Albistea entzun

Durangoko 53. Azoka. Azokako beteranoak. Ilaski Serrano kazetaria eta Galder Perez antzerkilaria

«Euskal kulturaren plaza izateko, arte plastikoak falta dira hemen»

Durangoko Azoka kontatu egiten dute Serranok eta Perezek; telebistaren zein irrati uhinen bidez, herritarren etxeetara sartzen dute azoka. Hamaika anekdota bizi izan dituzte biek elkarrekin.
JUAN CARLOS RUIZ / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Ainhoa Larrabe Arnaiz -

2018ko abenduak 9 - Durango

Nabari da elkar ezagutzen dutela. Keinu konplizeak eginez jardun dute Ilaski Serrano kazetariak (Bermeo, Bizkaia, 1976) eta Galder Perez kazetari eta antzerkilariak (Bilbo, 1975) etengabe. Lanean izan dira biak Durangon, irratitik zein telebistatik azokaren berri ematen. Aisiarako tartea ere hartuko dutela diote. «Abentura bat da beti Durango», esan du Serranok. Baieztatu egin du Perezek, eta azokaren bueltan elkarrekin bizitakoak ere ekarri dituzte gogora. «Twitterreko lehen euskal fakenews-a guk egin genuen, azoka egunetan».

Nola oroitzen duzue azokara etorri zinen lehen aldia?

GALDER PEREZ: Lanera etorri nintzen garaiak oso ondo gogoratzen ditut. Ane Zabala eta biok etortzen ginen Radio Euskadirekin. Gogoan dut zuzeneko programa egitea proposatu genuela, 1995ean edo, eta burutik jota geundela esan zigutela. Kazetari gutxi etortzen ginen orduan, eta begira orain.

i.s.: Bermeotik Durangora etortzeko plana egin, eta etxean baimena eskatu izana dut gogoan, 15 urte inguru genituela. Herriko hainbat belaunalditako neskak etorri ginen, denak batera. Nagusi sentitzearen sentipen hori dut gogoan. Diru gutxirekin etortzen ginen, agendak eta egutegiak erostera. Eta, gero, parranda.

Zer da zuentzat Durangokoa, azoka bat ala elkargune bat?

G.P.: Azoka da, bai. Egia da guk ez dugula den-dena aldez aurretik ezagutzen, baina, lanagatik, badakigu nobedade esanguratsuenak zein diren. Edonola ere, harribitxiak ere aurkitzen dira hemen.

I.S.: Topalekua delako nator hona: zazpi guneri buruz ari gara, hau ez da lehengo azoka. Nik asko miresten ditut euskal sortzaileak, izugarria baita beren sorkuntzaren atzean dagoen lana. Batera egoteko gune bat da, eta diagnostiko bat egiteko ere balio du: nola gabiltzan jakiteko.

G.P.: Bai, badago lasaitasun bat hemen gure lanaz aritzeko. Ez gaude eguneroko tentsioarekin, eta asko eskertzen da.

Aisia ala lana?

G.P.: Biak. Baina gurea gogoko lana da, eta oso pribilegiatuak gara horregatik. Dena dela, saiatzen naiz lanik ez dudan egun batean etortzen, azoka ikustera eta Euskal Herriko Antzerkizale Elkartearen erakusmahaian txanda egitera.

I.S.: Gure lana zoratzeko modukoa izaten da Durangon, baina oso polita, era berean.

Zein da azokan izan duzuen unerik bitxiena?

G.P.: Trending Gure Bolak taldeak disko guztiak bukatu zituenekoa [irriak].

I.S.: Twitterren hasiera. Kontatuko dugu?

G.P.: Guk egin genuen Twitterreko lehen fakenews-a. Ane Zabalak, Ilaskik eta hirurok. Azoka egunetako poteo batean sortu zen hau guztia.

