Hizkien artetik, izpiak

Arantxa Urretabizkaiaren nobela berria, Jon Benitoren lehen narrazio liburua eta Lizar Begoñaren eta Maddi Ane Txoperenaren bigarren lanak daude udaberriko argitalpen berrien artean

Hizkien artetik, izpiak.
itziar ugarte irizar
2022ko martxoaren 17a
00:00
Entzun

Egile berriak justuan, itzulpena gihartsu eta, liburutik liburura, ibilbidea sendotzen ari diren idazleen bermea. Horiexek dira udaberriak literaturan dakartzan zenbait izpi. Oraindik ere bi kolpetan jasotzen baita euskal idazleen uzta, nahiz eta, aleka-aleka, urte guztian ateratzen diren liburuak argitara. Udazkenekoa izaten da emari entzutetsuena maiz, Durangoko Azokaren hitzorduak bultzatuta, baina udaberrian ere sumatzen da kolpea, eta hasiak dira jadanik BERRIAk zerrenda honetan bildutako lan batzuk liburu dendetara iristen.

Nobelaren adarrean bederatzi titulu iragarri dituzte argitaletxeek. Horien artean, hamabi urte generoa landu gabe egon ostean, Arantxa Urretabizkaiak Azken etxea (Pamiela) plazaratuko du. Protagonistak etxe bat joko du begiz Hendaian (Lapurdi), bizitzako azken etapa bertan igarotzeko gogoz, baina iraganeko mamuak, adiskideak eta hautuak orainaldikoekin korapilatuko dira, auzokide zelatarien giroa tartean dela.

Kepa Iribarrek eta Maixa Zugastik, berriz, estreinako nobela emango dute, eta Maddi Ane Txoperena idazle eta BERRIAko kazetariak, bigarrena, Igartza bekarekin ondutako Ez erran inori (Elkar), zeinak haurtzaroko sexu abusuak dituen ardatz.

Aurrez generoa landutakoak diren batzuek ere nobela berri bana ondu dute: Joxean Agirrek, Karlos Linazasorok, Asel Luzarragak, Andoni Urzelaik eta Patxi Zubizarretak. Zubizarretak Antton Olariagaren irudiekin osatu du, eta Pirinioen bihotzean kokatu; gorpu batzuk agertuko dira glaziar batean, eta hura ikertzera jarriko da protagonista.

Narratiban, aipagarria da Jon Benitoren itzulera ere. Aurrez bi poema liburu publikatuak zituen idazleak, eta olerkiak ere badakartzan narrazio liburua aurkeztuko du uda aurretik: Lagun minak. Farmazia Beltzak argitaratuko du, eta argitaletxeko kideek aurreratu dute «zirkuluak itxi eta ireki» egiten diren ipuin bilduma dela: «Pertsonen garapena, pertsonen arteko harremanak, noiz garen zer eta noiz garen nolako. Iraganetik dator Jon Benito, etorkizuna izan ahal izateko».

Lehen ipuin liburuarekin agertuko dira plazara, orobat, Izaskun Etxeberria eta Santi Leone. Bigarrenak hamar kontakizun bildu ditu Liztor mutanteak (Susa) izeneko liburuan, hartutako erabakien eta, batik bat, hartu gabeko erabakien gainean hazka egiteaz dihardutenak.

Nobela soilik ez, ipuin liburua ere ondu du Linazasorok udaberrirako, eta berdin Jose Enrike Urrutia Capeau-k ere; aspaldidanik Kuban bizi da. Jadanik kalean dira Iñaki Irasizabalen eta Goiatz Labandibarren narrazio sortak ere.

Poesia lanak eta antzerkia

Poesia liburuen artean, Balea Zuriak Ekaitz Goikoetxearen aforismo bilduma bat —egilearen lehen lana— eta bi antologia emango ditu: Joxean Artzeren olerkiena bata, eta Grezia eta Erromako emakumezko poetena bestea, Maite Lopez Las Herasek apailatua. Ibilbide luzeko idazleen artetik, Itxaro Bordak elebitan ondu du poesia lan berria, frantsesez eta euskaraz, eta Joan Mari Irigoienek Sorgin-argien ehizan aurkeztu berri du. Amua atera eta hiru urtera, Aritz Gorrotxategik Uda betea-n (Elkar) jaso ditu azken olerkiak, eta, azken lanetik hamahiru urtera, Urtu aurretik-ekin itzuliko da Xabi Borda. Susak publikatuko du hori, eta baita beste bi poema liburu ere: Lizar Begoñaren bigarrena, forma eta zentzuekin jolasten duena, eta Juan Luis Zabalaren hirugarrena, haurtzaro, hizkuntza eta besterekiko gogoetak uztartzen dituena. Etxe bereko Munduko Poesia Kaierak bildumaren barruan, bestalde, bi klasiko helduko dira: Walt Whitman estatubatuarra, Josu Goikoetxeren eskutik; eta W. B. Yeats irlandarra, Juan Kruz Igerabidek ekarrita.

