Kultura, hiriaren aldirietara

Duela hamar urte inauguratu zuten Nafarroako Musikaren Hiria, hots, Liburutegia eta Filmoteka biltzen dituen gunea, Iruñeko Mendebaldea auzoan. Halaber, azken urteetan itxi egin dituzte hirigunean ziren zinema aretoak. Iruñeko kultur erakunde nagusiak kanpoaldera ateratzen ari dira.

Carlos III zinemak. 2005 eta 2016 bitartean itxi zituzten Iruñeko erdigunean zeuden zinema areto guztiak. JAGOBA MANTEROLA / ARGAZKI PRESS.
Ane Eslava.
Iruñea
2021eko abenduaren 10a
00:00
Entzun

Hamarkada bat bete da Nafarroako Goi Mailako Kontserbatorioa, Pablo Sarasate Kontserbatorio Profesionala eta Nafarroako Liburutegia Iruñeko Alde Zaharretik Mendebaldea auzora mugitu zituztenetik, eta han ezarri zutenetik Nafarroako Filmoteka ere. Alde Zaharra eta haren inguruak ziren jatorrian aukeratutako tokiak, baina higiezinek sortutako interesek hiriaren kanpoko aldera eraman zituzten Nafarroako kultur azpiegiturarik garrantzitsuenetako batzuk. Instituzio horietako arduradunen arabera, eraikin berriek abantaila asko ekarri dituzte, baina mesedegarriagoa zatekeen horiek hiriaren erdigunean utzi izana. Zenbaitek uste dute mugimendu horiek kultura hiriaren bazterretara zokoratzeko prozesu baten barruan egon daitezkeela.

Pablo Sarasate Musika Kontserbatorioa 1957an sortu zuten, eta, 1990ean, bitan banatu zuten, Nafarroako Goi Mailako Musika Kontserbatorioa eta Pablo Sarasate Musika Kontserbatorio Profesionala sortuta. Mendebaldea auzora mugitu aurretik, goi mailako ikasketak Agoitz kaleko eraikinean ematen zituzten; erdi mailakoak, berriz, Ezpeleta jauregian, Kale Nagusian. Baina eraikinek ez zituzten betetzen horretarako baldintza egokiak; irakasleek, ikasleek eta profesionalek askotan salatu zituzten gune horien gabeziak. Pablo Sarasate orkestrak, gainera, ez zuen egoitzarik, eta Barañaingo auditoriumean egin behar izaten zituen entseguak. 2011tik, egoitza partekatzen dute; guneari Musikaren Hiria izena jarri zioten, eta Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuaren parte da. Eraikuntza lanak 22,4 milioi euro kostatu ziren.

Julio Eskauriaza Goi Mailako Musika Kontserbatorioko zuzendaria da, eta hark argi du egoitza berriak «onura asko» ekarri dizkiola instituzioari: «Bi kontserbatorioak gune berean batzeko eredua berritzailea eta bakarra da, eta urte hauek oso produktiboak izan dira». Egoitza oraindik hiriaren erdigunean egotea «oso onuragarria» zatekeela onartu du, baina erantsi du «zaila» dela han Musikaren Hiriko instalazioek dituzten ezaugarriak beteko lituzkeen eraikin bat aurkitzea. «Nik zazpi urte igaro nituen Ezpeleta jauregian, eta lekua zoragarria zen, baina egunerokoan gabeziak zituen».

Iragan urrian, Musikaren Hiriaren hamargarren urteurrena ospatzeko, Musikaren Astea egin zuten, musika jarduera ugarirekin. Maria Txibite Nafarroako presidenteak adierazi zuen egoitzak «goi mailako kulturaren eta herri kulturaren arteko lotura zuzena» indartu duela.

Liburutegia, toki premian

Kontserbatorioek bezala, Nafarroako Liburutegiak ere arazoak zituen egoitzarekin Mendebaldea auzora joan aurretik. Alde Zaharreko San Frantzisko plazan zuen egoitza 2011ko martxora bitarte; orduan inauguratu zuen Nafarroako Gobernuak egungo eraikina: 19.000 metro koadro ditu, eta 25,7 milioi euroko gastua izan zuen.

