Mendiko eskia

Quincoces eta Campos besteen gainetik Altitoyn

Bigarren garaipena da Quincocesentzat; estreinakoa, berriz, Camposentzat. Aitor Ajuriak eta Axier Alonsok zazpigarren amaitu dute gizonezkoen proba

Altitoyn parte hartu zuten eskiatzaileak, igoera betean. IKER IRIARTE.
Unai Ugartemendia.
2022ko martxoaren 22a
00:00
Entzun

Azken urteetan Euskal Herriko mendiko eskian gehien nabarmendu diren bi emakumeek, Nahia Quincocesek eta Igone Camposek, merezitako saria eskuratu zuten asteburuan, Altitoy Ternua proba irabazita. Quincocesek bigarrengoz eskuratu zuen garaipena, 2014an Amets Maiztegirekin irabazi baitzuen; Campos, berriz, estreinakoz izan zen txapeldun.

Ikusi gehiago: Igone Campos eta Nahia Quincoces: «Oso berezia izan da proba berriz jokatzea»

Lau urteren ondoren itzuli zen proba. 2018an, antolatzaileek atseden hartu zuten, eta ondoren ez zen egin, pandemiagatik. Orain astebete Pierra Menta (Alpeak, Frantzia) jokatu bazen ere, gehien-gehienek orain bi urte eskuratutako dortsalari eutsi zioten. Halere, asteburuan Vall Martellon (Alpeak, Italia) Munduko Kopako probak jokatu zirenez, diziplinako eskiatzailerik onenak ez ziren aritu proban.

Antolatzaileek bi eguneko ibilbide ikusgarriak prestatu zituzten, eskiatzaileen gozamenerako. Bi egunean, ia 5.000 metro gainditu behar izan zituzten eskiatzaileek A ibilbidean, eta bertaratu ziren gehienek azpimarratu zuten antolakuntzak maila horretako ibilbideak prestatzeko egindako ahalegina. Horrez gain, eguraldia ere lagun izan zuten bi ibilbideak osatzeko asmoz joan ziren ia 400 eskiatzaileek.

Quincocesek eta Camposek ez zuten pareko aurkaririk izan bi egunetan. Quincoces aurreko astean Pierra Mentan lehiatuta zetorren arren, ez zuen neke berezirik sentitu bi egunetan; Camposek, berriz, azken urtean izan duen gorakadaren laguntza izan zuen, eta garaile izan ziren bi egunetan. Atzetik, bigarren postuan, Natalia Mastrota italiarrak eta Anna Tybor poloniarrak osatu zuten bikoa sailkatu zen.

Gizonezkoetan, berriz, Martin Stofner eta Filippo Beccari italiarrek osatu zuen bikotea izan zen garaile bi egunetan. Nagusitasunez gailendu ziren, gainera. Podiumean, alboan, Bastien Lardat eta Bastien Fleury, eta Gerber Martin eta David Albos bikote frantziarrak izan zituzten. Euskal herritarrez osatutako lehen bikotea Axier Alonso eta Aitor Ajuriarena izan zen, eta zazpigarren postuan amaitu zuten.

Ikusi gehiago:Axier Alonso eta Aitor Ajuria: «Lan handia egin genuen txapela lortzeko»

Grand Courseko sailkapenaz gain, larunbatean jokatutako proban jokoan jarri ziren Binakako Euskal Herriko Txapelketak ere. Txapelak Quincoces-Campos eta Alonso-Ajuria bikoteentzat izan ziren. Lehia polita izan zen txapel horiek jartzeko orduan ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.