Oraindik izenak iragarri ez badituzte ere, poesiako zerrenda luzatuko dute Donostia Poesia sariaren eta Xabier Lete Poesia sariaren irabazleen liburuek: Balea Zuriak eta Pamielak argitaratuko dituzte, hurrenez hurren.

Antzerkira jauzi eginda, Susa etxeak EHAZErekin argitaratzen duen Ganbila bildumak, sasoiko hiru ale eman beharrean, bi ale argitaratuko ditu udaberrian: Ane Labakaren eta Beatriz Egizabalen Erradikalak —elkarrekin egin dituzten emanaldietan oinarritutakoa— eta Mikel Gurrearen Soka. Antton Lukuk, berriz, Donibane Garaziko lizeoko ikasleekin hainbat urtez landutako antzerki sorkuntza izan du oinarrian azken argitalpenean.

Itzulpena, saioa eta gehiago

Itzulpena da, aurreratu bezala, gihartsu ageri den literatur adarra urtearen lehen erdi honetan. Literatura unibertsaleko egile eta obra entzutetsuak euskaratu baitituzte; horien artean, Anton Txekjov ipuingilearen narrazio bilduma bat aurkeztuko du Iker Sancho Insausti itzultzaileak; Leonardo Sciascia italiarraren Todo Modo nobela Gaizka Ugaldek, eta Marina Tsvetaievaren Nire anaia femeninoa Joxemari Berasategik. W. G. Sebalden Austerlitz, Sylvia Plathen Beirazko kanpaia, Massimo Carlottoren Agur, maitea, ikusi arte eta Corman McCarthyren Jainkoaren seme irakurleen esku dira dagoeneko, eta aurki helduko da Nelly Arcan idazle quebectarraren Puta (Alberdania), Montrealgo luxuzko prostituta baten lekukotza oinarri duen autofikziozko lana.

Bat egin dute, halaber, jadanik euskaraz ziren bi literatur lan handiren edizio eguneratuek: Agota Kristofen Koaderno handia-k (Alberdania) eta James Joycen Ulises-ek (Igela). Kontrara, Clara Zetkin aurrenekoz jarriko du euskaraz Katakrek, faxismoari buruzko testu batekin eta Maialen Berasategi Catalan BERRIAko zuzentzaile eta itzultzailearen itzulpenean, eta Joseph Brodskyren beste lan bat ere ekarriko du: Veneziara egindako bidaietan oinarritutako Ur-marka, Rikardo Arregik ekarria.

Saiakeran datoz, hain justu, sasoiko beste hainbat argitalpen esanguratsu. Horien artean da, esaterako, Anjel Lertxundiren Desertuan behatxuloa, zeina bizitzaren joanaren harian bizipen propioek utzitako gogoeta askotarikoekin osatu duen idazleak. Zakuan daude Agustin Arrieta Urtizberearen filosofia lan berria (Gaueko eztabaidak, Erein) eta Estitxu Fernandezek eta Erika Lagomak Tene Mujika saria irabazi ondotik ondutakoa, amatasunaren ertz ugariri heldu asmo duena: M (ama*, eme*, ume*).

Pako Aristik, bestalde, Uztapide bertsolariari eskaini dio lan berria, eta udaberriko argitalpen berezienetako bat da Ereinek atera duen Sastraka ere: Pello Lizarralderen hitzak, Jose Ignacio Agorretaren irudiak, Imanol Ubedaren doinuak eta Imanol Rayoren argazki-soinuak dakartza. Argitalpen bereziek ezaugarritzen dute Farmazia Beltza, eta Natasha komikia plazaratuko dute laster, Aritz Truebaren eta Koldo Almandozen artean landutakoa.

Oparo dator haur eta gazte literaturako argitalpen alorra ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.