea izaten, baina udaberri honetan datozenek hotsik aterako dute.

Hamabost kontakizun laburreko bilduma da Ana Malagonen Ez dakit zertaz ari zaren, idazlearen hirugarren liburua Elkar argitaletxean. Dibortzioa, gurasoen zaintza, maitasunaren lausotzea, heriotzaren hurbila..., askotarikoak dira Malagonen ipuinetako gaiak eta giza harreman formak, sarritan kutsu garratz batez bustiak: sentipen mingotsa, frustrazioa, dezepzioa, porrota.

Taxiak ez dira inoiz gelditzen dauka titulutzat Xabier Montoiaren zortzigarren ipuin liburuak. Datorren hilabetean kaleratuko du Susak. Hamar narrazioetatik estreinakoak emango dio izenburua liburuari. Kontakizunetako ahotsak beti dira pertsona berberenak, maitasuna bizitzeko modu ezberdina duten bi emakumezkorenak. Bat mintzo da aurrena, eta ondoren bestea, aldizka liburu osoan; eta, halako batean, irakurleak antzemango du zein den bien arteko harremana.

Haur literaturaren arloan bi argitalpen irakurri zaizkio Nerea Loiolari, eta orain helduentzat idatzitako estreinako ipuinak agertuko ditu Itsasoan basamortu izeneko liburuan. Bikotekideen arteko harreman korapilatsuek, heterosexualek eta lesbikoek, zirrara eragiten dute, estilo fineko zazpi narrazio hauetan. Loiolarenaz gainera, Erein editorialak beste kontakizun liburu bat ere badakar, Nerea Arrienen Jende likidoa.

Hamar poema liburu

Idazle berrien eta beteranoen eskutik, poesiaren uzta zabala eskainiko dute argitaletxeek urtearen lehen erdi honetan. Oihana Arana, Maialen Berasategi, Maixa Zugasti, Jose Luis Agirretxe eta Frantxoa Caset dira euren aurreneko poemategiak plazaratuko dituztenak. Lehendik arituen artean dira Amaia Iturbide, Mikel Taberna, Karlos Linazasoro eta Pako Aristi.

Maialen Berasategi BERRIAko zuzentzaile eta itzultzaile ezaguna da literatura itzultzen aritua den aldetik —Rebecca West, Monique Wittig, Carole Pateman, Adrienne Rich idazleen lan zenbaiten euskaratzailea—. Orain bere aurreneko poema bilduma aurkeztera dator. Izenburua erabaki gabe dutela adierazi du Balea Zuria editorialak.

Erein etxeak bi poema liburuaterako ditu. Amaia Iturbideren zortzigarrena izango da Isiltasunaren ildoetan; mardula da liburua, eta askotarikoak dira poemak tonuz eta formaz. Pako Aristiren zazpigarrena izango da Ni eta Gu; itsasoa du ardatza, itsasgizonak eta haiekin solasean poeta bera. Getariako arrantzaleak izan ditu bidelagun Aristik: portuan izandako solasaldiak, haien giroko hizkera, haien esperientziak.

Maiatz argitaletxeak Jose Luis Agirretxeren eta Frantxoa Caseten aitzineko obrak plazaratu ditu jadanik. Balea Zuria etxeak Maixa Zugastiren poesiazko lehendabizikoa dakar: Hostoen hezurdura unatua; eta Susak Oihana Aranarena: Lazunak azkazaletan.

Balea Zuriak, gainera, sei idazleren antologia bat ere inprimatuko du: Iñigo Astiz, Jon Benito, Beatriz Txibite, Ione Gorostarzu, Hasier Larretxea eta Peru Magdalenaren poema hautatuak, Jon Kortazarrek eta Paloma Rodriguez-Miñambresek apailatutako edizioan.

Saiakera eta memoria

Hamasei argitalpen, gutxienez, badira saiakeraren arloan udaberrian. Hauek dira batzuk.

Kepa Altonagak, zientzia eta literatura harilkaturik, bizitzaren jatorriaz dihardu Pamielak aterako duen Iridioaren mintzoa lanean. Eta Aritz Galarragak, Gogoan dut liburuan, belaunaldi baten erretratua egin du oroimen ariketa intimo eta literario baten bidez.

Xabier Letek bost irratsaio egin zituen 1978an Donostiako Herri Irratian. Inazio Mujika Iraola arduratu da grabazio eta elkarrizketa haien transkripzioa egiteaz Erein argitaletxean.

Emilio Lopez Adanek Borroka armatua Euskadin (1967-2011) aztertu du. Gatazkako ekintzetan hildakoengan oinarritutako ikerketa egiten aritu da sei urtez, eta Maiatz argitaletxeak kaleratu du hiru liburukitan.

Mikel Antzak gatazka politikoari buruzko oroitzapenak eta testigantzak bildu ditu Arroz urez kronika bilduman, Txalapartan.

Gizakiak ote dira hizkuntza dugun animalia bakarrak? Hizkuntzarekin harremanetan egon ez den haurra jabetu al daiteke hizkuntzaz? Era honetako galderei erantzuna topatzen dihardu Beatriz Fernandezek Hizkuntza gogoan liburuan.

Ane Labakak emakumezkoen gorputzetatik umorea erauzteko indarrak aztertu ditu. Antzerkilariak, clownak, aktibista feministak elkarrizketatu ostean, Algara mutilatuak saiakeran azaldu ditu umorearen mugak, joko arauak, noranzkoak eta aukera berriak.

Argitalpen berezien artean, liburu grafiko baten proposamena: Dom Campistron Nafarroa Behereko zazpi lagunekin solastatu zen 2019ko udan, eta 60 irudiz eskainiko du Bekatorosak: gay eta lesbianen borrokak, maitasun esperientziak, eraso homofoboak eta elkartasun ekintzak.

Gazteentzat bilduma berria

16 urte bueltako irakurleentzat Traola bilduma zabalduko du Elkarrek. Lehen nobelen artean dira Jasone Osororen Festa eta Oihana Iguaranen Hormak. Sexu harreman batez idatzi du Osorok, eta eskola bateko horman azaldu den pintada bortitz batek abiatzen duen istorioa, aldiz, Iguaranek.

Mamuak eta bihotzak, Klarisa Lupabitx detektibearen hirugarren abenturak idatzi ditu Arrate Egañak, eta Erein argitaletxeak plazaratuko ditu, Enara Garmendiaren bi liburu berriak bezala: Hiru gara baina niri bost haurrentzat, eta gazteentzat Etxetik Ameriketara nobela.

Eta amaitzeko, benetan eder datozen hiru album ilustratu. Itsasoaren atea, Maite Gurrutxagak eta Miren Agur Meabek egina: 13 urteko Elora Duval neskatilaren ama hil egin da, eta aitak uharte batera bidali du itsasontziz, amonaren etxean bestelako bizimodu bati ekin diezaion. Basoan barna margoztatu du Ainara Azpiazu Axpi-k: aitona ehiztaria zen gaztetan, baina gaur egun argazkilaria. Lapur xomorroa du izenburua Ane Arzelusen eta Irati Garmendiaren albumak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.