Albistea entzun
Emakumeen aurkako indarkeriari ez
Emakumeen aurkako indarkeriari ez

Prosaz haragoko udazken bat

Anari Alberdiren liburua da udazkeneko literatur nobedaderik deigarrienetako bat, baina Agirreren, Epaltzaren eta Ibarzabalen nobelak, Zalduaren ipuinak eta komiki esanguratsuak ere badira tartean

Anari Alberdi.
Anari Alberdi. JABOGA MANTEROLA / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Iñigo Astiz -

2022ko irailak 27

Anari Alberdiren lehen liburuak piztuko du ziurrenik jakin-minik handiena udazkenean argitaratuko diren liburu berrien zerrendan. Kantariak Gari eta goroldiozko izeneko liburua emango du argitara Susa argitaletxearekin. Auto bidaia bat kontatzen du, prosaz, eta tartekatuz joango dira hor gogoeta eta introspekzio uneak. Hiru hamarkada pasako ibilbidea egin du kantagintzan Alberdik, eta letrekin egindako lanagatik nabarmendu da nagusiki, eta horregatik beragatik izango da nobedaderik deigarrienetako bat. Hamaika izpitan ezpalduta egongo da fokua gainerakoan, hamaika autore ezagun eta titulu interesgarritan zatikatuta, eta ez nahitaez prosaren sailean bakarrik.

Durangoko Azoka izan ohi da udazkeneko literatur nobedadeen jomuga nagusia. Abenduaren 7tik 11ra egingo dute aurten, eta, aste asko falta diren arren, aurten bereziki goiz hasi dituzte aurkezpenak argitaletxeek.

Irailaren 7an aurkeztu zuten jadanik Katixa Agirreren Berriz zentauro antizipazio eleberria, eta hura izan da nobedaderik goiztiarrena. Oin bat etorkizunean. Aurreko Amek ez dute eleberria bezala, Elkar argitaletxearekin kaleratu du hori ere, eta, aurreko lan hura bezala, generoen artean dabil joan-etorrian oraingoa ere.

Nobela historikoak utzi, eta egungo aroan kokatutako nobela karrikaratuko du Aingeru Epaltzak ere: Erretzaile damutuen konpainia (Elkar). Aurrez Rock'n'Roll eleberrirako sortutako Edu Saragueta protagonista berreskuratu du horretarako, eta hamaika hari nahasten dituen trama bat sortu: tartean, ligatzeko zitak, jatorri guztietako etorkinez osaturiko auzoa, kazetaritza prekarizatua, argitu gabeko krimen sorta bat, eta beste.

Goiztiarra izan da Nerea Ibarzabalen Bar Gloria eleberria ere (Susa). Irailaren 13an aurkeztu zuen egileak. Aurrez ere hainbat lan eman ditu argitara Txakur Gorria kolektiboarekin, baina hau da bere izen-abizenez sinatutako lehen eleberria. Andoni Agirrezabala ere udazken honetan estreinatuko da alor horretan, Etxe berdea lanarekin (Erein).

Poeten itzulera

Poesia nobedade andana izango da, bestetik. Harkaitz Canoren soneto bilduma emango du argitara Susak —Pozaren erdia—, Felipe Juaristiren liburua aterako du Balea Zuriak —Miles Davisen bizkarra—, eta Angel Erro idazle eta BERRIA egunkariko zutabegileak Poema liburu bat (irakurtzeko jarraibideak) liburua plazaratuko du, aurrez Blas de Otero-Angela Figuera saria jaso, eta orain Ereinek kaleratuko duena. Genero horretan lanik argitaratu gabe urte sorta bat eman dute hirurek. 2014koak dira Canoren eta Juaristiren aurreko poema liburuak, eta 2005ekoa Errorena.

Badira beste bi poesia argitalpen esanguratsu ere. Xabier Leteren poema guztien bilduma plazaratuko dute elkarlanean Elkar, Erein, Alberdania, Pamiela eta Txalaparta argitaletxeek, eta Karmele Igartua idazlearen poesia osoa bilduko du Pamielak.

Baina bereziki deigarria da aurtengoan komikigintzak emango duena. Batetik, Mikel Laboaren bizitza oinarri duen Ni ez naiz Mikel Laboa lana kaleratuko duelako Elkarrek, Harkaitz Canoren, Unai Iturriagaren eta Joseba Larratxeren eskutik; eta, bestetik, juduen aurka naziek egindako sarraskiaren memoriari buruzko Art Spiegelmanen Maus klasikoa ere aterako duelako euskaraz Astiberri argitaletxeak, Julen Gabiriaren itzulpenean. Ainhoa. Black is beltza komikia ere kaleratuko du Elkarrek, Fermin Muguruzak, Harkaitz Canok, Isa Campok eta Susana Martinek sinatuta.