Alde Zaharreko eraikina itxi ondoren protestak izan ziren, auzokideak liburutegirik gabe geldituak zirelako. San Frantziskokoa Iruñeko liburutegi nagusia izateko eskatzen zuten; auzoko liburutegiek baino ordutegi zabalagoa izan zezala, besteak beste. Eraikina eraberritu zuten, eta, 2012an, auzoko liburutegi gisa ireki zuten, zerbitzuak enpresa pribatu bati azpikontratatuta. 2015ean, Iruñeko Udalak eta Nafarroako Gobernuak hitzarmen bat sinatu zuten, liburutegiaren kudeaketa berriz ere publikoa izateko, eta ordutegia luzatzeko. Horrela, hirian zentraltasuna hartu zuen berriro liburutegi horrek.

Nafarroako Liburutegiaren Mendebaldea auzoko egoitzarekin, erantzuna eman zioten liburutegiko arduradunek, langileek eta erabiltzaileek urte luzez egindako eskaerari, egoitzarena ezin gainditu zezaketen muga baitzen Alde Zaharrean. Ordea, erabakia ez zen egon polemikatik salbu: horretarako berez pentsatutako orubean El Corte Ingles saltokia altxatzea erabaki zuen gobernu taldeak, hirigintza egitasmoak aldatuta.

Mendebaldea auzoko gunearen proiektua sortu zen garaian, Yolanda Barcina zen Iruñeko alkatea eta Miguel Sanz, berriz, Nafarroako lehendakaria. Liburutegia eta filmoteka 2011ko martxoan inauguratu zituzten, eta, orduan, haiek ziren agintean; Musikaren Hiria urte hartako urrian inauguratu zuten, eta ordurako Barcina zen presidentea, eta alkatea, berriz, Enrique Maia.

Anabel Olaso da liburutegiaren zuzendaria egun, eta, duela hamar urte, jada lanean zen erakunde horretan, San Frantziskoko eraikinean. Haren hitzetan, aldaketak onura ugari ekarri zituen: «Alde Zaharreko liburutegiak ez zuen betetzen inolako baldintzarik: eskailera arriskutsuak zeuden, liburuen apalategietara iristea oso zaila zen, altuera oso baxua zen, tokirik ez zegoenez liburu asko beste instituzio batzuetan zeuden… Benetan prekarioa zen».

Baina, nabarmendu duenez, egoitza Mendebaldea auzora mugitu aurretik aukera gehien zituen tokia Lizarra kalekoa zen, eta, haren ustez, «aukera oso on bat» galdu zen han El Corte Ingles merkataritza gunea eraikita. «Hiritar eta profesional gisa» gaitzetsi du erabakia, liburutegia han jartzeak «abantaila asko» izango zituzkeelako: «Sekulako ikusgaitasuna emango ziokeen liburutegiari kokapen horrek: nafar guztientzat eta turistentzat ikusgai izango zatekeen, turistak, adibidez, ez direlako honaino etortzen».

Kulturari eskainitako instalazio nagusiak hiriaren «bihotzetik» kentzeak, izatez, ondorio kaltegarriak dakartza; hala ohartarazi du Mikel Zuza historialari eta liburuzainak: «Instituzio horiek kulturaren eragileak izan beharko lukete, eta, ekimen faltagatik, hiriaren bihotzak horiek gabe gelditu dira». Egun dauden tokietan funtzio garrantzitsua betetzen dutela onartu du, baina zentraltasun geografikoa guztiz galdua dutela erantsi.

Zehazki liburutegiari dagokionez, historialariak azaldu du «bibliotekonomiako arau nagusietako bat» dela, preseski, ingurune bakoitzeko liburutegi nagusiak erdigunean egotea. «Logikoa baita».

