Denis Urubko. Alpinista

«Oraindik ez dut nire azken hitza esan Himalaian»

Aitarekin hasi zen mendian Urubko, eta askorentzat munduko alpinistarik onena izan da. Everest izan zen hark egin zuen lehen zortzimilakoa. Uste du gauzak asko aldatu direla Himalaian.

GORKA RUBIO / FOKU.
Unai Ugartemendia.
2021eko maiatzaren 25a
00:00
Entzun
Azpeitiko Lagun Onak Mendi Bazkunaren 75. urteurreneko gonbidatu handietako bat da izan da Denis Urubko (Nevinnomissk, Errusia, 1973). Askorentzat, alpinismoaren historian inoiz izan den onena da. Gauza ugari egin ditu zortzimilakoen munduan, baina zerbaitegatik nabarmendu behar bada haren izena, hainbat igoeratan egin dituen bide berriengatik da. Errezilen (Gipuzkoa) hartu zuen ostatu Urubkok Urola bailaran igaro zituen egunetan. Bere ibilbideaz eta etorkizuneko erronkez hitz egiteko tartea hartu zuen.

Gaur egun, munduko alpinistarik onenen artean zaude, baina nolakoak izan ziren zure hastapenak?

Lanaz gain, aitari asko gustatzen zitzaion ehiza eta arrantza. Harekin irteerak egiten hasi nintzen gu bizi ginen inguruetara. Txikitatik jada asma neukan, baina hori ez zen aitzakia geldirik egoteko. Aitarekin egiten nituen irteera haietan, Kaukasoko mendikate osoa ikusten nuen, eta, etxera itzultzen nintzenean, hara joatearekin amesten hasten nintzen. Irudi haiek izugarrizko edertasuna eta askatasuna eskaintzen zidaten. 14 urterekin, nire gaixotasunarengatik, Sakhajalingo uhartera joan ginen bizitzera. Han, fisikoki askoz hobeto sentitzen hasi nintzen, eta lagunekin irteerak egiteari ekin nion. Handik gutxira, 4.000 eta 5.000 metroko mendietara joaten hasi nintzen. Gerora, hainbat mendi taldetako alpinistekin maizago joaten hasi nintzen goi mendietara.

Zerk erakartzen zintuen mendietatik?

Han aurkitzen nuen askatasunak esango nuke. Gure egunerokoan ditugun araurik ez dago mendian; dena basatiagoa da. Nire egunerokoan nahiko nituzkeen gauzak han aurkitzen nituen.

Beti izan zara mendian azkar ibili zalea, eta zureak dira igoera askotako errekorrak. Nondik datorkizu zaletasun hori?

Kirol arloan, 12 urtetatik 16ra bitartekoak dira edozein gazteren urte erabakigarriak; urte horietan prestatzen da gorputza etorkizunean kirolean aritzeko, eta nik adin tarte horretan oso entrenamendu zorrotzak eta exijentzia handikoak egiten nituen. Askotan, 12-24 orduko entrenamenduak izaten ziren, tartean 80 kilometroko ibilaldiak... Bi edo hiru hilabetez ere, eskolako joan-etorriak egiteko, 100 kilometro egiten nituen. Horrela prestatzen nintzen etorkizunerako, eta agian hortik datorkit azkar ibiltzearen zaletasuna [barrezka].

Zure lehen erronka handia Elurretako lehoinabarra osatzea izan zen; alegia, Errusiako bost tontorrak Lenin Peak (7.134 metro), Korzhenevskaia (7.105 metro), Komunismo (7.495 metro), Pobeda (7.439 metro) eta Khan Tengri (7.010 metro) egitea 42 egunetan. Nola gogoratzen duzu espedizio hura?

Errusiako Mendi Federazioaren erronka bat zen. Garai batean jende asko saiatzen zen hura osatzen. Orain dela 30 urte, hiru alpinistek uda batean osatu zituzten. Oso erronka gogorra zen. Anatoli Bukreiev laguna eta Simone Moro italiarra Annapurnara [Nepal, Himalaia, 8.091 metro] joan ziren batean, Anatolik komentatu zion Simoneri nola hiru alpinista haiek oso denbora gutxian osatu zuten. Gero, Anatoli hil zenean, eta hari omenaldi bat egiteagatik, Moro, Mario Kurnis, Sergei Molotov eta ni abiatu ginen erronka hura osatzera. Morok eta Kurnisek ez zuten amaitu, baina Molotovek eta nik lortu genuen.