Bi ipuin liburu soilik

Titulu zehatzez harago, bada nobedadeen artean deigarria den beste datu bat ere: jatorriz euskaraz sortutako bi ipuin bilduma baino ez daude. Iban Zalduaren Ipuina engainua da (Elkar) bata, eta Jose Enrike Urrutia Capeauren Francisco de Garayren urrea (Pamiela) bestea. Eta kito.

Edo kasik. Hirugarren ipuin liburu bat ere izango delako, BERRIAk artikulu honen paperezko bertsioa argitaratu ostean jakin duenez: Haragizko mamuak. Karmele Mitxelenak idatzi du, Donostia Hiria saria jaso zuen hari esker, eta Elkar argitaletxeak kaleratuko du.

Datu horrekin kontrastea eginez, beste hizkuntzetatik euskarara ekarritako lau ipuin bilduma izango dira. Katalanetik euskaratuko dituzte haietako bi: Irene Pujadasen Puskak (Igela) —Amaia Apalauzaren itzulpenean— eta Victor Catalaren Atsoa (Txalaparta) —Blanca Llum Vidalek egindako hautaketarekin, Cira Cresporen hitzaurrearekin eta Sagastibeltza ezizenez sinatzen duen itzultzaileak euskaraturik—. Abdela Taiaren Zure argitan bizitzea ere aterako du Alberdaniak, eta Luisa Carnesen Hamahiru ipuin Ereinek; lehena Patxi Zubizarretak itzulia, eta bigarrena Danele Sarriugartek euskaratua.

Saiakeren artean Jon Sarasuak idatzitako Harrizko zubiak argitaratuko du Pamiela etxeak, eta egileak bertan aurrez Ertzeko zatiak eta Bost truke saiakeretan landutako gaiei heltzen die berriz, gehienbat Amerikara egindako bidaietan bildutako hausnarketekin. Iñaki Segurola idazleak hil aurrean argitaratzeko moduan utzitako Ganorexia gogoeta bilduma aterako du Alberdaniak, autoreak lehenago ere landu izan zituen gaiei buruzko oharrekin. Eta, horrez gainera, Txalapartak, besteak beste, Leire Ibargurenek idatzitako Petare. Miren Egigurenen puskak biografia eta Ibai Atutxaren Barbaroak eta zibilizatuak. Euskal gatazken eskuliburu materialista kaleratuko ditu. Emakume baserritarrei buruzko Leire Milikuaren saiakera aterako du Susak Lisipe bilduman: Lur gainean, itzal azpian.

Prostituzioa

Itzulitako saiakeren artean, prostituzioa ardatz hartuta, June Mac eta Molly Smith sexu langile, feminista eta komunistek idatzitako ez-fikziozko Puta zikinak itzuli du Amaia Astobizak (Katakrak), eta gai bera lantzen du Nelly Arcan idazle quebectarrak Puta autofikziozko eleberriak, Miel A. Elustondok itzulita (Alberdania).

Jakinek, bestetik, Marina Garces idazlearen Filosifa amaitu gabea emango du argitara.

Nazioarteko fikzio zein poesia idazle esanguratsu sorta bat ere badakartzate euskarara argitaletxeek. Iazko Nobel Literatur Saria jaso zuen Abdulah Gurnah idazlearen Paradisua plazaratuko du Elkar argitaletxeak, adibidez, Jokin Zaitegi bekaren bultzadarekin Maialen Berasategi Catalanek eta Joxe Mari Berasategi Zurutuzak egindako itzulpenean. Pier Paolo Pasoliniren Kale gorriko umeak aterako du Igelak, Fernando Reyk euskaratuta. Eta Irene Nemirovskiren Suite frantsesa kaleratuko du Alberdaniak, idazlearen ondorengoek topatutako bertsio argitaragabean. Joxe Mari Berasategik eta Mikel Garmendiak itzuli dute.

Poesian, Edgar Lee Masters poetaren kultuzko Spoon River Anthology eta antzinate klasikoko emakumezko idazleen bilduma bat ere aurkeztuko ditu Balea Zuria argitaletxeak: Poetandreak. Maite Lopez Las Herasek egin ditu hautaketa eta itzulpen lanak, eta hitzaurre bat ere badu antologiak. Munduko Poesia Kaierak bildumarako, berriz, Anna Akhmatova itzuli du Josu Landak eta Federico Garcia Lorca Juan Luis Zabalak.

Pasazaiteren agurra

Pasazaite argitaletxeak ere udazkenean esango du agur. Hamar urte eman ditu nazioarteko literatur lanak argitaratzen, baina ekainean eman zuen jarduera eteteko erabakiaren berri. Hortaz, asteotan aurkeztuko duen Sonka eleberria izango da haren azken argitalpena. Ignacy Karpowicz idazle poloniarra da egilea, eta Poloniaren eta Bielorrusiaren arteko mugan kokatuta dago kontakizuna. Igor izeneko antzerkigile arrakastatsuak Sonka izeneko agure pobrea ezagutuko du bertan, eta haren lekukotza antzezlan bilakatzen saiatuko da.