Eraikinak auzo batera eramateko erabakia «bi hiri ereduren arteko talkaren adibide garbia» da, haren irudiko: «Eta aurrerantzean eredu horri jarraituz gero, hiria parke tematiko bat bihurtuko da; edateko lokalak izango dira, eta, gehienez ere, frankizien dendak». Iruñea «beste hiri batzuetatik desberdintzen ahal duen oro» galtzen ari dela deitoratu du.

Zinema, lekurik gabe

Liburutegiarekin batera Nafarroako Filmoteka sortu zuten, eraikin berean. Berriki hamar urte bete ditu, eta, Alberto Cañada zuzendariak azaldu duenez, denbora horretan ahalegindu dira beste areto batzuetan ikusten ez diren pelikulak programatzen, eta, zinema markatu duten klasikoak eskaintzeaz gain, harago joaten, bestelako proposamenak eginez, hala nola joerak eta nafar zinemagileen lanak, betiere proiekzioen kalitatea bermatuta.

Urteotako balantzea «zalantzarik gabe, positiboa» da harentzat: «Arrakasta ulertzeko neurri bat ikusle kopurua da; guk ez dugu inoiz jarri helburu jakinik, baina eskaintza zinematografikoa elikatu nahi izan dugu, eta ikusten duguna da ohiko hartzaileak ditugula, aldi oro datozenak, eta baita hau ezagutuz doazen beste batzuk ere».

Hori da haren esperientzia, eta, hortaz, ez da ausartzen esatera filmoteka Alde Zaharrean jarri izanak zer eragin izango zukeen, egungo egoitzaren emaitzak onak izaten ari baitira: «Inoiz jakingo ez dugun zerbait da». Ordea, argi du ikusle asko ez direla hara mugitzen, eta horiek «galdu» egin dituztela. Gainera, zinema aretoetara joateko ohitura gero eta txikiagoa dela eta joaten direnen artean gazte gutxi dagoela aintzat harturik, kezkagarritzat jotzen du zaleak galtzea.

 

Carlos III zinemak. 2005 eta 2016 bitartean itxi zituzten Iruñea erdigunean zeuden zinema areto guztiak. Jagoba Manterola / Foku

Filmoteka Alde Zaharrean jarri izan balute, zinemak izango luke toki bat hirigunean; izan ere, 2016an Saidek Carlos III zinema aretoa ixtea erabaki zuenetik Golem zinema aretoak dira hirian gelditzen diren bakarrak, Donibane auzoan; aurretik, 2014an Olite eta 2005ean Principe de Viana zinemak itxi zituzten; biak hiriaren erdigunean zeuden. Hiritik kanpo, merkataritza guneetan daude gainerako aretoak gaur egun. Hala, beraz, urte gutxi batzuetan erdigunetik desagertu egin da zinemari lotutako gune oro. «Pena da areto horiek itxi izana, hartzaile batzuk asistentziarik gabe gelditu direlako, eta oso zail ikusten dut orain inork areto bat irekitzea, horrek dakarrenarekin», adierazi du filmotekako buruak.

Zuzak prozesu beraren barruan ikusten du kultur instituzioak Mendebaldea auzora mugitu eta erdialdean zinemak desagertu izana. Ez du uste erakundeek nahita egindako zerbait denik; gainera, zinemak pribatuak izanik, hori ez da instituzioen ardura zuzena. Baina, harentzat, prozesuak erakusten du agintarien lehentasunak beste batzuk direla. «Sustatzen ahal zuten Saidek zinema horiek ez ixtea, baina haien jarduteko era beste bat da».

Principe de Viana eta Carlos III zinemetako eraikinak eraitsi egin zituzten, etxebizitzak eraikitzeko. Zuzaren ustez, erakundeek eraikinak balia zitzaketen zinemari eskainitako guneak sortzeko. «Baina aukera hori ere galdu egin zuten. Ematen du erdiguneko kultur erakundeak desagerrarazi nahi dituztela».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.