Zegama-Aizkorri mendi maratoia

Inoizko onena izateko esperantza

Zegama-Aizkorri mendi maratoia igande honetan jokatuko da, bi urteko geldialdiaren ondoren. 550 korrikalari arituko dira lehian. Kilian Jornet eta Maude Mathys dira faboritoak

Jendetza bildu zen duela hiru urte Zegama-Aizkorri mendi maratoia ikusten. Aurten ere ikusle ugari espero da. GORKA RUBIO / FOKU.
Unai Ugartemendia.
2022ko maiatzaren 24a
00:00
Entzun
Pandemiak eragindako azken bi urteetako etenaldiaren ondoren, igandean jokatuko da berriro ere Zegama-Aizkorri mendi lasterketa. Inoizko izen emate kopururik handiena izan du mendi maratoiak, eta beste lasterketa batzuen arazorik ez du izango Zegama-Aizkorri probak, Aizkorri eta Aratz parke naturaletako probak. Hemeretzigarren ekitaldia izango du aurtengoa, eta 550 korrikalari abiatuko dira irteeratik, 42 kilometroak (+2.736 metro) egiteko asmoz.

Beste guztien gainetik, izen bat nabarmenduko da Zegaman: Kilian Jornet kataluniarra. Zegama-Aizkorri bederatzi aldiz irabazi du korrikalariak, eta begi guztiak beragan jarrita edukiko ditu. Aurten lasterketa gutxi egingo zituela iragarri arren, ahal duen guztietan egin duen antzera, irteeran izango da.

Baina ez da Jornet lasterketa irabazteko hautagai bakarra. Ezustekoa eman dezaketenen zerrenda luzea da, eta haien artean daude, besteak beste, Remmi Bonnet suitzarra —2018an irabazi zuen—, Thibaut Baronian frantziarra —2019an hirugarren izan zen—, Oriol Cardona eta Jan Margarit kataluniarrak, Manuel Merillas espainiarra, eta Octavio Perez entrenatzailearen babesean etorri diren Ben Kimtai, Robert Pkemboi, Matthew Kiptanui eta Reuben Narry kenyarrak.

Euskal Herriko lasterkarien artean, aipatzekoak dira Aritz Egea, Ander Iñarra, Oier Ariznabarreta, Asier Larruzea eta Hassan Ait Chaou beteranoa.

Beste batzuek, berriz, ez dute parte hartuko aurten: Stian Angermund-Vik norvegiarrak—2017an nagusitu zen—, Bart Przedwojewski poloniarrak—bigarren izan zen 2019an—, Jonathan Albon ingelesak eta Jokin Lizeaga euskal herritarrak.

Maude Mathys, gainetik

Emakumeen artean faborito argirik baldin bada, hori, Maude Mathys suitzarra da. Azken bi urteetan mendi lasterketetan emandako erakustaldiak handiak izan dira. Irabazi dituen lasterketen artean, munduko onenak daude: Sierre-Zinal (Suitza)nahiz Golden Trail Serieseko beste bi lasterketa eta finala.

Ez du sekula Zegama-Aizkorrin parte hartu, bainagutxik jarri dute ezbaian hura izango dela lasterketa irabazteko hautagai nagusia. Maite Maiorak 2017an (4.34.27) ezarri zuen errekorra apurtzeko gai ere izan daitekeela uste dute askok. Maiorak ez du lasterketan parte hartuko aurten.

Baina suitzarraz gain beste izar batzuk ere izango dira irteeran. Hautagaien artean, azken hilabeteetan sona handia hartzen ari den korrikalari herbeheretar bat: Nienke Brinkman. Mendian oso lasterketa gutxi jokatu dituen arren, errepideko maratoietan oso emaitza onak lortu ditu, eta Mathysi itzal egin diezaioke. Bien arteko lehiak ikusmin handia sortu du mendi korrikalarien artean.

Mathysez eta Brinkmanez aparte, zeresana eman dezakete beste askok ere. Irteeran izango direnen artean, Zegama-Aizkorri irabaztea zer den ongi dakiten hiru izen handi daude: Oihana Kortazar euskal herritarra—2011n eta 2012an irabazi zuen—, Emelie Forsberg norvegiarra—2013an irabazi zuen— eta Ida Nilsson suediarra —2018an garaipena lortu zuen—. Emakumeetan ere izango dira Kenyako korrikalariak, estreinakoz: Joyce Muthoni Njeru eta Teresiah Omosa.

Zeresana eman dezaketen euskal korrikalarien artean, Oihana Kortazarrez eta Oihana Azkorbebeitiaz gain, Sara Alonso gazteak egingo duenari begira egongo dira zale asko. 2022an jokatutako lasterketa guztiak irabazi ditu, eta lehenbiziko aldiz hartuko du parte Zegama-Aizkorrin.

Gero eta garestiago

Antolatzaileentzat buruhaustez betetako egunak izaten ari dira azken hauek, lasterketako prentsa arduradun Maialen Arizkorretak azaldu duenez: «2020ko otsailaren 21ean 13.000 izen emateren artean egin genituen kilometro bertikaleko eta maratoiko dortsalen zozketak, baina ordutik hona bi urte pasatu dira. Bi urtez eduki dituzte dortsalak gordeta, eta urtero ekimen bat egin egin dugun arren, ohiko antolaketa geldirik izan dugu». Bi urteko etenaldia izan eta gero, aitortu du «kostatu» egin zaiela martxa hartzea. «Bagenuen beldurra boluntarioak gurekin ahaztuko ote ziren, baina beste behin ere txalogarria izan da haien konpromisoa», azaldu du Arizkorretak.

Aurtengoan bi ardatz nagusi izango ditu Zegama-Aizkorrik;alde batetik, ingurumena zaintzea eta plastikoaren erabilera murriztea, eta, beste alde batetik, maratoiaren zuzeneko emankizuna ziurtatzea. «25 laguneko talde bat arituko da lanean, mundu guztian Zegama-Aizkorri mendi maratoia ikus dadin. Urte hasieratik gabiltza buru-belarri lanean, emankizunean izan daitezkeen arazo teknologikoak nola konpondu pentsatzen, eta inoizko baliabiderik handienak jarriko ditugu», zehaztu du Arizkorretak. Buruhauste askoren ondoren, azken ukituak baino ez zaizkie falta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.