I.S.: Txiokatu genuen guk asmatutako Trending Gure Bolak musika taldearen disko guztiak bukatu zirela. Kontua da Durangoko Azokako Twitter kontu ofizialetik ere birtxiokatu zutela mezua [irriak].

Azoka aldatu da, zuen ustez?

G.P.: Eta aldatu behar du oraindik. Antzerkilaria naizen aldetik, antzerki gehiagoren falta sumatzen dut, eta, euskal kulturaren plaza izateko, arte plastikoak falta dira hemen. Ez dakit nola txerta daitezkeen. Landako guneko sabaiko espazioa, akaso, irudimena erabiliz, eraldatu daiteke plastikoki.

I.S.: Bizirik dagoen eremua da hau. Topikoa izango da, akaso, baina arnasgunea ere bada: ikusgaitasuna ematen dio gure kulturari, baita kazetarion lanari ere. Sarritan, euskaraz gabiltzanok baimena eskatu behar dugu herri honetan gure eginkizunetan jarduteko. Azokak balio du gu guztiok batzeko, eta hori zerbait baino gehiago da.

Durangoko Azoka gehiago behar ditu euskal kulturak buruestimua hobetzeko?

I.S.: Fokuak sortzen ari dira: Eako poesia egunak, Literaturia... Elkargune gehiago behar ditugu. Sortzaileak mimatu behar ditugu, eta, egun hauek pasatu ondoren ere, honi tiraka jarraitu behar dugu, ez garelako konpetentzia honetan arma berberekin lehiatzen ari.

G.P.: Bai, behar dira elkarguneak, baina zelan gauzatu... Zaila da. Askotan, ematen du Durango ondoren ez dagoela ezer ez. Egia da aniztasunarena asko azpimarratu dela aurten, baina ez dakit hartzaileok ondo ulertu dugun. Korrikako abestiaren adibidea dago hor: izututa nago azaldu diren iruzkinekin. Ez dakit asmatzen ari garen.

I.S.: Ados, baina, aldi berean, egia da DA! asko direla. Produktuetan aniztasun handia dago. Duela hogei urte irratian jartzen genuen musikarekin alderatuta, ez du zerikusirik. Beste zeregin batzuk genituen: euskarazko musika entzun zitekeela erakutsi behar zen orduan.

G.P.: Argi dago. Nik oraingoz erosi dudan disko bakarra Nizuri Tazuneri da: trapa. Duela bost urte pentsaezina zen.

Norekin hartuko zenituzke trago batzuk?

G.P.: Ilaskirekin, adibidez. Baina, hona etortzean, inoiz ez dakizu norekin bukatuko duzun.

I.S.: Niri asko gustatzen gustatzen zait sortzaileekin egotea.

Kantu bat eta liburu bat?

G.P.: Kashbaden Hegaz eta Harkaitz Canoren Piano gainean gosaltzen.

I.S.: Eider Rodriguezen Katu Jendea. Eta kantua...

G.P.: Trending Gure Bolak taldearen bat? [irriak].

I.S.: Ruper Ordorikaren azken diskoko Banekien.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Harry Potterren sortaren lehen liburua, Londresko liburu denda batean. / ©Claudia Sacrest, EFE

Harry Potterrek 25 urte beteko ditu bihar

Jon Ordoñez Garmendia

J. K. Rowlingek 1997ko ekainaren 26an argitaratu zuen Harry Potter eta Sorgin Harria-ren ingelesezko edizioa.

<b><em>Simone Veil <em>pastoraleko mustraka bat; 95 arizale aste hondar guziez elkartzen dira.</em> </em></b> ©SEVERINE DABADIE

Veil pastorala hasia da ate joka

Ainize Madariaga

Hiru emanaldi eginen ditu 'Simone Veil' pastoralak Muskildin: uztailaren 24an eta 31n, eta agorrilaren 6an. Bostehun lagunendako bazkaria prestatuko dute ikastolek egunotan

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.