Gero zortzimilakoetan hasi zinen. Nondik etorri zitzaizun hara joateko lehen aukera?

Simone Mororekin laguntzaile moduan joan nintzen Everest-Lhotse zeharkaldia egitera. Nik, hasieran, Lhotse [Nepal, Himalaia, 8.516 metro] bakarrik egin behar nuen. Han, beste errusiar batekin topo egin nuen, eta hark esan zidan ea zergatik ez nintzen Everestera [Nepal, Himalaia, 8.848 metro] ere joaten. Esan nion dirurik ez nuelako zela. Berak jarriko zuela erantzun zidan, eta hala izan zen. Gero, Moro gaixotu egin zen, eta ni bakarrik joan nintzen Everestera. Hura izan zen nire lehen zortzimilakoa. Orduan ez ziren gaur egun bezala xerpak igotzen soka finkoak jartzera. Han ginen espedizioek txandaka antolatu behar izaten genuen guztia. Himalaiako urterik onenak harrapatu nituenaren sentsazioa izan dut beti.

Zure lehen zortzimilakoa izan zen Everest, oxigenorik gabe gainera. Zer sentipen izan zenuen?

Ziur nengoen gailurra zapalduko nuela. Izugarri ondo prestatuta joan nintzen. Behin gailurra eginda, jaitsieran, 8.700 metro inguruan, haluzinazioak izan nituela gogoratzen naiz. Mozkortuta egongo banintz bezala sentitzen nintzen. Fisikoki ondo prestatuta egoteaz gain, psikologikoki ere primeran nengoen. Dena bikain atera zen.

Zortzimilakoen zerrenda osatzea izan al zen hasieratik zure helburua?

Ez neukan ezer aurreikusita. Zortzimilako batera igotzen nintzen aldiro, aurrekoa baino ederragoa iruditzen zitzaidan, eta gutxinaka denak osatuz joan nintzen. Halere, ez nuen zerrenda bete-betean jarraitu. Esaterako, 2003an Broad Peakera [Pakistan, Karakorum, 8.051 metro] igo nintzen, baina 2004an berriro joan nintzen hara, bide berri bat irekitzera. Berdin egin nuen Everestekin eta Manaslurekin [Nepal, Himalaia, 8.163 metro] ere. Gauza ez zen bakarrik zortzimilakoak egitea; bide berriak egiten saiatu izan naiz beti. Haiek amaitu nituenean, joaten jarraitu nuen. Gero, berriro ere egin nituen, esaterako, Kanchenjunga [Nepal, Himalaia, 8.586 metro], Gasherbrum II (Pakistan, Karakorum, 8.034 metro)...

Hamalau zortzimilakoak eta bost bide berri osatzeaz gain, neguko bi espediziotan ere bi gailur zapaldutakoa zara: Makalu [Nepal, Himalaia, 8.485 metro] eta Gasherbrum II. Zer alde antzeman zenituen neguko eta udako espedizioen artean?

Neguko espedizioetan ez da bigarren aukerarik izaten; han ez dago huts egiterik. Esaterako, 2011n, Gasherbrum II-an bide berri bat ireki genuenean, lau erreskate egin behar izan genituen. Oztopoak saihesten ibili behar izan genuen, baina aukera bat izan genuen, eta probestu genuen. Iaz, Broad Peaken, berriz, dena aurka izan nuen. Aldagai asko izan nituen kontra, eta ez nuen aukerarik izan saiatzeko ere. Horrelakoetan hobe da etxera itzultzea. Neguko espedizioak aukera bat izan dira, baina nik askoz nahiago ditut ireki ditudan bide berriak.

Ireki dituzun bost bideetatik, zein aukeratuko zenuke?

Denak izan dira ederrak; denek dute zerbait. Halere, ez dut Himalaian irekitako bat aukeratuko. Pobeda [Errusia] mendian ireki nuen bat aukeratuko nuke: 7.500 metroko mendi bat da, oso gogorra eta arriskutsua. Nire lagun batekin ireki nuen, eta agian munduan dagoen igoerarik harrigarriena izango da. Jendea zortzimilakoetan ireki ditudanekin oroitzen da, baina haien adina zailtasun dituzte beste askok.

Zortzigarren alpinista izan zinen hamalau zortzimilakoak osatzen oxigenorik gabe. Ezer berezirik sentitu al zenuen haiek amaitzean?

Ezer berezirik ez! Haiek denak osatzea baino garrantzitsuagoa izan zen Himalaian eta Karakorumen osatu nituen bost bide berri haiek. Askoz gehiago eman zidaten.

