Donostiako 67. Zinemaldia. KRITIKA. Sail Ofiziala

Mario joan zaigu

Mikel Zumeta.
2019ko irailaren 26a
00:00
Entzun

'Patrick'



Zuzendaria: Gonçalo Waddington. Herrialdea: Portugal-Alemania. Iraupena: 103 minutu.

Mario 8 urte zituela bahitu zuten, Portugalen bizi zela, eta hamabi urteren ondoren aurkituko dugu, Parisen, atxilotua izan ondoren. Dagoeneko ez dio Mario izenari erantzungo; orain Patrick du izena, bahitzaileak hala izendatu baitzuen.

Pelikulak hasiera bortitza izango du. Patrick bere horretan azalduko zaigu Parisen, eta alde ilun eta izugarria antzemango diogu, ez baitzaigu gehiegirik esaten hari buruz, informazio zantzuak soilik. Baina nahikoa izango da nolakoa den jakin dezagun: iluna, oso, eta oraindik ez dugu guztia ikusi.

Zuzendariak oso gai latza landuko du filmean: bahiketak eta abusuek pertsonengan sorrarazi ditzaketen oinazeez jardungo zaigu. Mario ez da gehiago Mario izango; orain Patrick da, eta ez da nolanahiko gauza. Atxilotua izan ondoren, Portugalera bidaliko dute, amaren etxera. Ezezaguna zaion iraganera itzuliko da han, arrotzak zaizkion senitartekoekin, eta arroztasuna partekatua izango da, protagonistaren zauri emozionala handituz.

Portugalen igaroko dugu filmaren parterik handiena, protagonista susmagarri eta ilunarekin, sendatuko ote den esperantzarekin, hobera egingo duelakoan. Baina Mariok, esan bezala, ez dio dagoeneko izen horri erantzuten, ez du portugesa ia oroitzen, ez du izen horri erantzuten zion umearen ia arrastorik. Hermetikotasunean ikusiko dugu, nortasun itxiarekin, barruan dituen munstroak giltzapetuta, eta haren erreferente bakarra Mark izango da, bahitzailea, berak ematen baitie erantzuna dituen gabezia guztiei. Kontraesanezkoa gerta badaiteke ere, hura da minez behar duen bakarra.

Esan bezala, film latza da, gogorra. Hasiera bortitza badu ere, trama segituan geldialdian sartuko da, egonaldian, itxaropenean, eta moteldu egingo da, Portugalen denbora beste abiadura batean igaroko balitz bezala. Zuzendariak lan itzel eta ausarta pantailaratu du, gai zekena, itsusia, aski ezerosoa, eta asaldatu egingo gaitu. Biktimaren eta borreroaren arteko harremana erakutsiko zaigu, baita ondorioen ondorengoa ere... eta orain, zer? Galdetu iezaiozue Mariori. Agian oraindik hor nonbait ezkutatua egon daitekeelako, mamu eta munstroen artean preso, Patrickek bizirik irauteko eraiki duen nortasunean giltzapetua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.