Urtzi Urrutikoetxea kazetari eta idazleak Kurdistanen historia eta egungo egoera aztertu ditu, bestalde, Jakin, Elkar eta BERRIAk elkarlanean daramaten Aleka sailerako idatzi duen Kurdistan. Argi bat ekialde hurbilean liburuan.

Eta azken urteetan gertatu ohi denez, antzerki lan gutxi batzuk ere izango dira. Bi lan kaleratuko ditu Susa argitaletxeak, zehazki, Ganbila bildumarako: Formol Laborategiko kide diren Intza Alkainek, Edurne Azkaratek eta Mikel Ibargurenek sinatutako Album izenekoa, batetik, Danele Sarriugarteren hitzaurre batekin, eta Samuel Becket antzerkigilea izango du ardatz bigarren lanak, bestetik. Esperoan izango du titulua, eta Karlos Linazasororen eta Samara Velteren antzezlan labur bana ez ezik, Irati Agirreazkuenagaren eta Mikel Ayllonen, Amancay Gaztañagaren eta Beñat Sarasolaren artikulu bana ere izango ditu. Godoten esperoan lanaren itzalaz ariko dira testuak, eta, batez ere, euskal teatroan izan duen eraginaz.

Eta beste antzerki lan bat ere kaleratuko du Elkar argitaletxeak, bestetik. Donostia Hiria Saria jaso duen Behin batean Loiolan izenekoa, hain zuzen, Iñaki Cid Larrearena.

Sareko BERRIAzalea:

Udazkenean, BERRIAlagun egiteko pausoa eman dezazun, eskaintza bat egin nahi dizu BERRIAk. Herri baten kulturaren plaza da BERRIA. Kultur egitasmo, dinamika eta ekitaldi anitzen erakustoki. Euskal kulturaren inguruko informazioaren plaza handia. Azaroan eta abenduan, Euskaraldiak, Bertsolari Txapelketa Nagusiak eta Durangoko azokak hartuko dituzte, besteak beste, BERRIAren orrietako asko, paperean eta webgunean.

Albiste asko irakurriko dituzu, segur aski webgune honetan bertan. Eta eskari bat egin nahi dizugu: har ezazu konpromisoa irakurtzen duzunarekin. Irakurleen babes ekonomikoa funtsezkoa da BERRIAren etorkizuna ziurtatzeko.

Albiste gehiago

<b>Amurrioko saioa.</b> Joan den larunbateko saioa, Amurrioko Bañueta kiroldegian. ©GARI GARAIALDE

Iristen aurren, eta joaten azken

Miren Mujika Telleria

Baionan jokatuko da gaur Bertsolari Txapelketa Nagusiko bigarren itzuliko bigarren saioa. Ohi bezala, 17:00etan hasiko da. Aulki, soinu eta foku; pronto izango dira den-denak ordurako. Bertsozale Elkarteko ekoizpen taldeak du horren ardura. Zein da, baina, horren atzean dagoen inurri lana?
Indar Trabesen lehen kontzertua fikzioan irudikatzen, herenegun, Mutrikuko Venezia diskotekan. ©JON URBE / FOKU

Itoiz taldearen lehen printzak

Jone Bastida Alzuru

Doxa ekoiztetxea eta Larraitz Zuazo zuzendaria Itoiz taldeari buruzko pelikula bat prestatzen ari dira, dokumentalaren eta fikzioaren artean mugitzen dena. Mutrikun izan dira filmatzen.

Ekoetxea Urdaibaik hizkuntza indigenen erakusketa bat jarri du ikusgai. ©Monika del Valle / Foku

Hizkuntza jasangarriak

Amaia Igartua Aristondo - Bizkaiko Hitza

Busturiko Urdaibaiko Ekoetxeak erakusketa batean bildu ditu 11 hizkuntzatan emandako testu batzuk eta haien euskarazko itzulpenak: 'Hizkuntza indigenak, Ama Lurra zaintzen'. Abenduaren 18ra bitartean bisitatu ahalko da.

 ©Andoni Canellada / FOKU

Sustrai Colina: «Lanketa guztiak abiatzen dira pertsona gisa zaren horretatik»

Joanes Etxebarria - Ipar Euskal Herriko Hitza

Sustrai Colina Bertsolari Txapelketa Nagusiko finalista izan da azken bost aldietan. Aurten, finalerdien lehen itzuliko saioa irabazi du, eta gaur Baionan kantatuko du, bigarren itzulian. Gogo «handiz» ariko da.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Hitzen, ekintzen eta errimen eztanda. Herri bat BERRIAren kulturaren plazan. Baliatu udazkenean BERRIAlagun egiteko eskaintza.