Hainbeste urtean goi mendietan ibili ondoren, inoiz ez duzu talde finkorik izan. Zergatik?

Agian hori izan da nire erabakirik okerrena. Broad Peak eta Manaslu, Sergei Samoilovekin egin nituen; Lhotse eta Gasherbrum II, bakarrik; Pobeda, Gennadii Durovekin; Cho Oyu eta Manaslu, Boris Dedeshkorekin; Simone Mororekin beste hainbeste... Hamabi urtez, Errusiako Goi Errendimenduko taldea eraman nuen, eta han ere talde bikaina genuen. Atzera itzultzeko aukera banu, agian talde finkoagoak izaten saiatuko nintzateke.

Zortzimilakoetan erreskate asko egitea tokatu izan zaizu: besteak beste, Iñaki Otxoa Olza nafarrarena, 2008an, Annapurnan. Hori izan al da denetan gogorrena?

Ez, hura ez zen gogorrena izan. Hura salbatzeko egin zitekeen guztia egin genuen. Psikologikoki oso gogorra izan zen, baina nire ibilbidean gertuko lagun gehiagorekin izandako ezbeharrek okerrago utzi izan naute. Neguan Lenin Peakera egin genuen espedizio batekin oroitzen naiz. Bertan, lagun alpinista gazte bat hil zen, eta hura tragedia bat izan zen lagun guztiontzat. Hutsegite bat egin zuen berak bakarrik, baina ni oso errudun sentitu nintzen.

Egoera larriak izan dituzu mendian. Bereziki gogoratzen duzunen bat baduzu?

Egoera txarrak ahaztea kostatzen zait, baina inguruan ditudan lagunek une txar haiek ahazten laguntzen didate. Baina izan ditut egoera larriak. Sergei Samoilov lagunarekin Broad Peaken hegoaldeko bidetik gindoazela, hura aseguratzen nindoan bide askotan. Bost egun eta gero, biak ez aurrera ez atzera gelditu ginen oso leku zail batean. Oso eguraldi txarra genuen, 7.500 metrora geunden... Etsita geunden! Baina Sergeik esertzeko eta soka emateko esan zidan. Ez nintzen ezertarako gai. Une txiki batean bakarrik utzi ninduen, baina nahikoa izan zen berriro ere arnasa hartu eta aurrera jarraitzeko. Gaur egun zaila da sinisten nondik igo ginen! Izugarria da bide hori!

Zuk esana da alpinistarik onena bizirik dagoena dela. Hori al da zure saririk onena?

Ez. Nire ametsak betetzea izan da saririk handiena, zalantzarik gabe.

Gaur egun nola ikusten duzu Himalaiaren mundua?

Negozioa negozioa da, eta artea artea da. Oso ondo bereizi behar dira bi gauza horiek. Bizitzan beti daude aukerak gauza gehienak egiteko, eta hau ere antzekoa da. Gauzak ikaragarri aldatu dira Himalaian. Uste dut dena esan dizudala.

Askotan izan dituzu bidelagun Euskal Herriko alpinistak: esaterako, Juanito Oiarzabal, Iñaki Otxoa Olza eta Alex Txikon. Zer harreman izan duzu urte hauetan haiekin?

Gehienekin oso esperientzia aberasgarriak izan ditut. Oso pertsona ezberdinak dira: Otxoa Olzak, esaterako, Himalaian ibiltzeko oso estilo arina erakutsi zidan, imajinazioz beterikoa; Oiarzabalek, berriz, kontzentrazio handiarekin eta oso serio hartzen zuen mendia. Biak ere gustuko izan ditut, eta asko eman didate.

Gaur egun zer egiten duzu?

Beste munduko ezer ez dut egiten. Egunero oso goiz jaikitzen naiz, 06:00etan. Azkar batean ordenagailuaren aurrean jartzen naiz. Entrenamendu txiki bat egiten dut gero, eta kafea hartzera joaten naiz. Ondoren berriz lanean jarraitzen dut. Ia beti lanean eta zerbait egiten egoten naiz.

Zortzimilakoen falta sumatzen al duzu?

Bai. Halere, oraindik ez ditut albo batera utzi zortzimilakoak. Ez dut nire azken hitza esan. Oraindik ere amets batzuk baditut betetzeko: esate baterako, zortzimilako gehien igo dituen alpinista izatea, neguko beste espedizioren bat egitea, edo bide berriren bat irekitzea zortzimilako batean estilo alpinoan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.